Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

  • Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du mugikorrak. Orduan, zeini axola dio ipurtaldean krimen baten froga zatitxo bat badaramagu? Gramo batzuk baino ez dira. Txute txiki bat. Serio, ze min egiten du?

    2023an, laugarren urtez jarraian produkzioa gainditu eta 230.000 tona kobalto erauzi zen munduan. 2024a ez da desberdina izango. Mineral hori ezinbestekoa da litio-ioizko baterien iraupena handitzeko, bere bidez mugitzen gara. Izan ere, Androidak eta iPhoneen pantailak pizteko ez ezik, trantsizio energetikora eramango omen gaituzten berriztagarrientzako edo auto elektrikoentzako oinarrizko lehengaia da; bateria bakoitzeko 13 kilo kobalto behar da.

    Kongoko Errepublika Demokratikoan dago munduko kobalto erreserben erdia; gaur egun erauzten denaren %76 handik dator. Baina haur esplotazioa, istripuak eta kutsadura itzultzen dizkiegu kongoarrei. Zoritxarrez ez da nobedadea, lehen ere gauza bera gertatu baitzen boliaren eta kautxuaren industriekin: esklabotza eta genozidioa eman zitzaien kanbioan. Progresoa deritzon amestutako leku hori jarri dugu mapa batean zintzilik, konturatu ere egin gabe kiloz kilo eta gramoz gramo iraganera iritsi garela, XIX. mendeko Afrikaren bihotzera.

Katangan kobre eta kobalto meak lurrazaletik sakonera gutxian daude, horregatik da hain berezia Kongoko lurralde hori. Argazkia: Dorothée Baumann-Pauly / GCBHR
Katangan kobre eta kobalto meak lurrazaletik sakonera gutxian daude, horregatik da hain berezia Kongoko lurralde hori. Argazkia: Dorothée Baumann-Pauly / GCBHR

Lumumba eta Shuman karriken arteko kale kantoi batetik bea ari da Ferdinand Lassalle. Lepoa luzatu du eta kopeta zimurtu zaio begiak apur bat itxi dituenean, gehiago enfokatu nahirik-edo. Bere aurretik Place du Luxenburgo alderantz igaro diren zientoka manifestarietako batek esku goran duen afixak eman dio arreta: On nous tue à cause de nos richesses (Gure aberastasunengatik hiltzen gaituzte) leitu daiteke. Beste batzuek bandera urdin koloretsuak daramatzate soinean, eta kartoizko puska zaharretan idatzitako Stop Genocide! eta Stop the War! leloak oihukatzen dituzte megafonoa ahoan, gabardinak eta lepokoak estu lotzen dituzten bitartean. Hotz da Bruselan. 25 ditu 2024ko otsailak.

Lassallek kaiera eta arkatza atera ditu barruko sakelatik, ikusten ari dena zirriborratzen hasi da orain. Bera kazetari klasikoa da, elegantea, detaile txikiei zukua ateratzen dakien horietakoa. Kaleko altzarietan han eta hemen itsatsitako pegatinen xumetasunari erreparatu die zeharka: Let’s start talking about Congo (Has gaitezen Kongoz hitz egiten), diote hizki apalez. Manifestazioa diaspora kongoarrak antolatu du Europako hiriburuan, Kongoko Errepublika Demokratikoa (KED) jasaten ari den egoera salatzeko. Martxok 23 (M23) mugimenduko soldadu ohi matxinatuek 2022an Ipar Kivuko Rutshuru mendietan berriz ere erasora pasatzea erabaki zuten. Herritarrak inoiz amaitu ez den testuinguru belikoan bizi dira, eta iturrien zein urteen arabera kopurua aldatzen bada ere, esan liteke 1990etik zortzi eta hamar milioi hildako artean eragin dituela jadanik gerrak.

Baina manifestariek genozidioa aipatzen dutenean, gutxienez azken bostehun urteetan etengabe errepikatu den krimen ikusezinaz ere ari dira: esklaboen trafikoarekin hasi, Belgikako Leopoldo II.ak kautxuarekin aberasteko egindako izugarrikeriekin segi –orduan ere milioika hildako–, eta gaur egun mineralen esplotazioak ekarritako miseriarekin jarraitzen duen egoera perpetuoaz ere ari dira.

Kongoko diasporako herritarrek protestak antolatu dituzte Europan, beren herrialdeak jasaten duen genozidioa salatzeko. Irudian, manifestari bat Bruselan, 2024ko otsailean. Argazkia: Vandeloise Bertrand / Hans Lucas

AEBko Albanian Minerals meatze konpainia pribatuak egindako kalkulu baten arabera, KEDen lurpean dauden meatze baliabideek 35 bilioi dolarreko balioa izan dezakete. Eskulana eta aberastasun naturala, hori da kongoarren kondena bikoitza. Horregatik hiltzen dituzte. Berdin herrialde erraldoiaren ekialdean, Afrikako Laku Handien ingurumarian, urrea eta diamanteak aurkitu eta Parisko zein New Yorkeko luxuzko bitxi-dendetan saltzeko; berdin hegoaldeko Katanga edo Lualabako meategietan kobaltoa erauzi eta horrekin munduak konektatuta segi dezan behar dituen litio-ioizko bateriak elikatzeko. Kobaltoak XXI. mendeko esklabotza handienetako bat olioztatzen du.

AEBko Albanian Minerals meatze konpainia pribatuak egindako kalkulu baten arabera, Kongon lurpean dauden meatze baliabideek 35 bilioi dolarreko balioa izan dezakete. Eskulana eta aberastasun naturala, hori da kongoarren kondena bikoitza

“Krimen baten froga soinean”, hitzak bizpahiru aldiz azpimarratu ditu Lasallek pentsakor, buruan jirabiraka duen ideia hori azaldu nahian. Oraingoan asmatu duela dirudi. Balio du esaldiak. Kaiera sakelan berriz sartu eta pauso azkarrean itzuli da kazetaria iraganera, 120 urte atzera, Yangambiko bere etxola edo paillote-ra, Bernardo Atxagak Belgikaren menpeko Kongon girotutako Zazpi etxe Frantzian nobelarako sorturiko fikziozko pertsonaiaren haragitara. Bera izango dugu gidari denbora-lerrorik ez duen bidaia honetan.

