96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko ordezkariaren heriotza ospatzeko. Etenik gabe, herra eta arrazakeria sustatzen eta hauspotzen arituriko politikaria zelako Jean-Marie Le Pen. Gizon horren iragan torturatzaileari begira jarri gara erreportaje honetan, hain zuzen, dozenaka –zehazki ezin jakin zenbat– aljeriar independentista zituelako torturatu –batzuk hiltzeraino– Aljeriako Gerran (1954-1962). Aljeriarren tortura orokortua zuten frantses soldaduek eta historialariek diote, ehunka mila torturatu zituztela.
Torturatzaile bat zen, torturatzeari ikusten zion funtsa eta ez zuen zailtasunik horren asumitzeko: “Pertsona bat torturatu behar bada beste ehunen salbatzeko, orduan tortura saihetsezina da; eta justua ere da ohiz kanpoko baldintzetan jardun behar denean”. Jean-Marie Le Pen zenaren hitzak dira, 1957an Le Monde egunkariari errandakoak. Berretsi egin zuen bere postura 1962ko azaroaren 9an, hots, Aljeriak independentzia berreskuratu eta aski fite: “Ez dut deus gordetzeko. Torturatu dut, hala egin behar zelako. Une batetik bestera zartatu daitezkeen hogei bonba gorde berri dituen bat ekartzen badidate eta ez badu mintzatu nahi, orduan ezohiko bideak erabili behar dira”. Eskuin muturreko politikari ospetsua izan da Jean-Marie Le Pen, Fronte Nazionalaren sortzaile eta ordezkari historikoa, aurtengo urtarrilaren 7an zendu dena. Proiektu politiko bera esku artean duela, Frantziako Estatuko presidentetzatik hurbilegi dugun Marinen aita da.
Lekukotasunak, artxiboak zein kazetaritza argitalpenak, Le Penek Aljeriako Gerran (1954-1962) bideratu torturen frogak ez dira eskas. Florence Beaugé kazetariari zor dizkiogu ikerketa kazetaritza hortako ekarpen esanguratsuenak; funtsean, auzitegietan barna defenditu behar izan dituenak, Le Penek berak difamazio salaketa jarririk. Baina, epaileek aldi oro argi utzi dute: ikerketa “bereziki serioak eta landuak” ditu eta Le Penen torturei buruzko testigantzen “koherentzia” eta “sinesgarritasuna” ezin ukatuak dira.
Artikulu hau ilustratzen duen argazkiko sastakaia dugu Historiak utzi digun froga material bat: J.M. Le Pen, 1er R.E.P. zizelkaturik du sorbatzan –Jean-Marie Le Pen, Kanpoko 1. Paraxutista Erregimentua–, eta 1933tik 1942ra Hitleriar Gazteria erakundekoentzat eraikiko ziren armetariko bat da. 1957ko martxoaren 3an aurkitu zuen hamabi urteko mutiko Mohamed Moulayk, eta kasik bizi osoan gorderik atxiki ondoren, 2002ko maiatzaren 4 hartan ekarri zuen plazaren erdira, lehen aldikoz eskuin muturra –Jean-Marie Le Pen bera– buruz burukoan jartzen zuen Frantziako presidentetzarako bigarren itzuliaren bezperan: “Eskuak odolez estalirik dituen gizon bat Eliseora sartzekotan da, egoera larria da. […] Ez dugu publizitaterik ala dirurik espero. Aljeriako gerraz urrundu nintzen aspaldi, baina jakin Frantzian gertatzen denarekin izu-ikara sentitzen dugula Aljerian ere”.
1957ko gau hartan sartu zitzaion hogei bat soldaduko patruila etxera, FLN Aljeriako Nazio Askapenerako Fronteko kide zuen aita torturatzera. Aljerko Gudua izenez ezaguna den gerra horretako orrialderik beltzenean “etxe barneko torturak” bideratzen zituen Frantziako armadak, hots, etxetik atera gabe, lekuan berean torturatzen zituzten independentistak. Emaztearen eta sei umeen aitzinean torturatu zuten Ahmed Moulay, 42 urteko aljeriarra. Torturatu, hil arte. Patruilaren buru zen Le Penek sastakaia ahantziko zuen etxean. Biharamunean eta etzidamuan etorriko ziren bila, etxe guztia miatuko zieten arma atzeman nahian; baina umeak gorderik eta isilean atxiki zuen sastakaia, gehiegi jakin gabe zergatik. 40 urte geroago hartuko zuen berriz esku artean Le Monde-ko kazetari Florence Beaugéren esku uzteko. Le Penen torturak frogatzeko arma nagusienetarikoa izanen zuen gerora kazetariak J.M. Le Pen, 1er R.E.P. grabadura dakarren sastakaia. Aitaren heriotzaren biharamunean arma gorde eta sasian sartu zen Mohamed, Aljeriaren independentziaren aldeko gudari gazteena bihurturik, omen.
