Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza artifizializatzen da urtero Europan, kontrolik gabeko hirigintzaren erruz. Ondorioz, gune urbanoetan goitik behera datorren ur erauntsiaren indarra biderkatu egiten da, hondamendi bihurtzeraino, Valentzian ikusi dugun bezala.
Goi geruzako depresio hotz batek –gaztelaniazko sigletan DANA bezala ezagutzen duguna– Andaluzia, Murtzia, Gaztela-Mantxa eta, batez ere, Herrialde Katalanetako Valentzia astindu zituen urriaren 29an, ehunka hildako eta desagertu eraginda. Ohituta gauzkate halako katastrofeak telebistan espektakulua bailiran ikusten, Hegoalde Globaleko herrialde txiroetan gertatzen direnean. Baina oraingoan pantailetako zooma gertuago sentitu dugu, nahiz eta antzekoak gertatu izan diren ez askoz urrutiago. Esaterako, Libian, pasa den urtean Daniel ekaitzak gutxienez 11.000 hildako utzi zituen, bi urtegitako presak hautsi ondoren. Zein akordatzen da?
Ekaitz batek astindu du Valentzia, eta astindu hango herritarrak bezala Espainiako Estatuko politika. Larrialdia kudeatzeko espainiar agintarien eta patronalaren jokabide patetikoak –ez esateagatik kriminalak– bereganatu du arreta mediatikoa, eta garrantzitsuak diren beste gai batzuk alboratu dira eztabaidatik, tartean klima aldaketa eta hori bera sortzen duten faktore antropikoak.
Zer dio Uraren Kultura Berria fundazioak?
Uraren zikloa ikertzen ibilbide luzea egina duen Zaragozako Uraren Kultura Berria fundazioak, Valentziako hondamendia areagotu duten arrazoietako batzuk zerrendatu ditu: uholde-arriskuko eremuen okupazioa; nekazaritza espazio gero eta intentsiboagoak; drainatze naturala eragozten duten garraio-azpiegiturak; uholdeen kontrako alferrikako obrak, dikeak eta ur bideratzeak...
Faktore nagusien artean, lurraren “inpermeabilizazio geldiezina” ere badago: dela zabalkunde urbanistikoengatik, dela bestelako obrengatik, ura ez da lurrean infiltratzen eta tsunami baten gisan irristatzen da hormigoi biluzitik. “Azpiegitura hauek uraren abiadura eta bere suntsipen ahalmena handitzen dute arroan behera”, dio fundazioak ¿Por qué están aumentando los daños por inundaciones? (Zergatik ari dira handitzen uholdeen kalteak?) txostenean. Fenomeno horren adibide dramatikoa litzateke Valentziako l´Horta de Sud deituriko hegoaldeko lur emankorrean gertaturikoa.
Europako Ingurumen Agentziak dio 2006tik 2015era urtero, batez beste, 429 kilometro koadro lur geruza artifizializatu zela Europan. Ideia bat egitearren, Trebiñuko konderriak duen azaleraren ia bikoitza da hori
Paiporta, Catarroja, Aldaia, Alfafar… Hondamendiaren “zero” gunean ur erauntsiak 75.000 etxebizitza kaltetu dituela kalkulatu du Valentziako Unibertsitateak, baita poligono industrial ugari ere. Denera, urbanizaturiko 3.800 hektarea. “Giza galerak eta kalte ekonomikoak anplifikatzen dituen arrazoi nagusiena da ibai eta erreketako espazioetan eraiki dela”, dio ahobizarrik gabe modelizazio hidrologikoan aditua den José María Bodoquek The Conversation hedabidean.
Begiratu ingurura, eta ikusiko dituzu hirien tamainako auzo erraldoi berriak nonahi: erriberetan, mendi muinoetan... Ez aipatzearren logistikarekin edo energia berriztagarriekin zerikusia duten beste hamaika makro-azpiegitura polemiko.
Orban gorria mapan
Europako Ingurumen Agentziak dio 2006tik 2015era urtero, batez beste, 429 kilometro koadro lur geruza artifizializatu zela Europan. Ideia bat egitearren, Trebiñuko konderriak duen azaleraren ia bikoitza da hori. Frantziako eta Espainiako Estatuek artifizializatu zuten lur gehien urte horietan: 572 eta 416 kilometro koadro, hurrenez hurren. Europar erakundeek kontzeptu bat darabilte fenomeno hori deskribatzeko: lurzoruaren zigilatzea.
Copernicus satelitearen mapetan xehetasun osoz ikus daiteke noraino “zigilatu” dugun lurra. Hamar metrotik behin puntu gorri bat. Valentziako periferia osoa dago orban gorriz estalita, baita Euskal Herriko eremu zabalak ere: Donostiatik Goierrira, Ibaizabaldik Durangaldera, Gasteiz eta Iruñeko zonalde periurbanoak, eta batez ere Baiona eta Biarritz arteko bizitegi zabalak.
Hormigoizko egitura prefabrikatuak, basaltozko zolak, asfaltozko errepideak… material iragazgaitz ugari erabili eta euri-urak etengabe kanalizatzen dira. Baina horrekin lortzen dena da erauntsien indarra biderkatzea, jendeak sare sozialetan ikaratuta biral bihurtu dituen Valentziako bideo horietan ageri den bezala: kaleak tobogan hilgarri bihurtuta, urak autoak eta etxeak aurretik eramaten.
Horrela uler liteke hainbeste auto kaleetan? Hainbeste jende autoetan? Lanetik etxera, etxetik autora... Agian hori ere bada beste irakasgai bat: egungo sistema ekonomikoak apenas uzten diola herritarrari denborarik eta espaziorik erreakzionatzeko
“Egoera oso larria Utielen...”
Urriaren 29a, arratsaldeko 15:20: “Egoera oso larria Utielen (…). Uholdeak sortuko dituzten euri-jasak (…). Ez atera etxetik guztiz beharrezkoa ez bada (…). Mapa honetako balioak zaharkituta daude, gainditu egin dira (…) Euriak Jucar ibaiaren bide erdian bota du; ur hori guztia jaitsi egingo da eta herri askori eragingo die!”. Horrela jo zuen alarma Victòria Roselló meteorologoak À Punt Valentziako telebista publikoko albistegietako tartean.
Paiportan, telebistan eguraldia entzutean herritar askok harrituta begiratuko zuen leihotik, ordu horretan ez baitzuen euririk ere ari. Gorago, baina, 500 litro bota zuen. Agintariek ez zien abisatu “infernua zetorrela herrira”, Vilaweben irakurri dugun bezala. Hori da ura kontrolatu nahi izatearen beste ondorioetako bat, segurtasun sentsazio faltsua emateaz gainera, albo-kalteak ondoko herriak jasaten dituela.
Antonio Aretxabala geologo ezagunak Onda Vasca irratiko podcast batean gogorarazi du antzeko zerbait gertatu dela Iruñean: “Ikusten ari gara, Argan, uhaldiak saihesteko historikoki egindako obrek arazo larriagoak ekarri dituztela azkenean”. 2021eko abenduan Iruñeko Arrotxapea auzoa ez ezik, Burlata eta beste hainbat herri urpean utzi zituen uholdeaz ari da.
Valentziako Turia ibaiaren kasuan, oraindik aztertzeke dago 1957ko Gran Ruià eta geroko obrek nola funtzionatu duten. Baliteke Francoren erregimenak eraikitako ubide berriak hiriaren erdigunea “salbatu” izana, baina autobidez inguratuta dauden hegoaldeko herri eta auzo langileak sakrifikatu dira ordainetan.
Autoaren menpe dauden herriak
1980ko hamarkadan Valentziak aldaketa handia bizi izan zuen populazio eta mugikortasunari dagokionez: “Garraio pribatua sustatu zen, garraio publikoa murriztu, eta nekazal eremuen gainbehera hasi zen”. Josep Boira geografoaren hitzak dira, Valentziako Unibertsitatean irakaslea eta Mediterraneoko Korridore proiektuaren sustatzaile nagusietakoa, hortaz eskuinak “erradikala” deitua izatetik batere susmagarria ez dena.
Agenda Pública webgunean idatziriko artikuluan garbi hitz egin du Boirak: “Noiz arte baimenduko dugu galgarik gabeko garapen jasangaitz hau, hirigintza eta lurzoru artifiziala areagotzen duena?”. Bere esanetan azken urteetako garapen ereduak sustaturiko mugikortasunak “preso” dauka herritarra, lana eta zerbitzuak gune zehatzetan kontzentratzen dituelako.
Horrela uler liteke hainbeste auto kaleetan? Hainbeste jende autoetan? Lanetik etxera, etxetik autora... Agian hori ere bada beste irakasgai bat: egungo sistema ekonomikoak apenas uzten diola herritarrari denborarik eta espaziorik erreakzionatzeko.
“Arratsaldeko 20:00ak ziren, ura merkatalgunera sartzen ari zen eta oraindik ez ziguten etxera joateko esan ere egin”, hala kontatu dio La Directa hedabide katalanari Zarako langile batek. Inditexek, Mercadonak, Carrefourrek, Ikeak eta antzeko beste enpresek, beste behin negozioa lehenetsi dutela salatu dute sindikatuek.
Ibilguak naturara itzultzea
Zor ekologikoak sorturiko polikrisian sistema errotik aldatzea da irtenbide bakarra, 1.500 zientzialarik Bioscience aldizkarian argitaraturiko azken txostenean iragartzen duten kolapso sozialera iritsi nahi ez badugu. Baina horrez gain, beste neurri zehatz batzuk hartu daitezke, Valentziakoa bezalako uholdeen kalteak murrizteko.
Uraren Kultura Berriaren fundazioak eman dizkigu oraingoan ere pista batzuk. Esaterako, ibaiei euren ibilgua itzularazi eta erriberak leheneratzea. Madrilgo Manzanares ibaian eta Kalifornian Los Angeles ibaian, esaterako, egin dira halako esperimentuak. Nafarroako Gobernuak badu plan bat Argaren ibilgua basoberritzeko eta berriki lurrak desjabetzeko prozesua hasi du Mediterraneoko DANArekin gertaturikoa ikusita.
Nekazaritza guneetan ura erretenitzeko neurriak ere proposatzen ditu Uraren Kultura Berriak: iraganean hain ohikoak genituen baratza eta soroen arteko hesi begetalak jartzea, drainatze naturalen sarea berreskuratzea... Eta hirietan ere esku-hartze ugari egin daitezkeela dio: belardiak handitu, bide-zoru iragazkorrak jarri, edo hezegune artifizialak eta euri-lorategiak sortu, besteak beste. Finean, lurrari arnasa eman.
Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotzeko konpromiso politikoa... [+]
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]
Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.
Palestinako Popular... [+]
Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen... [+]
Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina... [+]
Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak 25º12’S 46º31’E dira; inguruan 11 krater satelite ditu. Akizen jaiotako Jean Charles Borda de... [+]
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.