Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen gorakadari aurre egitea, eta askotariko zapalkuntzen arteko erlazioak artikulatzea, pribilegioei ere erreparatuz.
Zaintzaren dispositibo patriarkala eta emakume zaintzaileak ekoizteko mekanismoak aztertu dituzu tesian.
Etxeko eta zaintza lanen arloko borrokak areagotzearekin batera, Martxoak 8ko greben bueltan, geroz eta gehiago hitz egiten genuen zaintza lanez, eta kontzeptua birpentsatzeko beharra ikusi nuen. Antzeman nuelako, batetik, ez daukagula horren argi zertaz ari garen zaintza lanez ari garenean, eta bestetik hipertrofia moduko bat gertatu delako, non ia dena den zaintza lana. Maria Luz Estebanek diskurtso feministaren sentimentalizazioarekin lotzen du hipertrofia hori, eta kezkatuta nengoen zaintza lanen esparruan indarra hartu duten diskurtso esentzialista eta biologizistekin.
Bi marko teoriko baliatu dituzu.
Batetik, feminismo materialista, eta hor bereziki [Christine] Delphy, [Colette] Guillaumin, [Monique] Wittig edo Jule Goikoetxearen lana, eta, bestetik, filosofia post-estrukturalistan kokatzen den Michel Foucaulten ekarpena, bereziki bioboterearen nozioa. Esentzializazioen aurka egiteko marko teoriko oso indartsuak dira, hain zuzen ere, gorputzen ekoizpena aztertzen dutelako, ekoizpen materiala, mekanismo egituratuen bitartez eta produkzio-erlazio egituratuen bitartez sortzen dena.
Wittigek zioen emakumeek klase sozial bat osatzen dutela.
Emakumea klase sozial bezala definitzeak berekin dakar azalpen biologizista guztiak alde batera uztea, eta ez pentsatzea emakumeak existitzen garenik subalternizazioa baino lehenago edo subalternizaziotik kanpo, baizik eta subalternizazio horrek egiten gaituela emakume. Bestalde, etxeko eta zaintza lanen kontzeptuaren definizioari begiratuta, feminismo materialistatik azpimarratzen duguna da etxeko eta zaintza lanak ez direla zeregin edo eduki zehatz bat. Edozein zeregini, produkzio-erlazio patriarkal eta familiarretan egiten bada, etxeko eta zaintza lana deitzen diogu; bestela, ez. Horren adibide argia da sukaldaritzarena. Emakumeek dohainik edota etxeko langileek lan baldintza prekarioetan egiten duten zeregin bera, janaria prestatzea, chef pribatu batek etxe batean egiten duenean ez diogu etxeko eta zaintza lana deitzen. Nahiz eta janaria egiteak eguneroko eta oinarrizko behar bat asetzea dakarren, produkzio-erlazio patriarkal eta kolonialistetatik kanpo egiten denez, ez dugu zaintza lanaren nozioan sartzen.
"Esan dezakegu, ulertzeko, gizonek bizirauteko beraien lan-indarra saldu beharko dutela eta emakumeek gorputza osotasunean oparitu beharko dutela"
Tesiaren klabeetako bat da hori.
Zereginen ezaugarriek edo edukiek ez dute inoiz azaltzen produkzio-erlazio patriarkala, hau da, zereginaren ezaugarriek ez dute azaltzen zergatik ez diren ordaintzen eta ez diren kontabilizatzen (neurtzen eta banatzen). Emakumeek egiten ditugulako dira ez-ordainduak, eta lan ez-ordaindua egiteak egiten gaitu emakume. Pentsamendu heteropatriarkalaren ondorioz iruditzen zaigu etxeko eta zaintza lanek badaukatela ezaugarriren bat –afektibitatea, familian egiten direla, oinarrizkoak direla, etab.–, zeinaren ondorioz lotura zuzen bat daukaten ez ordainduak izatearekin eta ez kontabilizatuak izatearekin. Marko honen bitartez buelta ematen diogu ideia horri, eta, bestetik, patriarkatuaren izaera material eta ekonomikoa ikusten dugu, non badauden produkzio-erlazioak eta horien helburua den, noski, emakumeak sortzea, emakumeak menderatzea eta, hortaz, emakumeen lanaz baliatzea.
XVIII. mendean kokatzen duzu zaintza-dispositibo patriarkalen sorrera.
Foucaulten lana erabiltzea oso baliagarria izan zait aztertu ahal izateko Europako modernitatean gertatzen den emakume zaintzaileen ekoizpena, eta horrela nabarmendu ahal izateko etxeko eta zaintza lanaren izaera sakonki historikoa. Zaintza lanak ez dira entitate naturalak, ez dira existitu testuinguru guztietan, ez dira beren horretan botere-mekanismoetatik kanpo dauden praktikak, diskurtso patriarkal horietan naturalizatzen denean ulertzen den modura.
Alegia, janaria prestatu dela gizakia gizaki denetik, baina ez beti modu berean.
Hori da. Horrekin lotuta, zaintza lanak askotan definitzen ditugu eguneroko beharrak asetzeko praktika bezala, eta elkarrenganako mendekotasuna kudeatzeko modu bezala, eta uste dut potentzialtasun handiak dituela kontzeptu horrek nabarmentzeko elkarren mendekoak garela, eta baita ere ikusarazteko ikusezin egin diren zeregin guztiak. Baina horrela definitzen badugu, kontua da bizitza-forma guztiek kudeatzen dituztela moduren batean eguneroko beharrak eta elkarrenganako mendekotasuna, bakterioek ere, landareek ere, eta guk produkzio-erlazio eta mekanismo zehatzetara begiratu nahi badugu, naturalizazioa oso-oso indartsua den testuinguru batean gainera, izaera ekoiztu eta historiko hori azpimarratzen duten kontzeptuak behar ditugu. Eta Foucaulten biobotere eta botere-dispositibo nozioek ahalbidetzen digute ekoizpen historikoa sakontasunez aztertzea.
Zer aldatu zen Europako Modernitatean, zaintza-lanen harira?
Familia, amatasuna eta emakumeen lanak maitasun erromantikoarekin lotu ziren, adibidez. Hori izan zen Aro Berrian gertatutako transformazioetako bat, beste hainbaten artean, gaur egun guztiz gorpuztua eta naturalizatua daukaguna. Prozesu horiekin sortu zen etxeko eta zaintza lana bereizitako esparru bezala, hau da, botere-dispositibo patriarkal bezala. Horrekin batera emakume zaintzaileak eraikitzea ezinbesteko egin zen, hau da, maite dituztenengatik sakrifikatu eta lan egiten duten subjektuak sortzea eta naturalizatzea. Bioboterearen eta feminismo materialistaren marko filosofiko eta politikoek ahalbidetzen dute nabarmentzea ekoizpen biopolitikoak gorputza hartzen duela, eta emozioak zein desirak transformatzen eta sortzen dituela, eta hori ezin dela aldatu indibidualki, nahi ahala. Oso garrantzitsua da boterearen mikrofisika hori antzematea. Izan ere, subjektuaren nozio liberal-arrazionalaren bitartez barnerarazi digute ideia hori non emozio batzuk ditugunean, ezin ditugunak indibidualki eta nahi ahala transformatu eta ez ditugunak kontrolatzen –zaintza lanarekin lotuta, amatasunarekin eta familiarekin lotuta–, naturaltzat hartzen ditugun. Adibidez, amek haurrekiko duten kezka eta maitasuna. Naturala esentziatzat hartzen da –ezin dugu kontrolatu–, eta ekoitzia dena, berriz, kontrakotzat, eta horren arabera, zuk kontzientziazio-prozesu baten bitartez ahal duzu transformatu zapalkuntzak sortu duen guztia. Eta zalantzarik gabe, ez da horrela. Dikotomia hori transformatu behar dugu eta diskurtso biologizista horiek agerian jarri.
Badugu eragiteko ahalmena, baina…
Bai, badago eragiteko aukera, guztiz ados, eta geroz eta modu kolektiboagoan egin, indar gehiago sortzen da eraldatzeko. Gakoa aldaketa kolektibo eta egiturazkoak sortzea baita. Edozein kasutan ez da nahi ahala, erabaki baten bitartez, aldatuko den zerbait, baizik eta borrokaren eta haragitze erlazionalen bitartez aldatzen dena.
Botere-erlazio patriarkalak eta botere-erlazio kapitalistak bereizi dituzu tesian.
Kapitalismoaren eta industrializazioaren garapenarekin, XVIII. mendean, produkzio-erlazio kapitalistak sortzen eta zabaltzen dira. Lan ordaindua dute ezaugarri. Produkzio-bideen jabe ez den edo bere lan-indarra saldu gabe bizitzerik ez duen horrek produkzio-erlazio kapitalistetan biziko du bere esplotazioa. Hainbat mekanismoren bitartez produkzio-erlazio kapitalistak maskulinizatuak izango dira. Bestalde, produkzio-erlazio kapitalistak eta produkzio-erlazio patriarkalak bereiziko dira. Erlazionatuta egon arren, gizon zuri guztiak geratuko dira produkzio-erlazio kapitalistetan, apropiazioan oinarritutako produkzio-erlazioetatik kanpo, eta aldiz, gorputz arrazializatuak eta emakumeak produkzio-erlazio horietan kokatuak izango dira.
Zertan bereizten dira bi produkzio-erlazioak?
Produkzio-erlazio kapitalistak lan ordainduarekin (balioaren produkzioarekin) eta neurriarekin lotuko dira, kontabilizatzearekin, ordutegiak zehaztearekin eta baita ere zereginak moduren batean espezializatzearekin. Emakumeei, aldiz, ezarriko zaie bizitza kudeatzeko eta banako produktiboak sortzeko eginkizuna, eta hori egingo da produkzio-erlazio patriarkalen mende. Orduan, emakumeei ezarriko zaie lan ez-ordaindua, zeina batez ere familietan antolatuko den, eta apropiazio-erlazioa deitzen zaiona izango du ezaugarri: gorputza osotasunean hartu eta desjabetuko zaie. Emakumeei eskatuko zaie gizonen beharretara eta besteen beharretara egotea etengabean, ordutegirik gabe, kontabilizaziorik gabe, ordainik gabe.
Esan dezakegu, ulertzeko, gizonek bizirauteko beraien lan-indarra saldu beharko dutela eta emakumeek gorputza osotasunean oparitu beharko dutela. Gorputza osotasunean desjabetzeak lan-indarra desjabetzea ere inplikatzen du, noski. Badago, baita ere, gizon bakoitzak jasoko duen pribilegioa, nahiz eta pobrea izan, nahiz eta langile klasekoa izan: bere menera egongo den emakume bat, zerbitzari bat edukiko du.
XX eta XXI. mendeetan erantzun egin zaie, feminismoetatik, dispositibo patriarkalei. Nola birkonfiguratu dira?
XX. mende amaierako borroka feministen lorpenak askotarikoak izan dira baina ikusten dugu indarrean jarraitzen dutela bai produkzio-erlazio patriarkalek bai emakume zaintzaileen ekoizpen-mekanismoek. Emakumeek jarraitzen dute lan ez-ordainduaren gehiengoa egiten. Bestetik, lan ordainduan duten presentzia areagotu egin da, baina sektore feminizatuak dira prekarizatuenak, eta etxeko eta zaintza lan ordaindua bereziki prekarizatua eta subalternizatua da. Ez da kasualitatea. Jardun bat geroz eta gehiago identifikatu emakumeekin eta etxeko eta zaintza lan ez-ordainduarekin, geroz eta subalternizatuagoa izango da, nahiz eta ordaindua izan. Gainera, pribatizazio neoliberalek emakumeen lan ez-ordaindua handitzen dute, eta lan baldintzak okertzen. Eta zer esanik ez azken hamarkadetan gertatu den etxeko eta zaintza lan ordainduaren arrazializazioarekin, subalternizazioa eta prekarizazioa oso larria baita. Besteak beste, Atzerritartasun Legeak ahalbidetzen du egoera hori. Transformazio horiek etxeko eta zaintza lan dispositiboaren birkonfigurazio bezala ulertu behar ditugu.
"Ezinbestekoa da euskal zaintza sistema publiko eta feminista bat sortzea, eta gizonak zaintzera eta lan ez-ordaindua egitera behartzeko mekanismoak sortzea"
Amatasunean ere identifikatu duzu berrantolaketarik.
Gaur egun, ama edo ez ama izateko erabakia hartu dezakegu, baina indarrean jarraitzen dute amatasun desira hori sortzeko askotariko mekanismo patriarkalek, diskurtsoek eta esanahiek. Ama izan edo ez izan erabakitzeko aukera hori bilakatu da ardura indibidualaren erretorika indartzeko eta despolitizatzeko modu bat: zuk zeuk erabaki duzunez, orain ardura osoa duzu amatasun normatibo hori aurrera eramateko. Ikuspegi horrek ez du erakusten antolaketa patriarkal baten bitartez garatu behar duzula amatasuna. Noski behar dugula erabakitzeko gaitasuna, baina erabakitzeko gaitasun hori egitura publikorik gabe eta produkzio-erlazio patriarkalak irauli gabe garatzen bada, bilakatzen da erabakitze-nozio neoliberala. Beste tranpa bat. Gainera, kontuan izan behar dugu azken hamarkadetan amatasuna geroz eta intentsiboagoa eta zurrunagoa bilakatu dela. Hau da, haur bakoitzari eskaini beharreko denbora eta lana handitu egin direla. Horren aurrean, erabaki dezakegu, batzuk erabakitzen dugun bezala, ama ez izatea, eta ulertzea ama ez izate hori posizio politiko eta erresistente bezala gure testuinguruan.
Urtebete pasa da 2023ko azaroaren 30eko grebatik.
Azken urteetan mugimendu feministatik lortu dugu gaiak zentralitate bat hartzea eta etxeko eta zaintza lana politizatzea. Askotariko erronken artean, nabarmendu nahiko nuke diskurtso esentzialista eta biologizista horien aurka egiteko estrategiak eta kontzeptuak sortzen eta zabaltzen jarraitzeko erronka. Horretarako zaintza lanen definizio materialista gaurkotua fintzea eta zabaltzea oso garrantzitsua da. Bestetik, uste dut ezinbestekoa dela euskal zaintza sistema publiko eta feminista bat sortzea, eta gizonak zaintzera eta lan ez-ordaindua egitera behartzeko mekanismoak sortzea. Eta horrekin lotuta, erronka edo eginkizun ezinbesteko bat da lan ordainduan ari diren emakumeen eta bereziki emakume migratzaile eta arrazializatuen egoerari heltzea: Atzerritartasun Legea bertan behera uztea, etxeko lanaren erregimen bereziarekin amaitzea; oro har, antolaketa arrazista eta kolonialista hori iraultzea eta, noski, alternatiba sortzea. Azkenik, greba erreminta garrantzitsu bat da etxeko eta zaintza-lanen esparruan borroka egiteko, eta birpentsatu egin dugu, eta horrekin beste borroka-estrategiak ere pentsatzen ari gara, emakume guztiek ezin baitute grebarik egin. Hortaz, askotariko lanabes eta estrategiak behar ditugu.
Ikerlaria eta militante transfeminista. 16 urterekin hasi zen Herne taldean militatzen, eta Medeak-en egin zuen ibilbidea gero. Tesia amaitu berritan, bigarren hezkuntzako irakasle ari da orain. Unibertsitatean aritzeko interesa izan arren, salatzekoa iruditzen zaio euskal unibertsitate publikoan kontratu finkoa lortu arte jasan behar den prekarizazioa.
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
Gure herri eta hiriek ez gaituzte zaintzen. Lurra falta zaigu, berdeguneak, espazio komunitarioak. Gure herria kapitalaren zerbitzura dago diseinatuta. Zaintzaren herrian, ordea, bizitza da erdigunea.
Lehen Kale Nagusia zegoen, hiria zeharkatzen zuen kale erraldoi bat... [+]
Etxeko langile diren eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeentzako etxea abian jarri dute Berriozarren. Zortzi pertsonendako lekua duen pisua gaitu dute zaintzan diharduten langileak 6-12 hilabetez espazio duin eta seguru batean bizi daitezen. SOS Arrazakeria Nafarroak eta... [+]
ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztea da eta “lehenengo probintzia lan-hitzarmena” aldarrikatuko dute. Langileak lau urtez egon dira “baldintza duinak” galdegiten eta ekainean berriro biltzen hasi zirenetik “ez da aurrerapausorik eman”.
Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]
Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]
Seme-alaba jaioberria zaintzeko baimen ordainduaren zati bat aiton-amonei edota gertuko beste norbaiti eman diezaiekete gurasoek Suedian, uztail honetatik aurrera.
Arrazismoa, matxismoa, klasismoa, eta beste hamaika ismo-rekin batera koka genezake edadismoa ere, adinkeria, alegia. Adinaren arabera jasan daitekeen bazterketa guztiok paira bagenezake ere, bestelako diskriminazio motekin gurutzatzen denean, errealitatea gogortu egin daiteke... [+]
Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute ekainaren 5ean. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari loturik, "desordena publikoa" egozten diete. Egun berean 09:50ean elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, elkartasuna adierazteaz gain,... [+]
Irati Mogollon soziologoak (Lezo, 1991) hausnarketa saioa bideratu du asteazkenean Laudioko Lezeaga Aretoan. Zaintzaren antolakuntzari buruz hausnartu eta etorkizunera begira jartzea proposatu du, bai jendarte moduan zein banaka.
Bati fardela aldatzea. Beste bati gorputza garbitu eta ximentzea. Jana atondu eta norbaiti jaten ematea. Norbaiten gorputza oheratu edo ohetik altxatzea. Goitikan ari dela inori eutsi eta hura garbitzea. Horiek guztiak dira zaintzeko lanak. Zerrenda askoz luzeagoa da, nahiz... [+]
Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]
Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]