Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

  • 2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori zentsuratzen saiatu zen multinazionala: hura ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko exijitu zigun. ARGIAk kazetaritza independentea defendatzeko baliatu zuen erasoa. Orain, bertatik bertara ezagutu ditugu Solwayren estraktibismoak eragiten dituen giza eskubideen urraketak: ingurumena kutsatu, herri indigenen defentsa kriminalizatu, mehatxuak, kazetarien aurkako erasoak, eroskeria... Mendebaldeko jabetza duten multinazionalek Guatemalan eragindako mina, beldurra eta suntsiketa isildu nahi dituztenez, guk ahotsa eman diegu antolatuta dauden komunitateei, lurraren defentsan dihardutenei.

Solway meatzaritza enpresak inguru guztiaren kontrola du, airetik, lurretik eta uretatik. El Estorreko arrantzaleek salatu dute ingurumenari kalte nabarmenak eragin dizkiola eta haiek kriminalizatu dituztela. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Euskal Herrian gero eta ozenago altxatzen ari gara makroproiektuen ugaritzearen aurrean, horien kalteek arduratuta. Baina noraino egingo dugu ingurumenaren defentsa? Guatemalan ezagutu ditugun maia herriek ez dute zalantzarik: lurren defentsa bururaino eramaten ari dira, bizitza baitute jokoan. Mendebaldar gehienok ez bezala, herri indigenak naturarekin bat bizi dira, haien bizi sostengua dira, eta lurrak eta urak berebiziko garrantzia dute beraien mundu ikuskeran.

Zer lotura dago klima aldaketaren eta giza eskubideen urraketen artean? Mugarik Gabe GKEak hainbat txostenetan ondorioztatu du lotura estua dagoela, besteak beste, Latinoamerikan patroi bera errepikatzen delako herrialde askotan: “Eredu estraktibista, kapitalista eta neoliberala sistematikoa da, logika kolonialek eta espolioak gidatuta dagoena”. Beraz, argi du jatorrizko herrien eskubideak defendatuta lurra babesten ari garela. Instituzioei ardurak hartzeko eskatzen ari da gobernuz kanpoko erakundea. “Fokua jarri behar da klima larrialdian ardura gehien duten enpresa eta enpresariengan”, ziurtatu dute. Mugarik Gaberi esker Guatemalara bidaiatu dugu, eta estraktibismoak itotako maia herritarren borrokak ezagutu ditugu.

Arrantzaleek Solwayren jarduna kritikatu dute: “Ez dute betetzen ingurumen-eraginari buruzko txostena. Arrainak gutxitu egin dira. Lehen, amua bota eta arrain bat ateratzen genuen, orain ez”. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Alta Verapaz departamentua da Guatemalan makroproiektu gehien metatzen dituena. Aldi berean, departamentu hori da herrialdeko muturreko pobrezia handiena duena –%83ko pobrezia-tasa du, datu ofizialen arabera–. Errepide malkartsuetatik barrena zeharkatu ditugun herrietan agerikoa da oinarrizko beharren gabezia, hala nola elektrizitatea ez baita toki guztietara iristen, eta jatekoa uztaren arabera ugariagoa edo eskasagoa da. Gainera, hainbat komunitate bakartuta bizi dira, eta ezinezkoa izan zaigu batzuetara iristea: batetik, euriteen ondorioz errepideak itxita daudelako; eta bestetik, errepide batzuk enpresa hidroelektrikoen jabetzakoak direlako, eta haien baimena behar da igarotzeko. Esan gabe doa: ez dute nahi kazetaririk topatu euren bideetan.

