“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

  • Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
    Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen ahalmena.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
 Izar Mendiguren Cosgaya (Laudio, 1988)

Kazetaritza ikasketak egina, Berria egunkarian eta ARGIA honetan bertan idatzia da. Bertsolaria, hainbat aldiz irabazi du Arabako eskolartekoa. Musikaria, Uluka taldeko ahots eta gitarra izan zen, Burbuilak-ekoa da orain... Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko kide da hasieratik, eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriakoa. Eragile suharra, euskaratik bezainbat ari da feminismotik, nahi beste egitasmotan buru-belarri sarturik. Beharrik, bere buruari freno jartzen badaki, fruiturik onena umotzen ari da Izar Mendigurenen baitan.

Aiaraldeko Kultur Faktorian ari zara lanean jo eta su...
Euskararen sustapenean eragiteko, Aiaraldea Komunikazio Leihoa sortu genuen lehenbizi, egungo komunikabidea. Gero, Faktoria espazioa sortu genuen, euskararen erabilera indartzeko komunikazio proiektuez gain, komunitate egitasmoak behar genituela iritzita. Modu horretan komunikazioaz gain, feminismoa, elikadura burujabetza, hezkuntza, kultura eta ekonomia sozial eraldatzailea lantzeari ekin genion, besteak beste.

2021ekoa da Faktoria...
Faktoria espazioa bai. Eta, ordutik ari gara sortzaileei oholtza eskaintzen, sormen egonaldiak antolatzen, emakume etorri berriak-eta ahalduntzen laguntzen, gida pedagogikoak, eskola edo “Familien kabia” zein udalekuak eratzen, tokiko ekoizleak eta agroekologikoan dihardutenak saretzen eta ikusgarri egiten, energia plakekin bestelako balio batzuetan oinarritutako ekonomia sustatzen... Hamaika lanetan ari gara, baina, beti, euskararen komunitatea artikulatzeko, saretzeko eta eraldatzeko lanean.
Amurrioko Udalaren izena zikin ageri da azken aldian, euskararen normalizazioaren bidean hainbat atzerapauso eginda: euskara teknikaria, kiroldegian hizkuntz eskakizunak apaltzea, Aiaraldeko Faktoriarekiko jarrera...

Ez digu aitortu euskarazko hedabide honek egiten duen lana, 6.000 euroko dirulaguntza etenez. Gure irakurketaren arabera, guztiz estrategikoak dira euskarazko hedabideak –are gehiago oraingo aro digital honetan–, eta, beraz, hizkuntza politikek era honetako proiektuak sustatu egin beharko lituzkete. Irabazi asmorik gabeko proiektua gara, jendarteak irabazten du, eta euskarak, ertz guztietako berriei hitza, irudia eta soinua jartzen dizkiegu eta.

Amurrioko alkate zela ezagutu genuen Josune Irabien ARGIAn 2013an. Eusko Jaurlaritzan da orain, Euskara Sustapenerako Zuzendari. Amurrion, berriz, euskara atzerantz.
Haren bitartekaritza eskatu genuen...

Eremu erdalduna, Laudio.
Bai. Ezagutza handia, adin batetik beherakoen artean, baina erabilera oso txikia da. Nik, hala ere, esperantzaren alde, esango dut Faktoria edota Aiaraldea Komunikabidea bezalako proiektuak sortzearen ondorioz, eraldaketa txiki batzuk nabari direla, eta hazkundea ere bai, gure espazio eta produktu propioetan, behintzat.

"Amurrioko Udalak ez digu aitortu euskarazko hedabide honek egiten duen lana, 6.000 euroko dirulaguntza etenez”

