Argi eta garbi irabazi dio Donald Trump presidente errepublikano ohiak Etxe Zurirako lehia Kamala Harris egungo presidenteorde demokratari. 312/226-eko aldea izango du urtarrileko bozketan Hautesle Kolegioan. 2016an Hillary Clinton galtzaile izan zen, baina herritarren boz gehiago atera zituen. Aitzakia hori ez da bidezkoa oraingoan: bost milioi botoren aldea atera dio Trumpek Harrisi. Eta emaitzaren argitasun horrek berak biziro baldintzatuko du haren kudeaketa. Garaileen partetik eta galtzaileen aldetik.
Presidentetzarako hauteskundeen joera hori berretsiz, errepublikanoek emaitzak hobetu egin dituzte, ia salbuespenik gabe, Senatuan nahiz Kongresuan. Bi ganberen kontrola beren eskuetan izango du Trumpen alderdiak (harena baita alderdia, jabetasunezko adieran... oraintsu arte Grand Old Party deitu ohi genuena baino gehiago).
Garbitasunari dagokionez ere, aitzakia gutxi du azaroaren 5ekoak. Begirale ugariek eta galtzaile saminduek ez dute aparteko arbuiorik azaldu, emaitza alderantzizkoa balitz askoren beldurra zatekeen moduan.
Honelakoetan klasikoa den “huts egin dute inkestek” desenkusak ere ez luke aparteko sinesgarritasunik eduki behar oraingoan. Estatuz estatu argitaratzen joan diren ehunka inkesten sasia xehatzeak edozertarako aukera eman badezake ere, “inkesten baturaren” zeharbideak, taxuz egin den guztietan, emaitzak asmatu egin dituztela erakusten du.
Ezin esan, ordea, ganorarik gabeko emaitza baten aurrean gaudela. Alde handirik gabe, aspaldiko hilabeteetatik –demokraten hautagai ofiziosoa Biden zenetik– inkestek aurreikusten zutena berretsi badute ere emaitzek, sekulako desengainua jaso dute askok eta askok. AEBetan bertan, aho bete hortzekin geratu bide da jende arretatsu asko. Alderdi Demokrataren barruan arazo latzak mahairatu ditu porrotaren hausnarketak; izenen ingurukoak lirateke kezkarik agerikoenak, baina sakonagoko gogoeten beharra ere badakar azaroaren 5ak.
Begien bistakoa baita, alde batetik, demokraten “gutxiengoen baturarekin gehiengoa egin” estrategia klasikoak –lehendik ere gainbehera zetorrela erakusten ari zenak– hondoa jo duela. Hamarkadatan bere-bereak izan dituen gotorlekuak (beltzak, latinoak, langile industrialak, katolikoak eta, neurri batean, emakume kontzientziadunak) errepublikanoekin partekatu behar izan ditu oraingoan, kasuan kasuko arrazoiak direla medio, baina joera komun batean. Eta ez du horren ordezkapena aurkitzen asmatu.
Ondorengo hilabeteetan, krisi horren inguruko oldozpenak (eta liskarrak) ikusi beharko ditugu Alderdi Demokratan, bi urte barruko midterm hauteskundeek argibide demoskopiko berriren bat ekarri zain.
Errepublikanoenean, noski, giroa alderantzizkoa da. Baina ez, haatik, buruhausterik gabea. Berezkoa duen egozentrismoaz harago, Donald Trump partiduaren jaun eta jabe bihurtu baita emaitza horiekin. Etxe Zuriko nagusi ez ezik, Senatuko eta Kongresuko jaun ahalguztiduna delako orain. Errepublikanoen artean zerbait izan nahi duenak, haren esanekoa izan beharko du aurrerantzean, funtsezkoa den edozein gaitan. Eta horrek ez du aurrekaririk ez Alderdi Errepublikanoaren historia luzean ez, esango nuke, Estatu Batuen historia osoan.
2024ko azaroaren 5eko hauteskundeek diktadore baten tankera handia duen strongman bat sagaratu dute, kaudillo bat zeinak transmisio-uhal modura erabil baitezake alderdiaren egitura, ganbera legegileak mugarrietatik kanpo atera ez daitezen eta aginteak behar duen guztia egin dezan. Auzitegi Gorenean ere nekez aurkituko du galgarik, bere neurrikoa baita jada hein handi batean, eta balizko izendapen berriak inoiz baino erosoago izango baititu. Botere-banaketa mito izatetik oso hurbil geratu da Estatu Batuetan. Project 2025 deituak egin nahi duen moduan haren itsumutil izateko ahalegin “zuhurren” arrakasta ikuskizun geratzen da, bestalde.
Alderdi Demokrataren barruan arazo latzak mahairatu ditu porrotaren hausnarketak; izenen ingurukoak lirateke kezkarik agerikoenak, baina sakonagoko gogoeten beharra ere badakar
Ez dira gutxietsi behar, nolanahi ere, horrelako erregimen batek berezkoak dituen herrenak. Lehendabizikoa, aginpidearen iturria bat eta bakarra izaki, harekiko hurbiltasuna erabakigarria izango dela edonorentzat edozertarako... Eta hori liskar-iturri ikaragarria izan daitekeela noiznahi eta nonahi. Trumpen aldakortasunak, eta bere ingurukoak elkarrekin etsaituta edukitzeko joera patologiko samarrak, ez du batere lagunduko aje hori samurtzen.
Aparteko arazoa izan daiteke bere barne-politikako neurri bereziena izan nahi omen duen administrazioaren erabateko erreforma horretarako edo, Elon Musk bezalako outsider kontrolagaitz bat tartean sartzea. Trumpi aspaldiko fideltasuna gorde diotenek ezingo dute begi onez ikusi halakoen agerpen ahaltsua, asko edo gutxi bakoitzak dituen bezeria-sareak kaltetuko dituelako...
Eta oinordetzaren fruitu pozoitua ere berehala izango delako mahai gainean. Pertsona edadetua izango da 47. presidentea, eta lehen eguna baino aurreragotik, argi dagoen gauza bakarretakoa da bera ez dela 48.a izango. Agintaldiaren ezegonkortasun-faktore nagusietakoa izango da ebidentzia hori.
Emaitzen zergatia argitze aldera, alde askotatik aipatu da ekonomiaren eragina, batik bat inflazio-maila altuek jende xehearengan egin duen kaltearengatik. Ez nator bat ikuspegi horrekin baina, edonola ere, inflazioa eta faktore makroekonomiko nagusiak ez daude Etxe Zuriaren manupean, baizik Erreserba Federalaren Sistemarenean. Eta Trumpek agindu arren hala jarraituko dutela ematen du; edo, behintzat, Jerome Powell-en asmoa hori dela esan liteke. Strongman-aren kontrapisu bakarretakoa izan daitekeela esan dezakegu.
Ez da huskeria. Lehen agintaldian ere botere-palanka hori kontrolatu nahi izan zuen Trumpek, baina Auzitegi Gorenean baino askoz arrakasta gutxiagorekin. Eta horretarako, apenas aurkituko duen orain ere plutokraten oniritzirik: ortodoxia ekonomikoa funtsezkoa da negozioetarako, Etxe Zuriaren agenda soziopolitikoekin talka egiten badu ere.
Hauteskundeek diktadore baten tankera handia duen strongman bat sagaratu dute, kaudillo bat zeinak transmisio-uhal modura erabil baitezake alderdiaren egitura
Inflazioaren auzian –eta harekin uztarri motzean lotuta dagoen finantza-politikan–, beraz, Trumpen gurariek baino zeresan handiagoa izango dute haren politiken emaitza ekonomikoek: erregaien prezioak, Txina eta Europari ezarritako muga-zergek, immigrazioaren murrizketak laneskuaren prezioan izan dezakeen eraginak...
Izan ere, immigrazioarena bezalako gaiak gizartea asaldatzeko (“esnarazteko”, beren hizkeran) eta borondateak bilbatzeko tresna sozial hutsak balira bezala erabili ohi ditu trumpismoak; baina inoiz ere halakoen ifrentzu ekonomikoa aintzat hartu gabe. Eta horrela, duela mende bateko panorama bertsura itzuli dira AEBak: immigrazioarekiko eskuzabaltasuna eskatzen dute korronte ideologiko aurrerakoiek... eta kapitalaren zati handi batek; eta itxitasun gogorrena herritarren multzo ikusgarri batek. Arazoaren erpina izan daiteke “talentuaren kudeaketa” deitu genezakeena, China Strategy Initiative bezalakoek kolapsora eraman dezaketena.
Trumpen bigarren agintaldiak atzerrirako –hau da, mundu osorako– izan ditzakeen ondorio eta eraginen prospektiba guztiz aieruzkoa da, haren pertsonalismoa eta aurreikusteko zailtasuna aintzat hartzen badugu. Izen hori merezi lukeen programarik, ez eta atal horretaz balizko arduradun ziur samarrik ezagutzen ez zaion heinean, bere lehen agintaldiko aurrekariak eta kanpaina-testuinguruan kanpo harremanei buruz egin dituen adierazpen solteak dira argibide bakarrak. Eta haietaz baliatu beharko da prognosi minimo baterako.
AEBetako segurtasun- eta estrategia-guneen gogapen erkidearekin bat etorrita, Trumpek irmo uste du Txina dela arerioa. Nagusia ez ezik bakarra; beste jazargo guztiak, maila apalagoko gorabeherak lirateke, kasik baztergarriak. Eta ñabardura horrek eginarazten dio talka zuzenean Biden- eta Obama-administrazioen geoestrategiaren zutabe nagusienetakoa izan denarekin: haientzat, Errusia betiereko etsai moldakaitza izan bada, Trumpen iritzi edo asmoa da AEBak Errusiarekin adiskidetu eta hura Txinarekin etsaitzea lortu behar duela. Horrexegatik izan du garbi lehen unetik Ukrainako gerra Biden-administrazioaren hutsegite barkaezina dela, Errusia Txinaren besoetara bultzatu duelako, batik bat. Alderantzizko bideari ekin behar omen dio agintaldiaren lehen egunetik.
Burubero baten ateraldia baino funts gehiagoko zerbait da. Zendu berria den H. Kissingerren estrategiaren ifrentzua litzatekeela esan genezake: inoiz ez da aldi berean bi etsai handi(en)ekin borroka egin behar; haietako bat zeure aldera ekarri behar duzu, bestearen aurka. Jakinaren gainean edo oharkabean, Trumpen egitasmoa izango litzateke Kissingerrek Nixonen aginduz 1970eko hamarkadaren hastapenean Txinarekiko harremanak “normalduz” egin zuenaren itzulerako partida moduko zerbait. Orduko helburu berberarekin: divide and rule. Orduan Vietnam eta Kanbodiako gerra, Chiang Kai-shek eta beste hamaika gorabehera aparkatuz egin behar izan zen; orain, Ukrainako gerra, Nord Stream, Kaukasoko gorabeherak eta abar zokoratuz egin beharko litzateke.
Korapilo oso bihurriei askabide oso sinpleak emateak beti du, ordea, porrot egiteko arrisku ikaragarria, eta ez litzateke hau salbuespena izango. Errusiari ezarritako zigor ekonomikoekin, oinaze sozioekonomiko larria erakarri die Biden-administrazioak bere aliatuei, bereziki europarrei; haiei orain, besterik gabe, 180 graduko biraketa eginaraztea ez litatzeke doakoa izango. Baina halakorik gabe Errusiarekin inolako adiskidantza lortzea ere ameskeria da. Ukraina arazoaren osagaietako bat da, soilik.
Sakoneko katramila, deabrutuagoa delako. Alemania, Italia eta Japonia –gerran menderatuak eta, de facto, oraindik ere herrialde okupatuak–, edo Erresuma Batua eta Frantzia –gerran irenduak– ez bezala, Errusia potentzia militarra eta, hein batean, ekonomikoa baita bere kabuz. Alegia, burujabetasun estrategikoa galdu ez duena (Indiaren kasuan ikusten ari garen bezala; eta... aldeak handiak, Txinarekin jada gertatu den moduan). Billar-jokaldiak baino gehiago beharko dira Errusiak eta Txinak gaur egun duten ezkontza guztiz interesatua puskatzeko.
Trumpen iritzi edo asmoa da AEBak Errusiarekin adiskidetu eta hura Txinarekin etsaitzea lortu behar duela
Zailtasun gehitua da Trump bera eta haren ingurua direla, nik uste, hamarkada askoan AEBetan Txinari buruz ezjakintasun larregiena duen elitea. Ezagutza, haren aurkako propaganda zabarrenera mugatua dute, eta Yellow Peril xenofobia klasikotik asko aldentzen ez den ikuspegia dute ideologiatzat. Kissinger eta beste batzuen ezagutza eta pintzel finetik ezin urrutiago.
Arazoaren gakora garamatza horrek: AEBen eta Txinaren arteko jazargoak zuzeneko gerra bat ekar ote dezake Trumpen bigarren agintaldian? Kanpainako, baina baita handik kanpoko adierazpen publikoetan ere azaldu ohi duen gerrekiko errefusa bere horretan hartuko bagenu, esan liteke orain arte baino urrunago egon behar lukeela bi handienen arteko gerra-arriskuak. Baina Trumpen gerra-errefusa ez da inoiz izan bakezaletasuna, eta betiere ulertu behar da AEBek zuzenean parte hartu (eta ondorio batzuk bederen nozitu) behar dituen guduei buruz ari dela. Proxy war-ak ez dira inoiz uko horretan barne hartuta egon, eta inork ez dio inoiz fitsik entzungo Trumpi aurrekontu militarra gutxitzearen alde.
Gakoaren muina da posible ote litzatekeen Estatu Batuek Txina murgilaraztea gerra subsidiario horietako batean Taiwanen, Filipinekin Hegoaldeko Itsasoan, Koreako penintsulan, Japoniarekin Ryukyun... gaur-gaurkoz imajinagarriak diruditen agertokiak aipatzearren. Beste batzuk (Myanmar, India, Vietnam) askoz zailagoak lirateke.
Asia Ekialdeko agertokiak erabateko lehentasuna izango du Trumpen kanpo-estrategian. Eta bertako aliantza-bilbea ere lehentasunezkoa izango da
Ez da gutxietsi behar posibilitatea, batez ere Taiwan eta Filipinetako kasuan. Bere lehen agintaldiko aurrekariak erakusten du Trump-administrazioak lehendabizi Txinaren ekonomia kaltetzeko ahalegina egingo duela, muga-zergekin eta otutzen zaizkion tresna ekonomiko guztiekin. Baina bide hori ustiatuta dago jada eta emaitzak ez dira egundokoak. Oinezko estatubatuarrei eta bertako enpresa askori kalte astunak egiten dizkie, beste aldean apenas nabaritzen diren zauriak eragiteko. Halakoen antzutasuna berretsi ahala, liskar armatuak sutzeko tentaldia biderkatu egingo da, batez ere Estatu Batuetan bertan egoera ekonomikoak okerrera egiten badu.
Ez dirudi horren erraza Trump bera horrelako joaira bortitz baten zale kartsu bihurtzea; baina bere inguruan izango dituen China hawk ugarien (S. Bannon, B. Hagerty, N. Haley, R. Grenell, T. Cotton eta gainerakoen) bulkada tenore horretakoa izango da, Pentagonoko goi-arduradun profesionalen artean bezala. Txinarekiko zuzeneko borroka atzeratzeak AEBen indar-harremana okertzea besterik ez duela egiten uste baitute ia denek, aspalditik. Kontrakoa izan daiteke, haatik, E. Musk eta gisako plutokraten koruaren leloa, betiere Trumpentzat gustagarriagoa izan dena. Egungo munduko bi potentzia handienen arteko zuzeneko gatazka bat erabateko Harmagedona ez beste zerbait izan ote daitekeen, hori da akabuko itauna.
Edonola ere, ondorioztatu beharko litzateke Asia Ekialdeko agertokiak erabateko lehentasuna izango duela Trumpen kanpo-estrategian. Eta bertako aliantza-bilbea ere lehentasunezkoa izango dela, bide batez.
Baina komeniko da aurretiaz kausitzea nola ulertzen dituen aliantzak AEBetako 47. presidenteak. “Ardatzak” edo “ententeak” ez bezala, egitate eratuagoak, arautuagoak, izan ohi dira aliantza geopolitikoak, bazkideen balizko berdintasunaren fikzioa oinarri dela. Gero, errealitatean, “herrialde alfa” bat izaten dute betiere, eta haren esana lege izaten da, urrutira joan gabe egiaztatzen ahal izan dugun bezala. Trumpentzat, ordea, bere lehen agintaldian NATOri buruzkoan ikusi zenez, funtzionatzeko eredu hori ere “asanblearioegia” zen, batez ere diru- eta baliabide-ekarpenak egiteko eran; eta sustraitik eraldatu behar zen, nagusi gorenaren egitasmoen inguruan diziplina ezartze aldera. Aliatuak nagusiaren morroiak izan behar zuten, labur esanda.
Horren antzeko zerbait lortu du NATOn, Ukrainako gerrari esker, aliantzen oso bestelako ikuspegia lukeen Biden-administrazioak: diru- eta baliabide-ekarpenak biderkatu dira, Ukrainarako bidalketak hitzartutakoetatik nahiko hurbil egon dira, “aliantza-giroa” biziro hobetu da bere garaian Macronek “garun-heriotza” deitu zuen hartatik. Alemaniar gerraontziak Taiwango itsasartea endredatzera joatea ere lortu da. Lehen aldiz, ehun urte baino gehiagoan.
Ukrainako gerra urrutiegi joanda dago, egun batetik bestera konpondu ez ezik baretu ere ahal izateko, eta ez da Trumpen bereizgarria jokaldi luze eta konplexuetan murgiltzea
Trumpen bigarren agintaldia lehendabizikoaren remake bat bada, hori guztia ere ezerezean gera daiteke, Ukrainarekin zerikusia duen guztia abiapuntu dela. Sarkastiko samarra litzateke Europako NATOkideek ia aho batez saihestu nahi izan zuten gerrari beraiek bakarrik eutsi behar izatea hiru urte geroago. Baina gerra urrutiegi joanda dago, egun batetik bestera konpondu ez ezik baretu ere ahal izateko, eta ez da Trumpen bereizgarria jokaldi luze eta konplexuetan murgiltzea.
Aburu horrek berak balio du Ekialde Ertaineko gatazka orokortutako eta, bereziki, Gazako sarraski higuingarrirako. Pozez txoratzen txalotu du Trumpen garaipena Netanyahuk, orain arte egindako guztiaren bedeinkazioa ez ezik Iranekikoak behin betiko egiteko aukera izango duela ebatzi duelako edo. Goizegi izan daiteke halako poztasunerako: Trumpen ikuskera, ez Ekialde Ertainean eta ez beste inon, ez da printzipio batzuetatik abiatzen, baizik interesetik. Eta haren interesak, lehen agintaldian erakutsi zuen bezala, bi zango ditu eskualde horretan. Bat, bai, Israel da; AEBetako barne-zioengatik, ez beste ezergatik. Beste zangoa, ordea, Arabiar Penintsulan eta Pertsikoan datza. Eta biak behar ditu ibiltzeko.
Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa... [+]
AEBetako Silicon Valley hamarkadetan demokraten gotorlekua izan da. Orain, Donald Trumpen alderako bira egin du. Teknologia-enpresa handiek eta haien buruek, munduko aberatsenek, hautagai errepublikarrari lagundu diote garaipena lortzen.
Lau urteren ostean Trumpismoa itzuli da Etxe Zurira, Donald Trump AEBetako 47. presidentea bilakatu da 78 urterekin. Hainbat deliturengatik zigortua izan den eta zenbait kausa irekita dituen lehen presidentea da. Hauteskunde garaipeneko hitzaldian, esan du “lelo soil baten... [+]
Zazpi estatu ikusten ziren gako gisa, eta, datu-ofizialen zain, guztietan gailenduko da Donald Trump. Horrez gain, herrialde osoko boto-portzentaje absolututan ere irabazi egingo du, 2016an ez bezala. Inkestek ez zuten hori aurreikusten. "Urrezko arora itzuliko... [+]
Zerbaitek definitzen badu Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza, beste esparru askotan bezalaxe, hori show-a edo espektakulua da. Xextra ugari gertatu dira hilabeteotan guztiotan, baina tartean bat, berriena, egunkari handi bati dagokiona.
Han eta hemen entzun eta irakur daitekeenez, azken hamarkadetako lehiarik estuena aurreikusten da AEBetako hauteskunde presidentzialetan, Donald Trump eta Kamala Harris hautagaien artean. Azaroaren 5ean, asteartez egingo dira bozak. Emaitzak Euskal Herrian gauerdia denean hasiko... [+]
Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.
Trump tiroz zauritu dute larunbatean, kanpainako mitin batean. Atsedenerako hiru egun hartu ditu, gaur arte. Biden jada hiru aldiz agertu da komunikabideen aurrean, aurkariaren aurkako atentatua salatzeko. Azken adierazpenean kanpainaren erritmoa moteltzeko mezua luzatu du;... [+]
New Yerseytik Georgiako Fulton espetxera hegazkin pribatuan iritsi, fitxa poliziala egin eta 200.000 dolarreko fiantza ordainduta 20 minuturen bueltan kanpoan zen berriro. Ikusmira handia sortu du fitxa polizialak.
Ez da lehen aldia Donald Trump AEBetako presidente ohia epaitzen dutena. Oraingoan, ordea, lau kargu leporatuta inputatu dute. Horien artean, 2020ko hauteskundeen emaitzak faltsutzea eta 2021eko Kapitolioko erasoa sustatzea. Gaur pasako da epailearen aurretik.
Etxe Zuria utzi ostean gobernuko dokumentu konfidentzialak gordetzea egotzi diote AEBetako lehendakari ohiari. Lehen aldia da bertako lehendakari ohi bat federalki epaitzen dutena.
AEBetako lehendakariak Mar-A-Lago-ko Floridako bere etxean hainbat agiri sekretu ofizial gorde zituen bere agintaldian eta hori dela eta zazpi delitu egozten dizkiote.