*****************************

Bidaia honek ez baitu irteera portu bakar bat, ezta une jakin bat ere. Kongoren historia luzea bezain eskuraezina da mapa baten lau puntu kardinaletan kabitu arazteko. Akaso, Kongok jasandako krimenari hasiera sinboliko bat eman beharko bagenio, 1482 aipatuko genuke. Amerikako herri indigenek urte fatidiko bat duten bezala, afrikarrek ere bai-baitute berea, hamarkada bat lehenago.

Urte hartan, Diogo Cão kapitain militar nabigatzailea Loangoko badiaraino iritsi zen itsasontziz, Ekuatoretik hegoaldera europar batek ordura arte inoiz egin omen zuen bidaia luzeenean. Portugalgo Juan II.a erregearen aginduz hasi zuen espedizioa Lisboan hilabete batzuk lehenago. Helburua? Urrea. O Cabo de Catarinatik igaro ostean, izugarrizko emaria zuen ibai zabal baten bokalearekin egin zuen topo. Hango bantu herriek oso ongi ezagutzen zituzten bere barruko sekretuak eta Nzege deitzen zioten kikongotarrez: ibai guztiak irensten dituen ibaia.

Harri bat

Konkistatzaile portugaldarrak padrão bat jarri zuen lurrean, harri bat, esateko mundu guztiari hortik aurrerako tierra orok jabe bat eta bakarra zuela. Gero, bigarren bidaia bat egin zuen eta aurrera jarraitu zuen ibaiko ur jauzietan gora. Beste padrão bat. Eta Kongoko erreinuko agintariekin tratutan ibili zen urre desiratuaren bila. Kondairak dio Cão krokodilo baten ehizan hil zela. Baina horrek berdin zuen jadanik, Kongoko bazterretan jarritako ditxosozko harri horiek milioika lagunen patua markatuko baitzuten ordutik aurrera. Loangoko badia hurrengo mendeetan europarren espedizio ugariren geltoki bihurtu zen, eta ez hori bakarrik, esklaboen trafiko ikaragarri baten hasiera ere bai.

XV. mendean ontzigintza itsas suge gosetu baten gisan eboluzionatzen hasi zen, ozeanoan zehar bidaia luzeak egiteko. Karabelari bela latindarrak jarri eta hainbat aldaketa eginda, portugaldarrek lortu zuten txalupa hura nahikoa handia izatea bere sabelean egun askotarako jatena edukitzeko. Euskaldunak ere ez ziren karrera hartan atzean geratu, Espainiako erreinuak Amerikan egindako harrapaketa handientzako itsasontzi are handiago eta potoloagoak irten baitziren Kantauriko moiletatik. Eta konkistatzaileak ere bai. Eta portugaldarrak bitartekari zituztela, esklabotzan bete-betean parte hartu zuten trafikatzaileak, eta munstro elikatzaileak...

Loangoko badian, Diosso herrian, harri handi bat dago. Ez da Diogo Cãok jarri zuena. 2008an toki hura Munduko Ondareen zerrendan sartu zuen UNESCOk, esklaboak garraiatzeko portu nagusietakoa izan zelako XVI. mendetik XIX. mendera. Monolito bat eraiki zuten ospatzeko: Karabanen irteera. Loangoko herria, gutxi gorabehera 2 milioi esklabo ontziratzeko lehen tokia, dio harlauza ilun soil batek oinean. Ferdinand Lassallek arkatzarekin apuntatu du kaierean: “2 milioi beltz”. Zenbat da hori? Zenbat kanabera ebaki dezakete lau milioi eskuk? Eta zenbait kautxu zurrupatu edo kobalto erauzi? Galdetu dio bere buruari.

Pool Malebo

Lau mendetan 12,5 milioi pertsonatik gora bahitu eta eraman zituzten Afrikatik Amerikara, eta horietatik ia 6 milioi Loangoko eta Angolako kostaldean ontziratu zituzten, Slave Voyages datu basearen arabera. Lehen itsasontzia 1514an irten zen Kongoko ibai ertzetik, portugaldar bandera zeraman, 237 esklabo, eta Vigora iritsi zenerako 168 besterik ez ziren bizirik geratzen.

Akaso, jasandako krimenari hasiera sinboliko bat eman beharko bagenio, 1482 aipatuko genuke. Amerikako herri indigenek urte fatidiko bat duten bezala, afrikarrek ere bai-baitute berea, hamarkada bat lehenago

Baina “esklabo” edo “afrikar” hitz homogeneoak erabilita ezin gara sinplifikazioetan erori. Hamaika erreinu eta herritako jendeak esklabizatu zituzten. Lehen fase batean, adibidez, Pool Malebo ingurua izan zen esklabo merkatu handiena. Kongo ibaiak sortzen duen aintzira natural horretan, egun, Kinshasha eta Brazzabille kokatzen dira –KEDeko eta Kongoko Errepublikako hiriburuak–, baina garai haietan Teké herriak kontrolatzen zuen. Iparralderago, aldiz, bobangiak bizi ziren, Ubangi ibaiaren ibilgutik gorako lurren jabeak, hauek ere esklabotzan belaunetaraino sartuak. Gero, trafikoa Loangoko erreinura zabaldu zen, eta azken fase batean Niari bailaratik ere bideratu zen tsunami baten gisan.

Lurralde hura gertutik ikertu duen Arséne Francoeur Nganga historialari kongoarrari zor dizkiogu xehetasun horiek guztiak. Berak dioenez, Pool Maleboko eskuinaldeko ibai bazterrak funtsezkoak izan ziren merkatu asegaitza esklaboz hornitzeko, eta Brazzabillen orain udaletxea dagoen eraikina zen epizentroa. Toki desberdinetatik harrapatutako jendeak pilatu, eta hortik zuzenean eramaten zituzten karabanetan itsasertzeraino, europarren eskuetan uzteko: “Afrika erdialdeko esklabo merkatu handiena zen, baina tamalez hemen ez dago plakarik ezta ekitaldirik ere hori gogoratzen duenik”, dio ikerlariak Ziana.Tv diaspora kongoarraren telebista katean.

XVIII. mendean esklaboak sotoan marraztuta ikus daitezkeen irudiak zabaldu zituzten abolizionistek, esklabotzaren kontrako kanpainak egiteko. Antzeko irudiak zabaldu dira orain sarean, baina auto elektrikoekin.

