Pausoak pauso, oraindik hankamotz

  • Aldarrikapen historikoa da euskara doan ikasteko eskubidea. Gaur egun, gori-gori dago gaia. Bi urrats esanguratsu eman berri ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru murritza ordainduta ikas dezakete EAEko ikasleok. Matrikulazio kopuruek nabarmen egin dute gora neurriei esker. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen sektoreak aurrerapausoak txalotu ditu. Alabaina, euskal herritar guztiek euskara doan ikasteko duten eskubidea bermatzeko bide luzea dago egiteko. Hala dio sektoreak. Eta bitartean, ikasleak leihatilaz leihatila dabiltza matrikula ordaindu ahal izateko.

Finantzaketa sistema ez dago bateratuta eta ikasleek erakunde bati baino gehiagori egin behar izaten dizkiete eskaerak laguntzak lortzeko. Argazkia: Foku.
Finantzaketa sistema ez dago bateratuta eta ikasleek erakunde bati baino gehiagori egin behar izaten dizkiete eskaerak laguntzak lortzeko. Argazkia: Foku.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Edozein pertsonari euskara doan ikasteko aukera eskaintzeko prozesuari ekitea, pixkanaka, maila guztietan, A1etik C2ra". Eusko Jaurlaritzak legealdiko programan jasoa du ekinbide hori. Hasi berri den ikasturterako albistea eman zuen HABEk: A1 maila ikastea "doakoa" izango da 2024-2025 ikasturtean. Lehen adierazpena doitu eta matrikula "merkea" izango dela argitu dute. Ikasleak ohiko matrikularen laurdena ordainduko du. Ikasturte hasieran jarri duen dirua berreskura dezake bi baldintza betez gero: A1 maila gainditzea eta %75eko asistentzia. HABEk A1 mailan pauso hori ematea erabaki du euskaratik urrun daudenak gerturatzeko asmoz, bai urtetan hemen bizi direnak baita etorri berriak ere. Euskaltegietako ikasleen %12 Espainiako Estatutik etorritakoak dira eta %10 inguru estatu horretatik kanpokoak. HABEk dio ez duela nahi dirua oztopo izaterik euskalduntzen ari direnentzat. Jakitun dira ikasle multzo horretan egoera zaurgarrian dauden asko egon daitezkeela. Neurriak izan du eragina. Orain arte 4.200 ikasle izan dituzte A1 mailan eta aurreikuspena da 5.000tik gora aritzea aurten euskaltegietan.

Ez da aurtengo berritasuna, baina bigarren urtea baino ez du C1 maila egiteko 16 eta 18 urte artekoentzako eskaintzak. Doakotasunetik gertuen dagoen eskaintza da: ikasturteko matrikula 20 euro ordaindu behar dute gazteek. Dirua berreskura dezakete bi baldintza hauek  betez gero, hau da, asistentzia %75 eta maila bat edo azkerketa ofiziala gaindituta. Sustapen ekimena abian jarri baino lehen, 2.700 ikasle inguru ibiltzen ziren, eta gaur egun ia bikoiztu egin da, 5.000 baino gehiago dira.
A1etik B2 mailara denek eta C1ean 16 eta 30 urte artekoek ikasturte hasieran ordaindutako matrikularen kopuru osoa berreskura dezakete, beti ere aurrez aipatu ditugun baldintzak betetzen badituzte. C1ean 30 urtetik gorakoek eta C2ko denek zati bat berreskura dezakete, baldintza berak beteta.

A2 eta C1 mailetan, 16 eta 30 urte arteko ikasleek ikasturte hasieran ordaindutako matrikularen kopuru osoa berreskura dezakete, beti ere aurrez aipatu ditugun baldintzak betetzen badituzte. C1 eta C2 mailetan, aurreratutako diruaren zati bat berreskuratzeko aukera izaten dute, baldintzak betez gero.

Aize Otaño, AEK: “Sektoreak baloratzen du udalen ahalegina, baina Eusko Jaurlaritzari dagokio doako zerbitzua eskaintzea”

Doakotasuna ulertzeko hainbat modu
Aize Otaño AEKko Nazio Kontseiluko kidea da. Eusko Jaurlaritza "guk doakotasuna ulertzen dugun moduan" urratsak ematen ari dela iritzi dio, eta horren adibide garbitzat du C1 mailan 16 eta 18 urte arteko gazteentzat aurreko ikasturtetik egina duen eskaintza. "20 euro baino ez dituzte aurreratzen eta berreskuratu dezakete". Alabaina, 'doan' hitza erabiltzeak gaizki-ulertuak eragin dituela deitoratu du. Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak A1 maila doakoa izango zela iragarri zuen, eta Otañok dio ondorioak euskaltegian ikusi dituztela: "Jendeak entzun du doan dela eta etorri da. Azaldu diegunean ordua 0,60 euro dela, batzuek, maila ekonomiko ahulekoek, ez dute matrikula egin. Ikasleek eta AEKk berdin ulertzen dugu zer den doakotasuna, ez HABEk irudikatzen duen moduan. Doakoak dirua ez aurreratzea esan nahi du".

Horrela ulertzen du doakotasuna sektoreak: ikasleak dirurik ez aurreratzea; asistentzia %75etik gorakoa; ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea; doan izatea gutxienez 0 mailatik C1era; 2.000 ikastorduko aurreikuspena (C1 mailara arte ikasleak behar duen denbora kontuan hartuta).

Hala jaso zuen sektoreak 2017an Doakotasuneranzko bidean proposamenean. Txosten hartan Nafarroako eta EAEko gobernuei eskatu zieten jarritako helburuak betetzeko hizkuntza politikak egin zitzaten. Txostenak dio euskal herritar orok euskara doan ikasteko eskubidea daukala.

2017ko proposamenari 2022an marko teorikoa jarri zioten. Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena izenburu duen txostenean, besteak beste, Euskal Herri osorako egitura "egonkor eta iraunkor" baten beharra azpimarratu zuten. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea koordinatuko luke eta hauek osatuko lukete: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak. Agentzia horren hainbat egitekoren artean legoke herritarrei euskara doan ikasteko zerbitzua eskaintzea.

Argazkia: Foku.

Labirintoan galduta
Ikasleak leihatila bakarrera joatea eskatzen du Otañok, eta Euskal Herriko agentziak helburu hori lortuko luke. Gaur egun oso ohikoa da, ikasleak diruz lagundua izan nahi badu, bi ate jotzea EAEn. –Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoerak koadro banatan azaldu ditugu–. Ate bat HABErena da eta bestea udalarena edo mankomunitatearena. Euskaltegietan, ikasturte hasieran eta bukaeran, ikasleei azalpenak ematen dizkiete, jakin dezaten zein dirulaguntza iturri dauzkaten eta bakoitzak zein baldintza eskatzen dituen.

Batzuetan, ikasgela bereko ikasle bakoitzari berea azaldu behar izaten diete: "Hainbat herritan erroldatutako ikasleak izan ditzakegu eta udalerri batetik bestera aldeak daude. Batzuek ez dute laguntzarik ematen, beste batzuek asistentziaren ehuneko bat eskatzen dute, beste batzuek maila gainditzea exijitzen dute, badira laguntzaren zati bat urtarrilean eta bestea ikasturte amaieran ematen dutenak, batzuk matrikularen %75 itzultzen dute, beste batzuek %90... Bestalde, udalerri berekoak izanda ere, ikasturte bukaeran azaldu behar diegu zein den haien egoera; azterketa gainditu badute, ez badute, egin duten mailaren arabera... Saltsa izugarria dago". Horiek udalen laguntzak, eta HABErenak beste bide batetik doaz. Askotan, bi iturrietatik edanda, ikasleek matrikularen ia dena berreskuratzea lortzen dute. Otañok azaldu digu sektoreak baloratzen duela udalen ahalegina, baina "Eusko Jaurlaritzari dagokio doako zerbitzua eskaintzea".

C1 maila 16 eta 18 urte artekoentzat 20 eurotan jarrita, ikasle kopurua 2.700etik 5.000ra igaro da

Non jaio zaren
Ikasle hipotetikoak asmatu ditugu eta hainbat herritako euskaltegietan matrikulatu ditugu. Zenbat ordaindu duten kalkulatu dugu. Nafarroako eta Gipuzkoako adibideak dira, bietan antzeko egoerak bizi baitituzte ikasleek.

Pablok astean zortzi orduko ikastaroa egingo du Altsasun. Ikasturte hasieran, 618 euro ordainduko du matrikula. Asistentzia segurtatzen baldin badu, mankomunitateak 260 euro emango dizkio eta Euskarabideak 300 euro. Poltsikotik 58 euro jarri ditu, beraz. Fatimak astean zazpi orduko ikastaroa egitea pentsatu du Lizarran. 573 euro aurreratu ditu. Udalak 194 euro itzuliko dizkio baldin eta asistentzia bermatzen badu, eta Euskarabideak 300 euro. Patrikatik 79 euro, beraz. Axunek astean bost orduko ikastaroan eman du izena eta 439 euro aurreratu ditu Pirinioetako eskualdean. Agoitzeko Udalak %40 finantzatuko dio ikasturte bukaeran asistentzia bete badu, eta Euskarabideak 200 euro. Poltsikotik 63,4 euro ordaindu du. Andreik ordu kopuru bereko ikastaroa hasi du Tuteran eta Axunen matrikula prezio bera ordaindu du, 439 euro. Euskarabideak 200 euro itzuliko dizkio asistentzia segurtatuz gero, eta Errigora ekimenak 119,5 euro emango dizkio. Errigorak Nafarroa hegoaldeko elikagaiak otarretan salduz, eremu bereko euskalgintzari zuzeneko ekarpen ekonomikoa egiten dio. Andreik patrikatik 119,5 euro jarri behar izan ditu, Axunek baino 56 euro gehiago.

Gipuzkoan, Irungo eta Errenteriako adibideak hartu ditugu. Bietan astean sei orduko ikastaroa, eta matrikula bera: 449 euro. Errenteriako Udalak matrikularen %80 itzultzen du baldin eta %85eko asistentzia eta aprobetxamendu ona badu. Langabetuek ez dute dirurik aurreratzen. HABEk, maila edo azterketa gaindituz gero, ehuneko ehun finantzatuko dio, A1etik B2rako mailetan. C1ean, berriz, %20 itzuliko diote azterketa gaindituz gero. Irungo Udalak, berriz, % ehun ordaintzen du ikasturte amaieran, baldin eta Irunen erroldatuta badago, %85eko asistentzia izan badu eta azpimaila bat gainditu badu. HABEren laguntzak Errenteriako berberak dira Irunen.

Adibide horietan ikusten da ikasle batzuek lortzen dutela hamarnaka euro batzuk baino ez ordainduta ikastea. Alabaina, beti dirua aurreratuta. Batere aurreratu gabe ikasten dutenak administrazioko langileak dira, udalerri jakin batzuetako ikasleak –udalaren laguntzari esker– eta egoera zaurgarrian daudenentzako bekak eskuratzen dituzten herritarrak. C1 mailako 16-18 urte artekoak ere ia doan ari dira, 20 euroren truke.

Aize Otaño AEKko Nazio Kontseiluko kidea: “Doakoak dirua ez aurreratzea esan nahi du”. Argazkia: Jon Urbe / Foku.


Nafarroa

Ikasleen hiru laurdenak ez du laguntzarik eskatu
 

Nafarroako argazkia ezagutzeko Javier Arakama Euskarabideko  zuzendari kudeatzailearengana jo dugu. Hizketan hasi eta berehala adierazi du helduen euskalduntzeaz arduratzen diren elkarte eta entitateen ekosistema "pixka bat konplexua" dela. Euskaltegien sarea bezala, dirulaguntzen sistema bateraturik ez dago. Hasteko, dirulaguntzak ez dituzte jasotzen edozein euskaltegitan ikasten ari direnek. Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen Zubiarte euskaltegiko eta hizkuntza eskoletako ikasleek ez daukate laguntzak eskatzeko aukerarik. Laguntzak AEK-ko eta IKAko ikasleentzat dira, bi horietako matrikulak beste bietakoak baino arras garestiagoak baitira.

2018an jarri ziren abian AEK-ko eta IKA-ko ikasleentzako laguntzak, 2011-2015eko UPNren agintaldian bertan behera gelditu eta gero. Ikasleek matrikula ordaintzen dute, alegia, dirua aurreratzen dute, eta ikasturtea bukatutakon, %80ko asistentzia egiaztatuta, jarri duten diruaren %60-65 itzultzen zaie. Arakamak azaldu du ehuneko hori igotzen jarraitzeko asmoa dutela, eta arreta berezia jarri dute A1 mailan: "Igoera orokorrak egiteaz gain, ikusi genuen garrantzitsua dela hasiera erraztea. Hurrengo ikasturtean, ez dakit erabateko doakotasunera iritsiko garen, baina uste dugu hurbil egongo garela. Beste mailetan %75-80ra iristea espero dugu". Ehunekotan gora egiteaz gain, asmoa da beste euskaltegietako ikasleek ere, hau da, Zubiartekoek eta hizkuntza eskoletakoek ere, laguntzetarako aukera izatea. Zubiarteko matrikula 80-90 euro artean dago eta hizkuntza eskoletakoak 100-130 euro inguruan.

Diferentziak saihestu nahian
EAEn bezala, Nafarroan ere, hainbat udalek euskara ikasleak diruz laguntzen dituzte. Bi leihatilak, Euskarabidekoa eta udaletakoa, bateragarriak dira. Arakamak adierazi digunez, eremu eukalduneko udal gehienek laguntzen diete ikasleei, eremu mistoko garrantzitsuenek ere bai, eta eremu ez-euskaldunean "hutsune handia" dago. Zulo hori betetzen saiatzen ari da Errigora ekimena. EAEko antzeko joera nabari da Nafarroan ere, lurralde administrazioak matrikularen osoa hartzen ez duenez, udalak saiatzen dira hutsune horiek betetzen. Kontua da udal batzuek hala egiten dutela, eta beste batzuek ez. Ondorioz, udalerriaren arabera, ikasleak dirulaguntza gehiago edo gutxiago izango ditu.


Azaroan euskalduntze eta alfabetatzean ardura duten eragileak biltzekoak dira, udalak tartean, oraingoz behintzat dirulaguntzetan zeresan handia dutelako. Arakama itxaropentsu dago, lantaldea elkartuko dela-eta: "Ikusiko dugu zein norabide hartzen duen, baina interesgarria da elkarrekin zerbait sortzea, orain daukagun anabasa ekiditeko". Udalen ekarpenen eta ekarpen ezen ondorioez aritu da: "Lantalde horretan mahai gainean jarri behar da gaia. Gustatuko litzaiguke erdigunean berdintasuna egotea eta halako diferentziarik ez egotea, edozein herritarrek euskara ikasteko erraztasun guztiak izatea, bai Baztangoak baita Tuterakoak ere".

Askok ez dakite laguntzak daudela ere
Arakamak dio helburuak "erabateko doakotasunera" heltzea izan behar duela, baina zuhurtziaz dio, espero dutelako gero eta ikasle gehiagok eskatuko dituztela laguntzak. Nafarroa osoan 6.600 euskara ikasle daude. Horietatik 1.100 Euskarabidean ari dira ikasten. Estatu, Foru eta Toki Administrazioetako langileak dira eta dirurik aurreratu gabe, doan, ikasten dute. Multzo hori albo batera utzita, beste 5.500 ikasleak daude. Horietatik 1.300 nafarrek baino ez dute laguntza eskatu. Kopuru oso txikia iritzita, Arakamari horren arrazoiez galdetu diogu. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu. Batetik, Zubiarte euskaltegiko eta hizkuntza eskoletako matrikulak eramangarriak direla iritzita, nahiago dute laguntza ez eskatu eta kontu burokratikoak saihestu. Bestetik, orain dela gutxi arte ikasleek ez zekiten laguntzak zeudenik. Eskariek etengabe gora egitea aurreikusten dute: "Eskatzaileen kopurua urtean %20-25 ari da igotzen. Gure helburua hirukoitza da: lehendik jasotzen ari denari gehiago ematea, ikasle izan eta orain arte eskatu ez duenak eskatzea, eta ikasle berriak matrikulatzea lortzea".

 

Ipar Euskal Herria

Hasiberriak dira kaltetuenak
 

Ipar Euskal Herrian ez dago euskara ikasteko laguntza berezirik. Handik eta hemendik jasotakoekin moldatu behar izaten dute. Erronka, Nafarroan eta EAEn bezala, finantzamendu koadro bat osatzea da, Ihintz Oliden Ipar Euskal Herriko AEKren koordinatzaileak adierazi digunez. Dirulaguntza lerro sendoena Frantziako Estatuak eskaintzen duen formakuntza poltsa da.

Langile orok Prestakuntzarako Kontu Pertsonal bat du eta urtean 500 euro sartzen zaizkio, denbora osoz ari baldin bada. Urtez urte 5.000 euro arteko kopuru maximo bat pilatu dezake kontu horretan. Kontua, izenak dioen bezala, formakuntza profesionalerako erabili behar du langileak. Euskara ikasi nahi dutenek baliabide hori erabil dezakete. Dena den, joan den maiatzetik gobernuak baldintza berria jarri du: kontua kudeatzeko plataformara sartzeko 100 euro ordaindu beharko dira.

Diru-zorroa ez dago edonoren esku, langileentzat (eta langabetuentzat) da; ezin dute baliatu, adibidez, lanik egiten ez duten ikasleek eta pentsiodunek. Badu beste murrizketa handi bat: A2 mailatik gorako ikasleek erabil dezakete, formakuntzarako baita laguntza, eta ulertzen da maila horretatik beherako euskara mailak ez duela balio lanerako. Hau da, euskararik ez dakienak ezin du formakuntza poltsa erabili. Ipar Euskal Herriko euskaltegi guztiak AEK-k kudeatzen ditu eta Olidenek azaldu digu zein murritz gelditzen den formakuntza zorroa: AEKn, gau-eskoletan, 1.300 ikasle dabiltza, eta ikasturte honetan diru-zorroa erabiliko dutenak ehunetik behera izango dira. Olidenen hitzetan esanda: "Gure ikasleen zati handi bat A1 mailan dago eta horiek ezin dute erabili poltsa".

EEP Euskararen Erakunde Publikoak bi beka kudeatzen ditu. Bata da Euskaraz lan egin. Badira profesionalek euskaraz lan egin dezaten lehentasuntzat hartuak diren alorrak, hala nola, irakaskuntza, aisialdia, kultura, eta hedabideak. Horientzat da laguntza. Beka eskuratzeko proiektu profesional bat izan behar da. Bigarren beka Euskaraz irakatsi da. Irakasleentzat da, ikastetxe publikoetan ari direnentzat.

Akitania Berria eskualdeak ere baditu laguntzak. Alabaina, ikasleak zuzenean diruz lagundu beharrean, euskaltegiak laguntzen ditu ikas-ibilbideak ordainduta. 0 eta B2 maila arteko ibilbideentzako da.

Erakunde publikoen diruztatzeaz gain, hainbat enpresa pribatuk erabakitzen du bere langileei laguntzea. Herriko etxeek ez dituzte ikasleak diruz laguntzen. Euskal Elkargoak, irailean, herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio kanpaina egiten du.

 

UEMAren eta HABEren laguntzak bateratzeko beharra
 

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen irizpide nagusia da euskalduntze-alfabetatzeak euskal herritarrentzat doakoa izan behar duela, eta UEMAko herrietan ezinbestean. UEMAn ez dago dirulaguntza sistema bateraturik, UEMAk udal guztietarako proposamena bideratzen badu ere, oraindik udal askotan irizpide propioak erabiltzen dituzte: batzuetan doakoa da, beste batzuetan %80 ordaintzen du udalak, edo %70... Miren Segurola UEMAko koordinatzailearekin hitz egin dugu eta hark dio egokia litzatekeela irizpide berdinak ezartzea.

UEMAko udalerrietako laguntzak bateratu bai, baina batez ere HABEren dirulaguntza sistema eta UEMAkoa osagarri izatea eskatzen dute. Bi erakundeen laguntzen bateragarritasun arazoak areagotu egin dira HABEk doakotasunaren bidean emandako azken pausoetan. Segurolak, labur, horrela azaldu du: HABEk lagundu beharko lituzkeen ikasleak udalek laguntzen dituzte, edo bestela, ikasleak dira kaltetuak. Adibide bat: ikasturtea bukatu eta udalak ikasleari laguntza onartu dio, ikastorduen %80 beteta. HABEk dirulaguntza deialdia geroago atera du. Ikasleak laguntza jaso duenez, ez dio eskaririk egingo HABEri.

Segurolaren ustez, helburu nagusia HABEk ikasle guztiei euskara doan ikasteko aukera ematea da. Hala ere, ulertuta bide horretan pausoak ematen ari direla, oraingo egoerari erantzun justuago bat emateko proposamena egin du. UEMAk proposatzen du HABEk laguntzea haien laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleak, eta udalak gainerakoak. Kalkulua horrela egin du: 5.000 biztanletik beherako herrietan jasotako datuen arabera, ikasleen erdiak ikasturtea gainditzen du, beraz ordainketa erdi eta erdi aterako litzateke gutxi gorabehera. Beraz, udalek laguntza guztiak kudeatuko lituzkete, leihatila bakarra egongo litzateke, eta asistentzia betetzen dutenei eta ikasturtea gainditzen dutenei laguntza emango liekete. Ondoren, HABEk maila gainditu duten ikasleei –maila gainditzea eskatzen du laguntza jasotzeko– dagokien diru kopurua udalei emango die.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Doakotasuna
Euskara ikasten
Doakotasuna agenda politikoan

Betiko aldarrikapena da: herritarrek euskara doan ikasteko aukera izan dezatela. Gauzatzetik urrun dago, baina badirudi EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2017-2018 ikasturtean pauso sendoa emateko asmoa duela: B2 mailara arte doan izango da. Horretarako baldintza... [+]


Eguneraketa berriak daude