Artista polifazetikoa izan zen Harry Smith (1923-1991). Inkonformista erradikala ere bai, bere biografia askotan nabarmentzen denez. Instituzio eta galeristetatik urrun, eskale baten itxura izan zuen urte luzez. Berari buruzko azken liburua, Cosmic Scholar: The Life and Times of Harry Smith deiturikoa, John Szwed-ek idatzia, 2023ko liburu onenen artean kokatu zuten New Yorker eta The New York Times hedabide prestigiotsuek.
Abangoardia amerikarreko zinemaren aitajaun Jonas Mekas-ek zera esan zuen: “Urteetan, Harry Smith kondaira beltz eta beldurgarria izan da, baita zurrumurru bitxien iturri ere. Batzuek planeta hau aspaldi utzi zuela ere esan zuten; mendebaldeko munduko azken alkimista, azken aztia".
Jazz eta folk zale grinatsu John Szwed-ek 26 urte zituen Village Voice argitalpenean Jonas Mekasen hitz horiek irakurri zituenean. Szwedek ordurako bazuen Harry Smithen berri, musika irakasleen bitartez, baina aldizkari hartan leitutako adierazpenek sua hedatu zuten bere baitan. Egun, Yale Unibertsitateko irakasle ez ezik, Szwed biografo entzutetsua ere bada; besteak beste, Alan Lomax etnomusikologoaren eta Miles Davis, Billie Holiday eta Sun Ra jazz musikarien bizitzen kontakizun zehatzak bildu ditu bere liburuetan. Halaber, Cosmic Schollar: The Life and Times of Harry Smith (Aditu Kosmikoa: Harry Smithen bizitza eta garaiak) biografia plazaratu zuen 2023ko irailean; hain justu, Smithen jaiotzaren 100. urteurrenean.
Sun Ra jazz musikariari buruzko liburua Space Is The Place: The Lives And Times Of Sun Ra (Espazioa da lekua: Sun Raren bizitzak eta garaiak) eta Harry Smith artistaren ingurukoa saldoka saldu dira, eta bi artistenganako iguripen eta jakingura berpiztu du. Szwedi zera irakurri diogu: “Badira antzekotasun batzuk Sun Raren eta Harry Smithen artean: biak ziren bakarrak, asko bizi izan ziren, eta mitologia bat sortu zuten beren baitan. Biak ia ezezagunak izan ziren beren ibilbideko zati handi batean. Beren bizitzak eman zituzten, eta sarritan beren bizitzak arriskatu zituzten, seguru asko aitortza gutxi jasoko zuela zekiten arteagatik”.
Biak ezagun egin badira ere, Smithi buruzkoa nabarmendu da gehiago.
Nor zen Harry Smith?
Margolaria, zinemagilea, folklorista, musikologoa, antropologoa, beat poeta, jazz-aditua, magoa, alkimista... eta, besteren artean, bitxikeria gisa, bildumagilea ere izan zen Smith: 30.000 Ukrainako Pazko arrautza baino gehiago bildu zituen.
Inkonformista erradikala izan zen. Bere jardun osoa instituzioen, galeristen eta kapitalismoaren apatxetatik urrun garatu zuen, eta, ondorioz, sosik gabe bizi izan zen, eskale baten itxura eta manerak erakusten zituela. Izan ere, nortasun poliedriko eta gatazkatsu horren inguruan sortutako enigma handienetakoa da nola lortu zuen 36 urtez New Yorken bizitzea diru apurrik gabe. Bere ekoizpenean pinturak, filmak, poemak, musika eta soinu-grabazioak biltzen badira ere, objektu esanguratsuen bilduma zabalak ere badira, hala nola aurkitutako soka-irudiak eta paperezko hegazkinak.
Smithen lanik ezagunena, ezbairik gabe, 1920ko eta 1930eko hamarkadetako folk, blues, gospel eta antzeko estilo zaharren doinuak jasotzen dituen Anthology of American Folk Music (Folk musika estatubatuarraren antologia) izeneko bilduma da, zeina bereziki kultuzko bihurtu den musikari eta entzule askoren artean, 1952an lehen aldiz argitaratu zenetik.
Szwedek idatzitako biografian jasotzen denez, “jende gehienak grabazio zahar horien bildumagatik ezagutzen zuen (Smith), folkaren eta rockaren ibilbidea aldatu baitzuen”. Greil Marcus musika-kritikari prestigiotsuaren aburuz, AEBetako bestelako historia itzaltsuago eta konplexuago baterako sarbidea da Smith: “Amerika bitxia, zaharra”.
Folkways Records zigiluak plazaratutako konpilazioak sei LPtan jasotako 84 herri-doinu biltzen ditu, zeinak hiru kategoriatan antolatu zituen Smithek: musika soziala, baladak eta abestiak. “(Smithek) diskoen edukia ulertzen zuen. Folk musikarekin zuten harremana ezagutzen zuen, literatura ingelesarekin zuten harremana, eta beren harremana munduarekin”, azaldu zuen Moe Asch Folkways diskoetxearen jabeetako batek 1972an. Smithena, aditu baten lana izan ez ezik, adimen obsesibo eta aparta baten emaitza ere bada, eta bere itzala hain da handia, bilduma hori kanon historikotzat jotzen baita, besteak beste, Bob Dylan, Woodie Guthrie eta Joan Baez folk musikarientzat biblia bihurtzeraino 1960ko urteetan. Horrekin batera, grabazio horiek mugarri bat osatu zuten AEBetako gazteek eduki politikoak zituzten doinuak entzuten has zitezen. Hainbat musikari eta banda ere izan zituen lagun Smithek, tartean, Dylan bera, Patti Smith, Leonard Cohen, The Fugs eta Jefferson Airplane. Makina bat musikari garaikidek ere adierazi izan dute miresten dutela Smith: besteak beste, Nick Cavek, Sonic Youthek, Beckek eta Wilcok.
