“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

  • Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila esker” idatzi du sinatu dituen komiki guztietan–. Demostratu du eztabaidatzeko prestutasuna ere badaukala.

Aitor Aspuru / ARGIA CC-BY-SA
Aitor Aspuru / ARGIA CC-BY-SA

2024ko abenduaren 04an

Zure azkenengo komikiak, Raíces de ginseng-ek askotariko osagaiak ditu: zure familia, Wisconsin, globalizazioa…
Berez, ginsengari [Panax ginseng] buruzko istorioa da. Landarea da kontaketaren muina. Nire haurtzaroa igaro nuen ginseng landaketetan, 10 urte nituenetik 20 izan arte. Belar hori medikuntza txinatarrean erabiltzen da, baina ni gaztea nintzenean, ginseng amerikarraren munduko ekoizpen handiena nire landa-eremuko herri txikian –ezerezaren erdian galduta dagoena– egiten zen.

Komikia oso osagai gogorrarekin hasten da: umeen soldatapeko lana. amets amerikarra irauli nahi zenuen?
Niretzat oraingoa da adin ertaineko krisialdiaren une gorena, nire lan jardunari dagokionez. Hogei urtez aritu naiz komikiak marrazten. Ohikoa bilakatu zait eta maiz ez nuen gozatzen. Azken urteetan borrokatu dut nire lanarekin, eta lagungarria izan da lehen lanpostuko erroetara itzultzea. Hau da, nola sortu zen nire etika-lana, baita lehen diru horrekin erosi nituen komikiak ere. Komiki horiei esker egin nintzen gerora marrazkilari. Hausnarketara eraman ninduen, lanari buruz eta nire etika-lanaren inguruan, izan nekazaritza edota komikiak marraztea.

Ginsenga, adin ertaina… Hori guztia dago komikian, baina zer da funtsean landu nahi duzuna: nola munduak eman zizun forma, edo zein forma hartzen ari den mundua?
Galdera ona da. Biak. Ginsenga ez zegoen kontzienteki nire buruan proiektu hau baino lehen. Ez da zerbait 30 urtetan pentsatu dudana, baina behin hasita, oroimenak hasi ziren agertzen. Orduan nire arreba eta anaiarekin hasi nintzen hizketan eta oroitzapenak zabaldu ziren. Horrek eta ginsengaren sustraiei buruz ikertzeak eraman ninduten interesatzen nauten hamaika gaitan buru-belarri sartzera: globalizazioa, umeen soldatapeko lana, nekazaritzaren bilakaera nekazari familia txikietatik monolaborantzako korporazio erraldoietara, industria militarrak eta farmazeutikoak horrekin duten lotura… Bat-batean, ginsenga agertu zen Moby Dick-eko bale zuria bezala, gai anitzak jorratzeko bide gisa.

Egia da hori guztia komikian dagoela, baina, aldi berean, badirudi zure familiarekin eta Wisconsinekin bakea egin duzula, eta amodio aitortza dela. Blankets komikia kontrakoa zen, hain justu.
Erabat. Blankets hasi nuen 33 urte nituela. Une horretan bizitzen ari nintzen trauma: haurtzaroa, herri txiki zapaltzailea, jazartzen ninduen jendea, nire gurasoen erlijio errepresiboa eta euren jarrera autoritarioa. Hori guztia nire baitan zegoen.
24 urte igaro dira. Heldua naiz eta lan honek nire jarrera leundu du aipatutako horri guztiari dagokionez, eta bereziki nire gurasoei begira. Inoiz baino harreman estuagoa dut gurasoekin, eta komunikazioa bizia da. Adinarekin zaurgarriagoak dira eta nire laguntza behar dute.

Gainera, dibertigarria da egoera, ezagutu nituen nekazari gogor eta indartsu horiek, orain ni heldua naizela, jende eskuzabala iruditzen zaizkit eta eurekin hitz egitea erraza zait. Umea nintzenean ihes egin nahi nuen leku horren bizitza sinpletik. Egun, aldiz, ez dut esango nostalgia sentitzen dudala, baina bai errespetua eta mirespena.

Zenbait kontraesan azaleratzen saiatzen zara. Adibidez, Wisconsingo jendea, Trumpen aldekoa, bizi da oso modu sinplean eta, beste estatubatuar batzuen bizimoduarekin alderatuta, ez dirudi horren kapitalista.
Bai. Liburuan badago osagai bat Trumpen hautaketari buruz eta horrek eragin zuen trauma kolektiboari lotuta. Saiatu naiz hori ulertzen. Izan ere, 2016an presidente izendatu zutenean, Los Angelesen bizi nintzen eta inork ez zuen uste hori gertatuko zenik. Baina jazo zenean, jende orok begiratu ninduen azalpen bila, AEB barnealdeko landa eremuko langile klase zuriko komunitateko kidea nintzelako. Badirudi ondorengoa pentsatu zutela: “Zergatik zure jendeak aukeratu du Trump?”. Askorentzat Trumpen bozkatzaileak supremazista zuri biolentoak baitira, baina nik banekien hori ez zela kasua. Alegia, jende asko atsegina, zentzuduna eta zintzoa da.

Edonola ere, ez nituen nire iritzi politikoak islatu nahi kontakizunean, saiakera egin dut dokumental egile baten moduan jokatzeko eta nire ahotsa isiltzeko, nekazari elkarrizketatuen eta euren familien alde pertsonalak entzun ahal izateko.

Aitor Aspuru / ARGIA CC-BY-SA

Komikian agertzen den gaietako bat klase zapalkuntza da.
Egia esanda, nire herria, Marathon, 1.200 biztanlekoa, leku aberatsa zen, ginsengaren ekoizpenagatik. Hura saltzen zuen nekazari asko milioiduna zen. Ikasketarik gabeko landa eremuko komunitatea izanik ere, jendeak dirua zuen. Baina guk ez. Nire familia ez zegoen negozio horretan. Leku oso berezia zen Marathon eta horrek txiroago egiten gintuen, nekazarien seme-alabek dirua zutelako.

Horregatik ez zinen inoiz onartua izan?
Beti izan nintzen kanpotarra. Neurri batean mutil argala nintzelako, baina ez zuen lagundu nire familiaren erlijioak. Sinesmen horiengatik komunitatetik kanpo bizi ginen, gurasoek ez ninduten uzten gure elizatik kanpokoekin harremantzen. Isolamendua da sekta baten ezaugarria. Hortaz, nahasketa izan zen: nire izaera barnerakoia eta beste neska-mutilekin egotea debekatuta izatea, gure elizakoak ez zirelako.

Debeku hori eraman zuten muturreraino eta institutua uztera behartu zintuzten.
Bai, badirudi beti pentsatu zutela hori egitea. Etxeko hezkuntza kristaua egin nahi zuten, antza, baina ez zekiten nola. Institutua amaitzeko ikasturte bakarra geratzen zitzaidanean, erabaki zuten ez zegoela ezer garrantzitsuagorik hezkuntza sekularra ekiditea baino, eboluzioaren teoria eta abar. Borondate gehiago izan banu, ez nukeen onartuko eta gutxienez diploma hori izango nukeen, baina oso pasiboa nintzen eta ez zitzaidan axola. Dena den, erlijioa horrela bizi izanak eraman nau kristau izateari uko egitera, niretzat zapaltzailea izan baita.

Habibi komikiarekin kultura apropiazioa leporatu zizuten eta azken komiki hau hasi baino lehen baloratu zenuen ez egitea horregatik.
Komiki hau iragarri nuenean, 2019an, AEBetan internet bete zuten protestekin. Ez zuten komikia ikusi, baina ideia berak haserretu zituen, kultura apropiazioa egingo nuela uste zuten. Haien aburuz, Habibi-rekin kultura islamiarrarekin horixe egin nuen eta txinatarrarekin ere hala egingo nuen. Haien iritziz, ez nuen baimenik hori egiteko, nire kultura dudalako.
Edonola ere, komiki hau ez da kultura txinatarrari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, kritika handiak jaso nituen eta komikia alboratu nuen sei hilabetez. Ez nuen marraztu, baina tarte horretan konturatu nintzen komikia bazela kritika horientzako erantzun inkontzientea, galdera batekin: nola gainjartzen da zure kultura beste batzuekin?

Nire herri txikian ekoizten zen ginsenga merkatu txinatar osoan kontsumitzen zen. Niretzat horrek ez zuen baliorik, ez esanahirik. Umea nintzen heinean, beste lan bat zen niretzat, beste edozein lan txar baten moduan, soilik diru apurra lortzeko. Baina hori zuzendu dut orain, galdetuta zer den ginsenga, zer esan nahi duen Txinako kulturan eta medikuntzan. Liburu hau egin baino lehen ez nuen uste kultura propiorik nuenik, baina honek lagundu nau ulertzen nire jatorrizko herria toki benetan berezia dela.

Euskal Herrian aipatu duzu eskuetan gaixotasuna duzula eta dirutza xahutu behar duzula tratamenduetan, AEBetako osasun sistema dela-eta. Nola hartzen du hemengo jendeak hori?
Sistema horrek ez dauka zentzurik inorentzat, ezta estatubatuarrentzat ere. Ni freelance langilea naiz, ez daukat ohiko lana. Oro har, enpresek ordaintzen dituzte mediku aseguruak, zure soldatatik kenduta jakina, baina nik nire kabuz ordaindu behar dut. 700 dolar hilero, alegia. Horrek ez du esan nahi ez dudanik ordaindu behar medikuarenera joaten naizenean, baizik eta ordaindu gabe bisitatu dezakedala 20.000 dolarreko gasturaino. Hori ordaintzen du aseguruak. Bitartean, gure zergak bideratzen dituzte militarrak ordaintzera, eta ez osasungintzara edo hezkuntza sistemara, benetan behar dugunera.

Estatubatuarra izatearen alderik etsigarriena da eta Obamaren administrazioaren osasun sistemaren nazionalizazioaren ondorioa da egoera, nire kasuan. Nazionalizazio hori baino lehen, artista freelance ginenok ez genuen asegurua behar eta askoz merkeagoa zen, 300 dolar ingurukoa. Aldaketarekin bikoiztu zen prezioa.

Ziurrenik ezkutuan gauza asko gertatu ziren kongresuan, jatorrizko proposamena onartzeko demokratek egin zituzten ahaleginak saboteatzeko. Azkenean, legea faltsutu zuten eta herritar ororentzat kaltegarri bilakatu da. Bizi baldintzak askoz okerragoak dira azken hamarkadan langile klasearentzat eta klase ertainentzat, eta hori erokeria eta etsigarria da politikoki. Hori da orain bizi dugun AEB.

Pop kulturari keinu ugari egin dizkiozu: komikiak, jostailuak… Zure haurtzaroarekin zenuen zorra da?
Bai, liburu hau ere bada saiakera bat berriro topatzeko komikiekin daukadan amodioa, lana bilakatu delako niretzat. Ahalegina egin dut bederatzi edo hamar urte nuen ume horren barruan sartzeko, orduan maitemindu bainintzen komikiekin: superheroiak, Ninja Dortoka gazteak… Maleziarik gabeko aroa zen niretzat, eta ez dira orain egin nahi ditudan komikiak, baina topatu nahi nuen komikiek sortzen zidaten lilura hori. Marrazkilaria den lagun batek esaten du gure lana dela egunero ulertzea nola mantendu komikiekin amodioa. Nola mantendu haurtzaroaren grina bizirik, alegia.

Bestalde, Chua Vang eta beste Hmong migratzaileak agertzen dira komikian; hamar urterekin haurtzaroa utzi behar izan zuten, bultzatu zituzten helduak izatera. Eurak ezin ziren etxean geratu eta marrazki bizidunak ikusi. Horrela igaro naiz Hmong herriaren gerratik eta genozidiotik, garai horretan kontsumitzen genuen pop kulturaren eskutik.

Chuaren aitak Laos utzi behar izan zuen CIAren guda sekretuen ondorioz, Vietnamgo gerrako garaian. Edonola ere, haurtzaroan guk ezagutzen genituen gerra sekretu bakarrak Marvelen Secret Wars sagakoak ziren. Chuaren aita ume soldadua izan zen adinarekin gu hasi ginen lehenengo komikiak erosten.

"Marrazkilaria den lagun batek esaten du gure lana dela egunero ulertzea nola mantendu komikiekin amodioa. Nola mantendu haurtzaroaren grina bizirik, alegia"

Biziraun dezakezu komikiak marrazten?
Bai, zorionekoa naiz eta horri esker biziraun dut, batzuetan ozta-ozta. Ez daukat inolako jabegorik, ezta etxebizitza txiki bat ere. Oso modu apalean bizi naiz, baina hala ere zorionekoa naiz. Nire lagun eta mentore Jose Saccok dio: “AEBetan agian hamar morroi bizi dira eleberri grafikoak egitetik”. Eta bera eta biok gara horietako bi.

Ez dira asko, jende gehienak irakasle edo diseinu lanak ere egin behar ditu. Beste batzuek mainstream komikiak marraztu behar dituzte, superheroiak eta komiki komertzialagoak. Guk komiki pertsonalak eta literarioak egin ahal ditugu.
Sakrifizioa da, baina onartzen dut. 49 urte ditut orain eta gai izan naiz komikiak egiteko hogei urtez, Habibi egiteko kontratua sinatu nuenetik. Orduan kobratu nuen lehenengo aldiz aurrerapen bat eta horri esker biziraun nuen amaitu arte. Egia da batzuetan izututa bizi izan naizela. Aitortu behar dut orain nahiago dudala idaztea marraztea baino, gehiago gozatzen dut eta marraztea lana iruditzen zait.

Zure idazteko eta marrazteko modua askoz konplexuagoa da azken lanean Blankets-en baino.
Bai, Blankets istorio oso sinplea, txikia eta intimoa zen eta nik ahalik eta orrialde gehien erabili nahi nituen kontatzeko. Gainera, paisaia elurtuetan igarotzen zen, oso minimalista zen. Raíces de ginseng-ekin kontrakoa gertatu da. Informazio mordoa nuen eta sintetizatu behar nuen. Serie moduan argitaratu dut AEBetan eta atal bakoitzak 30 orrialde zituen. Dena orri kopuru horretan sartu behar nuen eta sekulako ariketa izan da. Behartu nuen nire burua laburtzera. Nolabait, komiki mainstream-etan egiten dutena egin behar izan dut, ahalik eta gehien kontatzeko.

Aurkeztu berri duzun komikia bukatzean zer sentitu zenuen?
Lehenik eta behin, ase nintzela. Aurreko komikiekin ez dut horrelakorik sekula sentitu. Halaber, nire azken hamar urteak zailak izan dira, eta komikia amaitzean ikusten nuen energiarik ez nuela jarraitzeko. Dena den, Europan zehar aurkezpen-bira hasi eta egunak igarota inspirazioa sentitzen ari naiz berriro. Ideia etorri zait liburu berria sortzeko, eroa eta epikoa. Nire editoreak nahi du zerbait laburra egitea, baina 600 orrialdeko liburua dut buruan. Agian trilogia egin dezaket. Liburu handietan pentsatzen dut, agian nire etxe fededunean Biblia Santua baino ez zegoelako. Hori da nire liburuen neurria (barreak).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
‘Ño’ komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


2023-09-01 | Jon Torner Zabala
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran

Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]


2023-08-30 | Jon Torner Zabala
Benetan identifikatutako egoerak

Biga (5 liburu)
Gidoia: Romain Pujol
Ilustrazioak: Vincent Caut
Astiberri

----------------------------------------------------

Hamaika ipuin irakurri dizkiegu  etxean zazpi eta bederatzi urteko seme-alabei, eta esango nuke sekula ez ditudala hain engantxaturik... [+]


Ankerra izan behar

Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023

 

2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak... [+]


2023-06-20 | Julen Azpitarte
'El Eternauta' komikia
Eternitatearen nabigatzailea

Hector German Oesterheld (1919 -1978) gidoilari eta Francisco Solano López (1928​ –2011) marrazkilari argentinarrek sortu zuten El Eternauta komiki klasikoa 1957etik 1959ra bitartean, telebistaren eragina txikia zenean, eta komikiaren ospea eta harrera, aldiz,... [+]


2023-06-01 | Jon Torner Zabala
'Ño!' komikia
"Irabazi dugu aukera espazio batzuetan gure umorea egiteko"

Emakume bertsolarien esperientziak erdigunean jarrita, bertso saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar eszena jaso dituzte Ño! komikian (ARGIA, 2023) Maitane Gartziandia ilustratzaileak eta testuen egile Miren Artetxek eta Eli Pagolak. Mamuak, trabak, heldulekuak eta... [+]


Superheroiak ez ziren Kryptonen jaio

1929ko krakaren aurrean herritarren aldartea altxatzeko asmoz sortu ziren lehenengo komiki liburuak AEBetan. Gidoilariek eta marrazkilariek ez zeukaten beren lan eskubideak defendatuko zituen superheroirik ordea.


‘?'o!’ komiki liburua kaleratu du ARGIAk

Ziburu da Durango berria. Txikian. Baina hori da maite dugun formatua ere. Abendu hasierarako hamaika idazle eta musikari izan ohi dira lan berriak kaleratzen dituztenak, baina bada ekainaren lehen asteburua ere kontutan hartzen hasi denik. Ño! komikia aurkeztuko dute... [+]


Eguneraketa berriak daude