Loangon ere, pintura altxatzen hasia zaion monolito hotz horretatik harago, Lassallek ez du apenas arrastorik ikusi. Museo txiki bat topatu du Diosso herrian, hango ohiturak eta artea erakusten dituena. Eta parean arbola handi bat. Museoko zaintzailea hurbildu zaio orduan. Joseph Kimfoko izena du eta urteak daramatza museoaren egoera kaskarrarengatik gobernuari kexaka. Kazetariari esan dionez, antzina esklaboei zazpi bira emanarazten zizkieten arbolari, “itzulerarik gabeko” bidaia hasi aurretik iragana ahaztu zezaten. Memoria erreseteatu, gailendu dadin otzantasuna. Badira halako arbola gehiago Afrikako mendebaldeko kostaldean.

Portugaldarrak sekula ez ziren gehiegi barneratu Kongon barrena, nahiago izan zuten tokiko buruzagien alabekin ezkondu, eta haien kultura eta hizkuntza menderatzen zuten tangomão bihurtu, giza-haragiaren bitartekari izateko. Agian horrela hobeto konprenituko dugu nola demontre mantendu zen hiru mendez baino gehiagoz barrunbe hura europar espoliatzaileen atzaparretatik hain urrun. 1851n, baina, David Livingstone izeneko mediku eskoziar batek, kinina pote bat poltsikoan zuela –orduan deskubritu zen efikaza zela malariari aurre egiteko– Zambezi ibaia baporez gurutzatu zuen ur-lasterraren kontra. Eta pentsatu zuen: “Egongo al da antzekoren bat Afrikako bihotzera eramaten duena?”

Lassalle mango erraldoien hosto eta adar artetik dabil. Esklaboen oinatz biluziei segika Loangoko itsasaldera doan bidezidorrean sartu da. Esklaboen ondorengoentzat berezia da mangoa oso. Portugaldarrek XVI. mendean eraman zuten fruitu-arbola Afrikara, etxekotuta; hankak dandarrez itsasontzirantz bidea egiten zuten gizagaixo haiek jan eta botatako hazien kumeak omen dira orain Loangon ikusten diren 300 urte baino gehiagoko mangoak.

Hori dio kondairak, baina orain ere, jadanik berdin du. Eraman zituzten. Bi milioi. Sugearen sabelean denak. Labarrera iritsitakoan Atlantiko zabalean jarri ditu begiak kazetariak. Ez du olatuen soinu erritmikorik aditu, mandril baten garrasia baizik, Yangambiko ibai ertzeko hondartzan koñak kopari eragin bitartean entzuten zituzten txilioen tankerakoa.

Loangoko badian mende askotako esklabotzaren arrastoak sumatu daitezke, arreta jarriz gero. Irudian, trafikatzaileen itsasontziak lotzeko zutoina. Argazkia: Kongoko AEBren enbaxada

Kobrearen Gerrikoa

Linvingstonek hamabi urte eman zituen Afrikako Laku Handien inguruak esploratzen Niloren iturburua aurkitu nahian. 1872an Lualaba ibaira iritsi zen. Kito. Arabiar esklabo trafikatzaileek ez zioten utzi metro bat harago joaten. Etsita eta gaixotuta Tanzaniara itzuli zen, eta handik gutxira izan zen elkartze famosoa Henry Morton Stanleyrekin. Sendagile misiolari bat eta korrespontsal arrazista bat. Bi gizon zuri lurralde oso baten destinoaz kontu egiten... I presume. Klak! entzun da momentu zehatz horretan, Lassalleren Kodak kamera zaharrak gertaera historikoa hilezkortu du.

Lualaba gaur egun KEDeko hegoaldeko probintzia da, eta Kobrearen Gerrikoaren mendebaldean dago. Ehunka kilometroko ferra-formadun hobi erraldoi eta aberatsari deitzen diote horrela, munduan parekorik ez duena. Lualabaz gain, Katanga Garaia eta Zambiako eremu zabalak hartzen ditu. Kobrea, nikela eta kobaltoa dira hango metal ugarienak, baina badira beste batzuk, %75eko kontzentrazioa duen uranioa esaterako. Bigarren Mundu Gerran, bonba atomikoa sortzeko materiala Katangako Shinkolobwe meatzetik lortu zuten estatubatuarrek; Union Minière konpainia belgikarraren esku zegoen meatzea garai hartan, eta inork ez daki plan sekretu hartan zenbat lagun hil ziren uranioa erauzten derrigorrez lan egiten kutsatuta.

Trantsizio energetikoa kobaltoa bezalako lehengai kritikoen ustiapenean oinarritu dute Mendebaldeko herrialdeek. Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera, 2017tik 2022ra kobaltoaren eskaria %70 hazi zen munduan, eta nikelarena %40. Berriztagarrien sektorea dago hazkunde horren atzean

Zergatik da hain berezia zonalde hori? Dirudienez, tektonikaren kapritxo baten ondorioz kobre eta kobalto meak lurrazaletik sakonera gutxian daudelako. Geruza freatikotik behera, kobaltoa carrollita mineralarekin batera agertzen da, eta hortik gora berriz, oxidazioaren ondorioz heterogenita forma hartuta: “Katangako kobalto hobiak paregabeak dira. Kilometro askotako blokeak osatzen dituzte eta mahaspasek opil batean lez flotatzen dute”, azaldu dio Murray Hitzman geologoak Cobalt Red (Kobalto Gorria) liburuan Siddhart Kara idazleari.

Katanga Garaia eta Lualaba probintzietan daude kobalto meatze nagusiak, eta ingurumen-hondamendi izugarria eragiten ari dira, errekak kutsatu eta hauts toxikoa zabaltzen baitute edonon. Argazkia: Siddharth Karak sarean zabalduta

Meategi gurpildunak

Trantsizio energetikoa kobaltoa bezalako lehengai kritikoen ustiapenean oinarritu dute Mendebaldeko herrialdeek. Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera, 2017tik 2022ra kobaltoaren eskaria %70 hazi zen munduan, eta nikelarena %40. Berriztagarrien sektorea dago hazkunde horren atzean, aerosorgailuek eta eguzki-plakek metal eta lur arraro kantitate handia behar baitute funtzionatzeko (litioa, kobaltoa, neodimioa, kobrea, zilarra, galioa, grafitoa...). Eta auto elektrikoekin ere gauza bera gertatzen da; mugikortasuna elektrifikatu ahala eskaria izugarri handituko dela diote adituek, baina ez dagoela denentzako adina.

Elhuyar aldizkarian (353 zk.) Egoitz Etxebestek argitaraturiko erreportaje batean “meategi gurpildun” gisa deskribatu ditu auto elektrikoak. “Gelako elefante handia da auto elektrikoa”, dio Zaragozako Unibertsitateko ikerlari Alicia Valerok erreportaje berean. Horrelako auto arrunt batek 13 kilo kobalto, 40 kilo nikel eta 9 kilo litio eraman ditzake. Material horien agortze-maila ikusita, Valeroren ustetan “mundu osoan ezin izango da iparralde globalean planteatu den trantsizio energetikoa egin”.