2021ean ireki zenuten Aiaraldeko Faktoria hau...
Euskararen arnasgune izateko helburuarekin. Hona datorrenari horixe eskatzen diogu, euskararekiko konpromisoa, urratsak egitea, ardura kolektibizatzea, norbanako berriak elikatzea, gure proiektua gorpuzten laguntzea, eta eraldatzea indartzea. Bizitza aldatuz doa, jendartea ere bai, hainbat arlotan ikusten denez: hezkuntzan, bizimoduan, elikaduran, kulturan... Eta hortxe dago gure erronka, hau da, garai, molde, behar, gorputz edota identitate berrietara gure proiektu eta espazioak egokitzea.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Bilboko Kafe Antzokia, Iruñeko Laba, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunea, Azpeitiko San Agustin... hiri-herrietako erdigunean dira, Fakoria hau ez bezala, hau Laudioko industria-poligonoan baitago.
Kar, kar! Ametsen fabrika delako! Bizitzeko eta amesteko faktoria da gure leloa. Gure proiektua ez da, bakarrik, Laudiokoa, eskualdekoa baizik: bederatzi udalerri hartzen ditu gure eragin-eremuak, Urduñan hasi eta Orozko, Arrankudiaga, Zollo eta Artziniegaraino... horixe delako gure bizi-eremu soziala. Aiaraldeko identitate hori, esaterako, ez zen existitzen 2009. urtea baino lehen, hau da, Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkartea sortu eta sare-lanean komunikabidea eratu genuen urtea arte. Aiarako Kuadrilla Arabari dagokio, eta, aldiz, Bizkaiko udalerriak ditugu Orozko, Arrankudiaga, Zollo eta Arakaldo. Gure eskualde soziala, ordea, Aiaraldea da. Hori ere adierazgarria da, proiektu honek asmatu egin baitu kohesioan eta saretzean. Beste arlo batzuetan ez zuen asmatuko, baina horretan, behintzat, bai.

Laudioko industria-poligonoan.
Eskualdean batera eta bestera ibili ginen espazio ezberdinak begiratzen, Amurrio eta Laudio inguruan, batez ere, populazio-masa handienak herri horietan direlako. Laudion, pabiloi hauxe erosteko aukera sortu zitzaigun, eta aurrera egin genuen. Industriagunean dago, baina erdigunetik hamar minutura oinez. Bi minutura du tren-geltokia, eta ondo-ondoan, berriz, Nerbioi ibaia, joan-etorriko lekua: paseatzeko nahiz kirola egiteko bidea. Ez dago herrigunean, egia da, eta baliteke hori ere muga psikologikoa gertatzea, baten batzuek esfortzua egin beharra honaino etortzeko. Baina ez da eragozpena. Eta alde onik ere badu: gauzak antolatzeko, espazio handiagoa.

"Hortxe dago gure erronka, hau da, garai, molde, behar, gorputz edota identitate berrietara gure proiektu eta espazioak egokitzea"

Zer lan egiten duzu Aiaraldea Faktorian?
Etxe honetan denetarik egiten dugu denok! Kazetari ikasketak egina naiz, eta hastapenetik ari naiz Aiaraldea proiektuan. Aiaraldea Komunikabideak sortzen ibili nintzen beste zenbait lagunekin batera, eta, harrezkero, bertan egin ditut urterik gehienak. 2017an, feminismo-ildoa sortu genuen, eta, gehienean, komunikabidean zein feminismoan aritu naiz buru-belarri, nahiz eta gaur egun feminismoan eta kudeaketan murgilduta egon. Gogoeta estrategikoa egiten ari gara, proiektu honek 2030era begira jarraitu beharreko bideak arakatzen. Ertz horietan ari naiz orain. Etorkizunean non ariko naizen, eta zertan, ez dakit, baina Aiaraldea proiektuaren barruan pozik eta edozertan jarraituko dudala lanean, seguru! Aiaraldea Faktoriako kidea naiz, gainerako guztiak bezala!

Kidea... Laudion jaio eta hazia, unibertsitate ikasketak egin eta herrian bertan ari zara lanean. Kazetari, bertsolari, musikari, eragile...
Unearen arabera erabakitzen dut zeri heldu, eta zer pausatu. Eltze askotako burruntzalia naiz, saltsan nabil beti, eta unearen arabera jotzen dut saltsa batera edo bestera. Asko gustatzen zait sortzea, eta sortzaile zein pastel saltzailea izan litezke nire lanbide sozialak. Ni beti nabil saltsa berriak esku artean, batetik eta bestetik dastatzen, ea handik eta hemendik zer ateratzen den, bideaz gozatzen ahalegintzen beti, emaitzan zentratu gabe. Horretan ari naiz...

Noizdanik zabiltza saltsa gizen batetik bestera?
16 urterekin hasi nintzen bertsotan, eta segitzen dut oraindik. Hogei urte joan dira! Musikari dagokionez, etxean oso kantuzaleak izan gara. Autoan-eta, kantuan ari ginen beti. Uluka izeneko musika-taldea osatu genuen, lau urte egin genituen plazarik plaza, geure kanta propioak taulara eramanez. Halako batean, gu geu nekatu aurretik, amaitutzat eman genuen proiektu haren zikloa, ospatu eta itxi genuen Uluka. Pandemia ostean, berriz, ahizpak berriz ere belarriak berotu zizkidan, berriz ere musikari ekiteko, Urduñako pianojole bat ere arrantzatu genuen, inprobisatzen hasi ginen, eta Burbuilak sortu genuen.

