Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen dutenek informazio eta babes handiagoa eskatzen dute. Saioa Baleztena egilearekin eta Nel Santacruz testigantza eman duenarekin hitz egin dugu.
Mireia Serrak ez zuen jaso beharrezko osasun-laguntza profesionala bere seme nagusiari titia emateko zailtasunak izan zituenean. Erditze ondoko depresio baten atarian egon zen, ez biberoia erabiltzearen frustrazioagatik, baizik eta prozesu horretan sentitu zuen bakardadeagatik. Bere frustrazioa salaketa publiko kolektibo bihurtu zuen sare sozialen bidez: #Totesleslactanciesmolen (edoskitze guztiak dira zoragarriak) traola kaleratu zuen eta erabiltzaile asko harekin identifikatzen zirela egiaztatu zuen.
Erreakzio biral horren ondorioz, edoskitzearen inguruko askotariko esperientziak ikusaraztea erabaki zuen. Saioa Baleztena euskal kazetariarekin elkarlanean ernaldu zuen Totes les lactancies molan obra hibridoa, testigantzak adituen diskurtsoekin eta gomendioekin uztartzen dituena. Edoskitze-aholkulari da gaur egun Serra, eta indarkeria obstetrikoan laguntzeko trebatu da Baleztena.
Katalanezko liburua (Ara Llibres) gaztelaniara itzulia argitaratu du Txalapartak. Baleztenak pena zuen jatorrizko bertsioan, trans pertsonen edoskitzeei buruzko kapituluan, testigantza bakarra jaso zuelako. Hortaz, Txalapartaren ediziorako bigarren bat bilatu zuen: Nel Santacruz, bere umeari biberoia eman zion aita haurduna. Santacruzekin batera aurkeztu zuen Baleztenak liburua Bilboko La Sinsorga kultur zentro feministan.
Nel Santacruz, trans aita : "Oso egokia iruditzen zait edoskitze-eredu guztiei buruzko informazioa eskaintzen duen gida bat kaleratzea, errua eta autoexijentzia murrizten saiatzen duen ikuspegi batetik"
Kontatuko dizkiguzue zuen edoskitze esperientziak?
Saioa Baleztena: Indarkeria obstetrikoa bizi izan nuen nik erditzean. Kasu horietan ohikoa da edoskitzea ere zailtasunekin hastea, baina niretzat heldulekua izan zen bortizkeria horretatik osatzeko. Hortaz, edoskitze naturala idealizatu nahi ez dudan arren, oso positiboki nabarmentzen dut nire esperientzia.
Nel Santacruz: Ez dut gogoratzen noiz erabaki nuen semeari biberoia emango niola, baina nahiko goiz izan zen. Burugogorra izan nintzen nire erabakia errespetatua izan zedin, jakin bainekien presioak jasoko nituela, nire inguruan zein osasun-sisteman.
Nel, zer iruditu zaizu liburuaren ikuspegia eta horretan parte hartzea?
N. Santacruz: Hazkuntza ereduen ikuspegi oso polarizatua dugu. Alde batetik, atxikimenduzko hazieraren pakete osoa: haurrarekin ohea partekatzea, edoskitze naturala eta haurra garraiatzea. Beste muturrean, biberoia, umetxoari negar egiten uztea... Badirudi bi tribu horietako bat aukeratu behar duzula baina, egiari zor, denok garatzen dugu gure eredu propioa. Gainera, esango nuke erantzukizun guztia amaren, haurdunaren edo zaintzaile nagusiaren gain jartzen dela, hazkuntzaren ikuspegi komunitariorik gabe. Horregatik, oso egokia iruditzen zait edoskitze-eredu guztiei buruzko informazioa eskaintzen duen gida bat kaleratzea, errua eta autoexijentzia murrizten saiatzen duen ikuspegi batetik. Edoskitze guztiak zoragarriak dira, desioz, plazerez eta lagunduta bizi daitezkeenean.
Bereziki eskertzen dut beste aita trans batekin kapitulu bat partekatzea queer bizitzei buruzkoa ez den liburu batean. Ez gara oso ikusgarriak, eta osasun-langileek ez dute prestakuntzarik jasotzen; ia zorionekoa sentitzen zara jarrera transfoborik aurkitzen ez baduzu!
