Zure komunitatean harrapatuta, gainerako herritarrengandik isolatuta. Talde armatuen tiro eta indarkeriaren erdian, lurra eta elikagaiak lantzeko ere etxetik atera ezinik. Halaxe deskribatu du Kolonbiako Chocó departamenduko bizimodua bertako ekintzaile Laura Orozcok [segurtasunagatik, izena asmatua da], Euskal Herrira egindako bisitan. Komite Internazionalistak antolatuta, Kolonbiako lurraldeek sufritzen dituzten giza eskubideen urraketak ikusaraztera etorri da. “Gobernuaren eta FARCen bake akordioen ostean egoera okertu egin da”. Ohartarazi duenez, Gustavo Petro ezkertiarra agintera iritsi denetik ere kaskartu dira komunitateetako bizi baldintzak, halere, ez dute aldaketarako esperantzarik galdu, agintaldi erdia falta zaion honetan.
Hain dira muturrekoak bortxa eta errepresioa, boterearen aurka ahotsa altxatzen dutenek euren buruak babestu behar dituztela, mehatxupean baitaude. Aldizkaria paperean irakurtzen dutenek soilik izango du Orozcoren benetako izenaren eta irudiaren berri; segurtasunagatik, Interneten ezin du aurpegirik eman. 32 urteko ekintzaileak bizi osoa darama giza eskubideen aldeko borrokan antolatuta, eta deskribatu digunez, Pazifikoko eskualdean dagoen Chocó departamenduko komunitatetan bizitzea “oso konplexua” da: “Larritasunez bizi gara egunero, Chocón etengabe daude liskarrak. Paramilitarrak oso indartsu daude han, eta komunitateak beti gaude gatazken erdian. Hirigunetik urrun gaude eta askok oinarrizko beharrak ere ez dituzte aseta, elektrizitatea eta komunikazioari lotutakoak. Konfinamenduen eta geldialdi armatuen biktima gara, eta familiak eta komunitateak gatibu daude euren lurralde barruan. Jendeak ezin ditu eguneroko jarduerak askatasunez egin, hala nola landara lanera irtetea, uzta biltzera, arrantzara... ibiltzea ere eragozten diete”.
2016an Bake Akordioak sinatu zituzten gobernuak eta FARC gerrillak, baina Orozcok argi du herrialdeak ez duela bakerik izan, nahiz eta bake prozesuek espektatibak sortzen dizkien: “Batik bat jende xumeak, pobreak, historikoki indarkeriak gehien astindu dituenak, itxaropena dugu bake prozesuetan; komunitateetan lasaitasuna nahi dugulako”. Uste zuten amaituko zirela hilketak eta gazteen errekrutatzeak, baina aurkakoa izan da: “FARCek lurralde handia zuten beren mende, eta albora egin zutenean, lur horiek libre geratu ziren eta paramilitarrek hartu zituzten; gainera, FARCen disidentzia batzuk ere geratu ziren”. Indar armatuetatik aske geratu zirela uste zutenean, beste talde armatu batzuk heldu ziren, “herritarrak erreprimitzera, indartsuago eta estatuaren beraren babesarekin”. Sarraskiek ez dute etenik izan, eta pertsona eta komunitateen behartutako desplazamenduak eguneroko ogia dira.
Orozcok txikitatik jasan du errepresioa, eta haren familia ere paramilitarren biktima izan da. Baina ziurtatu du orain molde aldaketa sumatu dutela, alegia, legez kanpoko talde armatuek aurpegi zuriketa egin nahi izan dutela. Besteak beste, errekonozimendu politikoa bilatu dute, bake elkarrizketetan parte hartuta. “Lehen indarkeria gehiegi erabiltzen zuten, eta orain saiatzen ari dira alde sozialetik sartzen, jendearen beharrekin jokatzen”. Orain, komunitateetara sartzen dira esanez estatuak asetzen ez dituen beharrak ematera doazela, eta Orozcoren esanetan “kezkagarria” da jokaldia, funtzionatu egiten baitu estrategia aldaketak. Paramilitarrak “erraldoi” egiten ari direla dio: “Gosez eta premiaz dagoen herri batera iristen bada norbait irtenbide apur bat eskaintzera, erraz bereganatuko du”. Paramilitarren mezu aldaketa “drastikoa” izan da kolonbiarraren begietan: “Balizko inbertsio sozialen politikak erabiltzen dituzte, argudiatuta herritarren zerbitzura daudela eta ez direla lehen bezalakoak”. Ekintzailearen esanetan, ordea, “berberak dira, baina izen desberdinekin”.
Gazteen egoerak kezkatzen du gehien, paramilitarren eskuetan erortzen baitira asko. “Herrietatik desagertzen dira gazte asko eta asko, eta hilabeteen buruan jabetzen zara paramilitarren ilaretan daudela”. Zeren ondorioz? Gazteen etorkizunerako aukerarik ezaz aprobetxatzen direla dio. “Kolonbiako departamendu gehienetan aukerak oso eskasak dira, eta ikastea eta lan egitea zaila da. Paramilitarrek gazteei soldata eskaintzen diete, haien esanetan lan duin baten truke. Baina errealitatea da lan hori ez dela legezkoa eta ez duzula zure komunitatearentzat egiten. Kontrara, kanoi-bazka zara borroketan edota beste talde armatuen aurkako gatazketan”.
Nola irauli indarkeriazko egoera hori? Hainbatek Gustavo Petro egungo presidentearengan jarri zuten konfiantza, 2022ko hauteskundeetan ezkerreko gobernu bat agintera iristeak haize eta bultzada berriak ekarri baitzituen Kolonbiara. “Esperantza da galtzen den azkena”, irribarrez dio Orozcok, baina agintaldi erdira iritsita, ez da baikorra Petroren aldaketarako ahalmenarekin. “Argi dugu Petrok lau urtetan ez duela konponduko Kolonbiako problematika”. Halere, sinesten dute presidentearengan, “herriaren gobernua delako”, hamarkadetan Kolonbiako eskuinak gobernatu ostean.
Mugimendu sozialek eta nekazariek, esaterako, lorpen gisa hartu dute Petrok aitortu izana Tecam lurraldeak. Kolonbian lurralde antolakuntzako figura garrantzitsua dira Tecamak, eta autodeterminazioaren, elikadura-burujabetzaren eta ekosistemen babesaren bidez hamar milioi hektareatan gobernantza indartzea bilatzen dute nekazarien lurralde horietan. Kolonbiako Gobernuak aitortza eman die, “baina ez da nahikoa” ekintzailearen iritziz. “Zer egingo dugu lurrarekin, etengabeko gatazkan jarraitzen badugu eta lurralde horietan ezin badugu egon? Lur horren jabetzaz gain, han bizitzeko segurtasuna behar dugu; lasai bizi nahi dugu, lurra landu, duela urte mordoa egiten zuten bezala. Lorpen handia da aitortza, baina gobernu honek gehiago egin behar du komunitateentzat, hobetzeko saiakera egin, behintzat”. Orozcok ezkerreko gobernu honi eskatzen dio bitartekari lanak egiteko liskarrak gutxitu daitezen komunitateetan.
"Paramilitarrek lehen indarkeria gehiegi erabiltzen zuten, eta orain saiatzen ari dira alde sozialetik sartzen, jendearen beharrekin jokatzen"
Chocóko ekintzaileak onartu du hainbat departamendutan egoera 2022 aurretik baino makurragoa dela. “Baina amesten dugu datozen bi urteetan aldatuko dela, behar handiena duen jendearen mesedetan”. Ordea, boteredunen sarea konplexuagoa eta zabalagoa da, eta “gobernuan dagoenak ez du indar guztia”. Petrok neurri zorrotzagoak hartuz gero hobetuko litzateke kolonbiarren bizimodua? “Agian bai, baina horrek ez du ezer bermatuko. Badakigu parean izango dituela beste batzuk saiatuko direnak egoerak okerrera egin dezala, euren interesak tarteko, eta konfrontazioa egongo da. Horrela ere, komunitateak liskarraren erdian egongo lirateke”.
Gobernuaz gain, departamenduetako agintariek ere badute zeresana: “Alkate eta gobernadore horiek estatuaren beste parasito bat dira, eta lurraldeak hain pobretuta izatearen erantzule ere bai, besteren artean, komunitateetan ez dutelako ia inbertitzen”. Konponbide “oso zaila” duela eta errotik aldatu behar dela dio. “Paramilitarismoa erabiltzen jarraitzen dute historikoki agindu dutenek, eta oraindik boterea dutenek. Eurak dira paramilitarrak babesten eta finantzatzen dituztenak. Petrok pertsona gehiago bere alde ez duen bitartean, herrien eta komunitateen onurarako lanean, oso zaila izango da”.
Laura Orozcok garbi du ezinbestekoa dela behartutako isolamendutik atera eta errealitatea ikusaraztea, baita herritarrak antolatzea ere. Ikusgarritasuna du erreminta nagusitzat: “Badakigulako komunitatean gertatzen dena komunitatean geratzen denean, ez digula inork laguntzen”. Nazioarteko erakundeei dei egin die Kolonbiako gatazkari ahotsa ematera, eta goraipatu du Euskal Herriko 11 eragile sozial eta sindikalen babesa izan zuen Biziaren, Bakearen eta Lurraldean Geratzearen aldeko Karabana Humanitarioa. Uztailan eta abuztuan “inoizko karabana humanitario handiena eta luzeena” egin zuten Arauca, Bolivar Hegoaldea, Chocó, Kolonbiako hego-mendebaldea eta Antioquiako ekialdean zehar, hango eta nazioarteko eragile ugariren parte hartzearekin.
Helburuak bete zituztela ziurtatu du: “Borroka armatuak gogorren kolpatutako komunitateetara sartu ginen, euren beharrak entzutera eta akonpainamendua egitera. Oso zaila da toki horietara sarbidea izatea, eta karabanak ahalbidetu zigun hori. Gainera, Chocón, adibidez, osasun brigada bat ere egin genuen; izugarrizko beharra zuten herritarrek, eta karabanari esker apur bat arindu genuen gabezia hori”. Baina karabanaren azken xedea zera da: lurralde horietan guztietan dauzkaten beharrak eta atzemandako eskubide urraketak bildu eta txosten bat osatzea, gobernuari helarazteko. “Eurak baitira egoera horren erantzule nagusietako bat, ikusi dugu orain arte emandako laguntza ia ezereza izan dela”. Txosten horietan bildutako informazioa helduleku garrantzitsua da eskaerak egiteko eta ikusezina denari izena jartzeko.
Orozcok azpimarratu du baloratzekoa dela muturreko egoeran egonda ere jendeak segitzen duela lurraldean, erresistentzian. “Antolatzea hautatu dute lurralde askotan, talde armatuen txotxongilo ez izatea”. Estatuko instituzioen laguntzarik ez dutela ikusita, “eurak izanik komunitateen ongizatea zaindu behar dutenak”, ikusi dute soluzio bakarra dela euren artean antolatzea, eta egitura sendoak sortu dituzte.
Azaldu digu egitura garrantzitsua direla zaintzaz arduratzen direnak: guardia indigena, nekazarien guardia, etnia arteko guardia... Eta orain emakumeen guardia sortzeko bidean daude, “emakumeak baitira gatazkaren eraginik handienak jasaten dituztenak”, eta komunitateen arteko emakumeekin koordinatzeko asmoa dute. “Guardiak dira zaintzarako eta gure babeserako ditugun mekanismorik inportanteena. Bizitza eta familia babesten ditugu, eta laguntzen digu lurraldean geratzen”.
Gatazkaren konplexutasuna azaltzeko beste gakoetako bat zera da: kolpatutako lurralde asko puntu estrategikoak dira, bai narkotrafikorako pasabideak direlako, bai biodibertsitate aberatsa dutelako eta estraktibismotik dirutza lor daitekeelako. “Jendea kontzientzia hartzen ari da gure lurraldeetan dugunaz, eta badakigu Kolonbiako eliteak horregatik bota nahi gaituela. Konturatzen zarenean besteek zer kendu nahi dizuten, indar handiagoz aldarrikatzen duzu hori zurea dela, eta bertan geratzeko erresistentzia handiagoa egiten duzu”.
Orozcok zehaztu duenez, gero eta herritar gehiago daude antolatuta, beldurtuta bizitzeaz nekatu direlako. “Ohartu gara beldurrez bizitzen ez dugula ezer lortu, soilik hanka egitea eta bidea libre uztea zeurea dena hartu nahi duen horri”. Chocón jaio zenetik erresistentzian dabilen ekintzaileak nabarmendu du boteretsuei ez diela beti funtzionatzen beldurraren estrategiak.
Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]
Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]
Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.
Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]
Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".
Hitz... [+]
Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.
Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.
ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]
Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]
Alejandra Millerrek argi dauka, gatazka baten ostean, mundu guztiarekin hitz egin behar dela. Isilarazitako ahotsak eta narrazioak biltzen saiatu da, besteak beste, Kolonbiako Egiaren Batzordearen barruan, herrialde horretako gatazka armatuak era guztietako emakumeei eta LGTBIQ+... [+]
Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.