“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

  • Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80 hizkuntzatara itzultzeko lanak kudeatzen. Garabideren Aditu programa bete du iragan udazkenean, eta mintzatu zaigu bere lehen hizkuntzaz. Egun, 3,6 milioi pertsonek hitz egiten dute amazigera Marokon eta Aljerian  –eta diasporan, esan beharko da–, eta 2011z gero ofizialtasun estatusa du bi herrialdeotan, erregulaturik ez badago ere.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Samira Belyouaou haurra amaren altzoan bizi izan zen, etxean amazigeraz besterik hitz egiten ez zutela. 3 urtetan eskolara hasi zenean, diferentea zela ohartu zen. Neckarhausen herri txikian, ikasgelan ile kizkurra zuen ume bakarra zen. 

Diferentea izateak bazterkeria dakar, ez gutxitan.
Diferentea nintzen, baina ez nuen arbuiorik jaso. Nik gero baino gero alemanago izan nahi nuen, oharturik ingurukoek ez nindutela aleman bezala ikusten. Ni “bestea” nintzen. 2001ean, adibidez, Dorre Bikien (New York, AEB) kontrako erasoa izan zenean, halako zera bat sentitu nuen, erasoen errudun banintz bezala. Umemokoa banintzen ere! Ordurako, diferentea nintzela sentitzen nuen eta, esan dut, gainerakoak bezain alemana izan nahi nuela. Xelebrea da, zeren udan Rifera joaten ginenean, eta besoak zabalik hartzen bagintuzten ere, haiek ez bezalakoa nintzela sentitzen nuen. Kar-kar! Ordukoak dira identitate auziak. Sekulako nahaste-borrastea nuen.

Noiz askatu zenuen identitate korapilo hori?
Unibertsitate garaian, tesia egiten hasi nintzenean. Gaztelaniatik Rifeko hizkuntzara heldutako maileguei buruz ikertzen hasi nintzen. Horretarako, ordea, gogotik ikertu beharra neukan, eta, adibidez, Rifeko lurretan tarifita eta amazigera [tarifita Rifeko aldaera da eta amazigerak lurralde zabalagoa hartzen du] zertan ziren aztertu behar nuen. Ordu arte, esan behar dut, erdibiturik bezala bizi nintzen: nire baitako alde alemanak beste aldea, amaziga, arbuiatzen zuen. Erraz hitz egiten nuen tarifita, baina, nire hizkuntzan hitz egin baino, nahiago nuen arabieraz hobeto hitz egin, edo frantsesez. Jakina, bertakoek bezala hitz egiten nuen alemanez, zuzen eta artez, eta denak ere nire tarifita baino prestigio handiagokoak ziren! 

"Unibertsitatean hasi arte, erdibiturik bezala bizi nintzen: nire baitako alde alemanak beste aldea, amaziga, arbuiatzen zuen"

Eta, hortaz, noiz aldatu zen zure baitako ustea, tarifitaren aldera, esan nahi dut?
Nire baitako beste alde gordeago hori –Rifeko kulturaz ari naiz– ikertzen ari nintzela, hari balioa ematen hasi nintzen, nahiz ez nuen ahazten Alemanian jaio eta hazia nintzela. Heidelbergen, edo Neckarhausen-en, alemanez pentsatzen nuen. Rifeko udaldietan, tarifit hizkuntzan. “Hauxe naiz ni, beste gabe, ez dut neure burua definitzen zertan ibili. Halakoxea naiz eta kito!”. Esan dut ez nuela arbuiorik jaso, kideek beste gabe onartzen nindutela, baina batzuetan pentsatzen nuen ez nindutela ulertzen. Oso interesgarria da, zeren nire egoera berean ziren kurdu batzuk, edo beste herrialderen batetik Alemaniara migratutakoen jendearen seme-alabak. Eta guk bai, elkar ulertzen genuen, elkar ulertzen dugu, eta partekatzen dugu erdibiturik bizitze hori. Egun, ez nago bakarrik, baina Neckarhausen hartan, turkiar bat eta biok eskolako “arraroak” izan ginen.

Unibertsitate ikasketak eginak dituzu, itzultzaile zara lanbidez. Nola heldu zara Garabideko Aditu programa egitera?
Bidaia handia egin dut hona etorri baino lehen. Tesi harekin hasi zen bidaia. Ikertzen ari nintzela, ikaragarria iruditu zitzaidan deskubritzen ari nintzena. Gordin esango dut orduko hartan pentsatzen nuena: “Ez dago ezer biziberritzen ibili beharrik. Hizkuntza aldagaia ekuaziotik ezabatuz gero, kito nire buruko minak!”. Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian, baina, bestalde, Rifera joan, administrazioarekin hitz egin nahi, eta tarifitak ez zuen balio. “Arabiera ikasiko dut. Kito neure buruaren kontra borrokatzea!”. Uste dut horixe izan zela. 

Argazkia: Zaldi Ero.

Baina esan duzu ikerketa gauzatzen ari zinela ustea aldatu zenuela.
Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta ageriago zen: gure hizkuntzan ere baziren poetak, bazen zientzia, bazen altxor franko. “Arraioa! Hau da, hau, aberastasuna!”. Eta sare sozialetan gauzak kontatzen hasi nintzen. Eta laster, sare bat osatu genuen, amazig jendea ginen, batzuk riftarrak, beste batzuk Maroko hegoaldekoak... Alemanian jaio edota haziak ginen denok, egoera bera bizi genuen. Eta, ohartu nintzenez, jendeak hizkuntzarekiko interesa zuen, eta garai batean nik uste nuen bezala uste zuten –uste ustela!–, gure hizkuntzan libururik ez zela, ez  kulturarik, ez letrarik... Nire uste oker bera zuten. Ez zekiten ni jakitera heldu nintzena. Informaziorik ez!

Unibertsitateko ikerketa bidez zeureganatu zenuen informazioaz ari zara.
Bai. Gainera, beste hainbat hizkuntza ulertzen nituen, gaztelania, frantsesa, ingelesa... Haietan idazten ere banekien. Kontua da sarea osatu genuela tarifitez hitz egiteko. Sarea osatu eta gero, elkarte bat osatu genuen; nola-halako egitura bat izateko, alegia. Horretan, kide batek Garabideko formakuntza ikastaroaren berri eman zidan. Gaztelaniaz zertxobait jakitea eta hizkuntzak biziberritzeko guraria izatea besterik ez omen zen behar. “Interesgarria, gero!”, pentsatu nuen. Eta etorri nintzen. Kar-kar!

Esaguzu, faborez, zertan den tarifitez hitz egiteko sare hori.
Ez dugu biltzeko toki finkorik, sare bidez mintzatzen gara gehienbat. Lantzean, inoren etxean edo kafetegiren batean elkartzen gara. Hasmentan, gure bilkurak guztiz informalak ziren, jolas egiten genuela esango nuke, amazigeraz hitz egiten genuen, barre egiten... Gure arteko batzuek ulertu baizik ez dute egiten. Beste batzuek dotore hitz egiten dute. Elkartasun sentipen handia genuen. Jolasak egiten hasi ginen, baina honetaz eta hartaz hitz egiteari lotu gintzaizkion laster; gai sozialak, nahi baduzu: “Halakok ez du tarifita etxetik jaso, halako garaian bere herrian hizkuntzaren transmisioa galarazi zutelako, halako eta halako arrazoirengatik”. Edo, besteren batek esan zuena, adibidez: “Nik etxean tarifitez hitz egin nahi dut. Hasten naiz hizketan, eta etxekoek barre egiten didate, burla! Eta tarifitez hitz egiteari utzi diot”. 

"Gordin esango dut pentsatzen nuena: ‘Ez dago ezer biziberritzen ibili beharrik. Hizkuntza aldagaia ekuaziotik ezabatuz gero, kito nire buruko minak!’"

Gertaera arrunta da hizkuntza guztietan ere, nonbait. Are gehiago, hizkuntza gutxituen kasuan.
Guk, esate baterako, gure artean psikologo zirenei galdezka hasi ginen, gure hizkuntzan hitz egiteko lotsa zutenen egoerari buruz hitz egiteko. Gogoan dut gai horretaz online jardun genuela, eta mintzaldi hartan 50en bat lagunek parte hartu zutela. Batzuk Frankfurtetik konektatu ziren, beste batzuk Dusseldorf edota Koloniatik, edo Berlindik... Guztiz interesatuta zeuden! Hurrena, jardunaldiak eratzen hasi ginen, ekitaldi presentzialak, ordu arte online jardun genuen eta. 

Garabiden izan zaitugu, eta, orain, zer hizkuntz asmo zeure herrialdera itzultzen zarenean?
Alemaniaren eta Marokoren artean bada itun bat, zeinaren bitartez Alemaniara migratutako familien seme-alabek beren hizkuntzan ere eskolatuak izateko eskubidea duten. Alegia, alemanez bideratzen da hezkuntza, baina arabierazko, kurduerazko edota gaztelaniazko ikastaroak eskaintzen dituzte. Gure esku dago Marokok Frankfurten duen kontsulatura joatea eta irakasle marokoar bat eskatzea. Jakina, besterik gabe, kontsulatuak ez digu bidaliko amazigera irakatsiko duen irakaslerik, arabiera irakatsiko duena baizik. Nik, berriz, kontsulatu horretara joan nahiko nuke, eta gure ama hizkuntzan irakatsiko duen Rifeko irakasleren baten eskaria egin, eskolan tarifita irakasteko.

Bideragarria da?
Ez dakit, bada! Oraintxe, are gehiago da ametsa, errealitate egingarria baino. Baina nork daki! Eskubidea genuke, baina ez dago jakiterik. Esate baterako, iaz Tarifan (Cadiz, Andaluzia) amazigera irakasle batekin egin genuen bilera, eta hark iragan mendeko 90eko hamarkadako Frankfurten bizi izan zuen egoeraz hitz egin zigun. Zioenez, amazigera ikastaroaren proposamena egin zuen bertako komunitatearen baitan, baina, harrigarriki –harrigarriki-edo–, diasporako amazig jendeak uko egin zion delako ikastaro hari. Orduko kontuak. 

Besterik da gaur egun, zure ustez?
Baietz esango nuke. Uste dut gaur egun egoera bestelakoa dela, jendeak hizkuntz kontzientzia handiagoa duela, eta kontzientzia handia ez badu, interes handiagoa, behintzat, badu. Ordutik hona, 30 urte geroago, uste dut puntu hobean gaudela, hemendik atera den proiektuari ekiteko moduan. Nik, esaterako, hiztunak alfabetatzen hasi nahi dut. Jendea alfabetatuta, gero baino gero irakasle gehiago izango ditugu. Marokoko Gobernuaren laguntzarik gabe ere, bidean oinez hasi ezinik ez dugu. Eta gero gerokoak.

Zer diozu Garabideko egonaldian ezagutu dituzun gainerako hizkuntz komunitateetako egoerez?
Batetik, uste nuen –amazigera hiztunak, oro har, eta tarifit hiztunak barne– oso egoera txarrean ginela. Honezkero, halako eta halako tresnak-eta eduki behar genituzkeela. Baina Garabidera etorri eta ikusi dut hainbat herrik egoera dramatikoa bizi dutela, oso hiztun gutxi direla, edota –adibidez– familia bidezko transmisioa indartzeko lanean ari direla, katea eten ez dadin. Horrek zer pentsa galanta eman dit: “Hobeko dugu guk ere lan egin, hemendik urte batzuetara gure komunitatea ere egoera horretara ez heltzeko!”. Bestalde, ikusi dut zenbait herrik gogotik egin dutela lan, dela estandarizazioa landu dutelako, dela gogor ari direlako elkarlanean eta denak batera; zuenean bezala, nire iritziz. Finean, nahi beste errealitate daudela ikusi dut, ez dagoela egoera zeharo zuririk ez beltzik, kolore anabasa nagusi dela besterik. 

Argazkia: Zaldi Ero.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: amazigera
2024-05-15 | Cira Crespo
Hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen begiradatik
Euskararen konplizeak Gasteizen

Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]


Hizkuntza biziberritzeko nahi bat bera, Libiako amazigek nahiz Siriako kurduek

Hizkuntza tipologiaz ez baina amazigerak eta kurduerak bizi duten prozesu simetrikoaz jardun du Karlos Zurutuza kazetariak: “Prozesu polit eta bitxi baten lekuko izan naiz. Egun batetik bestera, eta literala da hori, bi komunitateok euren hizkuntzei eusteko hartu duten... [+]


Eguneraketa berriak daude