Argiak eta ilunak
Antologian bildutako diskoen azalek, halaber, bildumagilearen nortasun arantzadunaren bestelako alde ilunago bat ere azalerazten dute; hain zuzen, ezagutza itzaltsuekiko agertu zuen jakin-nahi kartsua. Hala, musikaren alde magikoa nabarmentze aldera-edo, disko-azal bakoitza kolore desberdin batean inprimatuta zegoen, eta zeruko monokordio baten marrazki bat erakusten zuen –soka bakarreko dultzimel edo tinpano bat, Jainkoaren eskuak tonuan jarria–, 1618ko Robert Fludd alkimistaren De Música Mundana liburutik hartua.
Zientzia ilunekiko ageriko jakin-gosea gorabehera, Smithen jakinduria eta jarduna nahiko lurtarra izan ez ezik, askotarikoa ere izan zen. Haatik, pertsonaia xelebreak jorratutako diziplinak aletzea ezinezkoa izanagatik ere, bere lan-eremu eta obrak aipatzea posible da, besteak beste, John Szwedek bere biografian egindako lan eskergari esker. Halere, Smithen obrarik handiena argazkietan jaso da, lan asko artistak berak suntsitu baitzituen, drogek eta alkoholak horditutako aldarte badaezpadakoa tarteko, edota bere lanak ganorarik gabe saldu zituelako, sarritan bere logelaren alokairua ordaintzeko asmoz.
Hala, pinturari dagokionez, Kanadako eta AEBetako Ipar-mendebaldeko Kostako natiboen elementuak ekarri zituen bere margolanetara, surrealismoari ekarpena egiteko. Horrekin batera, jazz diskoak eta zuzenekoak pinturara eraman zituen; Dizzy Gillespie, Thelonious Monk eta abarren inprobisazioetan oinarritutako lanak margotu zituen. AEBetako natiboen kultura, filosofia eta sinesmenei buruzko hainbat ikerketa egin zituen: nerabea zela, harreman estuak egin zituen Lummi tribu hertsiarekin, beren ohiturak jasotzeko asmoz, tartean, kantuak, dantzak eta erritualak, 1940ko urteetan.
1950eko urteetan New Yorken finkatu eta mistizismoan murgildu zen, nagusiki Kabalan eta Aleister Crowleyren lanetan. Era berean, animazio filmetan sakondu zuen, esaterako, Film No. 12: Heaven and Earth Magic (1957-62) filma: katalogoen ebakinekin osatutako zuri-beltzezko lana da, zeinak sei orduko iraupena behar omen zuen. Baina egun ordubete baino ez dago ikusgai, besteak beste, Youtuben. Szwed biografoaren aburuz, animazio-lan horien eragina nabarmena da Terry Gilliam zinegile britainiarraren filmografian.
Horiek horrela, begi bistakoa da sortzaile liluragarri eta misteriotsu honen bizitza zein obra orriotara ekartzea eginkizun antzua dela; halere, Cosmic Scholar liburuan jasotzen diren Andrew Noren zinemagile esperimentalaren hitzez baliatuta, irakurleak artista eta magoaren potreta nahikoa fidagarria irudika dezake: “Elder Eddasen eta Washington estatuko kostaldeko Bella Coola tribuko maskara zeremonialen arteko harremanaz hitz egin zidan, eta maskara horiek nola lotzen ziren Seminola ehunekin eta Heinrich Biberren musikarekin eta J.S. Bachen partiturekin eta Robert Desnosen poesiarekin. Sekulako emanaldia izan zen... Garunetik gorantz txinpartak hegan ikus zitezkeen. Hasieran pentsatu nuen hori guztia bikaina baina zentzugabea zela, izan ere, ez nekien zertaz ari zen, baina gero adiago entzun nuen, eta onargarria eta are logikoa iruditzen hasi zitzaidan...”.
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Zero. Transhumanismoa ate-joka erdi aro berrian
Aitor Zuberogoitia
Jakin, 2024
-----------------------------------------------------------
Hasieran saiakera filosofiko-soziologikoa espero nuen, baina ez da hori liburu honetan aurkitu dudan bakarra. Izan ere, biografia... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Adolfo Bioy Casares (1914-1999) idazle argentinarrak 1940an idatzitako La invención de Morel (Morelen asmakizuna) eleberria mugarritzat jotzen da gaztelaniaz idatzitako literatura fantastikoaren esparruan. Nobela motza bezain sakona da, aparta bere bakantasunean, batez... [+]
Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munroren ipuingintzari buruzko mahai-ingurua egin dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria idazle eta itzultzaileek, Ignacio Aldecoa zenaren ipuin literarioaren jaialdian, Gasteizen. Beñat Sarasolak gidatuta, autore... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Ihes plana
Agustín Ferrer Casas
Itzulpena: Miel A. Elustondo
Harriet, 2024
---------------------------------------------------------
1936ko azaroaren 16an Kondor legioko hegazkinek Madrilgo zenbait museori egin zieten eraso. Eta horixe bera da liburu honetara... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.