Bernardo Caal lau urtez preso egon da Cahabon ibaiaren defentsan hidroelektriken aurka egiteagatik. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Departamentuko Coban hiriburutik gertu kokatuta daude zentral hidroelektriko horietako bi: Renace eta Oxec, hurrenez hurren. Bernardo Caal (Santa Maria Cahabon, 1972) maia q’eqchi’ herriko lider indigenak azpimarratu digu “kapitalismo hiltzaileak” Alta Verapazen interes handia duela, biodibertsitate emankorra dagoelako, besteren artean. Ondotxo ezagutzen ditu multinazionalen praktikak, izan ere, 2018an, probarik aurkeztu gabe, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, makroproiektu horien aurka borrokatzeagatik. Lapurreta eta legez kanpoko atxikitzea leporatu zizkioten, baina Amnesty Internationalek “kontzientzia preso” gisa aitortu du. Lau urte pasa ditu Cobaneko kartzelan, eta jarrera ona dela-eta ateratzen utzi zioten. Espetxearen kanpoaldetik kontatu digunez, kartzelaldia bizirauten lagundu zioten idazteak, borrokan eta aldarrikapenean jarraitzeak, eta herritarren 50.000 babes-gutun jasotzeak ere bai. Espetxeko atetik 300 metrora pasatzen den Cahabon ibaia seinalatuta, gogoratzen du ibaia entzuten zuela barrutik, eta haren emaria defendatzen jarraitzeko indarra ematen ziola horrek.

Caalek “ekozidioa” leporatzen die “energia berdea” ekoizten duten enpresen jabeei eta haren “konplize” diren gobernuei. Natura izaki gisa deskribatzen du: “Cahabon ibaia torturatu, masakratu eta hiltzen dute hidroelektrikek. Nora doa sakeatzen duten aberastasun guztia?”, salatu du, eta gogorarazi bertatik eskuratutako energia ez dela komunitateentzat, baizik eta oro har meategi eta beste makroproiektuetara bideratzen dutela. Zentral horien dimentsioa irudikatzeko, nabarmentzekoa da Renace eta Oxec hidroelektriken artean sortzen dutela estatuak sortzen duen energia baino gehiago. Caalek ohartarazi du horretarako ibaia lehortzen dutela, izan ere, zentralak funtziona dezan, ibilgua desbideratzen dute 8-10 metroko sakonerako kanal artifizial batzuetara. Finean, ura eta ibaia pribatizatzen dute, etekin ekonomikoa eskuratzeko.

Florentino Pérez Espainiako enpresariaren Renace hidroelektrika. Ibaiaren ibilgua desbideratzen dute kanal batzuetara. Argazkia: Bernardo Caal

Ekintzaileak ez du ahoan bilorik, eta errudunak seinalatu behar direla dio: Florentino Pérez Espainiako enpresari eta Real Madrileko presidentea “kriminal” gisa jokatzen ari dela dio, bere ACS enpresa baita Renaceren jabea eta Oxecen parte. Azken horren jabea den Israelgo enpresa bat ere seinalatu du, gerra garaian Guatemalara iritsitakoa “proiektu milioidunak eskuratzera” eta “iruzurrak egitera”. Dena den, transnazional horiei aurre egin ahal zaiela erakutsi du Bernardo Caalek: “Zentralak eraikitzeko zazpi lizentzia zituen Florentino Pérezen enpresak, eta laugarren fasean zeudenean preso sartu ninduten. Baina antolakuntza ugariren laguntzari eta borrokari esker, geldiarazi egin ziren gainerakoak”.

Cahabon Guatemalako ibairik garrantzitsuenetakoa da, eta Caalek argi du haren defentsan segituko duela: “Suge bat bezala doa Cahabon, sigi-saga, hainbat herritako errekekin batzen. Ibai ugariren elkarketa da, kilometro askoren ostean Izabal lakuan ura isurtzen amaitzen duena”. Lider indigenak antolakuntzaren bidez presioa egitearen fruituetan sinesten jarraitzen du, nahiz eta horretarako arriskuak hartu behar diren. Espetxeak ez du isilarazi; aitzitik, lortu du bere kasuak nazioartean sona eta babesa izatea.

Zentral hidroelektrikoetatik, meatzaritza zentraletara

Cahabonen sigi-saga herrialdearen ekialderantz doa, Karibe itsasoaren berotasunerantz. Zentral ugariren oztopoak gaindituta, Cahabon Polochic ibaiarekin elkartzen da Izabal departamentuaren sarreran, eta emaria Izabal lakuan isurtzen du, Guatemalako lakurik handienean. 45 kilometro luze eta hogei kilometro zabal dituen lakuko urak azken hamarkadan oso nahasita daude, eta makroproiektu estraktibisten eraginek zikinduta. Lakuko arrantzatik bizirauten duten komunitateek azaldu digutenez, Izabal kutsatzen dute Solwayren Fenix meategiak eta NaturAceites SA enpresaren palma plantazioak, besteak beste.

Chapin Abajo komunitatean bi makroproiekturen ondorioak jasaten dituzte: Solwayren meategiarena eta NaturAceitesen palma-plantazioena. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Turistentzat idilikoa den paisaiak inguratzen du Izabal: mendikate berde garaiak, natura basa, animaliak libre, txoriak arraien harrapaketan. Lakua hain da handia, kosta egiten dela lurretik beste muturra ikustea ere. Baina badago lakuaren edozein puntatik lehen begirada hutsean ikusteko moduko zerbait: mendi zati bat biluzik, berde kolorea galdu eta marroi-laranjaz tindatua. “Jada ez dago lehenagoko mendixka, arrautza-oskola besterik ez da; gorringorik eta zuringorik gabeko arrautza bat bezalakoa”, deskribatu du arrantzale batek. Eta mendixka biluzi horren azpian, ur-ertzean, Pronico idatzita duen tximinia eta eraikuntza erraldoiak daude, Solway Investment Group enpresa suitzar-errusiarrak nikela prozesatzeko darabilen zentrala, alegia.

“Cahabon ibaia torturatu, masakratu eta hiltzen dute hidroelektrikek. Nora doa sakeatzen duten aberastasun guztia?”, Bernardo Caal, maia q’eqchi’ lider indigena

Pronico, CGN eta Mayaniquel dira nikela ateratzen ari direnak, eta saiatu izan dira azaltzen zerikusirik ez duten entitateak bezala, bati edo besteari jarritako zigorrek eraginik izan ez dezaten bestearengan. Baina, funtsean, elkarrekin jarduten dute, eta Solwayri lotuta daude hirurak. Paolina Albanik 2023ko elkarrizketan esan zigun bezala, “organizazio kriminal gisa jokatzen dute”, burua kenduta ere, beste bat etorriko da eta nikela erauzten jarraituko du, “errentagarria delako”. Legea ez betetzeagatik ezarri dizkieten zigorren aurrean beti ukatu dute egotzitakoa, eta nabarmentzen dute “enpresa jasangarriak” direla, gobernuarekin eta guatemalarrekin elkarlanean dihardutela, eta 1.500 lanpostu inguru sortzen dituztela.

Nork kutsatu du Guatemalako lakurik handiena?

ARGIA zentsuratzen saiatu zen multinazional horren ohiko jarduna da haren aurkako ahots guztiak erreprimitzea, bertatik ikusi dugunez. El Estor herri arrantzalean kokatuta dago meategia; 80.000 biztanle inguru bizi dira, eta %90 baino gehiago maia q’eqchi’ jatorrikoak dira. Meategiaren inguru guztia kontrolpean du enpresak, lurretik, airetik eta uretatik zaintza etengabea dauka. Hortaz, ez da erraza kazetariak hara iristea. Juan Bautista Xol (El Estor, 1994) Prensa Comunitariako kazetariarekin egin dugu El Estorrerainoko bidea. Meategiaren aurkako borroka hasieratik bizi eta kontatu du, eta kasuaz informatzeagatik pertsekuzioa jasaten ari da. “Errepide alboan ikusten dituzuen komunitateak dira lehen mendian bizi zirenak, baina nikela erauzteko handik desplazatu zituzten”. Bautistak azaldu digu enpresek askotan dirua erabiltzen dutela komunitateak desplazatzeko, eta bestetan, indarkeria edo intimidazioa. Bidean aurrerago, itxitura handi batek babestuta, kanpotik etorritako enpresako langileen bizitokia erakutsi digu, “kolonia” deritzotena.

Zenbat eta gehiago gerturatu nikela prozesatzen duten plantara, orduan eta okerragoa da errepidea: “Haien kamioien joan-etorriek eragin dituzte zulo hauek”, zehaztu du El Estorreko kazetariak, eta tximinia seinalatuta zera gehitu: “Nikela prozesatzen ari zirenean tximiniako keak hodei gorri handia sortzen zuen egunero”.

El Estor herriaren alboan dago Fenix meategia: "Jada ez dago lehenagoko mendixka, arrautza-oskola besterik ez da; gorringorik eta zuringorik gabeko arrautza bat bezalakoa", deskribatu du arrantzale batek. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Une honetan zentral hori ez dago martxan, besteak beste, 2022ko azaroan AEBetako Altxor Publikoko Departamentuak kontu korronteak izoztu zizkiolako, salatutako jarduerak tarteko. Halere, zigor hori altxatu diete 2024an, eta Solwayk iragarri du berriro martxan jartzeko lanean ari direla. Orain ere lanean ari dira, zenbait mineral dituzten “lur-arraroak” deritzotenak ateratzen, baina herrian duen eragina ezin da alderatu tximiniak martxan dauden unekoarekin. Herritarren amesgaiztoa da hori, eta ziurgabetasunez bizi dute berriro ere martxan jartzeko unea. Solwayk ematen duen informazioa oso opakoa da, eta herritarrek ez dute haren asmoen berri. Horrela, inpunitatez jardutea ere errazagoa zaio.

Ur-ertzean pila handiak ikusten dira, meategiak sortutako hondakinenak. Enpresaren esanetan, tratatu egiten dituzte kutsakorrak izan ez daitezen, baina arrantzale ugarik ziurtatu digute ez dela horrela: “Ez dute betetzen ingurumen-eraginari buruzko txostena. Mendixka lehortu dute, eta ura kutsatzen dute. Arrainak gutxitu egin dira. Lehen, amua bota eta arrain bat ateratzen genuen, orain ez”.

Solwayri buruzko aurreko artikuluetan azaldu izan dugunez, 2017an lehertu zen auzia, lakuan orban gorrixka bat agertu zenean, eta arrainak hilda ur-azaleratu. Orduan, Arrantzale Gremioa sortu eta protestak gogortu zituzten. Enpresak ziurtatu zuen alga batzuen ondorioa izan zela kutsadura, eta herritarrei egotzi zien errua. Dena den, Mining Secrets nazioarteko kazetaritza ikerketa handiaren arabera, enpresak kutsadura ezkutatu zuen, eta era guztietako praktikak erabili zituen gertatutakoa isilarazteko: mehatxuak, intimidazioa, eroskeria... Are, protestetan Carlos Maaz arrantzalea tiroz hil zuen Poliziak.

Arrantzaleak antolatuta meategiaren aurka

Egoera erabat gaiztotu zen, eta kriminalizazio eta errepresio bortitzak jasan dituzte ordutik. Halaxe adierazi digute Arrantzaleen Gremioko bilkuran, Prensa Comunitariak gonbidatuta elkartu diren hamar bat emakume eta hamabost bat gizonek, eta kazetarioi eskatu digute euren errealitatearen berri emateko: “Zuek etortzean enpresa eta gobernua gogaitu egiten dira, baina ez bada kontatzen dena estalita geratzen da”. Orain arte “abandonatuta” sentitu dira Prensa Comunitaria ez diren beste hedabideen aldetik. Enpresaren boterea denenganaino iristen dela kritikatu dute, eta erosita dituela hedabideak, indar armatuak, gobernua, alkatea, epaileak... baita herri indigenen ordezkariak ere.

Arrantzaleen Gremioko kideek eskatu dute hildako bi kideengatik "kalte-ordainak" emateko emazteei eta haurrei, eta "justizia" egiteko. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

“Momentu kritiko batean gaude, tentsioa handia da”. Suminetik eta haserretik hitz egiten dute Arrantzaleen Gremioko kideek, q’eqchi’ hizkuntza eta espainola tartekatuta. Eta ez da gutxiagorako. Herri indigenen eskubideen urraketak etengabeak dira, eta boterekeria erabilita, beldurrez, antsietatez, mesfidantzaz eta babesgabetasunez bizitzera kondenatu dituzte. Antolakuntza eta elkartasuna dira aurrera egiten laguntzen dietenak, baina aitortu digute baliabide faltagatik kosta egiten zaiela sarea josita mantentzea.

Pasa den urriaren 29an El Estorren beste kide bat hil zutela gogorarazi dute, Felipe Xo Quib arrantzalea. Meatzaritza enpresako langile bati egotzi diote hilketa Arrantzaleen Gremiotik. Bi arrantzaleen alargunak bilkuran daude, haurrak magalean. “Emakume hauei nork emango die kalte-ordaina? Haurrak nola aterako dituzte aurrera?”. “Justizia” galdegin dute arrantzaleek.

Kontsultarako eskubidea urratu zaiela salatu dute arrantzaleek, meategiaren kontsulta ez baitzen aldez aurretik, askatasunez eta informatuta egin. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria
Kontsultarako eskubidea, urratuta

Bi eskaera nagusi dituzte Arrantzaleen Gremioko kideek: giza eskubide urraketak eta Solwayren jarduna ikertzea, eta kontsultarako legezko eskubidea behar bezala betearaztea. “Asmo oneko” kontsultarako eskubidea da maia herrien aldarrikapen nagusietako bat. Horren arabera, lurraldean makroproiektu bat ezartzeko baimena eman aurretik, estatuak jatorrizko herriei kontsulta egin behar die, aurretikoa, askea eta informatua izan behar dena. Guatemalan bi tresna dituzte hori bermatzen dela exijitzeko, gobernuak onartu dituenak: Nazioarteko Lan Erakundearen 169. hitzarmena, herri indigenei buruzkoa, 1996ko Bake Akordioetan sinatua; eta NBEren Herri Indigenen Eskubideen Adierazpena, 2007an gobernuak onetsitakoa.

Boterekeria erabilita, beldurrez, antsietatez, mesfidantzaz eta babesgabetasunez bizitzera kondenatu dituzte El Estorreko komunitateak

Arrantzaleen Gremiotik ziurtatzen dute “asmo oneko kontsulta” eginez gero, emaitza onartuko luketela. Baina ez da halakorik egon El Estorren eta Izabalgo beste komunitateetan. Fenix meategiari buruzko kontsulta egin, egin zuten 2021ean, baina ez zen legezkoa izan, 2022ko apirilean Guatemalako Konstituzio Gorteak ebatzi zuenez. Epaiak zioen enpresak jarduna gelditu behar zuela berriro kontsulta egin arte, baina ez dago datarik horretarako. Cristobal Pop Arrantzaleen Gremioko presidentea preso egon zen lakuaren defentsa egiteagatik, eta hark salatu duenez, 2021ekoa “ez zen kontsulta izan”: “Komunitateek ez genuen meategia jartzeko baimenik eman, galdeketak ez zuen ez informaziorik ez askatasunik”. Izan ere, arrantzaleek ohartarazi digute kontsulta egin zuten unean setio-egoera zegoela El Estorren, eta enpresak eroskeria baliatu zuela aldeko botoak eskuratzeko.

Herrian bizi duten tentsioaren beste arrazoietako bat horixe da, herritarren artean gatazkak eta bandoak piztu dituela meategiak. Batzuek meategia defendatzeko manifestazioa ere egin izan dute. Antzinako Autoritateen –herri indigenen antolakunde eta autogobernua– liderrak dira bilkuran elkartutako arrantzaleak, eta haiek diotenez, herri indigenen ordezkariak biltzen dituen COCODE antolakundeak –alkate laguntzaileak–, meategiaren alde dagoenak, haiek baztertzen ditu. Ziurtatu dutenez, batzuek lehen pertsonan bizi izan dute alkate laguntzaile izan eta eroskeria jasatea, baina horri uko eginda, orain, antzinako autoritate gisa, baztertuta sentitzen dira. 2021eko kontsultan, esaterako, COCODE jakin batzuk deitu zituzten galdeketara, eta antzinako autoritateak kanpo utzi zituzten. “Pena sentitzen dugu alkate laguntzaileek beren buruak saltzen dituztelako. Indigenok ez dugu pobrezia saldu behar”. Beste batek, alboko lakuari eta lur emankorrei begira, zera gehitu du: “Pobreak garela esaten digute, baina begiratu hau guztia, dena aberastasuna da”.

Pedro Cuc, Chapin Abajoko lider indigena kriminalizatua: “Nahi dugun bakarra da gure ondorengoei bizitzeko moduko lurra eta balioak eman”. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria
Kendutakoa berreskuratzeko borroka

Cristobal Pop eta Juan Bautista Gremioko arrantzaleek gidatuta, txalupan gurutzatu dugu Izabal lakua eta Chapin Abajo komunitatera heldu gara, ordubeteko bidaian, txalupako motor zaharrak ahalbidetzen duen abiaduran. Ur-ertzera gerturatutakoan, usain arraro bat sumatu dugu. “NaturAceitesen zentralaren usaina da, palma olioarena”, ziurtatu digu Juan Bautista kazetariak. Komunitate hori bakartuta dago, ezin baitira bertatik irten, hainbat kide kriminalizatuta daudelako eta atxilotze aginduak dituztelako, palma plantazioen inposizioen aurka borrokatzeagatik.

Halere, “kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aurka” antolatuta dagoen komunitate bat topatu dugu, Pedro Cuc lider indigenaren azalpenek argi utzi digutenez. Besteak beste, palma enpresak kontsultarik egin gabe hartutako lurren erdia berreskuratu dute, euren kabuz palmondoak moztu eta uzta dibertsifikatuta. Urtebete bada horretan dabiltzala, baina dolua pasatzen ari dira oraindik: indar polizialez inguratuta daude, eta haien errepresio latza jasan zuten, heldu zein haurren aurka erabili zuten indarkeria. Halere, itxaropentsu daude, beraien lana betetzeko borrokan: “Nahi dugun bakarra da gure ondorengoei bizitzeko moduko lurra eta balioak eman”.

Izabal lakuko Chapin Abajo komunitatean NaturAceites enpresaren palmondo batzuk moztu eta uzta dibertsifikatua ezarri dute, lapurtutako lurren erdia berreskuratuta. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria
Komunitateen ahotsak zentsuratzeko saiakera

Eguzkiaren irteerarekin hasten dira arrantzaleak lanean, eta hala dabiltza oraingoan ere, aurreko gauean bota duten “atarraia” sareak biltzen. Zortea lagun, gizon horietako askoren emazteek hondartzan edo merkatuan salduko dute sarean harrapatutakoa, harik eta haurren zaintza lanek oztopatzen ez dieten arte.

Juan Bautista kazetariaren aita da, hain zuzen, txalupako gidari Bautista arrantzalea ere. Kazetaria haren laguntzaile gisa ibili zen bost urtez, eta legez kanpoko arrantzari buruz informatzen eta salatzen hasi zen garai hartan. Arrantzale artisauak dira, oro har, El Estorren, eta gurean hain ohikoa den arrantza industrialetik oso urrun daude. Bautista semeak ikusi zuen arrantzale tradizionalek ahotsa behar zutela, eta sare sozialetan aurkitu zuen aldarrikapenerako bidea. “Ni ez naiz kazetaritzan lizentziatua, baina kazetari komunitarioa naiz”, zehaztu du Prensa Comunitariako kolaboratzaileak.

Juan Bautista arrantzalea erresistentziako kidea. Semea laguntzaile izan zuen bost urtez, baina El Estorreko egoeraren berri emateko "beharrak" bultzatuta kazetaritzan hasi zen. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Larrutik ordaindu du kazetari komunitarioa izatea, alegia, komunitateen bozgorailua izatea. 2017ko meategiaren aurkako protestei jarraipena egiteagatik hainbat kazetari komunitario enpresaren jo-puntuan jarri ziren, eta ihes egin behar izan zuten. Bautista oraindik ez zen kazetaria, baina “herritarrak informatzera behartuta” sentitu zuen bere burua, eta Prensa Comunitariarentzat lanean hasi zen El Estorretik. 2021ean errepresio bortitza egin zuen enpresak, estatuaren indar armatuek lagunduta, errepidea blokeatu zuten lurren defendatzaileen aurka, eta Bautistak horren berri eman zuen. Informatzearen erantzuna hauxe izan zen: bere etxera sartu ziren, atxikita izan zuten sei orduz, material elektronikoa kendu zioten... Jarraian 45 egunez ihes eginda egon zen, bere “bizitza babesteko”, eta itzulitakoan topatu zuen haren bi urteko haurraren ama eta orduko bikotekidea zena ere kazetariaren aurka jartzea lortu zutela, “eroskeria baliatuta”.

Orain bera bakarrik da kazetari komunitarioa herrian, eta kritikatu du autoritateek zailtasunak jartzen dizkiotela lan egiteko, eta informazioa ukatzen diotela. Dena den, komunitateen esker onak aurrera egiteko motibatzen du, eta argi du lan honetan “bururaino” jarraituko duela: “Nire kontrako pertsekuzioa eta seinalamendua ditut, beldurra izaten dut etxetik sartu-irtenak egiterakoan, baina ez naiz nire herritik mugitu. Zeren, ni joaten banaiz, nork egingo du kazetaritza?”. Adierazpen askatasunaren defentsan, hainbat tailer ematen ari da inguruko komunitateetan, herritarrak ahaldundu eta ikas dezaten gertatutakoa independenteki kontatzen, kazetarien zain egon gabe.

“Pertsekuzioa eta seinalamendua ditut, baina ez naiz El Estorretik mugitu. Ni joaten banaiz, nork egingo du kazetaritza?”, Juan Bautista Xol, Prensa Comunitariako kazetaria. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria

Bautistaren gurasoek bere lana babesten dute, eta horrek ere laguntzen dio amore ez emateko: “Nire gurasoak lurraldearen erresistentziaren parte dira, eta eurei esker nago hemen. Ez dut utziko, agian lortuko dute noizbait ni zentsuratzea, baina nire kabuz ez diot utziko El Estorreko errealitatea kontatzeari”.

Proiektu estraktibisten gehiegikerien informazioa itsasoz bestaldera iristeko, haizea aurka izan ohi dugu. Kontrara, palma eta meatzaritza zentraletatik ateratako olio eta nikelari ateak irekitzen dizkie Europak, eta Izabaleko Puerto Barrios herritik ateratzen diren itsasontzi kargatuei harrera egiten diete gure enpresa eta denda erraldoiek.

Prensa Comunitariako kazetariak. Herri indigenei eta lurren defentsan ari direnei ahotsa ematen dieten bakarrenetakoak dira Guatemalan. Argazkia: Eddy Zeta / Prensa Comunitaria
Kazetaritza ez da delitua

Interes publikokoak diren –edo izan beharko luketen– gaiei buruz informatzeko oztopoak daudela frogatu dute giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren defentsan aritzen diren Ameriketako hainbat erakundek, azterlan batean, zazpi herrialde hauetan zentratuta: Mexiko, El Salvador, Guatemala, Argentina, Brasil, Kolonbia eta Nikaragua. Azterlanean hartu du parte Guatemalako Prensa Comunitariak, eta azaroaren 30ean kazetarien eguna izan denez herrialdean, hori aldarrikatzeko probestu dute.

Gobernuek hainbat taktika baliatzen dituzte kazetariak isilarazteko, txostenean identifikatuta geratu denez. Erabiliena, mundu mailan ere aski usatua, kazetaritza desprestigiatzeko mezu desitxuratuak sare sozialetan hedatzean datza. Ofizioa bera baino, kazetari norbanakoak ipintzen dira jo puntuan, eta horiek iraintzen eta seinalatzen dituzte sare sozialetan; askotan, Guatemalan eta El Salvadorren frogatu den gisara, gobernuak berak sortu ditu kontu faltsuak presioak egiteko. Seinalamendu horietako asko heriotza-mehatxuak izan dira, eta horregatik, zenbait komunikabide edota kazetari ezkutatu egin izan dira.

Zenbait kasutan, epaitegietara iritsi eta auzitan jarri izan da adierazpen askatasuna. Edonola ere, epaiketara iriste hutsak suposa dezakeen diru-kantitatea hain da handia, horixe dela kazetariak isilarazteko modu esanguratsuenetako bat.

Harago joan eta kontrol soziala ere baliatu dute aipaturiko estatuek. Espioitza-programen bidez, esaterako. El Salvadorreko gobernuak 35 kazetariren mugikorrak zituen atzemanak 2020an.

Prensa Comunitaria bezalako hedabide independenteen lana funtsezkoa dela berretsi dugu Guatemalan, eta ARGIAn ere jarraitzen dugu defendatzen kazetaritza ez dela delitua, ezta kriminalizatzeko arrazoia ere.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guatemala
Milvian Aspuac. Bizitzaren sarean
“Maia herrian jakinduria handia dago, ezinbestekoa dugu hori berreskuratzea eta mamitzea”

Maia herriarentzat kontzeptu garrantzitsua da Utz K’aslemal delakoa: “osotasunean bizitzea” izan liteke horren itzulpen bat. Kosmobisio horretatik mintzo da Milvian Aspuac ehule eta buruzagia. Urrian Euskal Herrian izan zen, eta bere komunitateko emakumeek egin... [+]


Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok

Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.


2023-12-28 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak

Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Guatemalako presidente hautatuaren alderdia inhabilitatu dute

Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.


2023-08-21 | Ilargi Manzanares
Movimiento Semilla alderdi progresistak irabazi ditu Guatemalako hauteskundeak

Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.


2023-06-30 | Axier Lopez
Ez gaituzte ezagutzen

Mendebaldeko multinazional batek “hirugarren mundutzat” hartzen duen lurralde bateko aberastasun naturalak ustiatzen ditu masiboki. Enpresarentzat dirutza, han bizi direnentzat kutsadura eta askotariko arazoak. Zenbat aldiz entzun dugu istorio hau? Oraingoan ordea,... [+]


2023-06-22
Zein dago Solway multinazionalaren atzean?

Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]


2023-06-20 | ARGIA
Mugarik Gabe
“Solway-ren erasoa adierazpen askatasunaren kontrakoa da, planifikatutako larderia estrategia baten parte”

35 urteko ibilbidea duen Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen eskutik etorri zen Guatemalako Prensa Comunitariako kazetari Paolina Albani Euskal Herrira. ARGIAk egin zion elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio ARGIAri Solway multinazionalak... [+]


Sei urteko kartzela zigorra ustelkeria azaleratzen duen Zamora kazetari guatemalarrari

Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da. Iazko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta... [+]


2023-04-26 | Leire Artola Arin
Paolina Albani, kazetaria
“Organizazio kriminal gisa jokatzen ari da meatzaritza enpresa”

Guatemalarra da Paolina Albani. 33 urte ditu, eta 2021etik Prensa Comunitaria hedabide digitalean kolaboratzen du. Buru-belarri dabil nazioarteko Mining Secrets azterlanarekin: 8 milioi dokumentuko filtrazio bati esker, herrialdeko lakurik handiena kutsatu zuen meatzaritza... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Guatemalako Kongresuak atzera bota du abortua are gehiago zigortu nahi zuen legea

Martxoaren 8an legearen alde bozkatu zuten, baina presio sozialaren ondorioz martxoaren 15ean artxibatzea erabaki dute. Abortatzeagatik kartzela zigorrak handitu eta eskoletan sexu-aniztasuna irakastea debekatu nahi zuten.


Eguneraketa berriak daude