Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala gutxietsi ditu datuok. Izan ere, hedabide nagusiek erakutsiko ez dizuten beste arazo bat ere badago atzean: lobbyen presioa gu kutsatzen jarraitzeko.
148 atun lata hartu dituzte, zozketaz eta aleatorioki, Alemania, Frantzia, Espainia, Ingalaterra eta Italiako supermerkatuetan. Eta laborategi independente batean aztertu ondoren, hemen ondorioa: denek dute merkurioa, denek. Hori da Bloom eta Foodwach erakundeek erakutsi berri dutena ikerketa batean. Munduko Osasun Erakundearen arabera, hamar produktu toxikoenen artean aurkitzen da merkurioa; Nazio Batuen Erakundearen esanetan, industrializazioa hasi zenetik itsasoan %200 handitu da bere presentzia. Baina eskandaluak ez ditu agintariak gehiegi larritu, izan ere, arrantza-industria boteretsuaren eta bere lobbyaren itzala suma liteke Bruselako ur sakonetan.
Nazio Batuen Erakundearen esanetan, industrializazioa hasi zenetik itsasoan %200 handitu da merkurioaren presentzia
Gure lonja eta arrandegitan hamaika izen jarri diegu atun generoaren barruan sailkaturiko arrainei: hegaluzea edo atunzuria (Thunnus alalunga); zimarroia, atungorria edo hegalaburra (Thunnus thynnus); atun moja (Thunnus obesus); hegats-horia (Thunnus albacares)... Horietako gehienak kontserba-latatan ere merkaturatzen dira, saltoki-kate handietan eta modu industrialean. Europa mailan egindako ikerketak produktu horiek aztertu ditu, eta egileek eman dioten izenburua bera esanguratsua da: Du poison dans le poisson. Chronique d’un scandale de santé publique (Pozoia arrainetan. Osasun publikoko eskandalu baten kronika), deitu diote.
Datuak esanguratsuak dira: azterturiko laten %10,3an europar legeak atunarentzat markatzen duen mugaren gainetik ageri da merkurioa, hau da, kiloko miligramo bat (1 mg/kg) baino gehiago. Zehazki, hamabost latetan gainditu da kopuru hori, eta kasuren batean merkurio kutsagarriaren presentzia laukoitza da –Parisko Carrefourreko saltoki batekoak 3,9 mg/kg eman du–. Gainera, Europar Batasunean itsasoko beste arrainentzat orokorrean dagoen muga are zorrotzagoa da (0,3 mg/kg), eta hori kontuan hartuz gero, azterturiko laten %57 legoke legearen gainetik.
Baina larriena zera da, arestian esan bezala, gehiago edo gutxiago, lata guztiak daudela kutsatuta. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, kontuan izanik atuna dela Europan gehien saltzen den arraina. Frantziako Estatuan, esaterako, pertsonako 4,9 kilogramo atun kontsumitzen da urtero. Horietako gehiena Indiako Itsasoan harrapatzen da, baina baita Atlantikoan eta Itsaso Barean ere.
Selenioarekin nahastu eta... voilà!
Arrantza-industria eta elikadura segurtasunerako erakundeak arrapaladan atera dira ikerlanaren emaitzak gutxiestera. Esate baterako, El País egunkarian leitu ahal izan ditugu Aesan (Espainiako Elikadura Segurtasunerako Agentzia) eta Afanco-Cecopesca kontserba-enpresen patronaleko ordezkarien hitz txit jantziak, esaten eurek egindako “milaka” inspekziotan balio seguruak atera zaizkiela, edo ziurtatzen atunak selenioa ere baduenez, gorputzak erraz eliminatzen duela merkurioa. Beste tokiren batean, Eroskiren Consumer aldizkarian kasu, diote latetarako erabiltzen den atuna txikiagoa denez merkurio gutxiago duela... Halako argudio xelebreak erabiltzeaz gain, ikerlanaren metodologia ere ezbaian jarri dute: “Txostenak alde baterantz egiten du eta ez dator bat errealitatearekin”, esan du Cepesca atun-ontzien patronaleko buru Javier Garatek. Geroago hitz egingo dugu pertsona horren inguruan.
Parisen egoitza duen Bloom Gobernuz Kanpoko Erakundea aski ezagun da Greenpeace eta antzeko beste taldeekin batera egindako ekintzengatik. Denbora darama atun-arrantzaren industrian gertatzen diren gehiegikeriak –ustelkeria orokortua eta arrantza-ontzietan esklabotza kasuak tarteko– ikertzen eta salatzen Tunagate deituriko erreportaje-seriean, eta oraingo pieza honetan ere sektorearen negozio-interesak jarri ditu luparen azpian, Alemaniako Foodwach elkarteak lagunduta.
