Etorkizuneko arrantza kaiola batean

  • Getarian (Gipuzkoa) itsasoratu berri dute Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera duten bi kaiola jarri dituzte, eta itsasoko baldintzetara ongi egokitzen badira, aurtengo udan 50 hegalabur (atun gorri gisa ere ezaguna, eta Getarian zimarroi deritzona) haztea da asmoa. Proiektuak zalantza eta jakinmin handia piztu ditu herrian, ziur aski, bere partikularrean beharrean, lehen sektorearen eraldaketa orokorraren beste saiakera baten modura ulertzen delako.

Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

2024ko abenduaren 11n

Euskal arrantzaleei dagokien atun gorri kuota, egun, mediterranear itsasoan arrantzatzen da, beraz, kuota hori gure kostaldera ekartzea berri ona da sektorearen ikuspegitik. Edo, agian ez hainbeste? Zer ondorio ditu arrantza gehiago industrializatzeak? Nork jango du bertan gizendutako hegalaburra? Bertako arrantzaleek zer diote?

Herritarren interesari erantzun asmoz, Artzape Euskara Elkartea, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa eta BluePoint Itsas Kutsadurako eta Ekonomia Urdineko Inteligentzia Zentroak mahai ingurua antolatu zuten azaroaren 14an, Getarian. Helburua garbia zen: hausnarketa sustatzea, kezka, galdera eta zalantzak zabaltzea eta herriko plazan hitz egiteko aukera edukitzea. Horretarako, puntako lau hizlari inguratu zituzten: Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Lorea Flores Euskal Herriko Geenpeaceko koordinatzailea; Leo Belaustegi Ondarroa 12 Milia Elkarteko kide eta arrantzale ohia; eta Tomás Otamendi Malkorbe Amarratzaileen Elkarteko batzordeburu eta kirol arrantzalea. Izaskun Suberbiola Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko arduradunak, azken orduko kontuengatik, ezin izan zuen bertaratu. Moderatzaile lanetan, berriz, Mirene Begiristain herritarra aritu zen eta berak ekin zion mahai-ingurua kokatzeari: "Klima-krisia hainbat lurraldetan jotzen ari da modu nabarmenean, itsasoan barne. Martxan jartzen ari den haztegia horren parte izan daitekeelakoan, horren inguruan izan ditzakegun galderak, ezagutza eta informazioa ekarri nahi ditugu hona".

Bideo honetan dago entzungai mahai-ingurua osorik:

Zer dakigu zimarroi haztegiaz?

Euskal Herriko lehen hegalabur edo atun gorri haztegia itsasoratu berri dute. Gipuzkoako Getarian jarri dute, portutik 3,6 itsas miliatara. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera duten bi kaiola dira eta, frogak ondo badoaz, ekainean 50 atun gorri gizenduko dituzte bertan. Helburua da hiru-lau urtean 1.100 tona gizentzea. Proiektua Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien oniritziaren eta Zarauzko eta Getariko udalen oniritziarekin. Proiektua diseinatu eta eraikitzeko Itsas Balfego enpresa sortu dute Kataluniako Balfegó enpresaren eta Aztiren artean.

Hori da dakiguna eta, antza, ez askoz gehiago, zalantza eta informazio falta izan baitzen nagusi herritarren aurrean egin zuten mahai-inguruan. Otamendiren abiapuntua nabigaziorako oztopoak izan ziren, portutik hiru milia t’erdira kokatuta egonagatik, inork ez baitie abisurik pasa ez nola libratu, ez zer segurtasun-babes eman behar duten. "Administrazioak ez digu ezer esan".  
Haztegi honek, besteak beste, berriz azaleratu du kuoten gaia. Belaustegik azaldu zuen, kuota banaketak direla-eta, tresna txikiekin jarduten duten arrantzaleek ez dutela zimarroiak harrapatzeko aukerarik; aldiz, "handiek kuota eduki, harrapatu nahi ez eta kuota hori saltzen ari dira".  Azkuek berretsi zuen hori: "Hemengo hegalabur kuota saltzen zaie Mediterraneoko bi enpresa handiri". Bertako artisau arrantzarenak izan zitezkeen kuoten transferentzia kezkagarria zaio Otamendiri ere. Azkuek, ordea, bestela ikusten du eta esan zuen proiektu honen bidez probatu nahi dutela "ea posible den gaur egun Mediterraneoan loditzen den kuota Kantauri itsasora ekartzea eta hemen sortzea aktibitate ekonomiko berri bat".

Getarian jarri dituzten kaiolak urtebeteko probaldian daude: test hidrometrikoak eta ainguratze-testak egingo dira estrukturaren flotagarritasuna, murgiltze gaitasuna eta fenomeno meteorologikoekiko erresistentzia aztertzeko. Argazkian, Balfegóren Kataluniako haztegi batean, itsasontzia kaiolatik hegalaburrak ateratzen. Argazkia: europa-azul.es

Hala jo zuen Jaurlaritzak Balfegóren atea: "Balfegó enpresarekin jarri ginen harremanetan proba bat egiteko, gaur egun gure euskal arrantzaleen kuotaren zati bat Kantauri itsasoan gizentzeko. Horretarako, Itsas Balfego sortu da. Baldintza bat jarri genien: enpresaren erdia AZTIrena izatea. Gure zientzialari eta teknikariek aztertuko dute arrantzatzen den atunaren kalitatea eta etorkizun ekonomikoa". Prentsan zabaldu da Itsas Balfegoren jabetzaren %30 dela AZTIrena eta %70 Balfegorena baina datu hori gezurtatu zuen Azkuek, jabetza erdi bana izango omen dute bi erakundeek. Diru kontuetan, berriz, bada argitu gabeko atal bat: enpresa berriaren kapital soziala 250.000 eurokoa da –bazkide bakoitzak 125.000 euro jarri ditu–, baina proiektuaren kostua 2.000.000 euro pasakoa. Nondik aterako da gainerako dirua? Azkuek esan zuen %70-75 Europatik datozen diru-laguntzen bidez ordainduko dela, baina, kontuak ateraz gero, bi milioiren %25  500.000 euro dira, alegia, bi akziodunek jarri dutenaren bikoitza.

Zergatik Balfegó? Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren esanetan, "gizentzeko dauden bi enpresa handienetan guri konfiantza gehien ematen diguna delako (...) merkatuan oso ezaguna da bere atuna eta bidailagun ona izango da probak ondo ateratzen badira". Handira jo nahi du, beraz, Jaurlaritzak, gainontzean, Belaustegiren galderari helduko bailioke: "Gu ez al gara kapaz Balfegórekin harremanik izan gabe, Itsas Balfego sortu beharrean, kofradien eta federazioen artean arrain hori martxan ipintzeko edo, haztegia behar bada, haztegia jartzeko?". Salmentak non egingo diren ere airean dago. Otamendik azaldu duenez, "atuna dagoen eran jada ez da elikagaia, luxuzko artikulua da" eta horregatik dabiltza denak "bere atzetik".

"Martin Berasategi, Balfegóren mundu mailako enbaxadorea" dela dio Kataluniako enpresak berak, gutxienez 2016tik. Antza denez, bere jatetxeetan prestatzen duen hegalaburra Mediterraneoko kaioletan hazitakoa da. Argazkia: balfego.com
Txitxarroa eta berdela hegalaburrentzat?

Getarian jarriko diren kaioletan zimarroiak gizenduko edo “engrasatuko” dira. Floresek argitu zuenez, "horrelako hegalabur batek kilo bat hartzeko beste 20 kg arrain behar dira"; 700 kg inguru, denera. Gainera, "guretzat elikagai izan zitezkeen arrainak arrantzatu behar dira hegalabur hauek gizentzeko. Beraz, zuzenean konpetentzian sartzen da giza-elikadurarekin». Azkuek dioenez, gizenketarako erabiliko dira «hemen arrantzatzen diren baina jaten ez ditugun espezieak: sardinak, txitxarroak, berdelak eta makaelak". Belaustegi kontra mintzatu zen: "Nola esan dezake hori Jaurlaritzako arduradun batek? Gure jantokietan milaka umek astean 2-3 bider arraina jaten du eta ozeano guztietatik ekarritako arraina da. Inork ez daki zer kalitatekoa den. Eta guk harrapatzen dugun txitxarroa, berdela, sardina… zimarroiak gizentzeko erabiliko da? Hori onartezina da". Flores ere mesfidati agertu da: "Hori ez da ohikoena izaten, zeren, bertako arrainek badute balio ekonomiko bat eta normalean gizakiak elikatzera bideratzen dira. Orduan, askotan, arrain hauek elikatzeko erabiltzen dira beste herrialde batzuetan harrapatzen diren arrainak, normalean, Afrikan eta Hego-Ameriketan. Honek giza eskubideen hurraketa sortzen du".

Janaz gain, Floresek hainbeste animalia leku batean pilatzeak ekarri ohi duen kutsadura kimikoaz (antibiotikoak, gorotzak, eta abar) eta eutrofizazioaz   ohartarazi zuen. Eutrofizazioa esaten zaio ekosistema batean ezohiko nutriente kopurua egoteari, normalean gizakiaren eraginez. Floresek ohartarazi zuen: "Ez du zentzurik gure itsasoa, gure arrantza-baliabideak, gure arrantzaleak agortzea kanpora bideratutako produktu batentzat eta bertan ingurumen inpaktu guztiak utzita".

Argazkia: animalia.bio
Nora doa zimarroia?

Balfegóren datuei begira, 2024an, arrantzaleei kuotak erosita, enpresak 3.087 tona atun-gorri harrapatzeko aukera izan du eta hamabi egun eskas nahikoak izan ditu horiek kaioletatik ateratzeko. Handizkako merkaturatzailea da Balfegó eta erostunak ere halakoxeak ditu. Gaur gaurkoz, hegalabur ekoizpenaren %75 exportatu egiten du AEB, Erresuma Batua, Korea, Alemania, Arabiar Emirerriak, Portugal, Japonia eta guztira 32 herrialdetara. Atzerriko merkatua idartzen jarraitzeko duen gogoa agerikoa da, izan ere, Merkatu Internazionalen III. jardunaldietan parte hartu zuen, non helburua zen Amerikako Estatu Batuetan negozioak nola indartu aztertzea. Gutxienez, zalantzan jartzekoa da, beraz, Itsas Balfegok Getarian haziko duen hegalaburra inguruko herrietan kontsumituko ote den.

Getarian jarriko dena proiektu bat da, urtebeteko probaldia izango duena. Eusko Jaurlaritzako kideak jakitera eman duenez, "AZTIren ikerketa guztiak publikoak izango dira eta urtebete barru jakingo da proiektuak zer eman duen eta zer aukera eskaintzen dituen". Azterketa horietan, Greenpeaceko bozeramaileak eskatu zion "ukatzen dituen ingurumen inpaktuen gaineko benetako azterketa zintzo bat egitea, arriskua erreala baita eta, emango balira, proiektua bertan behera uztea". Malkorbeko batzordeburuak, berriz, zera nabarmendu nahi izan zuen: "Arrantza artisautik datozen eskubide historiko batzuk aldatu badaitezke arrantza industriala egiteko, hori gertatzen da administrazioa, botere legegilea eta atunaren lobbya eskutik doazelako".

Galderaz eta zalantzaz beteta abiatutako mahai-ingurua erantzun baino galdera gehiagorekin bukatu zen. Argi dagoena da arrantza ereduaren eta sektorearen gaineko kezka eta ziurgabetasuna egon badaudela eta proiektu hau, jasangarritasunera begira baino, sektorearen industrializaziorako eta pribatizaziorako urrats bat izan daitekeela.

KLIMA ALDAKETAREN ERAGINA

Lorea Flores Greenpeaceko arduraduna Egonarria saioan izan zen atun haztegiei buruz hitz egiten (behean dago elkarrizketa).
Zera esan zuen: "Susmoa dugu aldaketa klimatikoagatik itsasoko tenperatura igotzen ari dela eta, Mediterraneoan igoera azkarrago ematen ari denez, bertako arrain haztegietan hasiak direla eragina nabaritzen eta ekoizpen ez hain ona izaten. Kontrara, lehen Kantauri ez zen espezie honentzat hain erakargarria tenperaturagatik, hain justu, baina, orain, gustorago egon daiteke. Itxura du Balfegók kalkulatu duela Mediterraneoan jada nabari diren eraginak epe ertain-luzera areagotuko direla, ondorioz, Kantauri itsasoan etorkizunik baduen probatu nahi duela".

NOLA DAGO ARRANTZA?

Nola dago Euskal Herriko flota? Zer egoeratan daude arrantzatzen dituzten espezieak? Leandro Azkueren esanetan, Euskal Herriko flota «zorionez, oso derberdina eta bariatua» da. Indiako Ozeanoan, Pazifikoan eta, batez ere, Atlantikoan arrantzatzen dute ontziek, nolabait, "ozeano guztietan" eta bakoitzak ditu bere erronka eta arazoak. "Orokorrean, gure arrantzaleek –bai baxurakoek eta bai alturakoek– arrantzatzen dituzten espezieak egoera onean daude eta erakundeek eta, batez ere, arrantzaleek eurek autogestioan hartutako neurriei esker, arrain bakoitzaren stock-ak nahiko osasuntsu daude. Gaur egun, antxoa errekuperatuta dago Bizkaiko golkoan; hegaluzea, zer esanik ez; atun gorria ere bai; legatza ari da pixkanaka errekuperatzen…". Publikotik batek amuari kosk egin eta ez zuen askatu, saio amaieran hitz egiteko aukera izan zuen arte: "Hasieran aipatu duzu gure arrainak oso egoera onean daudela. Geratzen direnak izango dira, zeren, bisigua desagertu egin da; berdela %40 murriztu; txitxarroa berdin; zer esanik ez angula, egoera kritikoan dago eta, hemen, bai ala bai arrantzatu nahi duzue, zer eta arrantza profesionalizatuta".

Getariko herria. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Lorea Floresek, berriz, halako azterketak egiteko begirada zabalagoa eskatu zuen, izan ere, "mundu mailan arrantza baliabideen %35 baino gehiago gainustiatua dago eta egoera hagitz kritikoan daude". Bera izan zen lehen sektorearen industrializazio joera salatu zuena eta ondorio hauek azaldu zituen: "Etekin ekonomikoa lehenesten duen eredu batera daramagu arrantza, epe motzeko begiradarekin. Honek eragiten du ez ematea behar besteko garrantzia kalitatezko produktuari, elikadura osasuntsuari edo ingurumen osasuntsua izateari". Arrantza industrialaren arazo gehiago ere aipatu zituen, hala nola, bycatch teknika indiskriminatuak eragindako bioaniztasunaren galera, arraste-ontziek eragindako habitat suntsiketa eta, itsas-hondoko karbono metatua askatzearen ondorioz, CO2 isurketa larriak.

Leo Belaustegi eta Tomás Otamendi arrantza jardueran arituak dira, bata profesionalean eta bestea kirol-arrantzan. Sektoreak izan duen bilakaera, Euskal Herrian, erreparatzeko modukoa ikusten dute, "gure arrantzak herrian izan duen inportantzia kultural eta ekonomikoa" handia izan baita. Belaustegik erradiografia zorrotza egin zion arrantzari, autopsia ia: "Arrantzak izugarrizko beherakada izan du, ez bakarrik baxurakoak, eta hau dena ez bada bideratzen, dena pikutara doa. Egoera larria dugu eta irtenbideak eman behar dizkiogu baina ez planteatu diren haztegi eta kontuekin, zeren, badakigu haztegiak zeinen mesederako izango diren". Otamendik ere arrantza artisau, arduratsu eta selektiboa defendatu zuen eta balore kulturala azpimarratu. Arrantzari begiratzeko beste modu baten aldarria egin zuen, etekina bilatzen duenari berdin baitio ingurua eta sektorea izorratzeak. Hala ere, egoera zein den ikusita, argi zuen: "Arrantza aro berri baten aurrean gaude eta horrela hartu behar dugu asunto hau".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan... [+]


2025-04-14 | Garazi Zabaleta
Dai Konbutxa
Konbutxa eta hartzituak bizibide

2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin... [+]


Semaforoa gorri, etsaien engainagarri

Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]


2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]


2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]


Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]


EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


Eguneraketa berriak daude