Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian irribarre zabala eta motxilan kopa menstruala, ur botila eta idazteko koadernoa dakartza.
Filologia hispanikoko ikasketak egin eta jarraian hasi zen irakaskuntzan lanean. Irakasle lanak idazketarekin uztartzen aritu izan da beti eta urte batzuk dira ama ere badela. Poesia eta haurrentzako ipuinak idatzi baditu ere, testu hibridoak dira gehien interesatzen zaizkionak. Iruñeko institutu batean dabil lanean egun, gaztelania eta literatura ikasgaiak ematen.
Zergatik gaude hemen?
Alkizako Ur Mara museoko Toureau etxolan gaude. Elena Carajaville bitxigileak eta Koldobika Jauregi eskultoreak proiektu bat muntatu zuten artea eta naturaren arteko erlazioa lantzeko eta tailerrak, hitzaldiak, antzerkiak eta kontzertuak egin izan dituzte hemen. Sormen beka bat ere ematen dute, Alkizako Sormenaren Kabia beka, eta horregatik nago ni hemen. Justu etxola honetara etortzen den jendea hitzaren eta naturaren arteko harremana topatu eta islatzen saiatzera dator.
Semearekin etorri naiz eta hiru aste emango ditugu hemen, Alkizako baso eskolan matrikulatu dut, horrela goizez eta gauez idatz dezaket eta arratsaldetan amarena egiten dut.
Pagadi erdian gaude orain. Txori batzuk eta haizea besterik ez dira entzuten.
Haizeak aste guztian zehar lagundu gaitu eta eromena izan da. Zuhaitzak erori dira, adarrak hautsi dira… Hirian zaudenean eta hona naturari buruz idaztera etorriko zarela pentsatzen duzunean ez duzu kontuan hartzen naturaren B aurpegi hori, eta hori ere bada lantzen ari naizen gaietako bat. Natura ezezagun edo piztia gisa: zer ezagutzen dugun, zer ez, zein lege duen, ea uzten digun sartzen eta ateratzen, animalien presentzia…
Semearekin etorri zarela esan didazu. Nola bizi duzu hori?
Hasieran biontzako aukera gisa ikusten nuen. Ingrid Christensen idazleari irakurri nion behin, bekak jasotzen zituenean ez zuela aukerarik izaten haur txikia inon uzteko. Parisera joatea egokitu zitzaion batean modu honetan planteatu zuen egonaldia: berak goizetan idazten zuen bitartean, Pariseko mapa ematen zion bere semeari eta semea zen, mapari erreparatuz, arratsaldetako egitaraua prestatuko zuena. Hori gogoan nuela pentsatu nuen goizetarako plan bat prestatuko nuela berarentzat ni idazten egongo nintzen tarterako. Baina gero antsietatea sartu zitzaidan horren kontrako argudio asko zetozkidalako burura.
Haurra Alkizako baso eskolan matrikulatzeko aukera atera zen orduan eta etortzea erabaki nuen. Hala ere, hasiera gazi-gozoa izan da. Oso idealizatua nuen plana, baina amatasunaren kontuarekin une oro ari zara kanpoko kritikak jasotzen eta horrek zuk barruan izan ditzakezun kezkak esnatzen ditu. Amatasuna eta errudun sentitzearena beti doaz eskutik. Neurekoia sentitzen naiz askotan, idazkeraren espazioa babestu nahi dudalako, baina aldi berean nire umea ere bai. Egunero bizi dut lehia hori.
“Hori da hitzarekin lantzea interesatzen zaidana: mundua nola dagoen jaso, hori iragazi eta bueltan, obraren bitartez, proposamenak edo galderak itzuli”
Idazlea zara, baina irakaslea ere bai. Hiru asteko baimena eskatu duzu hemen egon ahal izateko. Aski dira hiru aste?
Ez. Lehenengo astean egiten duzuna da lurreratze moduko bat. Burua garbitu behar duzu aste horretan zehar, edo hustu. Eta horretan naturak berehala laguntzen zaitu. Baina buruak bere martxa du eta motela da. Eta gero beste bi asteetan egiten duzuna da disparadoreak topatu. Ni egiten ari naizena da koadernoan etortzen zaidan guztia apuntatu. Pasatzen dena da idazkera eta antsietatea beti doazela eskutik nire kasuan. Nik idatzi nahi dut dena ja [barreak]. Baina egiten ari naizena da pixka bat baretu, ideiak apuntatu eta jakin hau datorren urtean zehar garatuko dudala. Baina bai, faltan sumatzen dut edukitzea, adibidez, urte oso bat orain buruan daukadan guztia garatzeko. Eta hor frustrazioa sortzen zait.
Gainera, proiektu desberdinak pizten zaizkit aldi berean eta oso zaila egiten zait soilik batean zentratzea. Bat garatzen ari naizelarik besterako ideiak sortzen zaizkit, zubi gisa, batak bestea esnarazten du.
Irakaskuntzak denbora asko hartzen du zure bizitzan. Ogibide horrek ematen dizu lasaitasun ekonomikoaz haragoko zerbait? Uztea pentsatu al duzu inoiz?
Urtebeteko eszedentzia hartu nuen horren inguruan pentsatzeko. Mundua nola dagoen ikusita, kezka sozial handia dut. Uste dut bakoitzak bilatu behar duela bere modua gizartean eragiteko eta nik horretarako topatu dudan bidea irakaskuntza izan da. Klasean nagoenean ikusten dut zeinen gogorra den nerabeentzat mundua. Ez dira inozoak, kontziente dira guztiaz, nahiz eta oraindik batzuek ez dakiten pentsamendua ongi egituratzen edo azaltzen. Nik hor eragiteko dudan tartea probestu nahi dut eta umoretik egitea erabaki dut.
Bueltan jasotzen ditut maitasuna, alaitasuna eta feedbacka. Idazlearen mundua oso egozentriko eta murriztua izan daiteke eta ikasleek errealitatera ekartzen naute, mundua nola dagoen erakusten didate. Eta hori da hitzarekin lantzea interesatzen zaidana: mundua nola dagoen jaso, hori iragazi eta, obraren bitartez, proposamenak edo galderak itzuli, denon artean pentsa dezagun.
Zure ikasleei galdetuko banie zein irakasle mota zaren?
[Barrezka] Batzuek “eroa” esanen lizukete, seguru. Beste batzuek kaotikoa naizela eta gauza arraroak egiten ditudala, eta beste batzuek gustura daudela. Eta matxiruloek “feminazia” naizela. Eta justu hor da sartu behar zarenean.
Nork du marjina handiagoa jendartean eragiteko: Uxue irakasleak edo Uxue idazleak?
Uxue amak, irakasleak eta lagunak.
"Arreta eta denbora behar dira pentsamendua finkatzeko eta justu kontrako noranzkoan goaz”
Asko entzuten da azken urteetan maila akademikoa jaitsi dela.
Desinformazioak inguratuta gaude eta gero eta pasiboagoak gara. Nago geroz eta zailagoa dela kritikoa izatea. Sentitzen dut ona versus txarra dikotomian bizi garela eta hori ez da horrela, gris asko dago eta ezagutu behar dira. Pentsamoldearen garapenaren kontra doa hori eta aberastasun ezak pentsamenduaren pobrezia dakar.
Mundu globalizatuak duen tresna oso eroso bat da pantailena. Pantailek ez dizute aktibo izaten uzten, aplikazioak oso intuitiboak dira eta kontsumoa areagotzen doa pentsamendua geldirik dagoen bitartean.
Lanaren mundua ere konplexua da. Harremanak ere pantailek mediatuak dira eta geroz eta gutxiago gaude gure haurrekin. Denok gabiltza super nekatuta. Multitask gara. Arreta eta denbora behar dira pentsamendua finkatzeko eta justu kontrako noranzkoan goaz. Irakurketak lasaitasuna behar du eta erritmo motela.
Duela gutxi idatzi du Maialen Akizuk arreta zailtasunari buruz Berria-n.
Ados Maialenekin. Arreta pizteko galdera onak ere planteatu behar dira eta ez diogu horiek pentsatzeari denborarik eskaintzen. Azalpenak eman beharrean, galderak planteatu. Infantilizazioa ere badago irakasleen partetik ikasleekiko.
Sumatzen duzu aldaketarik arretari dagokionez zu ikasle zinenetik hona?
Bai. Nik orain zerbait azaltzen dudanean ahal bezain laburren azaltzen dut. Gero, agian, ikasle batek galdera bat egiten dit eta nik erantzuna bukatu baino lehen deskonektatzen du. Hortik minutu batera beste batek galdera bera egiten ahal dit eta horrela bost aldiz. Hori lehen ez zen gertatzen. Eta ez da haien errua, noski, baina kezkagarria da.
Zer sentitu behar duzu idatzitakoa irakurri eta “honekin aurrera” esan ahal izateko?
Normalean idatzi dudana pilatu eta lagun bati pasatzen diot, Izaskun Graciari. Bera ere idazlea da eta erreferentzia gisa gustatzen zait bere feedbacka jasotzea. Beste batzuetan laginak ere bidaltzen dizkiet inguruko lagunei. Poema bat bukatutzat emateko sentitu behar dut poema guztian zehar mantentzen den tentsio bat dagoela eta sekretu bat gordetzen duela. Hori eta sentitzen ahal den itxiera bat. Eta ez du zertan poemaren bukaera izan, itxiera egon daiteke lehenago. Gauza bera hasierarekin. Bada teoria bat, ez naiz oroitzen zein izen duen, esaten duena poema baten hasiera beti dagoela hasierako lerroak baino pixka bat beranduago. Hasierako lerroak burua husten joateko besterik ez dira baliogarriak. Eta bueno, idazten ere laguntzen dute, baina gero hortik atera behar duzu poema, eskultura moldetik bezala.
“Poema bat bukatutzat emateko sentitu behar dut poema guztian zehar mantentzen den tentsio bat dagoela eta sekretu bat gordetzen duela”
Aipatu dudan tentsioa da zuk dakizuna baina idazten ez duzuna. Idatziko bazenu, irakurlea tuntun gisa tratatuko zenuke eta beti izan behar da errespetuzkoa irakurlearekiko harremana, maila berean daude biak. Esaten ez dena ez da bakarrik esaten ez dena baina zuk badakizuna, baizik eta hutsik uzten duzun espazio horretan besteak bere bagajearekin irakurtzen duena.
Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema. Eta harriagatik galdetu eta hori azaltzen duzun momentuan suntsitzen duzu poema.
Haurrendako idatzi duzu, baina helduendako ere bai.
Bai, helduendako poesiarekin hasi nintzen, baina segituan egin nuen salto testu hibridoetara. Gustatzen zait diziplina desberdinak uztartzea. Casi Ciervos izeneko liburua atera nuen, argazki analogikoak dituena, artista eta supermoloia izateko, eta saiakeretatik ateratako aipuak, poemak eta bestelako testuen zatiak biltzen ditu. Hori da gehien interesatzen zaidana, azken finean hibridoa dena ez baita hain erraz sailkatzen. Liburu hau ateratzean gogoan dut nola liburu-dendatara joaten nintzenean ez zuten jakiten zein apalategitan jarri eta hori ja politikoa iruditzen zait.
Beste artista batzuekin lan egitea ere gustatzen zait. Argazkilari batekin aritu naiz lanean berriki, musikari batekin nabil orain… Bestearen diskurtsoak nora eramaten zaituen ikustea gustatzen zait. Eta horrek ahalbidetzen dit ere kolektiboki aritzea.
Esaten dute idazlearena dela jardun artistikorik bakartiena.
Hori gezurra da. Hasteko, zure buruan dauden beste ahotsak dituzu: beste idazleenak, zure inguruan dauden pertsonenak, imajinatzen dituzun egoerenak… Eta gero liburu bat ateratzeko editorea dago, zuzentzailea… Edo nire kasuan orain musikaria, argazkilaria… Inprentako pertsona ere hor dago, baita publikoa ere.
Lehen aipatu duzu hona [Alkizara] etortzea euskaran murgiltzea izan dela. Azkenaldian lantzen ibili zaren testu batean gaztelania eta euskara tartekatzen dituzu.
Bai. Orain arte oso autoestimu baxua izan dut euskaraz idazteko. Karrera gaztelaniaz egin nuen eta jariotasun handia galdu nuen euskaraz. Eta, jakina, gaztelaniaz idazten hasi nintzenean konturatu nintzen gaztelaniaz nahi nuena egin nezakeela eta euskaraz ez. Oso mugatua sentitzen nintzen.
Orduan irakurri nuen Agota Kristof-en Analfabetoa idazle liburua, zeinetan idazleak kontatzen duen nola bere ama hizkuntza beste bat izanda ere, frantsesa ikasi eta hizkuntza horretan zituen mugek beste bide batzuk topatzen laguntzen zioten. Konturatu nintzen gaztelaniaz planteatuko ez nituzkeen bide batzuk plantearaziko zizkidatela euskaraz nituen mugek. Gainera, nire semea jaio zen orduan eta harekin euskaraz egiten hasi nintzenez, euskarak hartu zituen beste leku batzuk ere nire bizitzan. Horregatik diot amatasuna eta bizitza lotuta daudela idazketarekin. Euskaraz aritzen diren beste idazle batzuekin testuak elkarbanatzen hasi nintzen orduan eta hor ikusi nuen euskaraz ere idatz nezakeela.
Harremanak dira askotan zure testuetako protagonistak.
Bai. Azken boladan idazten ari naizen testuetan asko agertzen dira lagunak eta protobikoteak, inoiz bikote izatera heltzen ez direnak. Azken hori asko interesatzen zaidan gaia da, uste dudalako momentu honetan nire belaunaldiko jendea, behintzat, hankaz gora dagoela zentzu horretan.
Oso eredu tradizionaletik gatoz eta bat-batean ligatzeko aplikazioen mundua ezagutu dugu. Eredu horrek –familia eta hori dena– ez duela funtzionatzen ikusi dugu, baina aldi berean horiek izan dira beti gure erreferenteak, eta orain, 40 urteak pasa ditugula, kontsumismoarekin eta egitura faltarekin egin dugu topo. Ez dakit ongi esaten konpromisoa zer den… Akordioak egitea agian. Eta beldur handia ikusten dut horrekiko.
Hemen denok dugu gure motxilatxoa eta aplikazioen munduan koldarkeria areagotzen da, ghosting-a eta hori dena, badakizu. Gauza hauetako asko ez ditut ulertzen eta horren denaren aurrean nik dudan tresna idazketa denez, ba hortxe dago dena. Inizialekin batzuetan eta izenekin beste batzuetan.
Gauzak ulertzeko ere balio dizu orduan idazketak.
Bai, erritu bat da. Itxierekin laguntzen dit, adibidez. Mendebaldeko jendarteak galdu du erriturako joera eta asko esaten du horrek. Edozein dolu prozesuk behar ditu itxierak pasa ahal izateko. Gaur egun erraztasun handiz uzten dira gauzak itxi gabe eta hori oso bortitza da. Horretarako ere balio dit idazketak, erritu gisa. Erantzunak falta zaizkizunean, zuk asmatu behar dituzu.
Honek guztiak irakatsi dit bai irakasle, bai ama eta bai lagun gisa inguruan ditudan gizon proiektuak, nire semea tarteko, hezi behar ditudala ardura emozionala garatu ahal izateko. Hori da asumitu nahi dudan borroka bat.
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.