Bi aukera: gu kutsatu, edo ez
“1970eko hamarkadaz geroztik badakigu, oso ziur gainera, atunetan dagoen merkurioa arazo larria dela osasun publikoarentzat. Haurdun dagoen pertsona batek pozoia jaten badu, bere odoletik joango da zilborrestera, hortik umekiaren garunera, eta kalte oso handiak eragingo dizkio”. Julie Gutermanek ahoan bilorik gabe hitz egiten du. Bera da Bloomek egindako txostenaren ikerlari nagusia eta Ecoyako hedabide ekologista independentearen sare sozialetan zintzilikaturiko bideo labur baten bidez aurpegia eman nahi izan du, azaltzeko arazoa norainokoa izan daitekeen: “Merkurio kutsadura masibo bati aurre egin beharrean gaude, autoritate publikoek atun-industriarekin eskuz esku lan egin dutelako hori horrela izan dadin”, salatu du.
“Merkurio kutsadura masibo bati aurre egin beharrean gaude, autoritate publikoek atun-industriarekin eskuz esku lan egin dutelako hori horrela izan dadin”
Julie Guterman, Bloom
Gutermanek pausoz pauso azaltzen du zein izan den agintarien jokabidea duela mende erdi jakin zenetik atunean merkurio kopuru handiak zeudela: “Bi aukera zituzten: edo atunetan baimendutako merkurio kopuruaren muga zorroztu eta gure osasuna zaindu, edo atun guztia merkaturatzen jarraitu neurrira egindako araudi batekin, kutsadura dena dela ere atuna saldu ahal izateko”. Bistan da bigarren aukeraren alde egin zutela.
Gaur egun, Europar Batasunean bakailaoa, antxoa, sardina eta antzeko espezieetan 0,3 mg/kg-ko merkurio muga dagoen bitartean, atunarentzat 1 mg/kg-koa dago, baina zifra hori ezartzeko ez da erabiltzen merkurioak helduen eta haurren osasunean dituen ondorioak neurtuko dituen metodorik. “Atunetan dagoen merkurioa ez al da bakailaoan edo sardinetan dagoena bezain toxikoa? Hau ez da batere logikoa”, dio. Afera are larriagoa da kontutan edukita muga hori arrain freskoarentzat dela. Ikerlariaren esanetan, kontserbatan generoa kontzentratuagoa denez, hiru aldiz merkurio gehiago egon liteke.
Bermeotik Bruselara, itsasontzi batean
Logikarik gabeko salbuespen hori esplikatu liteke, soilik ulertuta nolako indarra duen arrantza sektorearen lobbygintzak Bruselako eta munduko elikadura foro garrantzitsuenetan. Ikerlanerako, NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) hamarkada askotan egindako araudiak alderatu dituzte, eta ikusi dute arau horiek idatzi dituzten adituen batzordeetako kide askok interesak dituztela atunaren industrian.
Europêche ezaguna da itsasoko biodibertsitatearen galera gutxitzeko EBren politiken aurka egiteagatik. InfluenceMap klimaren ikerketa zentroak, nota txarrena ateratzen duten petrolio eta meatzaritza lobbyen ondoan kokatu du
1963an bi erakundeek elikadurari buruzko Codex Alimentarius araudi-bilduma sortu zuten. 1985ean kodize hori eguneratzen zuen batzordeak deliberatu zuen “zenbait arrain predatzailerentzat” –tartean atuna– nahikoa zela 1 mg/kg-ko merkurio muga jartzea. Bloomen esanetan, “lantalde horretako hiru kideetatik bat, industriaren interesak defendatzeko zegoen han”. Horrela jokatzen dute gure osasunarekin.
Halako eta antzeko beste hamaika presio- eta amarru-bide aipatzen ditu GKE ekologistak txostenean. Eta atun-industriaren gorenean daudenei ere erreparatu die, bereziki Pesca España elkarteari. Zein da bere burua? Javier Garat, patronaleko gure gizona.
Bermeon egoitza eta lantegiak dituen Albacora SA atun-ontzien enpresako akziodun eta idazkaria da Garat, eta karguak han eta hemen biltzen ditu. Esaterako, Europako arrantza sektoreko “lobby boteretsuena” den Europêcheko presidentea ere bada. Europêche ezaguna da itsasoko biodibertsitatearen galera gutxitzeko EBren politiken aurka egiteagatik. InfluenceMap klimaren ikerketa zentroak, nota txarrena ateratzen duten petrolio eta meatzaritza lobbyen ondoan kokatu du, hain zuzen. Garat bezalako jendeak maneiatzen ditu Bruselako hariak eta hango erresonantzia kutxak hedabideetan.