Ez dezagun ahantzi historia horretatik datorrela Fronte Nazionala, nazien kolaboratzaile eta Aljeria kolonizatuaren nostalgikoek 1972an sorturiko alderdia. Hain justu ere, iraganaren kargaz bereizteko eta itxura eztitzeko asmoz berrizendatu zuelako alderdia Marine alabak, Batasun Nazionala izena jarrita 2018an. Jean-Marie izan zen alderdiko lehen presidentea (1972-2011), ondotik Marine (2011-2021) eta gaur egun Jordan Bardella dute buru.
Dozenaka testigantza dira, dozenaka aljeriar torturatu zituelako Le Penek. Tartean, Mohamed eta Dahmane independentistenak: “Matalaza kendu eta somierrari estekatu gintuzten aita eta ni neu. Elektrizitateari lotu ziren. Jean-Marie Le Penek zuen etengailuan eragiten. Torturatzaileen burua zen Jean-Marie Le Pen”. Horrelako beste anitz jasotzen dituzte Fabrice Riceputi historialariaren Le Pen et la torture. Alger 1957, l’histoire contre l’oubli (Le Pen eta tortura. Aljer 1957, ahazturaren kontrako historia) zein Hamid Bousselham historialari eta kazetariaren Torturés par Le Pen (Le Penek torturaturikoak) liburuek.
“Afasia post-koloniala” terminoa erabili eta Aljeriako gerrako torturei buruz ez dela behar bezain beste hitz egiten dio Riceputik. Are gehiago, Frantziako Estatuan mugimendu negazionista bat ere badela deitoratzen du, bistan da Aljeria frantsesaren aldekoen partetik, baina hortik harago, baita biztanleria zabalago baten partetik ere.
Aljeriaren independentziaren oinarrian dagoen 1962ko Eviango Hitzarmenak dakartzan Amnistia Legeek babesten dituzte torturatzaile horiek. Ondokoa dio historialariak: “Le Pen eta Aljeriako gerrako beste kriminal batzuk, tartean Maurice Papon, babestu dituzte Amnistia Legeek eta difamazioa leporatu ahal izan diete aurkari guztiei. Isiltasuna eta amnesia ondorioztatu dituzte”. Hain zuzen, frantses armadaren urraketa oro ditu estaltzen amnistiak. Bere iragan torturatzailea asumitu arren, lasai lo egin ahal izan du beraz Le Penek.
250.000 aljeriar hil ziren gerra horretan eta beste bi milioi zituzten preso sartu kanpamendu kontrolatuetan. Tortura sistemizatu zuten Frantziako soldaduek: ehundaka mila zituzten torturatu, Pierre Vidal-Naquet historialari ezagunaren arabera. Jacques Massu jeneral ospetsuak ere aitortu zuen 2000n: “Torturak zigortua izan beharko zukeen, baina babestua izan zen, babestua baita agindua ere”.
Azken hogei urteetan bikoiztu ditu botoak Fronte Nazionalak (2018az geroztik Batasun Nazionala deiturikoak): 5,5 milioi hautesletik 13,2 milioira pasa da –Frantziako lehendakaritzarako bigarren itzulian %41,4 egin du–. Elementu anitz kontuan hartu behar dira eskuin... [+]
Fronte Nazionaleko XVI. Kongresua izan da iragan asteburuan, Lillen (Frantzia). Kongresuak bi xede nagusi zituen, alderdiren kargu gorena eta izena berritzea. Marine Le Penek zuzendaritzaren buruan jarraituko du, eta alderdia Front Nacional (Fronte Nazionala) deitzetik... [+]
Zundaketek informazio kuantitatiboa ematen badute, ez dute elementu kualitatiborik salatzen. Frantziako lehendakaritzako hauteskunde hauetan omnipresente diren zundaketen arabera Marine Le Pen izanen da bigarren itzuliko galtzailea. Xenofobiari emandako erantzuna, parte-hartzea,... [+]
Apirilaren 23an presidente berria hautatzeko lehen bozketa eginen da Frantzian. Hamaika dira hautagaiak, baina bostek baino ez dute neurriko aukera. Horietatik hiruk dute podiuma hurbilen: Marine Le Pen, François Fillon eta Emmanuel Macron.
Eskuin muturreko alderdiak ekitaldia egin du Baionan asteartean. Ehunka lagunek protesta egiteko elkarretaratzea egin dute. Poliziak bost pertsona zauritu ditu gomazko pilotaz.