“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

  • Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Ortzaizen geneukan jarrita hitzordua Peio Berterretxerekin, Nafarroa Beherean, Ipar Euskal Herri barnealdeko literaturaren kabi den Menta liburutegian. Jendez beteta egonagatik –nola ez poztu–, lekua aldatu behar izan dugu. Eseri orduko hasi gara solasaldi sutsuan, gaur egungo Kabalkadez eta Libertimenduez, iritzi eta kritika elkar trukean.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Grabagailua piztearekin bat, gaur egun Iparraldean bizirik dauden plaza antzerkiak aurkezteko eskatu diogu. “Lau forma nagusi badira gaur egun”, erantzun du Berterretxek, eta zerrendatu: Pastorala, Kabalkada, Maskarada eta Libertimendua. Ezagunak Euskal Herrian, bereziki Bidasoatik gora. “Maskarada eta Libertimendua ihauterietako erritu batzuk dira; Kabalkada eta Pastorala, aldiz, udako ikuskizunak”.

Formetan ez dago diferentzia handirik. Esaterako, Kabalkada ihauterietako errituaren kalko da. Antton Lukuk euskal arte drama deritze, dantza, antzerkia, bertsolaritza, kantua eta musika agertzen baitira txirikordaturik.

Kabalkada eta Pastorala herri mailakoak dira, gutxi gorabehera herri batek hamar edo hogei urtean behin egin ohi dituenak. Libertimendua, aldiz, herriko gazteek urtero egiten dute, ihauterietan. Zera azaldu du Berterretxek: “Libertimenduaren ariketa gehiago izanen da botere-lekuak erakustea, salatzea, trufatzea. Ihauteriko egin beharrak erran nahi du hori. Berpizten gara beste urte baterako, beraz, tabula rasa, kaosa ekartzen da, ondotik ordena ekartzeko. Beti sinbolismo horretan gara. Maskaradak ber funtzioa du, beste manera batez itzulia, baina ber gauzak ikusten dira; zibilizatuak basen kontra altxatzen”.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Berterretxek tesian azaltzen duen gisan, gizarte aurre-industrializatutik datoz aipaturiko plaza antzerkiak. Formak asko aldatu dira: XIX. mendeko baserri-eremuak komunitate erdi autarkiko batzuk ziren, bizitzeko beharrizanen ekoizpena gertu ziurtatzen zen, etxaldean edo auzoan. “Herri batetik bestera joateko urrun zen, luze”, dio Berterretxek. Eta bizitzeko modu horrek, nola ez, pentsatzeko moduan eragina zuen: “Komunitate horiek biziki garrantzitsuak ziren. Horiek zuten segurtatzen bakoitzaren bizirautea. Adibidez, belarrak egiteko, auzokideak behar zenituen”. Hau da, auzokideekin harreman sendoak zeuzkaten, eta komunitatea ez zen kidetasun sentimendu lauso bat, bizirauteko baldintza baizik. Lanaren koordinazio kolektiboa zegoen. Are gehiago, honela dio Berterretxek tesi-lanean: “Gizarte aurre-kapitalistan, komunitatea zen zerumuga geografiko, kognitibo, sozial eta materiala”.

Era berean, bakoitzaren biziraupena bestearen meneko zen gizartean, egungo indibidualismo modernoa osatzen duten jarrerak pentsaezinak ziren. Kontrola edo erregulazioa ere horrela ulertzen dira: “Komunitatearen beharra duzulakotz ez zara hasiko zernahi egiten. Eta hasten zinelarik zernahi egiten, komunitateak bazituen tresnak horren erregulatzeko”. Jarrera indibidualek eragina zeukaten komunitatean, horregatik, komunitateak bazeukan bere zigor sistema, esaterako, bertsoek izan zezaketen funtzio sozial hori: “Justizian bezala, graduatua da, hanka-sartze ttipi bat, erregulazio ttipi bat; akats handia, erregulazio handia”.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Xaribariak, jarrera indibidualistak kondenatzeko antzerkiak
Gaur egungo plaza antzerkien aurrekariak justizia herrikoi horren parte ziren, eta xaribariak deitzen zitzaien. Xaribariak ezkontza sistemari zegozkion, kristautasunarekin batera, ezkontza kontzeptua garatu zen garaitik aurrera. Europako landa eremu guztian egiten omen ziren.

