“Balear Uharteetako irla bakoitzean besteetan ez dagoen landare barietate asko dago”

  • Oporlekuekin soilik lotuko dituzte askok Balear Uharteak, baina agroekologiaren eta kontsumoaren bueltan mugimendu bizia dute Mallorca irlan: Associació de Varietats Locals de Mallorca (tokiko hazi barietateen elkartea) da horren adibide. Abenduaren hasieran, elkarte horretako koordinatzaile den Aina Socies Fiol Donostiako Kaxilda liburudendan izan zen hitzaldia ematen, Cristina Enea Fundazioaren Haziera proiektuak gonbidatuta. Euskal Herritik mugitu beharrik gabe, Mallorcara hurreratzeko aukera ederra izan zen, Kantinako sukaldariek prestatutako hango mokadu goxoarekin lagunduta.


2025eko urtarrilaren 08an
Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Turismoak gogor jo du zuenean. Nola eragin du horrek nekazaritzan?

Eragin handia izan du turismoak irla guztietan. 1960ko hamarkada ingurura arte, herritar gehienak nekazaritzatik bizi ziren, baina garai hartan belaunaldien arteko erreleboan etena gertatu zen, jendea beste sektoreetako lanetara pasatu zelako. Nire etxekoa adibide argia da: artzaina zen nire aitona, eta familia osoa Mallorcako Prat de Sant Jordira joan zen bizitzera, aireportu inguruko lurretara, baratzerako toki oso aproposa zelako. Buruaskiak ziren: behiak zituzten, baratzea… baina, momentu batean, aireportuan lana eskaini zioten aitonari. Artzaintzari eustea erabaki zuen berak, bere bizitza hori zelako, baina beste askok ez zuten hautu hori egin. Eta, hurrengo belaunaldian, seme-alabetako inork ez zuen segi, errazagoa zelako turismoan, zerbitzuetan edo bestelakoetan lan egitea.

Gutxi zarete hazien bueltan lanean ari zaretenak, baina badirudi mundu horrek baduela guztiz harrapatzen zaituzten zerbait. Zure kasuan, zer izan da?

Uste dut nire etxean betidanik egin den zerbait izateak bazuela bere garrantzia, azkenean, oso hurbiletik bizi izan bainuen, baina mundu honetan murgildu arte ez nion baliorik eman. Inguruko pertsonek, herrietako jendeak, mintegietako kideek, lan hori egiten zuten, baina urteekin garrantzia galtzen ari zen eta asko jarduna uzten ari ziren. Nire belaunaldikook, oro har, bizkarra eman diogu lurrari. Hor dago, bizi naiteke landa eremuan, baina ez dut horrekin inolako loturarik. Orain hirian bizi naiz ni, baina badut nolabaiteko harremana, lurrarekin lotutako balore eta egiteko moduak defendatzen ditut. Kontua ez da lehengo bizitzara bueltatzea, baina bai orduko zenbait elementuri balioa ematea: zure hazi propioak gordetzea, ezagutzen duzun horrekin elikatzea. Erraza dirudi, baina gaur egun arraroa bihurtu da.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Irla izateak nola eragin du haziengan eta horien mugimenduetan?

Beti pentsatu dut ongi legokeela balear irla guztietan ikerketa sakonagoa egitea, gu batik bat Mallorcan ari baikara. Kontuan izan behar da Mediterraneo erdian gaudela eta kultura asko pasa direla bertatik, pena da hazien mugimenduei lotutako aztarnarik ez izatea. Egia da irla bakoitzak bere idiosinkrasia duela, desberdinak gara eta labore batzuk gailentzen dira bakoitzean. Menorca irla guztiz abeltzaina da, baina nekazaritzan, frutarbolekin ari dira batik bat. Ibizan, olibondoak eta almendrondoak dira nagusi, eta Mallorcan, berriz, pikondoetan dugu aniztasun handia. Errepikatzen ez diren barietate asko dago; adibidez, Mallorcan oso bertakoa den eta guztiz integratua dagoen piper barietate bat dugu, pebre ros, entsaladan gordinean jaten dena. Besteetan ez dute piper hori. Bestalde, gure arteko lotura asko eta partekatzen ditugun barietateak ere badira. Esaterako, Ibizan tipula bat berreskuratu dugu, ceba vermella eivissenca, eta ohartu gara Mallorcako ceba vermella d’Andratx-en berdin-berdina dela! Andratx Ibizatik gertuen dagoen Mallorcako herrietako bat da, beraz, pentsatzekoa da lotura badutela. Zenbait meloi barietaterekin ere gertatu zaigu hori.