Hormonatzen hasi aurretik geratu zinen haurdun. Mutil trans ikusgaiek ere pairatzen dute titia emateko presioa?
S. Baleztena: Galdera hori egin nion Poli [beste elkarrizketatu transari, bularra eman zuen hark] eta erantzun zuen gizarteak ez duela espero trans gizon batek titia ematea.
N. Santacruz: Onartu behar dut genero-estereotipoek eragin zidatela, titia ematea inkongruentea iruditzen baitzitzaidan proiektatu nahi nuen irudiarekin. Askotariko guraso-erreferenteak behar ditugu, baita emakumeentzat ere, asko ez baitira identifikatzen amaren irudi femenino sakralizatu horrekin.
Irakurle askorentzat ezezagunak diren kontzeptuak aipatzen dituzue, bizi dutena izendatzen eta ulertzen lagunduko dietenak. Esaterako, “edoskitzeko asaldura”.
S. Baleztena: Irakurleen komentario asko jaso ditugu, hain zuzen ere, asaldurari buruz. Hainbat unetan ager daitekeen arbuio-sentimendu sakona da, baina ohikoa da haurdun zaudenean eta seme-alaba nagusiari bularra ematen diozunean, koktel hormonalagatik. Jende askori lotsa ematen dio kontatzeak eta, hala ere, oso ohikoa da. Zer gertatzen zaizun baldin badakizu, baliabideak eskura ditzakezu eta hobeto kudeatuko duzu.
Liburuan kritikatzen duzue edoskitze naturala sustatzeko diskurtso instituzionalak talka egiten duela gurasotasun baimen eskasekin.
S. Baleztena: Arazo nagusietako bat da: behin eta berriro entzun behar dugu OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) amagandiko edoskitze esklusiboa gomendatzen duela lehenengo sei hilabeteetan, eta bi urtez jarraitzea, edo amak eta haurrak nahi duten bitartean. Aitzitik, ez da gomendio horiek txertatzea ahalbidetzen duen politika publiko koherenterik garatzen. Orduan, lau hilabete baino lehen lanera itzultzeak esan nahi du zure gain hartzen duzula esnea ateratzeko karga, ustez onena den edoskitze mota bermatzeko. Bestalde, biberoia eman duten elkarrizketatu gehienek titia emateko presioa sentitu zuten ospitalean. Horregatik, liburuaren egileok edoskitze naturalaren onurez kontziente bagara ere, ez zaigu bidezkoa iruditzen horietan jartzea azpimarra, frustrazioa eta errua eragin dezakeelako. Nutrizioaren ikuspegitik haratago, aukera onuragarriena da familia bakoitzak bere testuinguruan hobekien ikusten duena.
Nel, zuk formula-esnea aukeratu zenuen lehenengo aukera gisa. Zer iruditzen zaizu OMEren diskurtsoa?
N. Santacruz: Ebidentzia zientifikotzat aurkezten diren gomendioak aldatuz joan dira historian zehar, interes jakin batzuen arabera. Nutrizio-onura potentzialak kaltetu egiten dira edoskitzea gozagarria ez bada, haurtxoek antsietatea eta estresa hautematen dituztelako. Uste dut formula-esneak titiaren esne-konposizioa nahiko ondo imitatzen duela; ez dut uste aldea bat datorrenik mezu horrek sortzen duen erruarekin. Eskerrak nire semeak gaixotzeko joerarik ez duen; bestela, burutik pasatuko zitzaidakeen titia eman ez izanagatik zela, berekoia izan nintzela. Eta nire kasuan hautu librea izan zen. Pentsa, orduan, zer nolako ondoeza eragin diezaiekeen diskurtso horrek titia eman nahi eta ezin izan dutenei. Nire ustez, edoskitze naturalaren aldeko diskurtsoak gurasotasun baimenak zabaltzeko estrategia bat dira, baina gatazkatsua iruditzen zait, hurrengo mezua transmititzen baitu: ez diozu onena eman zure haurrari, ez duzu behar adina sakrifizio egin.