Berriz ere, garaiko gizarte formara garamatza Bereterretxek: “Ezkontza ez da amodio istorio, garaian bi ekoizpen indar batzen ziren. Bi etxe, bi familia, bi ekoizle. Komunitatearen biziraupena zegoen jokoan, eta gertatzen zen batzuek komunitatearen arauak ez errespetatzea”.

Xaribaria egin egiten zen. Gehienetan, gazte batekin bigarren edo hirugarren aldiz ezkontzen zen adineko alargunari egiten zitzaion. Esan bezala, zigor sistema mailakatua zen. Lehenik, gauez egin ohi ziren: gazte eta ezkongabeak joaten dira pertsonaren etxera, astoekin, zintzarriekin edo tutekin, arrabotsa egiten zuten, zirtolariak ere bazituzten. Gazte ezkongabeak ziren xaribariaren egileak, hain zuzen ere, garaiko gizartean botere ekonomiko eta politikotik oraindik baztertuak zeudenak. Errudunak sosez edo ardoz ordaindu arte ez ziren isiltzen. Ordaintzea ukatzen bazuen, ordea, zigor-fase hurrena Tobera-munstra egitea zen. Hori zen xaribarietan zigor handiena, bortitzena. Egun argiz egin ohi zen, herriko plazan, eta ondoko herriak ere gonbidatuta zeuden. Protagonistek ikusleen artean egon beharra zeukaten, epaiketan: “Auzi faltsu bat da, baina egiazko izenak botatzen dira, eta izigarri bortitza da, zenta umiliazio publiko bat baita”.

Geroago, XIX. mendean, beste gai batzuen inguruko xaribarien aztarnak ere bildu ditu Berterretxek tesian. Hala nola, Xabier Itzainak aipatzen duen gisan, Elizaren edota alkatearen aurkakoak. Gehienetan, lanbide apaletako gazte batzuk ziren horien egile.

Baina berehala heldu zen aldaketa, industrializazioarekin batera. Garraiobide eta hiriak agertzearekin bat, gizartea izugarri aldatu zen. Hau da, lehen herrietan ekoizten zuten haiek behar zutena. Industrializaziotik aitzina egokituko dituzte haien ekoizpenak salmentarako eta merkaturako, Berterretxeren esanetan. Beraz, ez zegoen jada hainbesteko dependentziarik komunitatearekiko, eta ihes egin zitekeen. “Frantses boterea hedatu denez Baionatik ibar zoko guzietara, errazago ateratzen ahal zara eta errazago sartzen; bi zentzuetan da”.

Funtsean, ekoizpen moduaren aldaketak berarekin dakartza aldaketa kulturalak. Apaizak eta alkateak hasi ziren esaten xaribariak basakeria zirela. “Beste moral batek hartzen du lehengoaren lekua", dio Berterretxek, eta sakontzen du: "Besteen bizi pribatuan sartzea bortitz bezala ikusia da, ez baitago jada lehengo komunitaterik”.

Herri-antzerki baten zuzendari lanetan ari da Berterretxe, Maulen. Entsegu egun batean eginiko argazkiak dira. (Argazkia: Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND)

Praktika kulturalen eraldaketa
“Garaiko jendarte hori ez dugu kontzebitzen ahal. Praktika kulturalak ez ziren gaur egun bezala norbere buruarentzat, plazerarentzat”, argi dio. Europaz kanpo beste gizarte batzuetan ere ikus daiteke. Praktika kulturalak ekoizpenaren parte ziren, dantza adibidez, lanean erritmoa markatzeko erabiltzen zuten, zomorroen aurka. Juan Antonio Urbeltzek esaten du neolitikoan, gizakia sedentario bihurtu zenean, etsai handia intsektuak bihurtu zirela, eta dantzak zirela horiek uxatzeko bide. Zomorroak konjuratu egiten ziren, dantza momentuan agerraraziz, gero uzta hondatzera ager ez zitezen. Edo alderantziz, dantzen bidez, dei egiten zitzaien zomorroei, euriari...

Gizarte formaren aldaketarekin, praktika kulturalak eraldatzen joan ziren, eta garaiko dantzak, Tobera-munstra eta xaribariak ez ziren ikusgarriak: “Gaur egun, euskal dantza, oholtza gainean ikusten da, ikusgarria bilakatzen da. Denborarekin tresna sozial batetik produktu kultural bat izatera pasa dira.” Eta horrek edukizko aldaketak ere badakartza, Berterretxeren arabera: “Kasu emanen dugu dantzaren kalitateari, zirtzilen jokoaren mailari, zer erraten den... Ahal bezainbat jendek maitatu behar du, beraz, ez da sobera bortitza izan behar jendea biltzeko”.