Lasai... baina ez jan egunean hiru lata
Bloomek merkurioa eta atunari buruzko bere ikerlana ezagutzera eman eta egun gutxitara, azaroaren hastapenetan, Frantziako astekari eskuindar eta islamofobo nagusienetakoa den Le Point-eko erredakzio-buru Géraldine Woessnerrek mezu irmoa idatzi zuen sarean: ikerketa fake bat da, eta France TV eta antzeko medio publikoei eskatzen zien oihartzunik ez emateko. Bere esanetan “lasai” egon gaitezke, Japonian jaten delako inon baino atun gehiago, eta dakigunez japoniarrak dira bizi-itxaropenean txapeldun... Akabo zalantzak eta eztabaidak. Gainera, kazetariak mezuan argitzen digu ez dela ezer pasatzen egun bakarrean “hiru lata atun irensten badituzu”, inportanteena da gainerako egunetan zentzuz jokatzea: “Biometatzea da epe luzera gorputzean arazoa sortzen duena”. Bera behintzat lasai geratu da, hori esan eta gero.
Géraldine Woessner kazetariaren esanetan “lasai” egon gaitezke, Japonian jaten delako inon baino atun gehiago, eta dakigunez japoniarrak dira bizi-itxaropenean txapeldun... Akabo zalantzak eta eztabaidak
Merkurioaren kalteak ezagun egin ziren 1880ko hamarkadan AEBetan Kapelgile Eroen gaitza zabaldu zenean –jantzien industrian ohikoa zen merkurioa erabiltzea materialak garbitzeko–. Geroztik, kutsatze masibo larriak gertatu izan dira: 1930eko hamarkadan, Japoniako Minamatako bahian enpresa baten isuriaren ondorioz hango arraina jan zuten milaka lagunek sintoma larriak izan zituzten. Iraken, berriz, 1970eko hamarkadan metilmerkuriorekin kutsaturiko zereala jan zuten herritarrek gosete batean, ekibokazioz.
Gaur egun, ustez, kontrolak zorrotzagoak dira. Eta merkurioa haginetako txantxarrak betetzeko erabiltzeari aspaldi utzi zitzaion. Badakigu metilmerkurioa neurotoxiko arriskutsua dela haurrentzat, eta metatzen denean nerbio-sisteman, sistema-kardiobaskularrean eta immunologikoan eragin dezakeela. Badakigu kartzinomak sor ditzakeela. Badakigu, ez gaudelako XIX. mendean. Julie Gutermanek argi diosku berriz ere: “Eskatzen duguna da apalategietatik pozoia kendu dezatela, eta utz diezaiotela etekinak ateratzeari gu merkurioarekin kutsatzearen ordainetan”. XXI. mendean gaude. Badakigu, eta badakite.
Getarian (Gipuzkoa) itsasoratu berri dute Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera duten bi kaiola jarri dituzte, eta itsasoko baldintzetara ongi egokitzen badira, aurtengo udan 50 hegalabur (atun gorri gisa ere ezaguna,... [+]
Arrasateko Beroña auzoan dago kokatuta Xabi Abasolo Etxabek eta Naiara Uriarte Remediosek bultzatutako Errastiko Ogia proiektua. Bakoitza bere bidetik iritsi ziren okintzaren mundura, baina eredu ekologikoan eta ama orearekin ekoizteko oso ongi uztartu dituzte bi gazteen... [+]
Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]
Zer da zuretzat sukaldea? Niretzat, suaren tokia, sua dagoen aldea. Etxearen bihotza da, lapikokoa mimoz eta maitasunez prestatzeko lekua. Gero, mahai inguruan jateko, dastatzeko, partekatzeko eta disfrutatzeko tokia. Sasoikoa jateko sukaldera sartuko gara.
EHNE Bizkaiak bultzatutako azterketaren emaitzek baieztatu dute eredu agroekologikoan ekoiztuak diren tomateek berotegi efektuko gasen isurketan, eta batez ere energia kontsumoan, inpaktu txikiagoa dutela eredu agroindustrialean ekoiztuak diren tomateekin alderatuta. Honetan,... [+]
Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]
'Nafarroako Intxaurra' marka kolektibo berriak Lizarraldeako, Erdialdeko eta Goi Erriberako zortzi ekoizle biltzen ditu. Kanpaina honetan 200 bat tona intxaur merkaturatuko dituzte, Nafarroan ekoizten den intxaur kopuruaren %46 inguru.
Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan? Ezta ere. Oraingoan, arrain baten eztenak izan dira ur-ertzean hankutsik... [+]