Saioa Baleztena, liburuaren egilea: "Zalantzagarria iruditzen zait titia aitzakia moduan jartzea gizon zisen inplikazio eskasa justifikatzeko"
Diskurtso horrek, gainera, ez ditu kontuan hartzen norberaren arrazoi autobiografikoak, hala nola titiekin harreman gatazkatsua (Nel bezalako mutil transen kasuan) edo sexu-abusu esperientziak.
S. Baleztena: Liburuan badira ama pare bat titia eman nahi ez zutenak, ez zekiten zergatik. Ahalegintzeko presioa sentitu zuten, eta hori egitean, aurretik jasandako indarkeria-esperientziak gogoratu zituzten. Kontuan izan behar dugu edoskitzea sexu-ekintza bat dela.
Nel, biberoia aukeratzeko zure beste arrazoietako bat izan zen erantzunkidetasuna bermatzea, zure semearen beste aita gizon zisa baitzen. Funtzionatu al du?
N. Santacruz: Ez nuen sentitu nahi zaintzaile nagusia izatearen presioa. Esango nuke biberoiak lagundu zuela horrela izan ez zedin, baina gero beste gauza batzuk gertatu ziren, eta hazkuntzan bai sumatu nituen rol horiek. Azkenean, banandu egin ginen. Halaber, asko gustatu zitzaidan amamak eta lagunak edoskitzean inplikatzea biberoiari esker.
S. Baleztena: Gure beste elkarrizketatu batzuek ere nabarmendu dute biberoiaren bidez hazkuntza kolektibizatu egin dela. Edonola ere, zalantzagarria iruditzen zait titia aitzakia moduan jartzea gizon zisen inplikazio eskasa justifikatzeko. Atxikimendua modu askotan eraiki daiteke; nire bikotekidea gizon zisa da, nire seme txikiari titia ematen jarraitzen dut, eta aitarekin geratzen da lasai bidaiatu behar dudanean.
Titia emateko ahaleginean larrua utzi duten gurasoak omentzen dituzue egileok liburuan, baina ahalegin horrek osasun mentalean izan dezakeen eraginaz ere ohartarazten duzue…
S. Baleztena: Nik ere galdetu diot nire buruari maiz: nahi dudalako egiten ari naiz hau, ala ama perfektuaren ideala jarraitu nahi dudalako? Elkarrizketatuen testigantzetan eszena bat errepikatu da: goizeko lauretan esnea ateratzeko tresna hartuta ahaleginean, negarrez, ezin duzulako gehiago. Sakrifizioa baino, gozamena da helburua! Gainera, batzuetan, testuingurua kontuan hartu gabe deabrutzen dugu biberoia, eta etapa bat izan daiteke: elkarrizketatuetako batek, Mabelek, edoskitze mistoarekin hasi behar izan zuen, eta ondoren bi urte eta erdi egin zituen titia ematen. Bi erlaktazio-esperientzia ere jaso ditugu, baina eredu horrek laguntza eskatzen du, eta osasun sistemak ez du eskaintzen.
Nola askatu dezakegu formula-esnea multinazionalen atzaparretatik?
S. Baleztena: Marka handien monopolioa apurtzeko modurik baldin badago, nik ez dut ezagutzen. Ez dirudi erakundeek esku hartu dezaketenik. Espainian debekatu egin da formula-esnearen publizitatea, baina markek estrategia batekin konpentsatu dute oztopo hori: jarraipen-esnea saltzea. Jende askok ez daki urtebetetik aurrera hobe dela haurrek animalia- edo landare-esnea hartzea, jarraipenezkoa produktu ultraprozesatua baita; azukreduna eta askoz garestiagoa.
Edoskitzearen amaierari buruzko kapituluan, biberoia kentzeko prozesua ere azaltzen duzue. Gai horretan informazioa falta da?
N. Santacruz: Erabat. Badirudi, biberoia ematea erabakitzen dugunok ez dugula inolako kezkarik edo beharrik. Ez da aurreikusten edoskitze artifiziala eskariaren araberakoa edo luzarokoa izan daitekeenik; izan ere, nutrizio-funtzioaz harago, xurgatzeak kontsolamendua ematen du eta loa errazten du.
S. Baleztena: Biberoia laguntzarik eskatzen ez duen eredu erraza dela uste da, eta ez da horrela. Adibidez, tetina hobeak eta okerragoak daude formaren arabera, eta informazio hori ez dago oso eskuragai. Mireiak dioenez, semerik zaharrenari formula-esnea eman behar izan zionean, markei buruz galdetu zien emaginei, eta zera besterik ez zioten esan: “Zoaz farmaziara eta eskatu esnerik garestiena”. Ez dute horri buruzko prestakuntzarik jasotzen.
Heriotza perinataleko edoskitzeari buruzko kapitulu bat dago liburuan. Aukera oso ezezaguna da, osasun sisteman ere, ezta?
S. Baleztena: Katalunian Noelia Sánchez izeneko doula bat dabil profesionalak prestatzen. Oso une zaurgarria da bizirik ez dagoen edo hilko den haur bat erditu beharra. Sistemak bide farmakologikoa besterik ez du eskaintzen, edoskitzea inhibitzeko, baina bi elkarrizketatuk azaldu dute esnea ateratzeko eta esne bankura eramateko hautua sendagarri suertatu zitzaiela dolu-prozesuan. Dolu perinataletik haratago, titia emango ez duten pertsonei ere aukera farmakologikoa azaltzen diete soilik.
N. Santacruz: Are gehiago, batzuetan gaizki azaltzen da inhibizio prozesua, badirudi pastilla hartu eta kito. Niri esan zidaten bularra estutu behar nuela bularretako batekin, eta flipatu dut liburuan irakurri dudanean kontraindikatuta dagoen praktika dela.
Bular bakar batekin edoskitzeari buruzko kapituluan, odontopediatra batek azterketa profesionalak gomendatzen ditu, amarengan edo haurrarengan eragina aztertzeko. Ez al da arriskutsua gehiegizko tutoretza profesionala duen kultura perinatal elitista batean erortzea?
S. Baleztena: Zoritxarrez, osasun publikoak estaltzen ez dituen behar asko daude (are gehiago indarkeria obstetrikoa jasan baduzu), hala nola psikologo perinatala edo zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeuta. Argi dago figura horietan inbertitzea ez dela lehentasuna; emaginen falta ikusi besterik ez dago. Orduan, zainketak kanpora ateratzeko logika kapitalistan sartzen gara, guztiontzako eskubidea izan beharko lukeen prozesu fisiologiko bat artatzeko. Horrek desberdinkeria izugarriak sortzen ditu.
Edoskitzea ondoren datorren guztiaren aperitiboa da. Nola sustatu dezakegu hazkuntza gozagarri eta komunitarioago bat?
S. Baleztena: Hau bezalako espazioak sortuz! Hazkuntzan ez dago bide bakarra. Ondo dago hori jakitea, eta atzera begiratzeko ariketa egitea, perspektiba hartzeko, erlatibizatzeko, dena iragankorra baita. Amildegi baten aurrean sentitzen gara maiz amatasunean. Autoexijentziak kolapsatu egiten gaitu eta horrek esperientzia gogorragoa bihurtzen du.
N. Santacruz: Hazkuntzarekiko interesa piztu behar dugu jendarte osoarengan. Ardura handiegia da pertsona batentzat edo birentzat, ez bakarrik ikuspuntu material edo logistikotik begiratuta. Haurrak gurasoen bidez munduratzen dira, baina ez dira gurasoenak. Garrantzitsua da, osasun-arreta hobetzeaz gain, komunitatean hezteko espazio publikoak aldarrikatzea.
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da.
Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]
Zuberoako ohiturei buruzko bi liburu ditut gogoan. Batek XX. mendean aritu izan diren 180 dantzari eta soinulari aipatzen ditu. Haien artean, emakumezkorik ez da agertzen. Besteak, pastoralei egiten die errepasoa eta hor emakumeak aipatu aipatzen dira, baina omisio esanguratsuak... [+]
1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]
Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.
Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.
Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]
Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.
Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]
MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]