Mediterraneoa omen da klima aldaketaren eragin handiena sumatzen ari zareten tokietako bat. Nola bizi duzue hori, eta zein paper jokatzen dute tokiko barietateek testuinguru ezegonkor honetan?

Uda oso luzeak eta lehorrak izaten ari gara azken urteetan. Gero, udazkenean, euria barra-barra egiten du, baina ondoren berriz lehortea, udaberrian ez baitu ia euririk egiten. Egoera horretan, zenbait tokiko barietate, mahastiak eta zereala adibidez, ongi ari dira egokitzen, lehortearen aurrean oso erresistenteak direlako.  Zerealen kasuan, enpresa asko ari da alor esperimentalak egiten tokiko barietateekin eta hibridoekin, eta ikusi dute lehorteari hobeki erantzuten diotela tokikoek. Baina, aldiz, Mallorcako txitxirioa, otsailean estentsiboan ereiten zena eta uda hasieran bildu, arazo handiak izaten ari da. Nekazariak pentsatzen ari dira baratzeko labore bezala, ureztatze sistema bidez lantzen hastea, edo udazkenean ereitea, bestela ez duelako ematen. Klima gero eta gogorragoa eta konplexuagoa izanen dugu, eta testuinguru horretan, tokiko barietate batzuk irabazten aterako dira, baina beste batzuk ez.

Associació de Varietats Locals de Mallorca elkartearen proiektuak

22 urte dira elkartea sortu zenetik, eta hainbat lan ildo izan arren, ardatz nagusi bat dute: tokiko barietateak ugaltzeko proiektua. “Urtero berritzen dugun barietateen katalogoa dugu. Balear Uharteetan hazi ekologikoak ekoizten dituen proiektu bakarra gara, eta Espainiako Estatuan ere gutxi gara”, dio Aina Sociesek. Haziak ugaltzeko guztira 22 ekoizlek hartzen du parte proiektuan. “Hazien sobreak 40 denda kolaboratzailetan saltzen ditugu, eta sobreetan sartzeko lana buru osasuneko erakunde bateko kideek egiten dute, haiekin dugun lankidetza harremanaren bidez”.

Profesionalentzat nahiz eskoletako haurrentzat formazioak ere egiten dituzte elkartetik, eta hainbat ikerketa proiektu dituzte martxan, esaterako, arte gozoen inguruko bat.

Zergatik da garrantzitsua tokiko barietateak kontserbatzea eta ugaltzea?

Elikadura burujabetzaren oinarria direlako eta zerekin elikatu nahi dugun erabakitzeko boterea ematen digutelako. Aukera ematen digute guk geuk erabakitzeko, edo inguruko nekazariek, toki bakoitzean zer erein nahi den. Honek ere erraza dirudi, baina gaur egun oso zaila da praktikan jartzea. Adibide bat: Mallorcako nekazari gehienek, baita ekologikoan ari direnek ere, Iberiar penintsulatik ekartzen dute barietate hibridoen plantela. Badirudi hazia, lurrean jartzen den lehen elementu hori, garrantziaren katean azken lekuan gelditzen dela.

Baina hazia nire irizpideen arabera urteetan aukeratzen badut, nire behar eta nahietara egokitua egonen da. Kanpotik ekarritakoa ez dakigu nongoa den, ezta zein portaera duen ere, hazien enpresa komertzialek erabakitzen dute zer ereinen duzun, eta horien meneko zara. Eta bestetik, tokiko barietateen alderdi kulturala ere hor dago: ondare immateriala, haziei lotutako ezagutza, maneiua, errezetak, sukaldean prestatzeko moduak...

Tomàtiga de ramellet kasua:
agroindustria tokiko barietateez jabetzen denean

Mallorcako tokiko barietate bat aipatzeko eskatzen badidazu, mundu guztiak ezagutzen duen barietate bat, tomàtiga de ramellet esanen dizut”, azaldu du Sociesek. Hain justu barietate horri buruz egina du master amaierako lana. Zintzilikatzeko tomate mota bat da, ogi txigortuan zabalduta jateko aproposa, Tramontana mendilerroko Banyalbufar herrian jatorria duena. “Herri hori urteetan bizi izan da tomate mota horren ekoizpenetik, kaxak eta kaxak esportatzen zituzten Bartzelonara, txirikordetan jarrita. Emakumeen lana izaten zen txirikordatzea, eta etxeetako goialdeetan zintzilikatzen zituzten”, dio. Tomate mota horri lotutako ezagutza eta kultura zabala dago herrian, eta etxe bakoitzak bere haziak gordetzen zituen.

Baina genetista israeldar batzuek Mallorcako hainbat etxaldetan ibili ziren tomate mota horrekin probak egiten, eta urteetako ikerketaren ondoren, tokiko barietatean oinarritutako hibrido bat sortu zuten. Gaur da eguna, supermerkatu eta banaketa kate handietan izendapen hori daraman tomate hibridoa saltzen dutena, tokiko barietatea balitz bezala.

Elkartetik borroka handia egin dute kasu honen harira, izan ere, legez debekatua dago tokiko barietate baten izena marka baterako erabiltzea. Praktikan, baina, gauzak bestelakoak dira… “Hori gutxi balitz, Agromallorca banatzaile handiak ‘Tomàtiga de ramellet de Mallorca’ izeneko ‘berme zigilua’ sortu du barietate hibridoarentzat, administrazioaren onespenarekin. Gezurretan ari dira, kontseilaritzaren babesarekin”, dio. Mallorcan tokiko barietate askok biziraun dute bertako gastronomiarekin duten lotura estuari esker, horren kontziente da elkarteko kidea. Baina txanponaren beste aldea ere hor dago, eta salatzen duenez, gastronomiaren izenean barietate asko "perbertitu" egin dira.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haziak
2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


2024-07-08 | Garazi Zabaleta
Nafarroako hazien liburutegia
“Kultura, liburuetan ez ezik, esperientzia pertsonal eta komunitarioetan ere badago”

2022an Nafarroako Liburutegien Sareak martxan jarritako proiektu berezia da hazien liburutegia. Clara Flamarique Goñi da Nafarroako Gobernuaren liburutegi zerbitzuko proiektuen arduraduna, eta honela gogoratu ditu hastapenak: “Zaragozako liburutegian martxan zuten... [+]


2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Erein aurreko hazien bedeinkazioak

Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da?,... [+]


(Hazien) Ugalketa prozesuak kolektiboak dira

Azken asteotan hazitegian ibili gara udarako barazkien haziak ereiten eta landaretxoak sortzen. Zenbait landare dagoeneko baratzean daude. Lozorroan zeuden haziei baldintza egokiak eskaini dizkiegu esnatu zitezen; edo, beste era batera esanda, jaio zitezen. Eta jaio dira, eta... [+]


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Hazien piratak eta lapurrak

Udaran jasotzen da hazi mordoa baratzean, izan udako fruituak biltzearekin batera jasotzen ditugunak (tomate, piper, kalabazin, edo luzokerren haziak kasu), izan neguko barazkiak loratzen edo lehortzen utzi ostean datozenak (esaterako, azenario, erremolatxa, baba, ilar, edo... [+]


2021-11-09 | ARGIA
Antzinako 78 hazi berreskuratu dituzte Nafarroan: tartean, “melona”

Nafarroako hainbat udalerritako 50 familiak baino gehiagok hazi espezieak kontserbatu dituzte eta hauetatik 78 berreskuratu dira Sartagudan eta Donezteben dauden etxalde esperimentaletan, INTIA sozietate publikoaren klima aldaketaren aurkako proiektu baten barnean. Besteen... [+]


PODCAST #61 | Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde” hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera eginarazteko... [+]


Euskal amama mitiko gehiagorik ez, arren!

Konfinamenduaren insomnio gaua izan dut gaur, eta zer eta Amama pelikula ikusten hasi naiz goizeko laurak jota. Pelikularen osteko lo-kuluxkatik esnatu (esnatu-edo), eta baratzeak eta gure "amonak" lotzen dituen artikulu bat irakurri dut. Lo faltak emozioak eta arreta... [+]


2018-10-30 | Oskar Epelde
Afrikako haziak babesten

Kenya mendebaldeko Migori konderriko tokiz tokiko laborari taldeak galtzorian zeuden. Egun, laborantza eredu ekologikoa eta elikadura burujabetasunaren bidean, talde berriak agertzen ari dira, hazi indigenak sortuz eta elkartrukatuz. Euren arbasoek mendez mede landu jakinduria... [+]


2018-03-13 | Erran .eus
Haziaren egun ederra ospatu dute Zigan

Haziak elkartrukatzeaz gain, Jakoba Errekondok solasaldia eskaini zuen martxoaren 10ean. Urte batzuk dira Baztanen Haziaren eguna egiten dena, azkeneko hiruetan gainera, herriz herri aldizkatuz. Horrela, aurtengoa Zigan egin dute, larunbatean;  Zigako Herriaren eta Hazitik... [+]


Eguneraketa berriak daude