"Gizarte aurrekapitalistan, komunitatea zen zerumuga geografiko, kognitibo sozial eta materiala"

Momentu horretatik aurrera, bide ugari hartuko dira. “Gertatzen den lehen gauza da dantzak gaina hartzen duela, dantza ontsa da, zeren ez baita nehor mintzo”. Alde batetik, dantza ikuskizunak agertuko dira eta soilik desfilea eta plazako dantzak mantenduko dira. Bestetik, gairik gabeko Kabalkadak edota fikziozko gaiekin egindako antzerkiak agertuko dira.
Eta, bada beste alor bat, abertzaleek antzerki politikoak eginen dituztela. Borroka armatuaren garaia da, Ipar Euskal Herrian laborantzaren lekuan turismoaren garapena ematen da, Seaska sortuko da, irratiak, kooperatibak, euskal kantagintza berriaren loraldia ematen da, Ez Dok Amairu eta Guk... Euskal kontzientzia garatzean, gazteriak antzerkia berreskuratuko du ideia politikoak hedatzeko. Hainbat pertsona arituko dira antzerki idazle eta eramaile lanetan: Daniel Landart, Antton Luku, Kristiane Etxaluz, Mattin Irigoien, Pantzo Hirigarai eta Gillom Hirigoien, besteren artean.

Iholdiko Tobera entzutetsua har liteke adibide gisara. 1974an, Iholdin bazen gai biziki minberatsu bat: herriko etxeak laku artifizial bat eraiki nahi du turistentzat eihera baten inguruan. Abertzaleek lekuko antzerki forma hartu zuten, komunitatea arriskuan ematen zuen jarrera bat kondenatzeko: “Jarrera politiko edo ekonomikoa kondenatzen da euskaldunen komunitatea arriskuan ezartzen baitu”. Iholdi, Baigorri eta Amikuzen eginen ziren, besteak beste, halako Tobera politikoak. “Bada gai bat plazara konbokatzen dituena, hori da gaur egungo Kabalkadekin konparatzen badugu berezitasun handiena”.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Berterretxek azaltzen duenez, gaur egun ez gaitu gai batek deitzen plazara. Ospakizunak deitzen gaitu biltzera eta gero hasten gara gai bila. Honela egiten du kezkaz galde: “Ez bazaitu gai batek konbokatzen plazara, zertara jina zara, zer errateko, zer aipatzeko? Ez bada gairik hitza manipulatzen dugularik publikoki eta diskurtso bat eraiki behar dugularik, ez badakigu zer erran eta zeri buruz, problematikoa da”.

Lekorneko Kabalkadako ikerketa
Galdera horietatik, gaur egun Kabalkadak zer funtzio dauzkan aztertu du Berterretxek, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta. Ondorioztatu duenez, Kabalkadaren funtzio nagusia elkarrekin zerbait egitea da: “Gaur egungo gizartean biziki indibidualistak gara, arrunt manera atomizatuan bizi gara. Bat-batean, herri guzia astebururo elkartzen hasiko da errepikak egiteko. Badu balio handi bat elkarrekin gauza bat egiteak. Beharbada hor ere bada erresistentzia leku bat, erran nahi dut, mundu hiper-indibidualista batean, bakoitzak bere indar pertsonala ezartzea proiektu kolektibo eta komun batean”.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Motibazioa, nagusiki, soziala da. Ikerketa egin aurretik ere bazekien Berterretxek: “Nik nahi nuen ikertu zenbateraino zen hala, eta ea baziren beste motibazio batzuk. Lehengo motibazio horiek, adibidez botere baten salatzea, edo funtzio identitario batzuk Euskal Herriari buruz eta hola, bazirenez oraino, eta baldin baziren zein heinetan”.