Auto elektriko baten bateriak gutxienez 13 kilogramo kobalto behar du, eta ikerlarien arabera, ez dago nahikoa materialik Mendebalderako egin nahi den trantsizio energetikoa mundu osora zabaltzeko.

Beraz, alde batetik, beste tokietan oso urria den lege-altuko kobaltoa erruz eta eskura daukagu Kongoko Errepublika Demokratikoan –Lurreko erreserben ia %60–, eta bestetik, metal hori baitezpadakoa bihurtu da interkonexio globalerako diseinaturiko eredu energetikoan... Ez da harritzekoa afrikar herrialdea izatea interes ekonomikoen eta esplotazioaren munduko puntu beltzetako bat.

Congogate

Siddhart Karak bertatik bertara ezagutu ditu Kongoko meatzeetan gertatzen diren esplotazio egoerak. AEBko idazle, irakasle eta aktibistak –jatorriz indiarra da– badu esperientziarik XXI. mendeko esklabotza ikertzen. Mundu erdia gurutzatu du sexu-trafikoarekin edo haur-esplotazioarekin zerikusia duten kasuak dokumentatu nahian, eta hainbat lan idatzi ditu horiei buruz erreferentziazko hedabideetan, CNN, The Guardian eta BBC, kasu.

Kobalto Gorria liburuan –gaztelaniaz Capitán Swing argitaletxeak kaleratu du Cobalto Rojo. El Congo se desangra para que tú te conectes (Kobalto Gorria. Kongo odolusten ari da zu konektatu zaitezen) izenburupean– ezin hobeto deskribatzen ditu kongoarrek kobaltoa esku hutsez ateratzen jasaten dituzten baldintzak. Baina ez hori bakarrik: hornitzaileen arteko lotura ere egiaztatu du. Multinazionalek diote euren hornidura katea “gardena” dela, baina Karak bere begiz ikusi du nola aprobetxatzen diren haurren eta eskulangile esklabizatuen lanaz.

Kate horretan daude enpresa teknologiko ezagunak (Apple, Microsoft, Google...), bateria ekoizleak (CATL, Samsung, Panasonic...), eta meatze konpainia handiak zein bitartekari txinatarrak –Pekinekin “mendeko kontratua” sinatuz geroztik–. Lurpetik ateratzen denetik Londresko Metalen Burtsaraino, kobaltoak egiten duen bide luzean dagoen eroskeria frogatu du egileak, eta kongoarrei egiten zaien baliabide lapurretari zifrak jarri dizkio: bilioika dolar. Zenbat da hori, apenas 6.900 miloi dolarreko aurrekontua duen herrialde txiro batentzat? Congogate deitu dio batek baino gehiagok eskandaluari, ez arrazoi gutxiz.

Horrorea

Ferdinand Lassallek kapeluari hegala jaitsi dio, ez du askorik inpresionatu datu horrek. Berak badaki noraino iritsi daitekeen ustelkeria eta krudeltasuna, gizon zuriaren kodizia tartean sartzen denean. Yangambin ikusi zuen; beltz baten biziak ez zuen balio errifleko bala-zorro batek adinbat... Kaiera atzerantz pasatzen hasi da bizkor, orrialde artean Le Peuple egunkariko errekorte bat topatu duen arte, 1904ko ekainaren 11ko data darama: “Une immense cuve dans laquelle fermentent les atrocités, les oppressions et les cruautés”. Basakeriak, opresioak eta ankerkeriak etengabe irakiten duten upel ikaragarri bat, halaxe deskribatzen du belgikar kazeta ezkertiarrak Leopoldo II.aren Kongoko soto partikularrean gertatzen ari dena.

Urte horretan, Kongoko Estatu Libreko kontsul britainiar Robert Casementek egindako txosten bat eztabaidatu zen Erresuma Batuko Komunen Ganberan. Report hori akuilu izan zen belgikar monarka Kongoko lurraldeetan zituen jabetzez desegiteko. Baina hango desmasien kontrako nazioarteko kanpaina lehenagotik zetorren.

Kolonizatzaileek hasiera batean bolia esplotatu zuten Kongon, gero kautxua eta kobrea, eta orain kobaltoa da material preziatuenetakoa.

Liverpooleko ontzigintza enpresa bateko enplegatuak, Edmun Dene Morelek, 1890eko hamarkadan deskubritu zuen milioika frankotako desfasea zegoela Kongoko Estatu Libretik Anbereseko portura inportatzen zen bolian eta kautxuan. Gainera, kongoarrei Leopoldo II.aren kolonian ematen zitzaien tratuari buruzko testigantzak ere jaso zituen misiolarien eskutik. Norbait asko ari zen aberasten esplotazio horren kontura. Urte bertsuetan, idazle bokazioa zuen marinel batek ibaian gora egin zuen, ilunpeen bihotzera.

“Horrorea! Horrorea!”. Hori baizik ez du oihu egiten Joseph Conraden Heart of Darkness (Ilunbeen bihotzean, 1899) nobela ezagunaren protagonistetako batek, gaixorik, aluzinatuta, hil aurreko herio uneetan. Zer ikusi zuen, eta zer egin, belgikarren Kongoko boli-esplotazio horietan? “Liburu honetan, ez dago berezko hasierarik, ez amaierarik, zeren amaiera hasierara bueltatzea baita, zibilizazioaren hasierara eta Londoneko gauera”, dio Iñaki Ibañezek Ilunbeen bihotzean (Ibaizabal, 1990) euskarazko itzulpenaren sarreran. Goazen ez-hasierara beraz, Kongoko oihanak belgikarren esku geratu ziren garaira.

Esku bat

Leopoldo II.ak Association Internationale Africaine (AIA) izeneko elkartea sortu zuen 1876an, urte askotatik buruan zuen plan bat aurrera ateratzeko. Amerikako espainiar kolonia esklabisten sistema ikertzen aritu zen Sevillako Indietako Artxiboan –hori dio behintzat Adam Hochschild historialariak King Leopold's Ghost (Leopoldo erregearen mamua) bestseller liburuan–, eta Afrikarako antzeko zerbait kopiatu nahi izan zuen. Ordurako munduko potentziek kontinentea bereganaturik zuten: Frantziak sartaldea, Erresuma Batuak sortaldea, Alemaniak hegoaldea... Erdiguneko lurraldea baino ez zen geratzen “libre”.

Eta monarkak ez zuen denborarik galdu. Lurralde horren jabe egiteko, Kongo ibaia oso-osorik nabigatu berri zuen Henry Morton Stanley gaztearen zerbitzuak kontratatu zituen. Misio zibilizatzailea izango zen. Stanleyk Kongoko dozenaka buruzagi engainatu zituen lurrak lapurtzeko, eta prest ez zegoena, berriz, hipopotamo larruazalaz egindako chicotte azotearekin zigortzen zuen. Dzart! Edo besterik gabe, “tximinoei bezala tiro egin”, Richard Francis Burton esploratzaile ingeles garaikideak salatu zuenez. Kurioski, Euskal Herrian, Gasteizen, kale batek pertsonaia zibilizatu horren izena darama oraindik, Stanleyk hiria bisitatu zuelako.

Belgikako Leopoldo II. erregearen omenezko eskulturak margo gorriz saboteatu zituzten Black Live Matter mugimenduko kideek 2020an.

Horrela lortu zuen Leopoldo II.ak garaiz heltzea 1885eko Berlingo Konferentziara, Afrika kartaboiarekin banatu zuten hartara. Kongo bere esku geratu zen. Literalki. Ordutik aurrera Kongoko Estatu Librea deituko zena, bere jabetza pertsonala bihurtu zen. Belgika baino 76 aldiz handiagoa zen terreno pribatu bat.

Lurraldea ahalik eta gehien zukutzeko, funtzionario belgikarrek terrorea zabaldu zuten. Esaterako, familia bakoitzari kautxu kopuru bat eskatzen zioten, eta oihanetik hori gabe itzuliz gero, senideetako bati eskua mozten zioten. Eskua, sudurra, burua... mutilazioak eguneroko zigorra ziren. Eta chicottea. Dzart! Dzart! Hoschschilden arabera, Kongoko hogei milioi laguneko populazioa erdira murriztu zen denbora gutxian.

Lurraldea ahalik eta gehien zukutzeko, funtzionario belgikarrek terrorea zabaldu zuten. Esaterako, familia bakoitzari kautxu kopuru bat eskatzen zioten, eta oihanetik hori gabe itzuliz gero, senideetako bati eskua mozten zioten

Anberesko diru-kutxak, aldiz, lepo bete ziren kautxua esportatzen, europar ziutateetan izugarri handitu zelako biribilekin eta bizikletekin ibiltzeko gurpilen eskaria. Baina XX. mende hasieran kautxuaren merkatua ahitzen hasi zen, eta prezioek behera egin zuten. Segurenik, horrek pisu handiagoa izan zuen –nazioarteko edozein presio-kanpainek baino– Leopoldo II.ak 1908an Afrikako kolonia Belgikari ematea erabakitzeko unean. Hori bai, 50 milioi frankotako “indemnizazioa” jaso zuen bere eskuzabaltasunagatik.

Narratiba mugatua

Belgikarrek ez zuten burua gehiegi estutu behar izan asmatzeko euren erregearen oparia nola probestu: kobrea zen kautxu berria, esklaboak tresna zaharra. Dzart-dzart-dzart. Katangarrek aspaldi zekiten kobrea nola erauzi malakita mineraletik, eta kolonizatzaileek segituan bota zioten begia. 1906an Union Minière du Haut-Katanga (UMHK) konpainia sortu zuten, eta urte gutxira Élisabethville deitu hiriaren inguruan sekulako meatzeak ireki zituzten. Katangarrek nahikoa esku ez zituztenez, beste tokietatik eramandako milaka esklabo esplotatu zituzten. Dzart.

Kongoren 1960ko independentziaren ostean, Patrice Lumumbak irekitako esperantzarako leiho laburra kolpean itxi zuten AEBko eta Belgikako zerbitzu sekretuek (ikusi koadroa) eta Mobutu Sese Sekok 30 urtez agindu zuen Zaire moduan berrizendatutako herrialde erraldoian –kikongotarren Nzege hitzaren zoritxarreko transkripzio zabar bat–. Ustelkeria, harrapaketa eta desberdintasuna nagusitu ziren. Gero, 1997tik aurrera Kongoko Errepublika Demokratikoa bihurtu zen, eta Laurent Desiré eta Joseph Kabila aita-semeen eskutan egon zen herrialdea, berriz ere euren probetxurako biolentziaz arpilatua.

Ruandako genozidioaren erreplikak, 1997an hasitako “Kongoko Bigarren Gerrak” eta Mendebaldeko zein Afrikako beste herrialdeen esku hartzeak, milioika hildako eta hamaika ankerkeria eragin ditu beste hiru hamarkadotan. Eskuak, sudurrak, buruak... berriz ere. 2023an KEDen barruan zazpi milioi lagun zeuden desplazaturik gatazkengatik, Genevako Migrazioaren Nazioarteko Erakundeak (IOM) emandako datuen arabera.

Hiru hamarkada gatazketan

1996-1997: Kongoko Lehen Gerra. Zaireko ekialdean, Ugandak eta Ruandak babestuta, Laurent-Desiré Kabilak Ruandako errefuxiatu hutuak eta Banyamulengeko tutsiak biltzen ditu Kongoko Askatasunaren eta Demokraziaren aldeko Indarren Aliantzan (AFDL), Joseph Mobutu Sese Sekoren gobernuaren kontra.

1997ko maiatzaren 17a: AFDLk Mobutu garaitzen du. Zaire, Kongoko Errepublika Demokratikoa (KED) izatera pasatzen da.

1998-2002: Kongoko Bigarren Gerra. Matxinatu banyamulengeek Ipar Kivuko Goma hiria hartzen dute, eta Ruandak Demokraziaren Aldeko Batasuna (RCD) taldeari armak ematen dizkio Kabilaren kontra. Aitzitik, Zimbabwe, Namibia, Txad, Libia, Sudan eta Angola, KEDen alde jartzen dira.

2002ko iraila-abendua: KEDek bake akordioa sinatzen du Ruandarekin eta Ugandarekin. Kongoko Bigarren Gerraren amaiera.

2004tik aurrera: Kivuko gerra. Ruandako talde matxinatuen, armada kongoarraren eta Kivuko Herriaren Defentsarako Kongresu Nazionalaren (CNDP) arteko borrokak, eskualde horretako baliabide mineralen kontrola lortzeko.

