Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko moduez, ikasle erosoez, ratioez, ikastetxe publiko eta itunpekoen arteko aldeaz, gurasoen rolaz, dagoen lehiaz... luze eta zabal mintzatu da. Eta garbi du: “Ez da nahikoa eskola-orduetan egiten denarekin”.
“Educación en la Sombra en España” azterketaren arabera, eskola partikularretan ikasle gehien dituen Espainiako Estatuko erkidegoa EAE da.
Ziurrenik, seme-alabak eskola partikularretara bidaltzeko aukera ekonomiko handiagoa dugu hemen, bizi-maila altuxeagoa, beste erkidego batzuekin alderatuta. Iruditzen zait beste lurralde eta familia batzuek, baliabideak izanez gero, bidaliko lituzketela seme-alabak. Beste ikerketa batek dio estatuan EAE dela eskola porrot txikiena duen erkidegoa; agian biak lotuta doaz, akademietara joateko aukera handiagoa izateak eta ikasleei laguntza gehigarri hori eskaintzeak zerikusia izan dezake.
Normala al da hainbeste ikasle joatea eskola partikularretara?
Ulertu behar dugu zergatik datozen hainbeste ikasle eskola partikularretara: batzuk datoz ezin dutelako irakaslearen erritmoa jarraitu; beste batzuek eskolaz kanpoko jardun mordoa dute eta etxean lan egiteko nahikoa denbora ez dutenez, eskola partikularretara datoz azkarrago eta eraginkorrago egiteko; badira kasuak zeintzuetan euskaraz ez dakiten gurasoek ezin dituzten seme-alabak eskolako lanetan lagundu; eta guraso ugari dago segituan larritzen direnak, seme-alabak sufritzen ikusten dituztela-eta karga kentzeko asmoz bidaltzen dituztenak eskola partikularretara. Eta nik ditudan ikasle gehienak daude unibertsitatean sartzeko batez besteko altua eskatzen dietelako eta nota hori eskuratu nahi dutelako, baina asko oso ikasle onak dira, ikasle exijenteak, berez ez dutenak eskola partikularrik behar.
Eta zure galderari zuzenean erantzunez, ez da normala hainbesteko eskaera izatea eskola partikularrek. Batetik, gurasoek normalizatu egin dituzte, seme-alabei erraztasun bat jartzeko, baina ikasle horietako askok ez dituzte behar. Bestetik, egia da errefortzua behar dutenak ere badirela, eta zerbaitek huts egiten duen sintoma da hori.
"Arazoa da izugarri lehiakorrak garela, eta gainera, erritmo eta maila ezberdineko ikasleak erritmo eta talde berean ditugula"
Eta zerk egiten du huts? Irakasleek, curriculumak, ratioek, denbora faltak, gurasoek?
Nik ematen ditudan ikasgaietan zentratuta, batzuei asko kostatzen zaie matematikaren logika harrapatzea, denbora gehiago behar dute eta galdu egiten dira. Irakasle batek 25 ikasle baldin baditu gelan (kontzertatu batzuetan 35-40 ikasleko gelak ere badira, pentsa), eta nagusiki bi erritmo baldin badaude, ikasgaia erraz jarraitzen dutenak eta ezin dutenak jarraitu, zeinek markatu behar du erritmoa? Zeren eskola planteatuta dagoen moduan ez dira bi talde egiten ikasgela barruan, ez dira bi erritmo ezartzen.
Eta bi horietako zeinek markatzen du erritmoa?
Normalean irakasleak berak erritmo bat du buruan ikasturte hasieran, eta ikasturtero erritmo hori eramaten du, egokitzen zaizkion ikasleak egokitzen zaizkiola ere. Ikasle batzuentzat erritmo lasaia izango da eta beste batzuentzat azkarregia. Ikastetxe kontzertatuetan, adibidez, erritmoa, metodoa, oso markatuta dute.
Hara, uste nuen curriculumak lotuago zuela eskola publikoa, eta ikastetxe kontzertatu batzuek malguago jokatzen zutela…
Normalean, ikastetxe kontzertatura sartzen den irakasleak eskola horretan dagoen metodoa, proiektua, jarraitzen du. Irakasle oso ona bazara, metodo horri probetxua aterako diozu; eta oso abila ez bazara, proiektu horrek markatzen dituen pautak bere horretan segituko dituzu, aurrean dituzun ikasleez asko arduratu gabe, eta pentsatuko duzu, “behar duen ikasle horri jarriko diote gero laguntza eskolaz kanpo”. Eskola publikoan aldiz, ez dute zertan metodologia edo proiektu bat jarraitu; ikastetxera sartzen den irakasle berriak erabaki dezake eskola horretan aurrez prestatuta dagoen materiala (baldin badago) segitzea, edo erabaki dezake bestelako molde bat segitzea, materiala desegokitzat, zaharkitutzat… jotzen badu. Kontuak kontu, publiko nahiz kontzertatu, irakasleak berak duen erakusteko metodo eta erritmoetara moldatu behar dugu eskola partikularretan, aldiro.
Ikastetxe publiko eta itunpekoez ari garela, ezberdina al da batetik eta bestetik datozkizun ikasleen demanda eta exijentzia maila?
Eskola publikoko ikasle gehiago etortzen zaizkit, eta kuriosoa da, ratioak txikiagoak izan ohi direlako. Publikoan, ikasleak lan gehiago egin behar izaten du bere kontura, Batxilerrean behintzat autonomia handiagoa eskatzen zaie, askeago uzten dituzte eta informazio gehiago eskuratu behar dute beren kabuz; itunpekoetan aldiz, apunteak, ariketak eta pautak markatuago daude, eta galtzeko arrisku gutxi izaten dute. Curriculum beraren bueltan, mamituago jaso ohi dituzte gauzak.
"Gurasoek eskola partikularrak normalizatu dituzte, seme-alabei erraztasun bat jartzeko, baina ikasle horietako askok ez dituzte behar"
“Behar duen ikasle horri jarriko diote gero laguntza eskolaz kanpo”. Irakaskuntza azpikontratatzen ari gara?
Gizarteak horrela funtzionatzen du: are, egin dezakegun hori ere azpikontratatzen dugu, errazago eta erosoago egiteko, denbora libre gehiago izateko, eta ahalegin txikiagoak gainera frustrazio txikiagoa dakarrelako. Zergatik diodan hori? Eskola partikularrak ematen hasi nintzenean, ez zegoen Internetik, eta ikaslea irakaslearen azalpenetan galtzen bazen, zentzua zuen eskola partikularrak behar izatea. Gaur egun, sarean bideo-tutorial mordoa dago, irakasleak azaldutako hori berriz ere primeran azaltzen dutenak, edo irakasleak berak azalpenak igotzen ditu gelan erabiltzen duten plataformara, behar duenak berriz jaso dezan azalpena, baina ikasleak eskola partikularrera etortzen dira eta onartzen didate ez direla jarri bideo hori ikusten; autonomia eta ahalegin hori falta zaie, erosoagoa da eskola partikularretan egitea, eta Batxilergoko ikasleez ari naiz.
Eskola partikularretan erosoagoa eta errazagoa da beraz.
Hezkuntzan nabarmen huts egiten duena ratioak dira, nik zortzi ikasleko taldeak ditut eta primeran iristen naiz denengana, badakit non eta zergatik egiten duen huts ikasle batek, zein sentsibilitate duen eta nola zuzendu behar naizen berarengana. Eta hain justu, irakasle on bat izatea ez da bakarrik materia ongi ematen jakitea, baizik eta nori ematen diozun oso kontuan izatea, ikasle horren atzean faktore pila bat daudelako, eta irakasle on batek horiek guztiak harrapatu beharko lituzke. Izan kontuan nerabeez ari garela eta buru nahasmen kasu asko dagoela; ratioek ez badiote uzten irakasleari horretan guztian zentratzen, arazoa hor ere badago.
Ratioak aipatu dituzu. Huts egiten duten faktoreen artean zerrendatu dut galderan.
Eta ez da faktore bakarra. Curriculuma ere aipatu duzu zerrendan, bada, curriculumetan begiratu beharko litzateke nork behar duen horrenbeste eta nork ez, eta horren arabera moldatu. Adibide bat: gaur egun, DBHko ikasleek Matematika derrigorrezko ikasgaia dute eta gehiago sakondu nahi dutenentzat Matematika Lantegia dago hautazko gisa. Baina derrigorrezko ikasgaiak maila hori izan behar du? Alderantziz egingo bagenu? Zergatik ez jarri Matematika Lantegia derrigorrezko, DBH 3 eta 4. mailan, batez ere matematikaren kontzeptuak barneratzeko eta proiektuen bidez matematika apur bat lantzeko; eta gehiago nahi eta behar duenarentzat hautazkoa izatea maila handiagoko matematika? Zertarako exijitu halako matematika maila, gero zientzietatik joko ez duen ikasleari?
Segi dezagun huts egiten duten faktoreen zerrendarekin. Zein da gurasoen rola? Ez al liekete seme-alabei eurek lagundu behar ikasketekin?
Gurasook ez ditugu gure seme-alabak sufritzen ikusi nahi, eta bizilagunari entzun badiogu seme-alaba akademian duenetik askoz lasaiago dabilela eta etxean liskarrak gutxitu direla, probatu egingo dugu, eta funtzionatzen duenez, hurrengo urteetan ere akademian segituko du seme-alabak. Funtzionatuko ez du ba, arreta pertsonalizatua bermatuta baldin badugu partikularretan.
Guraso batek etxean egin behar al duen lan hori? Nire iritzia da ezetz, gurasoen rola ez dela seme-alabei materia erakustea, baina bai haiengan interesa piztea eta ikasten duenaren beharra eta garrantzia (edo ez) helaraztea. Hori bai, seme-alabei emandako mezua ez dadila izan “akademiara joan eta etxerako lanak gainetik kendu”, ohitu daitezela etxean lanak egiten eta errepikatzen, zeren matematikako kontzeptuak behar bezala barneratzeko, ez da nahikoa eskola-orduetan egiten denarekin.
Eztabaida sortzen duen gaia jarri berri duzu mahai-gainean: “Ez da nahikoa eskola-orduetan egiten denarekin”.
Nik daramatzadan gaietan, matematika, fisika eta kimikan, garbi daukat eskolako lanketarekin etxean jarraitzea beharrezkoa dela, mekanika on bat hartzeko. Buru batzuek di-da egingo dituzte lan horiek eta ez die lan-kargarik suposatuko, eta beste batzuentzat lan-karga izugarria izango da. Baina liburu bat irakurri eta horri buruzko lan bat egitea ere izugarrizko lan-karga izango da batzuentzat, eta eskolan ezin dizkiozu hilabete oso bateko Euskara orduak eskaini liburu bat irakurtzeari, etxean egin beharreko zerbait da.
"Curriculumetan begiratu beharko litzateke nork behar duen horrenbeste eta nork ez, eta horren arabera moldatu. Zertarako exijitu halako matematika maila, gero zientzietatik joko ez duen ikasleari?"
Orduan, arazoa da ikasgai ezberdinetatik etxerako lan asko pilatzen denean?
Horixe bera. Irakasleen artean ez badute hitz egiten, arazo hori sortzen da, eta egun berean hiruzpalau lan pilatu ahal zaizkie ikasleei. Hori esanda, ikasleek dramatizatzeko joera handia dute, etxean are gehiago, eta gurasook badakigu edo jakin beharko genuke zenbateraino sinetsi behar diegun gure seme-alabei.
Gainera, huts egiten duten faktoreez galdetu didazu eta aipatu duzun zerrendan bat falta zaizu: ikasleak. Ikasleek erosotasuna bilatzen dutela iruditzen zait, “gaur, orain eta ahalik eta errazen” gizartea sortu dugulako. Produkziora erabat bideratutako gure gizartean, non gure seme-alabek eskolaz kanpoko jardueraz josita dituzten arratsaldeak, ez daude prest lehen aipaturiko bideo-tutorialak ikusteko, azkarrago eta errazago egingo dutelako Aitziberrekin, eskola partikularrean. Erosotasun horretatik atera behar ditugu gazteak. Etxean zergatik ez duten ikasten? Akademian egingo dutelako, hori garbi daukat.
Itxiko dugu huts egiten duten faktoreen zerrenda?
Irakasleekin itxiko dugu. Irakasle ona edo ez izatea faktore garrantzitsua da. Adibide bat jarriko dizut: badago DBHn irakasle bat, azalpen guztiak zoragarri ematen dituena, ikasleek primeran ulertzen diote, baina etxerako lan pila bat bidaltzen ditu, eta berak lana hartzen du etxerako lan horiek guztiak zuzendu eta banan-banan ikasle bakoitzari oharrak jartzeko. Exijentzia maila, ordea, oso altua du azterketetan, eta ikasgela batean beharbada lauzpabostek baino ez dute gaindituko. Bada, horrek esan nahi du ez dela irakasle ona, emaitzak horiek baldin badira zerbait huts egiten ari dela konturatu behar duzu, azterketaren exijentzia maila edo zuzentzeko modua berrikusi behar duzula.
Beste adibide bat: matematikan, emaitza berera iritsi zaitezke bide ezberdin askotatik, eta badira irakasleak (Batxilerraz ari naiz) beren metodoarekin ez bada ez dakitenak beste metodo batekin egiten, eta nik, errazagoa edo ulerterrazagoa delakoan ikasleei beste metodo batekin egiten azaldu badiet, irakaslea ez dago seguru ongi eginda dagoen ala ez, emaitza ongi egon arren. Bada, irakasle hori ez da irakasle ona.
Eta azkenik, irakasleak jakin behar du ardura handiko lana duela, gazte batzuen etorkizuna, autoestimua, etxeko giroa… dutela esku artean, eta askok ez du horren kontzientzia. Psikologia asko behar da irakasle izateko, eta elkarlanean jardun beharko luke bere ikasleen gurasoekin eta eskola partikularrak ematen dizkiegunekin.
Baduzu zuk halako harremanik? Bildu izan zara zurera doazen gazteen irakasleekin?
Bai, gurasoak irakaslearekin biltzera doazenean ni ere eraman izan naute, adibidez ikasle batek egindako azterketa ikusi eta zergatik ez duen gainditu ulertu ez dudanetan. Eta irakasleen azalpenekin hobeto ulertu izan ditut beraien erabakiak, nik ez dakidalako, besteak beste, eskolan nolako jarrera duen ikasleak. Dena den, irakasleak dioena ere bere bertsioa da. Kontuak kontu, normalean oso ongi tratatu naute eta adostasunen bat lortu izan dugu, joan naizenetan beti izan delako benetan laguntza behar duen ikasle batengatik. Irakasleak, esaterako, curriculumaren exijentziekin malguago jokatu eta esaten dit: “Ikasle honi ikusten badiot hobekuntza halako honetan, eta kontzeptu honetara eta honetara iristen bada, balekotzat emango diot”.
Eskolan ematen den horretatik –eta zurekin lantzen duten horretatik– azterketan galdetzen denera alde handia dago?
Ez, klasean ematen dituzten ariketa antzekoak dira azterketetakoak. Klasean hasten dira ariketa sinpleekin, gero konplikatzen joaten dira, eta azterketan bietatik aurki daitezke, ariketa sinpleagoak azterketa gainditzeko, eta ariketa konplikatuagoak nota altuagoa lortzeko. Arazoa ez da azterketa, nola zuzentzen den baizik, zenbateko garrantzia ematen zaion akats matematiko bati eta zenbateraino zigortzen duen hori irakasleak.
Aukera bat da ikaslearen arabera ezberdin zuzentzea, baina hori ere arazo-iturri izaten da. Mutiko bat daukat, oso bizkorra, zeinari ariketa bat akats gisa zuzendu dion irakasleak, baina ariketa berdin eginda duen ikaskideari ontzat eman dion. Azaldu diot irakasleak hori egin duela badakielako hobeto egin dezakeela eta adierazi nahi diolako hori kontuan hartzen badu asko mejoratu dezakeela etorkizunera begira, inoiz ez diola horregatik suspendituko; are gehiago, mutikoak nota ona atera du eta ikaskideak aldiz ez du gainditu, baina berdin dio, bidegabea dela eta haserre dago, batez ere bere gurasoek ere bidegabea dela esaten dutelako. Arazoa da izugarri lehiakorrak garela, eta gainera, lehen nioenaren haritik, erritmo eta maila ezberdineko ikasleak erritmo eta talde berean ditugula batera.
Sarri sozioekonomikoki egoera zailenean daudenek dute errefortzurako eta eskola partikularretarako behar handiena.
Eta etxe guztietan ez dute aukera hori. Normalean, astean bi orduz ditut ikasleak. Bada, bi ahizpa izan nituen eta ordu batean ahizpetako bat etortzen zen eta bestean bestea, bien artean kuota bakarra ordaintzeko. Zaharrenak laguntza gehiago behar zuenez, gazteena atera zuten eta gurasoek eskatu zidaten saiatzeko alaba zaharrenak maila on bat lor zezan, gero hark lagunduko ziola txikiari etxean. Eta nahiko ongi funtzionatzen ari dira horrela, berrasmatzea ere egokitzen zaio hainbat familiari. Halakoetan, etxean dituzten dinamika eta baloreak antzematen dira: anai-arreba zaharrena txikienari laguntzen ez duzu ikusten etxe askotan, haserretzen direla edo hori ez dagokiola arrazoituta, baina izan daiteke rol polit askoa elkar laguntzea etxean.
Diruaz ari garela, ezin utzi aipatu gabe ingelesak mugitzen duen negozio itzela, akademia eta eskola patikularretan.
2-3 urteko umeak ingeleseko akademietara joaten dira, propagandak barneratuarazi digulako haurrak adin horretan ez badu belarria lantzen jarri, jai duela ingelesarekin. Honen guztiaren atzean dago, baita ere, titulua eskuratu nahia: guraso askok uste du, seme-alabak 15-16 urterako First titulua ez badu, oso atzera geratuko dela. Pentsa, seme-alabak ingelesarekin zailtasunak izango ote dituen jakin aurretik ere hasten dira akademian; hain prebentiboak izan behar dugu? Hainbesteko garrantzia du titulu hori lortzeak? Zergatik ez ditugu berdin prestatzen euskarazko titulua lortzeko, jakinik C1 gaitasun maila eskuratu ezinik dabilela gazte asko?
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debeku bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]