"Kasu ematen dugu dantzaren kalitateari, zirtizlen jokoaren mailari, zer erraten den... Ahal bezainbat jendek maitatu behar du, beraz, ez da sobera bortitza izan behar jendea biltzeko"

Lekorneko Kabalkadaren egileen laginean, %80ak euskaldun gisara aitortzen du bere burua, %15ak euskaldun hartzaile gisara, eta soilik %5a da erdalduna. Argi esan du Berterretxek: “Ez da gure herrietan dugun egoeraren ordezkatze bat. Pentsatzen nuen profil hori izanez, beharbada beste motibazio batzuk izanen zirela, edo motibazio batzuk argiki agertuko zirela lotzen ahalko zirenak profil horri”. Hainbat galdera zeuzkan buruan: “Biltzea baldin bada helburua, nola biltzen da herri bat guttiengoak mintzo duen hizkuntza batekin? Are okerragoa da egoera Pastoralean. Ikusiz Tobera-munstraren eta Kabalkadaren historikoa, zer helburu politikoarekin etortzen eta elkartzen dira?”.  Berterretxek ikerlanean lau multzotan bereizi ditu motibazioak: sozialak, linguistikoak, politikoak edo identitarioak, eta norberaren garapenerakoak. 

Kabalkadako parte hartzaileen erantzunetan, motibazio linguistikoa zortzigarren postuan agertzen da, eta horrek harritu du Berterretxe, hainbeste euskaldun izanez hain apala izateak. Baina egoera diglosiko gatazkatsu batean hiztunek zapalkuntza lekuak eta moduak ulertzeko duten zailtasunari egozten dio egoera: “Gertatzen dena da sistema koherente batean garela. Usatzen gara. Ohitzen gara euskara ematera leku batzuetan eta beste batzuetan ez. Azken finean ontsa zauku”. Ordea, diglosiak etorkizunera begira dakarrena azaltzen du: “Diglosiaren bi ondorio bakarrak dira edo hizkuntza zapalduaren desagertzea edo biak existitzea, baina ghetto batean bizi gara”.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Egoera diglosikoa agertzen da Kabalkadetan ere, eta aski motibaziorik ez denez, gehienetan ez da hizkuntzen plangintzarik lantzen Kabalkadaren baitan. Euskara eta ideia politikoen lotura aipatzen du Berterretxek, eta horrek ekar lezakeen gatazka. “Problema da euskararekin den konflikto guzia”, dio, gaur egun euskarak baduelako “kolore politiko bat”, eta hori “abertzaletasuna” da. Batzuek ez dute transmititu euskara arrazoi horregatik. Euskara aipatu eta aitzinean ezarriz gero, gatazka berpizteko arriskua hartzen da, sumatzen da, eta Berterretxek ea jendeak hori zergatik ez duen egin nahi galdegiten du. “Bi galdera. Bat: zendako ez dute konfliktoa berriz pizten? Eta bigarrena: ea haientzat balio ote duen konfliktoa berriz pizteak. Ez dakit zendako ez den aipatzen, pixka bat baztertzen da, nahiz eta aldarrikatzen duten euskarari leku bat eman nahi zaiola”.
Politizazioarekiko gogo falta ondorioztatu du tesian. Egindako galderen artean, motibazio guztien artean bigarren motibaziorik apalena hau izan da: Kabalkadan parte hartzen badut, nire burua eta besteak politizatzeko da. Antzerkilarien artean ere bai: “Harritu naiz, zenta antzerkiak baitu kargu hori, historikoki kodeetan satiran gara. Ez dugu satirarik egiten ahal, ez baditugu ulertzen politikoki boterean jokatzen diren indar horiek”.

Hirugarren motibaziorik apalena pertsonalitate publikoei trufa eta kritika egitearena da, eta hori ere apal agertzen da antzerkilarien artean. “Hor argiki adierazten da funtzio satiriko hori ez dutela egin nahi. Beraz, galdera da: ez badute hori egin nahi, zer egin nahi dute?”.

"Ez bazaitu gai batek konbokatzen plazara, zertara jina zara, zer errateko, zer aipatzeko? Ez bada gairik hitza manipulatzen dugularik publikoki, eta diskurtso bat eraiki behar dugularik, ez badakigu zer erran eta zeri buruz, problematikoa da"

Berterretxeren ustez, ikusgarritasunarekin dago lotuta. “Ikusgarria egin nahi dute. Hori azkarki adierazi dute denek”. Hain justu, Parte hartu nahi dut jendeek gogoan atxikiko duten ekitaldi kultural batean motibazioa da lehen postuan bistaratu dutena. “Nahi dute ahal bezain ikusgarri onena egin. Pastoraletan ber dinamika da, dantza garaikideak sartzen hasiko dira, inpaktua eragiteko, ahal bezainbat dantzari. Antzerki ahal bezain bisuala, alde guzietara joaten dena, gauza handiak... Eta gaietan komedian egonen gara. Ez gara joanen sobera karrakatzera eta altxatzera gai zinez minberatsuak, herriko jendea baita”.