2012-2013: soldadu ohiek Martxoak 23 Mugimendua sortzen dute, baina Kongoko armadak zapalduko ditu.

2016tik aurrera: Kasai eskualdeko talde armatu bat –Kamwina Nsapuren jarraitzaileak– gobernuaren kontra altxatzen da.

2022ko martxotik: M23 taldeak berriz ere erasora jotzen du.

Iturria: Le Monde Diplomatique

Gaur egun presidente den Felix Tshisekedik Konstituzioa berrikusi nahi du, Kivu bezalako ekialdeko probintzietan M23 taldearekin eta beste matxinoekin gerra egitearen aitzakian. Askoren ustez, baina, hirugarren agintaldi baten bila dabil Tshisekedi: “Hainbat ikerlari, manifestazioen errepresioa aurreikusita, dena dokumentatzeko beharra ari dira azpimarratzen”, ohartarazi du Oskar Epelde kazetariak Afrikatik Euskadi Irratirako egin ohi dituen entzunezko kronika zirraragarri horietako batean.

Eskuraezina zaigu Kongoren historia, hala da bai, baina ezin pentsa dezakegu sufritzen duen krisiaren kausa bakarra bere mineralak eta nazioartearen interesak direnik. “Narratiba mugatu batek Kongoko gatazkaren dinamika gehiegi sinplifikatu dezake, eta faktore lokalek duten garrantzia gutxietsi”, dio François Polet Centre Tricontinentaleko ikerlariak. Erakunde horrek Congo (RDC). Reproduction des prédations (Kongo. Harrapaketen erreprodukzioa) aldizkari berezia kaleratu du, Kongokoak bertakoak diren hainbat adituren artikuluekin, Poletek koordinatuta. Begirada gupidatsuarekin, soilik lortuko dugu existitzen ez den eta “izan daitekeen” Kongo bat marraztea mapa honetan, benetan den herrialdea kontatu baino.

Ezin pentsa dezakegu Kongok sufritzen duen krisiaren kausa bakarra bere mineralak eta nazioartearen interesak direnik. “Narratiba mugatu batek gatazkaren dinamika gehiegi sinplifikatu dezake”, ohartarazi dute bertako adituek

Kutsaduraren erretratua

Élisabethville. Lumunbashiren antigoaleko deitura koloniala da. Kinshasatik 2.200 kilometrora. Katangako hiriburua eta KEDeko bigarren hiri populatuena. Bi milioi biztanle. Egunsentian eguzkia berriz ere jauzi batez esnatu da eta minutu batean argiztatu ditu hiriko bazter guztiak. “Kapuscinskik arrazoi”, dio ahots batek ahapeka, errainuek milioika hauts partikula hegalari barreiatzen dituzten bitartean.

Kontinente honetan argiak gainezka egiten duela idatzi zuen idazle poloniarrak Heban maisulanean: dena da izpi, dena leinuru, arras distiratsu dena. Klak-klak. Kodaka zorroan sartu du Ferdinand Lasallek, eta lurrezko karrikan astindu ditu narruzko botak, dotorezia apurrik galdu gabe. Hautsa pausatu denean ezusteko paisaia batekin gertatu da ordea.

Kongoko meatzaritza lurraldeetan, izan Katangan nola Lualaban, “eraikinak, etxeak, errepideak, pertsonak eta animaliak krakaz estalita daude”, azaltzen du Siddhart Karak Kobalto Gorria liburuan. Berdin Lumumbashin, nola Kipushin edo Likasin. Likasin, adibidez, “atmosferaren kutsadurak maila arriskutsuak hartu ditu. Ke, hauts eta errauts laino itxi batek eskualde osoa itolarrian du”, dio Karak. Ez da ez lore, ez errekatxo, ezta txoririk ere ageri. Desagertu da natura. Okre koloreko akuarela soil bat dirudi, meatzaritzak XXI. mendean eragindako ingurumen-hondamendiaren erretratu perfektua. Klak.

Esklabo artisanale-ak

Êtoile izeneko meatzera egin du gure gidariak, Lumumbashiko erdigunetik ez urrun. 1911n belgikarrek Kongon irekitako lehena da. Mobutuk 1967an UMHK konpainia nazionalizatu eta haren ordez Générale des Carrières et des Mines (Gécamines) sortu zuenean, bere eskuetan geratu zen. Hamarkada askotan aberaste pertsonalerako erabili zuen enpresa estatala diktadoreak, 1990ean finantza krisia etorri zitzaion arte. Geroztik, Kongoko Gobernuak, meatzeen ustiapen eskubideak atzerriko multinazionalei saldu dizkie etengabe, eta gaur egun horietako gehienetan Txinako enpresa erraldoiak daude, Gécaminesen partaidetza txiki batekin eredu “mistoa” osatzen dutela.

Hamarkada askotan aberaste pertsonalerako erabili zuen Gécamines enpresa estatala Mobutu diktadoreak, 1990ean finantza krisia etorri zitzaion arte. Geroztik, Kongoko Gobernuak, meatzeen ustiapen eskubideak atzerriko multinazionalei saldu dizkie

Diesela edo esklabo lana. Meatze batean ez dago beste indar eragilerik, hala esan ohi du Antonio Aretxabala geologoak. 1997an artisanale deituriko meatzaritza ezartzen lehena ere izan zen Êtoile: langileek esku hutsez eta euren kabuz –gehienetan meatze guneetan modu klandestinoan– kobaltoa erauzten dute, gero négociants edo bitartekariei lau sosen truke saldu eta bueltan-bueltan materialak berriz ere multinazionalen kamioietan amaitzen du nahastuta. Kararen esanetan, Kongotik esportatzen den kobaltoaren %30 horrela produzitzen da. Eta bestalde, kontuan eduki behar da modu industrialean erauzitakoa baino hamar edo hamabost aldiz “lege” edo kalitate handiagoa duela heterogenita artisanale-ak.

Sistema opaku horren bidez lukratzen dira konpainiak, baina zeinek ordaintzen du? Putzu klandestinoetan istripuak gertatzen dira, haur esplotazioa dago, zigorrak daude... Tilwezemben, esaterako –Lualabako probintzian, Kolwezi hiriburutik 30 kilometrora dagoen meatzea–, bi mila edo hiru mila haur ikusi zituen Karak “edozein unetan”, egunean dolar baten truke lanean. Ez bazieten buruzagiei obeditzen, dzart! Batzuk garraiorako edukiontzi ilunetan ixten zituzten “janik eta urik gabe, bi egunez”.

Automobilgintzako enpresentzako ez ezik, enpresa teknologiko ezagunentzako bateriak egiteko kobaltoa, esplotazioan oinarrituriko merkatu opaku batetik dator.

Esklabotzak jarraitzen du Kongon. Zorra da chicotte hoberena: haurrak behartzen dituzte lurrean zuloa egitera mea aurkitu arte, egunero miseria bat ordainduta, eta gero, dirua kitatzearen aitzakian preso edukitzen dituzte heterogenita preziatua esku biluziekin ateratzen. “Hornidura-katearen goialdean dagoen enpresaren batek esan dezake, egiazki, bere gailu edo autoen kobaltoa ez dela horrelako merkatu batetik atera?”, bota du airera idazleak liburuan.

Makano

Tilwezembetik ez oso urrun KEDeko kobalto meatze handiena dago, Tenke eta Fungurume hirien artean kokatuta. Izena ere ez da originala: Tenke-Fungurume Minning edo, mundu guztiarentzat, TFM. 1.500 kilometro koadro. Londres Handiko metropolia adina. Lapurdi baino handiagoa. 2016an Freeport multinazionalak China Molybdeum Company (CMOC) enpresari saldu zion meatzearen bere zatia eta, hala, CMOC munduko kobalto produzitzaile handiena da egun, sektore horretako beste erraldoi Glencore konpainia suitzarraren aurretik.


“Aita duela hiru urte hil zen –azaldu du Makanok–. Seme nagusia naiz ni, eta familiarentzat dirua irabazteko ardura neukan orain. Fungurume hegoaldeko zelaietan hasi nintzen zulatzen lagun batzuekin”

Lassallek Fungurume hiriaren hego-mendebaldera egin du, auzotegi infinitu batera. Burua makurtu du adreiluzko etxolako atetik kabitzeko, eta sartu orduko lepoaldeko zetazko zapia eraman behar izan du ahora. Airea atsituta sumatzen da hor barruan, usain kirasdun batek dena hartu du. Lurrean, eserita eta indarge, mutil bat ikusi du. Gorputz-adar meheak ohol urratu batetik kanpora ateratzen zaizkio. Zein da? Non ikusi du eszena hori lehenago?

Makano du izena. 16 urte besterik ez dauzka eta Kobalto Gorria liburuan irakur dezakegu bere testigantza: “Aita duela hiru urte hil zen –azaldu dio egileari–. Seme nagusia naiz ni, eta familiarentzat dirua irabazteko ardura neukan orain. Fungurume hegoaldeko zelaietan hasi nintzen zulatzen lagun batzuekin. Putzu txikiak zulatzen genituen, batzuetan mea aurkitzen genuen, beste batzuetan ez. Ez genuen asko irabazten eta pentsatu genuen hobe zela kontzesiora joaten hastea”.

CMOCek TFM barruan duen esplotazio erraldoia da kontzesioa. Gauero isilpean sartzen ziren, eta ordu askotako lanaren ondoren, Makanok bizikletarik ez zuenez, oinez garraiatzen zuen 40 kilogramoko heterogenita bete zaku. Kobalto ona, kalitatezkoa, baina hala ere zaku horrek bi dolar baino ez zuen balio.

2018ko maiatzaren 5ean, gau osoa zulatzen pasa eta gero, zakua bizkarrean hartuta putzutik irteten ari zela amildu eta istripua izan zuen mutilak. Gogoratzen duen hurrena da Kolweziko ospitale batean zegoela: “Hanka eta aldaka txikiturik nituen, alde guztietatik zauriak, eta burua puztuta”, dio. Familiak, zeukan diru guztia gastatu zuen hil hala biziko ebakuntza egiteko; medikuek eskuineko hankan barra metaliko luze bat sartu zioten, nola hala, eta astebetera etxera bidali zuten. Makanok zauri sakon bat du zornatua eta sukarrak jota dago. Antibiotikoak behar ditu, shockean sartuko ez bada. “Badakit nire semea hiltzen ari dela. Ospitalera joan behar du, baina nik ez dut dirurik”, azaldu du han gertuan den Rosine amak.

Apple, Apple... beldurtzen gaituzte zuen bateriek

Kobaltoa material funtsezkoa da auto elektrikoen autonomia –ibilgailuak egin dezakeen kilometro kopurua– handitzeko. Litio-ioizko baterien katodoetan erabiltzen da, energia dentsitate handietan bateria egonkor mantentzen duelako, eta behin eta berriz kargatu eta deskargatzeko zikloei hobeto eusten dielako. Orduan eta dentsitate gehiago, bateriak karga handiagoa gorde dezake, eta autoak autonomia gehiago du.

Auto elektrikoentzako baterien kostua etengabe merkatu da azken urteetan eta aurten kWh 100 eurora jaistea espero dute adituek. Zer esan nahi du horrek? Gasolioez funtzionatzen duten autoen parean egongo litzatekeela laster. Izan ere, kobaltoaren prezioa inoiz baino baxuago dago merkatuan, baina hori Kongon metala erauzten duten langileen bizkar da.

Arte telebista katean frantsesez zein gaztelaniaz ikusgai dago Cobalt, l'envers du rêve électrique (Kobaltoa, trantsizio energetikoaren alde iluna) dokumentala, Quentin Noirfalisse zinegileak eta Arnaud Zajtman kazetariak zuzendua eta 2023an Biarritzeko Dokumentalen Nazioarteko Jaialdirako hautatua. Bertan diote, nazioarteko komunitatearen “agenda” energetikoak karbonoa utzi eta auto elektrikoaren alde egingo badu, Kongoko mineral estrategikoak beharko dituela: “Eta esan daiteke nagusiena kobaltoa dela”.

Dokumentalaren hasieran eta amaieran herritarren abesbatza batek, meatzearen oinetan, honela kantatzen du:

Nokia, Samsung, Huawei, Tesla.
BMW, General Motors, Motorola (bis)

Apple, Apple... apelatzen dugu zuen laguntza
Beldurtzen gaituzte zuen iraultza digitalek

Apple, Apple... apelatzen dugu zuen laguntza
Beldurtzen gaituzte zuen bateriek

Shabarako meatzean

Duela sei urte Kongora lehen bidaia egin zuenetik, Siddhart Karari askotan suertatu zaio egoera gogorrak bizitzea. Fungurumen, milaka herritar euren etxeetatik kanporatu dituzte meatzea jartzeko, ezer gabe utzi dituzte, eta egin dezaketen gauza bakarra da minerala euren kabuz esplotatzea, ilegalki bada ere. Baina konpainia multinazionalak meatzera sartzea eragozten dienean, tentsioa lehertu egiten da. 2019ko ekainean bezala: soldaduak bidali eta hainbat lagun hil zituzten tiroka. Nola atzoko kolonizatzaileen errifleetatik, hala irteten dira gaurko bala-zorroak kalaxnikovetatik.

Sarritan, meatzari artisanale-ek kooperatibak sortzen dituzte, ustez euren baldintzak hobetzeko. Lualabako probintzian bi dira nagusiak: Coopérative Minière Maadini kwa Kilimo (CMKK) eta Coopérativa Minière Kupanga (COMIKU). Teorian, erregistro-kartilen bidez kontrolatzen dute jarduera eta “Meatzaritza Kode” bat dago, baina praktikan eroskeria eta lan-esplotazioa nagusi dira hemen ere. Hain justu, kooperatiba horietako baten meatzean, Shabara izenekoan, ikusi zuen Karak inoiz ahaztuko ez duen irudia: “15.000 gizon eta nerabe mailuarekin eta palarekin ari ziren, garrasika krater baten barruan, apenas mugitzeko espaziorik gabe, eta arnasarik hartzeko ere ez”. Klak-klak-klak. Argazkiak munduari bira eman dio eta albiste agentzia nagusienetan agertu da.

Shabarako meatzean, 15.000 langile etengabe aritzen dira kobaltoa esku hutsez erauzi eta zakuetan garraiatzen krater handi batean. Argazkia: Siddharth Karak sarean zabalduta

Elodie

Kaosa itxurazkoa da, desordena horretan mailak eta hierarkiak baitaude beti. Familia edo taldeka antolatzen dira askotan, eta bakoitzak bere funtzioa dauka. Gizonezkoek heterogenita erauzten dute tranpa hilgarri diren tunel arriskutsuetan, gaztetxoek zakuak garraiatzen dituzte, haurrek materiala txikitu, eta haurragoek garbitu metal isuriek kutsaturiko ur putzu ustelduetan. Kate-maila horretan azkenak eta galtzaile handienak emakumeak dira beti; are gehiago umezurtza baldin bazara.

Elodiek 15 urte zituen Karak ezagutu zuenean. Malo lakuaren inguruan altzairuzko barra batekin lurra kolpatzen ari zen kobalto bila. 0,55 dolar egunean. Apenas zen “hezur eta zurda” eta eztul bakoitzarekin saihetsak hautsiko zitzaizkiola zirudien. HIESA egoera aurreratuan zuen, idazlearen irudikoz.

Kobalto horniduraren kate-mailan azkenak eta galtzaile handienak emakumeak dira beti. Lan astunak egin eta soldaduen erasoak jasaten dituzte. Argazkia: Siddharth Karak sarean zabalduta

Aita, Glencore multinazionalaren meatze batek lurperatu zuen betiko duela zenbait urte; ama, infekzio baten ondorioz hil zen, ur zikinetan kobaltoa garbitzeagatik. Elodiek haurtxo txiki bat zeukan bizkarrean, sare egindako zapi ziztrin batekin helduta. Bere haurtxoa. Ongi irakurri duzu, 15 urte zituen Elodiek. Eta bizirauteko, derrigortuta zegoen soldaduen artean prostituitzera. Muango yangu njoo soko, zioen, nire gorputza nire merkantzia da: “Beretzat prostituzioa eta kobalto bila zulatzen ibili beharra gauza bera ziren”, gaineratu du Karak.

*****************************

Amnistia Internazionalak salatu duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan gutxienez 40.000 haur ari dira lanean meatzeetan, eguzkia baino ez dutela gosaltzen. Erakunde berak 2016an kaleratutako beste dosier batean kobaltoaren ibilbidea ikertu zuen lehen aldiz: prozesatu ostean baterien osagaiak fabrikatzen dituzten Txina eta Hego Koreako enpresen esku geratzen da, hauek bateria ekoizleei saltzen dizkiete osagaiak, eta teknologia eta automobilgintzako enpresa ezagunen produktuetan amaitzen dute azkenik. Apple, Volkswagen, Tesla, Sony, Dell, Vodafone, Lenovo, Renault, Huawei... 29 multinazional zeuden inplikatuta, eta Amnistia Internazionalaren arabera, gehien-gehienek ez dute ezer egin egoera aldatzeko.

15 urte zituen Elodiek. Eta bizirauteko, derrigortuta zegoen soldaduen artean prostituitzera. 'Muango yangu njoo soko', zioen, nire gorputza nire merkantzia da

Has gaitezen Kongoz hitz egiten. Let’s start. Eta has gaitezen hitz egiten zergatik sufritu behar duen hego globalak Mendebaldearen ongizatearen zama oraingoaren ere, gure patriketan edo bolantean daramatzagun gailuen zama.

EITB Dataren azken inkestaren arabera, “gutxi kutsatzen” duten auto elektriko berrien salmenta %10etik %60ra igaro da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Han eta hemengo mendietan zentral eoliko eta fotovoltaikoak eraikiko dituzte; Nafarroan transformazio digitalerako poloa, Ribabellosan datu zentro erraldoia, Donostian super ordenagailu kuantikoa; eta gainera, Adimen Artifiziala indarrean dator bere hardware eta erdieroale gudarostearekin. Zenbat metal, zenbat mineral, zenbat kobalto beharko da?

Malo lakuko neskatilari entzundako esaldia buruan iltzatu zaio itzulera bidaian Ferdinand Lassalleri. Gorputzak merkantzia ziren eta merkantzia dira Kongon. Katangatik Yagambira joan da abioneta biplano britainiar batean, Yagambitik Kinshasara baporean, gero pakebotean, eta azkenik iritsi da amaierako puntura, Bruselako Lumumba eta Shuman karriken arteko kale kantoira, dzart eta klak, amaiera hasiera ere badela konturatu gabe. Baina hau ez da nobela bat, hau errealitatea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


Euskal Herriko zentral eoliko handiena Urumeako mendietan

Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]


Urumeako Mendiak Bizirik
“Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara”

Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]


2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan

Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]


“Derrigorrezko” makroproiektuak?

Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]


NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana

Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]


2024-10-11 | ARGIA
Desazkundeari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean urriaren 21etik 24ra

Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.


Zaharrak berri

Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]


Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan

Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.


Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan

Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]


2024-05-23 | Elise Dilet | Enbata
Energia herritarrak

Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]


Statkraften zentral eolikoaren proiektuari helegitea jarri diote Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek

Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude