Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta Bartzelonan bildu gara berarekin, bere lan artistikoaz eta pentsaera politikoaz aritzeko: estu lotuak biak ere.
Poeta eta antzerkigilea. Girgileria [itzulpena: Maider Ramirez Martin] eta I si una nació desfilant per una catifa vermella –réquiem català– poema-liburuak, Juana Dolores, massa diva per a un moviment assembleari eta Hit me if I'm pretty edo printzesa modernoa antzezlanak eta Limpieza eta Miss Universo ikus-entzunezko piezak kaleratu ditu.
2020an argitaratu zenuen Bijuteria, eta lau urte geroago iritsi da euskarazko itzulpena, Girgileria, Katakraken eskutik. Zer moduzkoa izan da poemetara itzultzea?
Gustatu zait Girgileria-ra itzultzea eta, neurri batean, ixtea –testuinguratze-testu bat eta zortzi poema gehitu ditut, eta zaharretako batzuk findu—, zeren, nahiz eta bere garaian liburua asko kritikatu zen, hitzaren zentzurik onenean, nire lehenengo hitz-hartze eta adierazpen politikoen ondorioz mediatizazio bat gertatu zen, eta lanari buruzko iritzi guztiak baldintzatu zituen horrek. Aldi berean, elite politiko eta kulturalek exotizatu egin ninduten; harrituta geratu ziren langile-klaseko emakume katalan batek, izen-abizen espainiarrak izanik, irabazi zuelako poesia katalaneko sari bat [Amadeu Oller saria].
Beraz, xumeki, nire lehen poema-liburura itzultzeaz gozatzen ari naiz, polemikaren eta nire lanaren arteko distantzia handiagoarekin orain. Girgileria-z harro sentitzen naiz. Uste dut lehen poema-liburu on bat dela.
Badu munduaren aurrean agertzen den poetaren aurkezpenetik.
Oso argi neukan nire estreinako liburua zela oro har, eta nire lehenengo poema-liburua zehazki; ez nuen presaka atera nahi. Horretarako, denbora eta dirua behar nituen. 28 urterekin argitaratu nuen; gaur egun, batzuentzat berandu samar da hori. Liburua den hori izan zedin nahi nuen: maitasun-poemen lehen liburu bat, langile-klaseko emakume batek idatzia eta argitaratua, baina baita burutua ere. Uste dut hori islatzen dela bertso batzuetan edo poema-multzoaren aura orokorrean.
Nola deskribatuko zenuke zer lekutik idatzi zenituen poemak?
Maitasun-poemen bilduma bat izan nahi nuen, neurea. Eta, nigan, maitasuna honako hauek zeharkatzen dute: neure sentikortasun edo sentikorkeria femeninoak, saihestezina eta historikoki baldintzatua, batzuetan irrigarria, baina, zergatik ez, baita poema hauetan konplexurik gabe baieztatua eta erakutsia ere. Maitasun-poemak idaztean, ezin izan nuen alde batera utzi klase-gizarte honetan emakume gisa daukadan kondizioa; gaur egungo matxismoak ezaugarritzen du. Baina horrek ez du esan nahi poema-liburua agitatiboa eta propagandistikoa denik, ezta iraultzailea ere diskurtsoan edo edukian. Une horretan ez zen nire asmoa: poetizatu nahi nuen, estetizatu, “apaindu”. Horretarako, estilo bat behar nuen, kontu teknikoa eta zaila. Eta zeregin horretan tematu nintzen Girgileria idatzi bitartean.
"Eta horixe gertatu zen. Iraultza artean ere posible zela iragarri zen. Eta horrek markatu egin nau, erradikalizatu. Eta arima erauzi dit, eta zabaldu egin dut handiagoa izateko, eta odoletan daramat, bandera baten moduan"
Baina gauza bat esan nahi nuke, Euskal Herriko hedabide baterako ari garela kontuan hartuta. Liburua idazten bost urte pasa eta gero, termino politikoetan ilusio laburrak eta desengainu eternalak bizi izan ostean –azkenengo poema Otoitza deitzen da, eta ez da kasualitatea: jainkoari erregutzen diot erruki dadin gizonen porrotaz–, Vladimir Maiakovskiren –“Iraultza errusiarraren poeta handi” gisa ezagutzen dena– poema-zati bat sartu nuen. Hala dio: “Ezin da jadanik ezer barkatu. / Kauterizatu ditut xamurtasuna / hazitzen zuten arimak. / Eta gogorragoa da / milaka mila Bastilla hartzea baino! / Eta bere etorrera gaztigatzen duelarik / matxinaden zalapartan, / salbatzailearen aitzinera joanen zarete, / eta zuentzat, nik / arima erauziko dut / oinkatu eginen dut handiago egiteko, / eta, odoletan, banderatzat emanen dizuet”. Eta horixe gertatu zen. Iraultza artean ere posible zela iragarri zen. Eta horrek markatu egin nau, erradikalizatu. Eta arima erauzi dut, eta zabaldu egin dut handiagoa izateko, eta odoletan daramat, bandera baten moduan. Eta hala izango da amaierara arte.
Feminitatearen analisia presente dago, poema hauetan ez ezik, baita zure azken pieza eszenikoan ere: Hit me if I’m pretty edo printzesa modernoa –Bilboko La Fundicionen aurkeztuko duzu otsailaren 15-16an–.
Halako batean ohartu nintzen ezen, lanerako, beti aukeratzen nituela kontzeptu, irudi, elementu, arketipo, estereotipo, etab., femeninoak.
Missak, dibak, printzesak…
Bai, eta hori organikoa izan da. Baina, gero, lanean ohartu nintzen ez zitzaidala feminitatea interesatzen esentzia gisa, ezpada zera femeninoa ezaugarri eta bereizgarrien multzo gisa, ez soilik emakumeei lotuta. Gustatzen zait zera femeninoa ulertzea bokazio, nolabait esan, historiko-artistiko gisa; bada zerbait merezi duena aztertua izatea, gero zalantzan jartzeko, ukatzeko, eta gainditzeko.
Poema batean diozu: “Erakarri eta seduzitzen duen edozerk / proletarioki eraikitzen dit balio femeninoa / izango balitz bezala tradizio berri zahar bat: / kutxazainena, Claire’seko langileena, estetizistena”. Aldarrikapen gisa hartu dut.
Ez dakit aldarrikapena den. Omenaldi bat da, oso feminizatuta dauden lanbide batzuen harira. Edo, beharbada, aipamen bat baino ez: omenaldiak, maiz, etorkorrak eta paternalistak izaten dira eta. Bertso horien harira, uste dut orobat biltzen dituztela eragin estetiko batzuk, musika urbanoak Espainiako estatuan izandako eztandak emakumeei ekarritakoak. Horregatik aipatzen ditut La Zowi eta Rosalía liburuan.
Baina trapa zahartu egin da eta ni ere bai, eta gutxi geratzen da garai horretatik. Autokritika eginez, ni neu liluratu ninduen eszena berri horrek –ez zen soilik musikala; artistikoa zen, maila guztietan–, eta ospatzekoa iruditu zitzaidan eszena horrek zekarren emakume-errepresentazioa, ni ere identifikatzeko modukoa: emakume bat bere sexualitatearen eta sentsualitatearen jabe, horiek erakusteko aske. Ez zen hala izan sekula. Zeren hipersexualizazioak, baita norberak kontzienteki eginda ere, niri ez dit ezertarako balio izan, egia esan. Beharbada gauza batzuetan eta une batzuetan bai, baina gaur esan dezaket erabat anekdotikoa dela, ez dela nahikoa inondik ere. Gainera, iruditzen zait pobrezia fetitxizatu eta exotizatu zela. Eta, kasu zehatz honetan, pobrezia feminizatua. Gorabide sozialarekiko gurtza ahaztu gabe. Dena den, jakinik-eta iruditegi eta unibertso horiek ez direla iraultzaileak, sentitzen dut neure klaseaz mintzo direla halere, haren kontraesanaz eta zatiketaz. Zoritxarrez, proletariotza oraindik ez dago osatuta subjektu iraultzaile gisa, nahiz eta hori den eta izan behar duen.
"Ez dut izan nahi idazle bat burgesiaren kontra idazten duena baina ez daukana arazorik burgesiarekin; ez dut izan nahi idazle bat bere klasearentzat idazten duena baina ez dena bere klasearen alde borrokatzen"
Zer harreman du honek guztiak feminismoarekin?
2018ko feminismoa, masa-manifestazioak eta -elkarretaratzeak ekarri zituena, kaleak betetzen zituena, jada ez da existitzen. Gutxi iraun zuen. Zergatik? Horra galdera. Nik ez dakit ezer; aktore bat baino ez naiz, poemak eta antzezlanak idazten dituena. Baina feminismoaren ezaugarri berezkoa da interklasismoa: klaseen arteko adiskidantza sustatzen du. Eta xehetasun horrek, zeina maiz ahazten dugun, ahalbidetzen du instituzioek eta enpresek feminismoa asimilatzea. Neure buruari galdetzen diot oraindik ere ea zer egiten genuen emakume langileok emakume burgesen alboan manifestazio berean. Garai hartan, “klase-feminismoaz” asko irakurtzen zuen friki bat nintzen; nahiz eta ez nuen guztiz ulertzen zer zen, eta oraindik ere ez. Ulertzen dut, ordea, kapitalismoa dela gaixotasuna, eta matxismoa, berriz, bere sintoma ugarietako bat. Kapitalismoak berak sortzen eta betikotzen du genero-menderakuntza orokorrean eta indarkeria matxista zehazki gaur egun ezagutzen ditugun formetan eta moduetan. Eta estatu burgesak gauza bakarra eskaintzen digu emakume langileoi, eskas gainera: prebentzio-mekanismoak eta aringarriak, zeintzuek ez duten batere zerikusirik arazoa errotik desagerraraztearekin, matxismoa deuseztatzearekin.
Gogoko dut esatea zakileraino nagoela feminismoaz, egia esan.
Duela gutxi, elkarrizketa batean, zure figuraren harira egin den karikaturizazioa kritikatzen zenuen.
Beste jaun eszentriko eta kontestatario bat izan banintz, nire pertsonaren mediatizazioa ez zen berbera izango. Kontua da ni ez naizela jaun bat, ez eszentrikoa, ezta kontestatarioa ere; komunista naiz. Eta prest nago horren ondorioak onartzeko bukaerara arte. Antolakunde politikorik ez nuenez, egia esan pentsatu nuen politika egin nezakeela nire adierazpen publikoen bidez: telebistara joan, irratira joan, elkarrizketak eman, etab. Baina ez da egia. Gurutze-bide bat izan zen. Politikoki hitz egiteak, modu indibidualean, burgesiaren hedabideetan, ez du ezertarako balio; antzua da. Eta suizidio bat. Zu karikaturizatzeko baino ez du balio, eta horri etekina atera diezaioten. Baldin eta artistek “klase” politika egin nahi badute benetan –eta hala diote gehienek– beren egoak, asmoak, ametsak etab. baino handiagoa eta ohoragarriagoa den zerbaiten mende jarri behar dute. Eta ez dago gauza handiagorik eta ohoragarriagorik proletalgoaren independentzia politikoaren alde borroka egiten duen antolakunde iraultzaile bat baino.
Kultura katalanari komeni zaio eta interesatzen zaio enfant terrible-ak edukitzea noizbehinka. Baina ni ez naiz eta ez naiz izango “ezkerreko artisten” kuotaren parte. Inolaz ere ez. Ez dut izan nahi idazle bat burgesiaren kontra idazten duena baina ez daukana arazorik burgesiarekin; ez dut izan nahi idazle bat bere klasearentzat idazten duena baina ez dena bere klasearen alde borrokatzen. Hipokrita eta faltsua iruditzen zait, nazka ematen dit. Hala ere, ez dut hori epaitzen; batzuetan moralistegia naiz. Baina niri, egia esan, jarrera horrek nazka ematen dit, eta ez nuke lasai lo egingo gauez.
Eta idazle gisa nola kokatzen zara egoera horren aurrean?
Nik ez dut nahi, ezta ere, 50 urte bete eta “antisistema” izan, baldin eta horrek ezer esan nahi badu gaur egun. Ez da serioa. “Antisistema” etiketa abstraktua da, eta oso karikaturagarria. Lehen urteetan karikaturizatu egin ninduten, eta nik sustatu egin nuen beharbada. Baina norbera hazi egiten da, ikasi egiten du. Erradikalizatu egiten da, lehen esan dizudan moduan. Nik agitazioa eta propaganda sustatu nahi ditut, uste baitut horiek direla artista komunista ororen funtzio nagusiak; erabilgarriak eta politak. Eta, egia esan, uste dut horixe izan naizela betidanik: agitatzaile eta propagandista ona. Niri interesatzen zaidan bakarra, eta beti interesatu zaidana, politika da; baina ez zaidalako iruditzen artistoi, kasu honetan, beste ezer interesatu beharko litzaigukeenik. Kapitalismoa da artearen eta literaturaren etsairik okerrena.
Zein da politikaren eta estetikaren arteko lotura zure lan literario eta artistikoan?
Nire lan artistikoa politikaren eta estetikaren arteko dialektikan oinarritzen da oso-osorik; ideologiaren eta edertasunaren arteko dialektikan. Horrek zerikusia du, nabarmen, ni neu naizenarekin. Bizitza osoan sentitu izan naiz, tarteka, politikaren eta estetikaren artean zatitua. Politikak –gaizki ulertuta– eraman ninduen langile-klaseak edertasunerako duen eskubideaz pentsatzeari uztera; estetikak, berriz –gaizki ulertua hori ere– nolabaiteko burgeste batera eraman ninduen. Baina ikuspegi sozialista edo komunista batetik politikaz eta estetikaz teorizatzea ez da lantegi indibiduala, ezta ere artistek edo intelektualek soilik garatu beharrekoa. Momentuz, xumeki, intuizio eta nozio batzuk partekatu ditzaket; baina oraingoz ekarpenak egiteko dudan modurik onena neure lana da.
"Eta oraintxe bertan gure lehentasuna baldin bada iraultza ez soilik posibletzat jotzea ezpada desiragarritzat ere, lehenik eta behin irudikatu egin behar dugu"
Adibidez?
Oraintxe bertan edertasunaren potentzialtasun eta gaitasun iraultzaileetan –agitatzaileak eta propagandistikoak– zentratuta nago, bai errealismo sozialistari bai fikzio sozialistari dagokionez. Komunistok ondotxo jakin behar dugu irudimenaren borroka geuk gauzatu behar dugula. Ezer desiratu aurretik, irudikatu egin behar da. Eta oraintxe bertan gure lehentasuna baldin bada iraultza ez soilik posibletzat jotzea ezpada desiragarritzat ere, lehenik eta behin irudikatu egin behar dugu. Eta horretarako izan daitezke baliagarriak artea eta literatura, bai errealismoan eta fikzioan, soilik baliagarriak izan ordez jeinuak eta pertsonalismoak sortzeko –kontu irrigarri samarra nire ustez–.
Girgileria ez da argiki komunista. Baina marxismoarekin elkarrizketan dago. Eta marxismoarekin hitz egiteak tradizio gisa, kontakizun handi gisa, marxismoaren garrantzia, legitimazioa eta gaurkotasuna erakutsi zituen.
Datorren astean Euskal Herrira zatoz Girgileria aurkeztera. Hilaren 19tik 22ra Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango zara.
Lehen argitalpenetik ia bost urte joan diren honetan, Girgileria-ri buruz hitz egiten ari naiz berriro. Pozik nago. Batez ere jakin-min handia dut ea nola irakurri den liburua Euskal Herrian, hango jendearekin hitz egin nahi dut lanari buruz eta ez dezatela oso kontuan izan nire alderdi maitabera eta esteta.
Bukatzeko, Familia abolitu. Zaintzen eta askapenaren aldeko manifestu bat liburuaren zati bat aipatu nahi dut; Sophie Lewis teorialari marxistarena da: “Bere autobiografian, [Alexandra Kollontai] damutzen da bere bizi femeninoaren zatirik behinena ez diolako eskaini lan [iraultzaileari], ezpada maitasun madarikatu zentzugabeari. Kollontairen ikuspegian, ekoizpen-lanak, eta ez zaintza-lanak, izan behar zuen emakumeen bizitzaren misioa. Kollontairentzat, zaintza sozializatzea sine qua non baldintza da sozialismoarentzat, zeren, berarentzat, lanak, eta ez zaintzak, egiten dute historia”.
Azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena eskuratu du Etxarri Aranatzeko bertsolariak. 120 bat bertsozale bildu dira Aurizko Kultur Etxean, txapelketako lehen saioa bertatik bertara jarraitzeko.
Elkarteak salatu dutenez, Aditu adimen artifizialeko erreminta tresna bikoizketak ere egiteko gai da, eta bikoiztaileen ogibidea zein bikoizketaren kalitatea arriskuan ikusten ditu.
Mungiako Olalde aretoan jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko hirugarren saioa. Saioa irabaztearekin bat, finalaurrekoetara sailkatu da Mendiburu.
Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima', Mitxelenaren 'Aitona Floren' eta Rosenderen 'Traba' saritu ditu aurten Eusko Jaurlaritzak. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da.
Emakume zinemagileentzako egoitza artistikoa da Etxe Betea eta Bilboko erdigunean sortu zen 2022an, Gariza Films ekoiztetxe feministaren eskutik. Ordutik, lau egoitzaren bidez –Gela bat norberarena, Elkarrekin Sortzen, A Shelter of One’s Own eta Two Weeks... [+]
Loraldiak eta EHU Kultura Bizkaiak elkarlanean aurkezten dute Sormenola 2025-26 programaren edizio berria. Loraldia Gaztea ardatz estrategikoaren barruan kokatzen den ekimen hau euskal sorkuntzaren harrobi gisa finkatu da, eta aurten apustua areagotzen du: interesa izan... [+]
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina. Izan ere, zaborra, gaur egun sortzen duguna ez bezala, begi-bistatik... [+]
Ixo eta bizi!
Gailu
Bidehuts, 2025
------------------------------------------------------------------------------------------------------
Aresti hilda dago. Eta bere oinordekotza baita ere. Gailuk argi du: “Harrizko herri zena / negar herri bihurtu da eta, / hala, iduri... [+]
Kontra
Ane Zubeldia Mangriñá
Susa, 2025
----------------------------------------------------------------------------------
Hatz-mamiekin jarraituta irakurtzeko azalerak bildu ditu Ane Zubeldia Magriñák bere lehen poema bilduman: ur gainak, zuhaitz... [+]
Rodeo eta Dena
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 18an
--------------------------------------------
Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]
Zinemaldi Alternatiboaren amaierarekin batera antolatzaileek haien esker onak eta balorazioa plazaratu dituzte. 17. edizioa izan den honetan, azpimarratu dute zinema tresna gisa hartuta komunitatea ehuntzen aritu direla.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, hamabost egunez segidan hamabost kontzertu antolatu ditu Musika Zuzenean proiektuak, 15 urte betetzen dituztelako. Areto txiki, taberna eta espazio autogestionatuetan izango dira. Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ezpalak eta... [+]