Barneko indar eta botere joko horietan sartua direnek kritika egiteko duten gabeziaz ari zaigu: “Libertimenduetan gazteak pixka bat kanpo dira, ez dira oraino sartuak mundu aktibo horretan, eta badute holako pistolkeri bat. Beraz, haiek futitzen dira”. Baina Kabalkadetan, adin gehiagorekin, parte hartzaileek herrian toki sozial bat badaukatela eta hori indartu nahi dutela azaltzen du Berterretxek. “Ez dira etortzen horra gauzen galtzera, baizik eta gauza baten irabaztera jiten dira. Ez da arrisku sobera hartzen”.
Herriagatik egiten dela, baina jada ez dagoela benetan herririk ohartarazten du: “Komunitateak garaian urtu ziren, gure herriak urtuak dira, fini da herria”. Sozializazio lekuak ttipitu edo desagertu direla eta herria ez dela gehiago herri bezala bizi argudiatzen du.

Egoera horretan, Kabalkadak betetzen duen rolaz ari da: “Kabalkadek ematen dute, berriz, herria sortzeko ilusio hori. Ematen du berriz halako sentsazio bat, herri bat egiten dugula. Nahi dugu herria batu”. Herriak gero eta gehiago desagertu, gero eta Kabalkada gehiago egiten direla dio, Antton Lukuk ere Libertimenduaz azaldu izan duen bezala (ikus bideoa: Antton Luku: Libertimendua, erro eta aldaketen artean).

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Kultura profesionalen esku ez uzteaz
Azkenik, Hegoaldearekiko desberdintasunei so jarri eta Iparraldean praktika amateurrek duten garrantziaz aritu gara Berterretxerekin: “Profesionalek ez dute euskal kultura biziarazten. Nik ez ditut urtean hiru ikusgarri ikusi nahi; nik nahi dut antzerki talde bat herrian ukan edo dantza talde bat”. Hegoaldeari begira dio kultura ez dela profesionalen esku utzi behar. “Haiek produktuak egiten dituzte, eta normala da, haien lanbidea da. Eta produktu bikainak egiten dira. Baina guk beste funtzio bat ematen diogu kulturari eta arteari”.

Bestalde, profesionaltasuna ez zaiola nahitaez kalitateari edo proposamen artistikoari lotzen azpimarratzen du: “Artistikoki ez dituzte baitezpada profesionalek aitzinarazten gauzak”. Profesionalizazioak delegazioa ekartzen du, alde batetik, kulturaren praktika eta kultura egitea delegatzen dela; eta bestetik, arriskua da profesionalizazioak diru laguntzekin funtzionatzen duela. Hirugarren puntua ipini dio: “Eta diru laguntzen problema da gure kultura ezartzen dugula instituzioen eskuetan eta esku hartze horrek ezartzen gaitu menpe eta menpeko instituzio horietaz”. Instituzio horiek kulturaren eta hizkuntzaren zapalkuntza mantentzen dutela azpimarratzen du.

Dena den, Hego Euskal Herrian ere, ikus daiteke herri antzerkien praktika. Nabarmentzekotan, azkena ikusi duen iruindarren Pastorala aipatu du: “Julia Fernandez izan da neretako, zinez, artistikoki eta formari begira ekarpen gehien duen pastoral bat, iruindarrek egina”.

Bukatzeko, Iruinkokoaren gisara, plaza antzerki horiek hartu, moldatu eta zabaltzeko gonbidapena egin du: “Iruinkokoan egin dutena eredugarria da. Libertimendua hartu eta moldatu dute haien testuinguru sozial eta linguistikora, egin dute haien saltsan, eta bikaina da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


Aitortza berantiarra, metamorfosi gauzatua

Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.

-----------------------------------------------------------

Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]


'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


'Eukalyptus'
Naturaren aberastasuna

Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]


2024-10-09 | Ximun Fuchs
Tximinoa, salbaia eta elbarritua

Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.

30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]


Eguneraketa berriak daude