‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen artean komertzialena. Haren sujetak ere ez gaitu alegrantziaz eta bozkarioz gainezkatuko –Tartasek, azken finean, liburu osoa iragaten baitu oroitaraziz hilko garela, eta pentsamendu horren arabera obratuz, eta ez beste inola, garela salbatuko–. Hori gutxi ez eta, Axularren aldean, Tartasen idazkera ere ez da hain distirant. Baina dugun medaila beste alderat itzuli. Dugun adierazi, eta tinko bai tinko baiezta, aurretik esandako guztien despit, ohoratu beharreko liburua dela Ontsa hiltzeko bidea (1666): gaur egungo joera askoren aurrekari, tarteka fantastiko, aldian behin filosofiko-existentzialista, plazenki irakurtzen diren istorioz mukuru, sorpresa-kutxa bat duzu, liburu debot baten pean desgisaturik.

Eta mintza gaitezen, beste deus baino lehen, Tartas autoreaz, haren subjektibotasun net modernoaz, zeina kausitzen baitugu klarki liburu honetan adierazten dituen zalantza ugarietan, hain begi-bistakoak ezen, hiru mende eta erdi geroagoko idazle neurotikoen antzeko bihurtzen baitu etenik gabeko ezbaian ibili behar horrek. Hasi eta berehala gonbidatzen du irakurlea liburua uztera –“Ene tribaillu aphürrak eztü meritatzen zük phena har dezazun haren irakhurtzeko”–, zenbaitetan bere burua zigorkatzeko puntuan dakusagu –“... errazü mündü orori, afrontür bat nizala gizagaixto bat nizala, aphez gaixto bat nizala eta ene librütto honek, eta nik merexi dügüla sü handi batetan bizirik erra gitian”–, beste batzuetan txapa handiegia eskribatu ez ote duen hasten zaizu duda-mudan –“Neure adiskidia kapitülü hau luzezko izan da”–, eta kasik amaieraraino ez da segur esku artean duen proiektuaz –“... beldür niz enuiatü ere bazirela, ene sobera lüza izanez, süjet triste baten gaiñian”–.

Auto-boikot horien despit finitu zuen obra hau, beraz, Arüeko erretoreak. Hasi berriz, amets bati jarraiki hasi zuen: “Neure adeskidia, igaren üdan egün batez nangoela zühaintze baten itzalbian neure orenen erraiten ninzala, loak hartürik, egin düt neure loan aments handi bat eta misterios bat, idüritzen zautan neure amentsian, ikhusten niala gizon eta emazte tropela bat goiti zelürat igaiten, eta bertze tropela bat oraino handiagorik beheiti ifernürat joaiten eta erorten, jende hek kontsideratürik batziak gora, bertziak behera joaiten zirela, oihü egin düt, eta heiagora orori, zer zen kausa, edo zergatik, batziak goiti eta bertziak beheiti joaiten ziren...”. Tira, bai, amets apokaliptiko bat. Baina ametsa, azken finean.

Neurosia, munduaren akabera... Goititu behar dugu animoa pixka bat. Dugun liburuaren idazkera kontuan har. Irakurtzaile zoliak, aurreko paragrafoko aipuaren puntuazionea ikusirik, sumatuko zuen Tartasen beste bereizgarri bat, nola den zinemako plano-sekuentzien tankerako esaldiak eskribatzea bata bestearen atzetik, halako moldez non Ontsa hiltzeko bidea-n esaldi bat “neure adiskidea” esanez hasten bada, egon behar baituzu presto, eta bijilant, hitzen katea hemen ondoan abiatzen den arren, ez baituzu jakinen, azkenera iritsi arte, noraino eramanen zaituen Tartasen luma, ados, ez Axularrena bezain zehatzak, Jean-Louis Davantek zioen bezala, korritzera utzitako lumak, zeinak, izaera baldres hori medio, ez daukan euskal idazle klasikoen parnasoan leku nabarmenik, baina eskribatzen duen moldeari erreparaturik, lot daitekeen 1960-1970eko euskal modernismoaren zenbait tontorrekin, nola diren Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako, Patri Urkizuren Sekulorun sekulotan edo Koldo Izagirreren Zergatik bai, eta niri behintzat, gogoa pizten didan gure literaturako testu espontaneoen, eskribatuak baino jariatuak izan diren testuen genealogia bati ekiteko.

Lehen edizioko liburuaren azala. Biarnon inprimatua, Okzitanian, 1666an

Esanen dute, hala ere, Tartasen liburu hau, gaur egundik begiratuta, literatura ez dela; baina nik esanen diet Tartasentzat liburu hau soldadu bat dela –ez mailu, ez aizkora: soldadu–, hori baita Ontsa hiltzeko bidea-ren beste gauzetako bat, erreferentzia belikoz josita dagoela. Garaia ere halakoxea Zuberoan, XVII. mende hartan: bateko Matalazen matxinada, besteko protestanteen aurkako jazarpena, ahaztu gabe agoten eta buhameen aurkakoa, guztia eraldaketa ekonomiko sakonen erdian. Ez zen pataskarik falta. Eta saltsa horretan, idazlea. Egin zituenez eta ez zituenez zehatz gauza handirik ez dakigu. Kontu bat segurta daiteke: “Moneineko Jaun Markisari” dedikatu ziola liburua, “heresiaren, eta hügenoten kontre” jardundakoei gorazarre egiten diela gomendiozko letran. Ez zela zeru goienetan bizi gure Tartas, alegia, ezpada garaiko lohi hartan ondo sartuta. Akaso –Txomin Peillenen arabera–, gerra santurako liburu-soldadu honetaz erditu aitzin, bera ere soldadu izan zen. Beharbada –Jean-Baptiste Orpustanen hipotesia–, katolizismo borrokalari hori erakutsiz, sineste gogor horren moienez, Tartasek garbitu nahi izan zituen bere arbasoen –Leizarraga kalbinistaren laguntzaile aritu zen Sanz-Tartas hura, eta abar– bekatu erreformistak, gauza jakina baita, lehen bezala orain, konbertsoak izan ohi direla fededun suharrenak.

Nolanahi den, soldadu giristino horren ezpata-kolpuak eta arkabuz-tiroak bihurtu dira, denborarekin, liburu honetako alderdirik mendreena, non eta ez garen ahalegintzen horretan ere Arüeko apezaren beste ezaugarri moderno bat kausitzen, senidetuko lukeena egungo idazle askok beren buruari ezarri dioten zeregin pertsuasiboarekin. Egia da, horrela begiratuta, mutatis mutandis, oso antzekoak direla Tartas erretorea eta nobedadeen apaletako pulpitutik ari diren zenbait predikari, edukiak baitira kanbiatzen, baina fedearen premiak du irauten, zutik.

Erreka horretan behera jaitsi ordez, behar dugu itzuli gibelerat, Ontsa hiltzeko bidea-n puskaz interesgarriagoa den azken kontu baten aipatzeko. Tartas istorio-kontalari hauta zela, alegia, eta liburu honetan laburtuta agertzen diren zenbait ipuin eta mito eskribatzen errekreazione handiagoa hartu izan balu –adibidez, ilea hildakoen errautsez orrazten zuen Mazedoniako andere handiarena; kontrapozoi gehiegi hartzen zuen erregearena; edo Esoporen fabuletatik harturikoak, oro har–, agian, agian, orduan euskal literaturak hementxe edukiko zuela ondoko mendeetan genero narratiboa hobeki garatzeko oinarririk. Ai, Tartas, jakin bahu hire fedeak zenbat damnatu zian hire obra!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gerotik gerora
Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


Pedro Axular
‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude