“Bidea moztu da eta hutsune batean gaude”

  • Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz betetako bidea aurkitu dute.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Leire Manzanaresek pertsona baten laguntza behar du ikasketetan gidatzeko. DBHko 2. mailara arte, hezitzaile baten laguntza izan zuen, baina 3. mailatik aurrera laguntzarik jarri ez ziotenez, ZIG gelara pasa zen. Manzanaresek argi dauka formatzen jarraitu nahi duela. Gurasoekin batera, ikasten jarraitzeko dauden oztopoez mintzo da. Ate joka dabiltza, baina deus gutxi lortu dute: “Besteek dituzten aukerak nahi ditugu”.

Orain arte jarraitu beharreko bidea “nahiko” idatzirik zegoen, baina bat-batean horma baten kontra jo dute. Han eta hemen ibili dira informazio bila, baina aukera “gutxi” aurkitu dituzte: “Bidea moztu da eta hutsune batean gaude. Zer egingo dugu orain?”.

Ikasturte honetan, ZIG gelan dago Manzanares. “Daukagun aukera bakarra ZIG gela da, baina soilik egon gaitezke hogei urte bete arte”, salatu dute. Irailean hogei urte beteko ditu Manzanaresek. Horregatik, urte bat gehiago luzatzeko eskatu dute gelako zenbait familiek: “Bagenekien ziurrenik ezezkoa jasoko genuela, baina agian horri esker datorren urtean beste batzuei aukera emanen diete”.

Hezkuntza premiak dituzten ikasleen kasuan, moldaketa kurrikularra egin, eta ikasleen beharretara egokituta lantzen dituzte irakasgaiak. Baina Manzanaresen eta beste pertsona batzuen kasuan, ezin dute titulurik jaso: “Teorian titulurik gabe ezin duzu ikasten jarraitu; orduan, aukera bakarra da Oinarrizko Lanbide Heziketa egitea, onartzen bazaituzte”.

"Berehala bideratzen dituzte lanera. Beharrezkoa da 20 urterekin derrigorrez lanera joan behar izatea?"

Manzanaresen kasuan, DBH amaitu ez duenez Gureak enpresan praktikak egiteko asmoa dauka urtarrilean. Gureaken nagusiki industria, zerbitzu eta marketin sektorean jarduten dira, eta batez ere desgaitasun intelektuala daukaten pertsonekin lan egiten dute. Behin praktikak amaituta, bertan lanean jarraitzeko aukera dago, baina soilik gutxi batzuek izaten dute kontratua eta soldata: “Lan okupazionala egiten dutenek lanaldi osoa egiten dute lan, baina ez dute soldatarik jasotzen, 200 eurora iristen ez den eskupekoa baino ez”.

Lanera bideratzeko presa

Aurreko ikasturtean Manzanaresi galdetu zioten ea zertan egin nahi zituen praktikak, eta adierazi zuen ikus-entzunezkoekin zerikusia duen zerbait. Horregatik, horri lotutako praktikak egitea eskatu du Gureaken. Horrez gain, administrazioan praktikak egiteko aukera ere eskatu du. “Ideia polita iruditzen zaigu ikasten jarraitzeko. Azkenean, gure helburua da ikas-prozesuari ahalik eta zuku gehien ateratzea eta aurrera egiten jarraitzea”, azaldu dute. Ez da soilik Manzanaresen eta bere familiaren kezka, ikaskide askorena ere bada: “Zergatik utzi behar diote ikasteari?”.

Salatu dute presa handiegia dagoela lanean hasteko: “Berehala bideratzen dituzte lanera. Beharrezkoa da 20 urterekin derrigorrez lanera joan behar izatea?”. Manzanaresek bi ahizpa nagusi ditu, eta horiek oraindik ikasten ari dira: “Zergatik Leirek hasi behar du lanean? Zer presa daukagu gizarte gisa?”.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

“Besoak eta hankak, igeri egiteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude