“Jakin nahi dut nola deseraiki daitekeen euskararen aurreko indiferentzia”

  • 2022an egin nuen topo Cristinarekin lehen aldiz, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan proiektuaren baitan. Nafarroa Garaiko errealitate soziopolitikoaren ordezkari-edo ginen zortzi gazte elkartu eta batzen eta bereizten gaituzten aferez aritu ginen eztabaidan. Cristinarengandik ikasi nuen gehien egun haietan.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA
Cristina Osés Zudaire (Azkoien, 1994)

Oso familia politizatuan hezia, A ereduan matrikulatu zuten gurasoek herriko eskolan. 18 urte zituela etorri zen Iruñera, NUPen Soziologiako gradua egitera. Partaidetza eta Komunitate Garapena masterra egin zuen gero EHUn eta egun gizarte-ikerketan eta proiektu teknikari dabil Innicia elkartean. Orain arteko bizitzaren zati handia eskaini dio jardun militanteari, izan komunismoaren edo feminismoaren bueltan, edota euskarari beranduago.

Nondik heldu zara hona?
Gure etxea oso etxe politiko eta militantea izan da beti. 18 urterekin Azkoiendik Iruñera etorri nintzenean, energia eta interes hori guztia modu askotan bideratzeko aukera suertatu zitzaidan. Testuinguru militantean hezi izanak ardurak era altruista batean hartzeko eta bizitza proiektu politikoei eta sozialei lotzeko gogoa eman dizkit.

Modu diferentetan bideratu nuen energia hori unibertsitate garaian: egon nintzen ikasle mugimenduan sartuta, estatu mailan koordinatu nintzen, heldu ziren ere mugimendu feministaren grebak… Ulertzen dut beste gazte batzuek euren energia garapen kulturalari edo artistikoari lotutako proiektuetan jarri izana, baina nik kalean egon nahi nuen.

Kulturalagoa zen nik euskararen inguruan ezagutzen nuen militantzia, Azkoiengoa: Olentzero Elkartearen bueltako jendea eta seme-alabak A ereduan matrikulatuak zituzten gurasoak. Nik ez nuen nire burua euskaltzaletzat, ez nekielako zer zen euskaltzale izatea. Baina sentitzen nuen euskararen aldeko edozein aldarrikapen egiteko zilegitasuna niri ere bazegokidala.

Euskararen aldeko borrokaren nolakotasuna zen hor militatzera motibatzen ez zintuena?
Uste dut nire testuinguruarekin duela lotura gehienbat. Langile klaseko emakume gaztea naiz eta horrek baldintzatu du dena. Euskararen kontua ez nuen lehentasun gisa ulertzen gazteagoa nintzenean, ez nuen sentitzen nire energia guztia horretan emateko auzi gisa.

Beranduago heldu zen mugimendu euskaltzalearekin lotura. NUPen ikaskide izan nuen Jon Zapatak zirikatzen ninduen tarteka gaiarekin eta Euskaltzaleen Topagunetik nirekin harremanetan jarri zenean hasi zen nire euskararekiko berradiskidetze prozesua. Berradiskidetu diot unibertsitatean izan nuen esperientziak sentiarazi zidalako ez nuela borroka horretarako balio, ezin nuela ekarpenik egin ez nekielako euskaraz eta, gainera, ez nintzelako ikasteko ezer egiten ari. Profil batzuen aldetik ez nuen nire burua zilegiztatua ikusten eta paso egitea erabaki nuen.

2021ean Topagunean izandako esperientzia horren ondotik hasi nintzen buruari bueltaka eta ordutik nire bizitzan transbertsala da gaia. Aurten euskaltegian matrikulatzeko hautua egin dut.

"Nik ez nuen nire burua euskaltzaletzat, ez nekielako zer zen euskaltzale izatea. Baina sentitzen nuen euskararen aldeko edozein aldarrikapen egiteko zilegitasuna niri ere bazegokidala"

Zerk motibatzen zaitu egun?
Bere momentuan borroka horretatik aldenarazi ninduen gauzetako bat da gaur egun gehien motibatzen nauena: alderdi kulturala. Euskaraz diren espazio publiko jakin batzuetara sartzeko aukerak motibatzen nau gehien.

Zilegitasunari lotutako beste gauza funtsezko bat ere aipatu nahi dut. Esan dudan bezala, emakumezkoa naiz eta gaztea, eta horrek erabat zeharkatzen nau. Zilegitasun bila nabil uneoro, bizitzaren esparru guztietan. Zilegitasuna eta errekonozimendua. Balioespena, hori da hitza. Gustatuko balitzait ere, ezin dut ukatu.

Euskararen alde agertzen naizen aldiro, inguruan ditudan lagun batzuek “Cris, oso ongi, ekarpen hau beharrezkoa zen”, esaten didate. Eskerrak horiei!

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Nor da zentzu horretan zuretako autoritatea?
Asko pentsatu dut horretan eta ez dut pertsona bat edo beste identifikatua, baina uste dut entitate edo sektore zehatz batzuek erresistentzia handiagoa dutela euskararen komunitatearen irekierari dagokionez. Diskurtsiboki agian.

Eremu ez-euskaldunetan aurrera egiteko urratsei dagokienez, komunitate euskaldunak baino askoz ekarpen gogorragoak egin izan ditut nik. Horren bueltan Euskaltzaleen Topaguneak egindako azken diagnostikoen ondorioetan askoz gogorragoa izanen nintzatekeen, adibidez. Hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean aurrera egin nahi badugu, Erriberako lokatzetara jaitsi behar dugu.

Ea, lokatzetara jaistearena interesatzen zait.
Ez dut lokatzaren kontua nahi bezainbeste garatu oraindik eta sentitzen dut leku guztietan gauza bera ari naizela esaten, baina nire ustez tokian tokiko errealitateari egokitzen zaizkion helburuak finkatu behar dira, inguru sozialari garrantzi handia emanen diotenak, inguru hori baita biharko egunean euskararekiko jarrera bat edo beste hartuko duena. Askotan ezin da hizkuntza eskubideen diskurtsoarekin joan leku guztietara, jendea aspertzen delako. Batzuetan ezta bertako hizkuntza izatearen argudioarekin ere.

Iruñea bada hein batean nafar jendartearen polarizazioaren erakusle. Espazio batzuk batzuenak dira eta beste batzuk besteenak, eta hori errespetatzen da. Baina uste dut bi aldeek ez dutela benetan elkar ezagutzen.

"Euskararen ez alde ez kontra dagoen nafar jendartearen %30arengana jo behar dugu. Ez da posible halako pasioa sortzen duen mugimenduaren aurrean, biztanleriaren horren ehuneko handiak interesik ez izatea"

Errespetu dei al dakioke horri?
Horrela ulertzen du jende batek, baina berez bi esparruetako batek ere ez du benetan bestea ezagutzen. Hemen, bi esparruetakoek dute hezkuntza aldetik, sozialki eta kulturalki garatzeko aukera, eta horri esaten diot nik elkarrekiko errespetua. Hau da, pertsona bakoitzak dituen baldintza eta aukera ekonomikoak dituela, nahi duen norabidean gara dezake bere bizitza, eta hori errealitate bat da [Iruñean].

Badakit euskaldunek oraindik ez dituztela zerbitzu publikoetan euren hizkuntza-eskubideak bermatuta, haur eskolen borroka ere martxan dela… Baina bai komunitate euskaldunak bai erdaldunak ere, badute aukera normalitatearen barruan garatzeko eta minimo batzuk bermatuta izateko.

Elkarbizitzari tiraka, komunitate batekoak dira beste komunitatearen formetara egokitzeko gai. Alderantziz ez.
Nola?

Hizkuntza hautua elebakarrek bakarrik baldintzatzen dute.
Ez naiz horretaz ari. Esan nahi dudana da gure inguru sozialak hezten gaituela eta inguru sozial horrek arau batzuk dituela. Zu inguru euskaldun batean hezi izan bazara baduzu testuinguru kultural, sozial eta militante jakin bat. Eta Elizaren eskola kontzertatu batean ikasi baduzu, beste bat. Nik aipatzen dudana da bakoitzari uzten zaiola ahal duen moduan garatzen. Baina hemen ez da existitzen elkarbizitza arazo erreal bat euskal komunitateak egin ditzakeen salaketa zilegi horiez harago.

Baina, orduan, zentzu horretan elkarbizitza posible egiten dutenak batzuk bakarrik dira.
Bai eta hor beti galduko du euskal komunitateak. Baina euskal komunitatea oso indartsua da hemen eta badu gaitasuna bere egitura propioak garatzeko, izan ere, praktika horiei esker ari da geroz eta gehiago hedatzen.

Kontua da, lokatzarenera itzulita, Erriberan ez direla bi talde horiek existitzen, ez dagoela gaitasunik horietako bat garatzeko. Euskararen alde egiten diren planteamendu batzuk entzuten ditudanean iruditzen zait egiten direla tokian tokiko errealitateak kontuan hartu gabe.

Bi komunitate hauen arteko talka dagoenean, babes instituzionalaz ari bagara, beti aterako da galtzaile euskalduna. Baina Iruñean euskal komunitatea oso harro dago eta oso indartsua eta aldarrikatzailea da. Hori da Erriberan hauspotu behar dena. Beste leku batzuetan euskal komunitateak garatzeko eta bere azpiegitura propioak sortzeko duen gaitasuna, Erriberan ez da izanen 40 urte barrura arte.

Horregatik exijitzen zaie instituzioei.
Bai, ulertzen dut. Baina lehentasunez mintzo garenean, nik ezin dut permititu Erriberako biztanleriaren euskalduntze prozesua konfrontazio linguistiko gisa hautemana izatea.

Noski, noski.
[Barreak]. Nik zera uste dut: ni lau urtetan gai banaiz euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko, egon nahi dudan espazioetan egon ahal izateko eta lortu nahi dudan zilegitasuna lortzeko, egin beharrekoa egina dut. Niretzat hizkuntzaz aldatzea ez da sekula arazoa izanen, ez dut inoiz bizi izan printzipio batzuei uko egin behar izatearen sentsaziotik. Kontua da diskurtso hori nire herrira eramatea izugarri konplexua egiten zaidala.

Erriberako lokatzetara jaistearena nondik egin behar da, bide emozionaletik ala hizkuntza eskubideetatik?
Nire ustez biak behar dira. Ez dago botoi magikorik. Begira, Iruñeko Laba elkarteak migratzaileekin duen proiektuarekin enpatia handia sentitu nuen. Iltzatuta geratu zitzaidan elkartearen izenean Yasmine Khrisek bota zuen esaldi bat: “Guk transmititu nahi dugu Iruñea Pamplona baino dibertigarriagoa dela”. Haurtzarora itzultzea bezala izan zen niretzat. Euskara dibertigarria zen, berritzailea, aurrerakoia, oso guay-a eta eskolan egiten zen gainontzekoarekiko desberdina oso, beste mundu baterako giltza.

Baina nola heltzen da horra? Nire ustez, funtsezko bi zutabe daude. Batetik, tokian tokiko errealitateari egokitutako helburuak behar ditugu, ulertuta batzuek eta besteek oso harreman desberdina dugula euskararekin. Bestetik, ez da bertako euskaltzaleok anbizio txikiagoa dugunik, kontua da guk ikasi dugula euskara bizitzen bere existentzia hutsa aldarrikatuz.

"Nire lehentasuna ez da jendeak ulertzea nik badudala eskubidea Azkoienen medikuak euskaraz arta nazan; lehenengo zera nahi dut, Azkoienen normalitatearen barruan ikus dadila haurrak D ereduan matrikulatzea"

Zein da une honetan lehentasuna?
Euskararen ez alde ez kontra dagoen nafar jendartearen %30arengana jo behar dugu. Ez da posible halako pasioa sortzen duen mugimenduaren aurrean, biztanleriaren horren ehuneko handiak interesik ez izatea. Horretaz aparte, euskararen kontra dagoen %30 hori ez da inoiz alde agertuko, eta nik ez dut “que vienen los vascos” dioen inorekin joka aritu nahi, ez zait jende hori interesatzen.

Nire lehentasuna ez da jendeak ulertzea nik badudala eskubidea Azkoienen medikuak euskaraz arta nazan; lehenengo zera nahi dut, Azkoienen normalitatearen barruan ikus dadila haurrak D ereduan matrikulatzea. Eta horrekin ez dut esan nahi zerbitzu publikoetako eskaera hori ez dudanik zentzuzkoa ikusten, baizik eta nik ezin dudala hortik hasi.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Beti entzun izan zaitut A ereduaren alde.
A eredua da hazia, baina aldi berean, A ereduak haur frustratuak ere sor ditzake. A ereduak ez duenez euskalduntzen –eta, beraz, haur horiek ez dakite ongi euskaraz–, gero gerta liteke haurrok aurpegiratzea gurasoei D ereduan matrikulatu ez izana. A eredua funtsezkoa da euskarak oraindik zilegitasunik ez duen lekuetan, euskara bere ikusten ez duen jendearendako.

Oso agerikoa da hori. Eguberrietan Olentzero kalera ateratzen duten herrietan A ereduko gurasoen inplikazioa handiagoa izan ohi da, gero Euskararen Egunak heldu dira eta horien ondotik D eredua. Azken finean, zera uste dut, Amets, toki horietan euskararen alde apustua egiten duen jendeak beste herritarrek baino ahalegin handiagoa egin behar duela jendea euskarara hurbiltzeko, eta gauza batzuei uko egin behar die. Polikiago joan behar da, Erriberan ez dago beste aukerarik.

"A eredua funtsezkoa da euskarak oraindik zilegitasunik ez duen lekuetan, euskara bere ikusten ez duen jendearendako”

Zertan ikusten duzu zure ekarpena?
Nire inguruko jende konkretu batengan pentsatzen dudanean, sentitzen dut nire lana dela euren seme-alabak, inoiz izanen badituzte, D ereduan matrikula ditzatela. Nola eginen dut hori? Nola salduko dut hori? Askotan ez dut jakiten zein argudio erabili. Jakina, azaldu behar dut euskarak ez dizula deus kentzen, gehitzea besterik ez dela.

Erriberan euskararen auzia erdigunean jarri nahi dut euskal komunitatearen hizkuntza eskubideak zabal daitezen, baina ez dut inolako interesik Erriberan eztabaida hau hizkuntza eskubideen markoan kokatzeko, jendeari ez zaiolako hori axola.

Euskararen demokratizazioaz hizketan entzun zaitut maiz. Zer da hori?
Mundu guztiak izan beharko luke aukera euskara ikasi eta inguru euskaltzalea izateko. Horregatik nago hain tematua tokian tokiko proiektuekin. Jende askok urteak daramatza fin-fin lanean, Errigora da adibiderik argiena. Izugarrizko lana egiten dute eta ez dut lan eredu horrekiko inolako kritikarik, baina jendartearen sektore batera heltzen den praktika bat da.

Niretzat demokratizazioa da Nafarroa Garaian jende guztiak izan dezala aukera euskarak duen garrantziaz jabetzeko. Dena den, zalantzarik gabe, administrazioari ere exijitu behar zaio erabakiak hartzea. Euskara ikasteko instituzio publikoek egiten duten boluntarismoaren sustapena ez da hizkuntza politika. Izan daiteke sustapen edo sentsibilizazio kanpaina bat, baina sekula ez datu soziolinguistikoak eraldatzeko apustu erreala.

Zerk barnebiltzen ditu zure militantzia-eremu guztiak?
Beti galdetu izan diot nire buruari zergatik jendeak pentsatzen duen pentsatzen duena, zergatik dagoen dagoen lekuan. Unibertsitate garaian ez nuen ulertzen zergatik jendeak ez zuen militatzen ikasle mugimenduan. Orain, beste ikuspegi eta espazio batzuetatik begiratuta, nire obsesioa da ulertzea nondik abiatzen den pertsona bakoitza euskararen aferan. Euskararekiko kontrakotasuna nola deseraiki jakin nahi dut, baina, batez ere, jakin nahi dut nola deseraiki indiferentzia.

Ez dakit zerbait gehitu nahi duzun.
Azken gauza bat, bai. Asko pentsatu dut zein izan daitekeen nire ekarpena euskalduntze prozesuaren inguruko eztabaidetan, eta sarri errepikakor sentitzen naiz Erriberaren aferarekin eta helburuak jartzearekin.

Erriberari buruzko eztabaida honetan, nire lana ez da euskal komunitateak beti izan dituen praktikak eta diskurtsoak berrestea eta legitimatzea. Nik beste ikuspegi batzuk ekarri nahi ditut, eta horiekin euskalduntze prozesua azkartu.

Saiatzen naiz ulertzen zergatik nire inguruak ez duen egiten euskararen aldeko apustua; eta, batez ere, zergatik euskara indiferente zaion biztanleriaren %30ari. Beharbada, hain zuzen ere, praktika eta diskurtso batzuk zaharkituta daudelako.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-02-04 | Euskal Irratiak
Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran

Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.


Nafarroako zubiak betetzera deitu du Sorionekuak mugimenduak maiatzaren 10erako, euskararen alde

"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-29 | ARGIA
Bi hamarkadatan euskarazko eta elebitako ikastetxeek gain hartu diete frantsesezkoei Ipar Euskal Herrian

Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Euskararen herria harrera herria

Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.

Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]


Euskara sustatzeko planaren oinarriak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


Eguneraketa berriak daude