"Gure eskualde soziala Aiaraldea da. Hori ere adierazgarria da, proiektu honek asmatu egin baitu kohesioan eta saretzean"
 

Musika taldea, berriz.
Bai. Asko gozatzen ari gara. Kanta berriak asmatu ditugu, diskurtso eta molde berriak esperimentatzen ari gara, jolasean, proiektu askatzaile eta eraldatzailea dugu, eta erronka txikia dakarkiguna. Ez dugu kontzertu askorik egin nahi, gure helburua da geure kantak egin eta gozatzea, eta, ahal bada, kanta horiek duin grabatzea, ez gure mugikorretako txatarrerian. Eta egin ere egin genuen: disko bat grabatu genuen, Youtube-n jarri, eta listo! Ez diogu zabalpenari besterik eskaini, guretzat ez zelako inportantea.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Nola asmatzen duzu zure baitako zati horiek guztiak josten?
Oso inportantea iruditzen zait autozaintza eta elkarzaintza erdigunean jartzea, eta konektatzen ez ezik deskonektatzen ere jakitea. Denborarik ez da existitzen, bata egiteko hartzen duzun denbora, bestea egiteko bazterrean uzten duzu. Bizitza sinplea da, geuk konplikatzen dugu. Hortaz, bizigarriak zaizkidan eremu, ekintza eta inguruak –pertsonalak, sozialak, nahiz naturakoak– uztartzea, eta oreka bilatzea. Topera nabilela ikusten dudanean, frenoa jartzen diot neure buruari: “Gustura parte hartuko nuke zuen asmoan, baina ez nago saltsa gehiagotan sartzeko moduan. Gainezka nabil, ez daukat neure burua beste ezertan konprometitzerik”.

Ezetz esaten ikasi duzula, alegia.
36 urte ditut, eta ikasi dut neure burua onartzen, ikasi dut ez dela ezer gertatzen egin nahi dudan gauza bat momentu jakin horretan garatu ezin badut, bihar ere argituko duela egunak, munduak jira-biraka jarraituko duela, eta, munduarekin batera, guk ere bai. Ez dago gaur ezintasun batean korapilatu beharrik, jakinda bihar korapilo hori berori aukera izan litekeela, heldu ahalko diogula, aurrera egingo dugula. Ez diot horri batere beldurrik, eta ingurukoei ere mezu hori helaraztea gustatzen zait, nik ikasteko 35 urte –zoritxarrez–, behar izan dudan hori, ez dezaten besteek hainbeste denbora behar: “Trankil, dena ezin da. Bizitza erabakiak hartzea da, aukeratzea”. Argazkilariaren kasuan bezala, irudian elementu bat harrapatu ahal izateko, besteren batzuk kanpoan utzi behar izaten ditu.

Euskaraz bizi zara eremu erdaldunean.
Euskaldun jaio nintzen eta euskaraz bizi naiz eremu erdaldunean. Posible da. Euskaraz bizitzea hautu bat da, eskubidea da, bizigarria bezain egingarria. Ez dut baldintzarik jartzen. Pertsona eta identitatea bat dira nire barruan, ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea. Ez diet aterik ixten. Besozabal eta belarrizabal hartuko ditut. Euskaraz jaio, hezi eta bizi naiz, eta nirekin harremanetan diren gehienek badakite nire komunikazio hizkuntza euskara dela, bizi-ikuspegia ere euskaratik garatzen dudala, hautu kontziente horixe eginda.

"Iaz hasi genuen Aiaraldeko Faktoriaren lanaren balantze soziala egiteko ariketa, eta bistakoa da sekulako ikusgarritasuna ematen diogula euskarari"

Migratzaileekin ere gogotik ari zarete lanean.
Feminismotik, Bor-bor elkartetik, etorri berriekin lanean ari gara. Oso berezia da abiapuntu neutrora hurbiltzeko saiakera. Nire kasuan, gaztelania ez menperatzeak euskara bezain ondo, laguntzen dit ulertzen zer egoera bizi duten herri honetan etorri berri askok. Hizkuntz kodeak diferenteak ditugu, kultur kodeak ezberdinak, bizimodu, ohitura eta aisialdiak ere gureak ez bezalakoak. Noizbait asmatu beharko dugu, bada, elkarbizitza hori behar bezala garatzen, ala? Esate baterako, Bizi hiztegi soziala egin genuen, feminismotik abiatuta. Oso aberasgarria izan zitzaidan.

Bizi hiztegi soziala?
Bai, etorri berriei galdetu genien eskualdean, edo edozein tokitan, bizitzeko zein esaldi-edo behar zituzten –esaldi inportanteak-edo, alegia–, eta zortzi hizkuntzatan plazaratu genuen horietako bakoitza: “Kaixo, ni halako naiz”, edo “Laguntza behar duzu? Lagun zaitzaket?”, “Non dago tren geltokia?”... Arropak, osasunari lotutako esamoldeak, aditz batzuk… Horiek ziren guri bururatzen zaizkigunak. Etorri berriekin egindako parte hartze prozesuetan, berriz, bestelakoak sortzen ziren: “Non dago kontsulatua?”, adibidez, edo etxe-tresnen izenak. Guri sekula ez zitzaigukeen bururatuko kontsulatua non dagoen jakitea oinarrizko beharrizana dutela etorri berri askok. Epaitegia, beharbada. Baina kontsulatua?

Pentsatu ere ez guk, seguru.
Horrek erakusten digu zer urrun gauden batzuk besteengandik. Batez ere, geu gaude urrun, geu gara lanketa hori egin behar dugunok, desboteretze ariketa hori. Geu gara inklusio hori bilatu behar dugunok. Erraz esaten dugu: “Ni herri honetako aniztasunaren alde nago, ez naiz batere arrazista!”. Eta hori esanda, besterik egiten dugu kausa horren alde? Ezer ez? Seguru ez garela arrazista? Seguru klasizista ez garela?

                                                                                     *          *          *

Uluka
“Ahalduntze ariketa inportantea izan zen. Erregistro berriekin taularatu nintzen, gitarra hartuta jardutea. Horrek bestelako tentsioa zekarkidan, ziurgabetasuna. Bertsotan mugarik ez nuen sentitzen, baina gitarra hartu eta jendaurrean kantatzea besterik izan zen. Oso fase polita izan zen, kontzertu berezi bat eginez itxi genuen".

Kazetaritza
"Faltan botatzen dut kazetaritza, baina faltan dudana bestelako esparru batean bilatzen saiatzen naiz: feminismoaren ildotik, solasaldiak antolatzen ditugu, eta elkarrizketak egiten ditut. Beraz, rol horretan arazoaren errora joateko botere edo pribilegioa daukat, eta zilegitasuna, baldin eta testuinguruak ahalbidetzen badu, eta giroa hori bada. Kazetaritza faltan dut, baina praktikatzeko modua ere bilatzen dut”.

Eragina
“Iaz hasi genuen Aiaraldeko Faktoriaren lanaren balantze soziala egiteko ariketa, eta bistakoa da sekulako ikusgarritasuna ematen diogula euskarari. Egunero lanean ari garela, ez gara horretaz ohartzen, baina balantze sozial horrek erakutsi digu inpaktua oso handia dela".

AZKEN HITZA
Saretze eta Ahalduntzea
"Munduko kulturak Aiaraldean proiektuan, hona iritsitako emakume perutar batek behin esan zidan, hunkituta bizi zuela gure proiektua, lehenbiziko aldiz sentitu zelako entzuna, eta aitortua. Kultur-talka hori, ezta? Guri ez dagokigu inor epaitua sentiaraztea, haren hitza balioan jartzea baizik, haren saretze eta ahalduntzeari laguntzea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aiaraldea Komunikazio Leihoa
Aiaraldea Ekintzen Faktoria
Errealitatea komunikatzetik, eraldatzera

Martxan da. Azkenik. Ameskeria zoro hura lehenbizikoz amestu eta bost urtera; aretoa erosi eta hirura; egokitze eta edertze lan luze eta gorabeheratsuen ostean; milaka eta milaka euro lortuz herritarren kreditu txiki interes gabeei esker;  milioika izerdi tanta eta ilusio... [+]


2018-05-10 | Arabako Alea
Aiaraldea hedabidea babesteko jaia egingo dute Artziniegan

Elkartasun jaia prestatu dute Artziniegako elkarteek maiatzaren 12rako.

 


Aiaraldea Ekintzen Faktoria bizitza egitera doa

Bizitzeko proiektu baten aterpea izan asmo du. Aiaraldea Komunikazio Leihoak hauspotu du ekimena, eta komunikabide izatetik komunitate izateko jauzia ematen ari dira. Hezkuntza, feminismoa, kultura, ekonomia sozial eraldatzailea eta elikadura burujabetza ardatz, eta euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude