Abenduaren 14an etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, etxebizitza sindikatu nagusiek deituta. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzera dei egin dute. Ane Salvador (Etxebizitza Sindikatuen Sareak) eta Karla Pisano (Etxebizitza Sindikatu Sozialista) egungo koiunturaren inguruan aritu zaizkigu. Soldata erreala jaisten ari den honetan, langileriaren pobretze orokortua gertatzen ari dela salatu dute.
Euskal Herriko etxebizitzen bataz besteko alokairua ia 800 eurokoa da, soldataren erdia edo gehiago da hori askorentzat. Zer ondorio dakartza horrek?
Karla Pisano (Etxebizitza Sindikatu Sozialista): Pobretze prozesu orokortua da ondorioa, langile klase osoa pobretzen ari dela ikusten ari gara. Nire ustez, garrantzitsua da kausa bera aztertzea; mugimendu espekulatibo zabala dagoelako etxebizitzaren merkatuari bideratuta. Horrek igo egiten ditu prezioak, eta etxebizitza bateko sarbiderako aukerak murriztu.
Euskal Herriko alokairuen prezioa nabarmen igo da azken urteetan, soldatek ordea ez dute gorakada hori izan.
Ane Salvador (Etxebizitza Sindikatuen Sarea): Langile klase osoaren pobretzearen kausa potoloenetako bat etxebizitza da. Duela urte batzuk, langile klase geruza bat honetaz nolabait libratzen zela ikusten genuen, baina gaur egun horren handia da arazoa, non orokorra bihurtu den. Guztiontzat da arazoa, baina lehenagotik okerrago zeudenentzat tragedia bihurtu da. Kate horren azken katebegia da langileria prekarizatuena, etxebizitzarako sarbiderik ez duena, kalean bizi dena eta hil egiten dena.
Administrazio publikoek auzi honi erantzuteko zenbait neurri aplikatzen dituzte, horietako bat da alokairu soziala.
K. Pisano: Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, ikusten dugu etxebizitza soziala ez dela inondik inora ere konponbidea, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, estatuaren menpeko kudeaketa izateak ere ez duelako bermatzen etxebizitzarako eskubide unibertsala. Ikusten da etxebizitza sozialak ez direla oasi bat, horietan ere gertatzen direla etxegabetzeak, eta batez ere abusuzko praktikak, inpunitate are handiagoarekin. Horren adierazle dira etxebizitza sindikatuetara egunero datozen kasuak.
Bestetik, etxebizitzaren gainean dagoen kezka soziala negozioa bera indartzeko erabiltzen ari direlako. Etxebizitza sozialen eskaintza handitzean, populazioa gero eta pobreagoa izango dela onartzen ari gara; eta eraikuntzako enpresei konpetentziak ematen zaizkie etxebizitza sozialak eraikitzeko, negozioa are eta gehiago handituta.
A. Salvador: Gehitzeko, esan alokairu sozialentzako sarbidea izugarri zaila dela, baldintzak oso zorrotzak direla eta ez dela iristen geruza zabal batengana. Etxebizitza Sindikatuen Saretik ez dugu uste alokairu sozialeko etxebizitzak arazoaren azken konponbide direnik, baina bai alokairu sozialen handitzeak neurri batean herritar multzo baten baldintzak hobetu ditzakeela. Hau diogu jakinda instituzioak ez direla etxebizitzaren arazoaren konponbide, arazoaren parte baizik.
"Arazoa ez da eskaintza falta, etxebizitzarako sarbide falta baizik".
Ane Salvador
Etxegabetzeak aipatu dituzue, kopuruak gora egiten jarraitzen du, zein alternartiba eskaini beharko lirateke?
A. Salvador: Pandemiatik hona eta etxebizitza lege berriarekin, etxegabetzeen etetea aplikatu dela saldu digute, baina ez da horrela. Jendea kale gorrian uzten ari dira, funts putreek, inbertsore handiek eta jabe handiek haien jabetza berreskuratu ahal izateko, etxe horiek hutsak mantentzeko edo pisu turistiko bihurtzeko. Eskatzen duguna etxegabetze guztien etetea da.
K. Pisano: Beste bi elementu seinalatuko ditut. Lehenengoa, alternatiben promesa hori etxegabetzeak exekutatu ahal izateko erabiltzen ari dira. Hau da, alternatibatzat hartzen da aterpetxe batean bi aste pasatzea, eta hori nahikoa berme legal da norbait bere etxetik botatzeko. Bestetik, ulertu behar dugu etxegabetze asko negozioa handitu ahal izateko egiten ari direla. Astrabuduan ikusi genuena oso adibide ona da, 7.000 eurorengatik etxe bat husten du enpresak, ondoren 150.000 eurotan edo dena delakoan saltzeko. Gure ustez, etxegabetze guztien suspentsioa aldarrikatu behar da; hor kokatu behar da arreta, eta ez hainbeste alternatiben aferan.
Euskal Herrian 70.000 etxe huts baino gehiago daude, eta bitartean etxe berriak eraikitzen jarraitzen dute. Zer egin beharko litzateke etxe hutsekin?
A. Salvador: Gure ustez arazoa ez da eskaintza falta, etxebizitzarako sarbide falta baizik. Etxebizitza eskuragarririk ez badago, ez da existitzen ez delako, baizik eta etxeak errentagarriagoak direlako hutsik badaude edo pisu turistikoak badira. Gainera, etxebizitza berrien eraikuntza negozioaren zati oso garrantzitsua da, burbuila are eta gehiago elikatzea eta handitzea lortzen baita. Etxeak egonda zentzugabekeria hutsa da berri gehiago eraikitzea, kontua liztateke hutsik eta abandonatuta dauden etxe horiek interbenitzea eta behar dutenei ematea.
K. Pisano: Anek esan bezala, arazoa ez da eskaintza falta, sarbidea baizik. Etxe hutsen inguruan esango nuke, badagoela printzipio bat, behinola alderdi sozialdemokrata erradikalen baitan egon izan dena eta 1980ko hamarkadan aplikatu zena. Hauxe da, etxebizitza arazo bat dagoen bitartean, jendea kalean dagoen bitartean eta etxe hutsak dauden bitartean, okupazioaren despenalizazioa minimo demokratiko moduan onartzea. Gaur inork ez du ordezkatzen hau, eta minimo demokratiko bezala ulertu beharko genuke.
Etxe berri ugari eraikitzen ari da, gehienbat Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean. Erregulatzeko neurririk hartu beharko litzatekeela uste duzue?
A. Salvador: Turistifikazioa da Euskal Herrian dagoen gaitzik handienetako bat, argi eta garbi. Auzi horrek biztanleriaren desplazamentua eta ordezkapena dakartza, eta tendentzia hori Euskal Herri osora zabaltzen ari da. Askotan hitz egiten dugu turismoari buruz zerbait abstraktua izango balitz bezala, eta ez da aipatzen turismoaren atzean nazioarteko kapitala eta industria turistikoa daudela.
K. Pisano: Turistifikazioa etxebizitzaren arazoaren kausetako bat da, baina ez da kausa bakarra, Euskal Herriko jabego egitura hori baino konplexuagoa baita. Bai hutsik dauden etxebizitzak, bai luxura edo turismora bideratzen direnak ere, negozioaren mesedetan daude.
Espainiako etxebizitza legeak zenbaterainoko onura ekar dezakeela uste duzue?
K. Pisano: Izugarrizko triunfalismoz atera dira seinalatzen etxebizitzaren lege honek prezioak jaitsiko dituela, etxegabetzeak geldituko dituela eta abar luze bat. Baina ez ditu etxegabetzeak gelditzen, egunero ditugunek horrela erakusten dute; eta bestetik, lege honek ez ditu prezioak jaisten. Prezioen igoerari muga bat jartzen die, oso baldintza determinatuetan eta batez ere jabe handiei dagokionez. Hau da, igotzen jarraitu dezatela, baina piska bat motelago. Ez du ez hanka ez buru.
Aldarrikatzen dituzuen neurri urgenteen artean dago etxebizitzaren prezio orokorra jaistea. Zein pausu ematea proposatzen duzue hori gauzatzeko?
A. Salvador: Arazoa da orain arte hartu diren neurri guztiak ustez etxebizitzaren eskubidea bermatzeko hartu direla, baina praktikan helburua etxejabeen errenta bermatzea izan dela. Proposatzen duguna da urgentziazko neurri hauek norabide horretan benetan aplikatzea, eta, noski, etxebizitzaren prezioaren jaitsiera orokor bar inposatzea. Nahiz eta jakin ez direla irtenbidea eta ez dutela konponduko etxebizitzaren arazoa.
Etxebizitza eskubide unibertsala izateko zein baldintza bete beharko lirateke?
K. Pisano: Hiru puntutan laburbildu genezake. Bat, etxebizitzaren eskubide unibertsalaz hitz egiten dugunean zer esan nahi dugun argitzea. Uste dugu mundu guztiak eduki beharko lukeela bermea gutxieneko kalitatezko baldintzetan etxebizitza batean bizi ahal izateko, eta modu egonkor batean bizi ahal izateko aukera eta eskubidea. Eskubidea ez baita eskubidea aukerarik ez badago. Bestela ideal hutsala da.
Bi, eskubide hori erreala izan dadin beharrezkoa da bestelako ekonomia baten gestioa. Auzia ez da matematikek ez dutela ematen, baizik eta dauden bitartekoak logika ekonomiko guztiz irrazional baten baitan erabiltzen direla. Irrazionala behar sozialen prespektibatik, guztiz arrazionala etekin ekonomikoen prespektibatik.
Eta hiru, printzipio argi horien baitan mugimendu zabal bat artikulatzea, presioa egiteko eta aldaketa horiek eragiteko.
"Etxebizitza sozialak ez dira oasia, horietan ere ematen dira etxegabetzeak eta abusuzko praktikak".
Karla Pisano
Sindikatu askok deitu duzue manifestazioa.
A.Salvador: Uste dugu garrantzitsua dela mobilizazio hau etxebizitzaren borroka aurrera eramaten dugun subjektu ezberdinen artean deitzea. Gure ustez, eman beharreko urratsa zen, klase ofentsiba baten aurrean gauden honetan oinarri edo puntu amankomun batzuk adostea eta puntu horietan batasuna bilatzea etsaiari aurre egiteko.
K.Pisano: Puntu horiek ahalik eta ezkerrenean jartzea ezinbestekoa izan da. Kasu honetan, fokua etxebizitzaren desmerkantilizazioan eta jabetza pribatuari egin ahal zaion kritikan jarri dugu.
Zergatik da garrantzitsua mobilizatzea?
K. Pisano: Aldaketa erradikalak nahi badira, mugimendu zabal eta erradikalak sortu behar dira. Ez gaitzatela kondenatu petatxuen inguruko eztabaidetara, eta goazen erroko eztabaidara. Goazen esatera erroko zein aldaketa behar diren aldaketa posible izateko eta has gaitezen mugitzen erroko aldaketa horiek sorrarazteko.
A. Salvador: Ezinbestekoa da etxebizitzaren desmerkantilizazioa azpimarratzea, arazoa ez delako etxebizitzaren prezioaren igoera, etxebizitzak prezio bat izatea baizik.
Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
Iaz egin nuen topo lehen aldiz Ander Zangiturekin, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean antolatzen duten Hitzaren Eskolan. Isiltasunaren inguruan aritu ginen, batez ere, hausnarrean. Harrezkeroztik tentu handiagoz erreparatu die haren formei bere ogibidearen mundutik, arkitekturatik... [+]
Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.
Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]
Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]
Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]