“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

  • Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hitzaldian aipatu duzu Itxaro Borda dela Ipar Euskal Herriko poetarik emankorrena.
Bai, hala da. Olerkigintzan ausartu da forma tradizionaletik biziki urrun joaten, jostatzen da arrisku izigarriak hartuz, nahasketa handiak ekarriz hizkuntzekin, soinuekin. Eta ordura arte nehun ikusten ez ziren gaiak agerrarazten ditu: emazteen arteko maitasuna, kezka sakonak bizitzari begira, gauza biziki finak. Frogatua du nahi dena erraten ahal dela, nahi den bezala, euskararekin. Uste dut idaztean hartzen duen libertate eta poz hori, nabari dela eta beldur gabe, bere bizipen intimoenetik aipatzen ditu gaiak.

Zein dira ezagutarazi behar liratekeen beste olerkari batzuk?
Baitezpadakoetan, erran dezakegu, Iratzeder. Iratzederrek anitz idatzi du. Egia da bere olerkia otoitza dela, fraile zen, esperantzaz betea jainkoaren eta etorkizunaren baitan. Horregatik, beharbada, gaur egun ez da halako modan izanen, baina badu ikaragarrizko estilo ederra, jostakina hitzekin, biziki airosa. Naturaren edertasunaren aitzinean erakusten duen lilura eta miresmena biziki hunkigarria da. Beharrik, bizitza ez baita bakarrik etsipena, gerla eta ezkorra. Eta harek landu du bizitzaren alde argi hori. Ene ustez, Iratzeder Ipar Euskal Herriko poeta handienetarik da.

Baita Manex Erdozeintzi Etxart ere, bereziki maisua da. Haren poesian badira kezka sozialak. Beti gazteria zuen gogoan, bizitza aldatzen joaten zela, 1970-80-90 hamarkada horietan. Eta harek ere, ukatu gabe zailtasunak eta bizitzaren nekeziak, esperantza ezartzen du gazteriaren baitan, herriak etorkizun zoriontsua izan dezakeela amestuz.

Beste bat ezagutzekoa: Eñaut Etxamendi. Bere kantuen bidez ezaguna. Kantuek iduri dute biziki sinpleak, baina sinpletasun hori biziki landua eta zaindua da. Engaiamendu soziopolitikoa ezagun da, baita sentimendu barnerakoiak ere. Maitasuna. Harek ere esperantza gazteriarengan, eta amultsutasun handia jendearendako. Biziki hunkigarria da haren obra.

Horiek nagusiak erran nezake. Bada ere Jean Louis Davant. Zazpi olerki bilduma idatzi ditu, denetarik: naturari buruz, Euskal Herriko figura historiko nagusi batzuen inguruan, bizitzari buruzko kezka handiak aipatuta.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Eta Daniel Landart?
Baita ere. Hogei urtetan idatzi zituen olerkiak, Anje Duhalde eta Mixel Ducauk musikatu zituztenak, Akelarre eta Errobi taldeen bidez ezagutzen ditugu. Oihu handiak gazteriak egiten dituenak lantegietako baldintzei buruz, eta klase sozialei buruz.

Bere garaikoa baita ere, Manex Pagola, bere olerkiak kantatu dituenak, harek ere euskaltasuna, herria eta gazteria gogoan idatzi duena.

Hitzaldian Mari Jeanne Minaberri ere aipatu duzu olerkari gisa.
Mari Jeanne Minaberri ezagutua da bere poesia didaktiko eta narratiboari esker, haurrei zuzendua delako. Xoriak kantari, ezaguna dena Oskorriren diskoaren bidez. Baina baditu beste olerki batzuk ere. Badira bera bezala beste perla batzuk, Henriette Aireren Egiaren egarriz, amatasunaz eta aitatasunaz gogoetatzen zuena 1989an. Oldartzen zen garai hartako gizartearen konbentzio sozialen eta jendartearen begiradaren kontra. Biziki hunkigarria eta biziki gaurkoa ere bai.

Beste perla bat Maddi Pelot da, ezaguna dena zientzia fikziozko ipuinengatik, baina olerkiak ere idatzi ditu. Egia erran, pixka bat hermetikoak edo zailak ulertzeko, sinbolistak, baina zergatik ez euskaraz ere poesiaren mugak arakatu? Bere baitako kezkak ere nabari dira, heriotzaren beldurra eta guztiok ditugun izuak edo alde ilunak aipatzen ditu poemetan. Aurelia Arkotxaren Atari ahantziak, horiek poesia eruditoak dira, erreferentziaz beteak, mitologia greko latinoari edo Bibliari edo lehengo testu zahar batzuei.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Jon Mirande...
Nahiz eta pertsona polemikoa den, bere idazteko manera zirraragarria da. Dituen gaiak okaztagarriak dira, menturaz egun zentsuratua litzateke, ohartzekoa da 1970-80etako hamarkadetan horrelakoak publikatzen ahal zirela. Gorrotoa eta herra mundu guziarekiko, nik ikusten dut pertsona patetikoa, gaizki izate handi bat, bere buruarekiko gorrotoa.

Gero badira olerkari isilak ere, ez direnak hainbeste aitzinean ezartzen. Agustin Zamora eta bere bildumak. Olerki laburrak dira, une iragankor bat betierekotu nahiko luke. Jakes Ahamendaburu, bere lehen liburuak Isilka misilka izena du. Harek esploratzen du bere intimitate pertsonala. Isila ere, edo aspaldian publikatu ez duen bat, Jon Casenave, maitasun olerkiak publikatu zituen Zutaz amoroski eta Ordu alferren segida.

Bitxikerietan, Txomin Peillenen olerkiak aipatzen ahal dira, biziki intelektualistak. Gogoan ditugu poema orientalistak. Abdel Kaderren goraipamen epikoa egiten dutenak. Erik Disarry ere aipatzekoa da, poesia kontzeptuala egiten duena, lotua arte garaikideari. Emaitza baino prozesua da interesgarria, arte garaikidean bezala.

Ipar Euskal Herriko poesia gaur egun hilzorian dela erraten ahal genuke? Zahartua dela?
Xalbador izan zen gure modernitatea abiarazi zuena Ipar Euskal Herriko olerkigintzan. Alde batetik, erraten ahal dugu baietz, hilzorian dela, irakurle hain segur arrunt guti delako, olerkari arrunt guti. Eta 50 urtez petiko olerkaririk ez baita; zeu salbu, Maddi, aurten frogatzen duzu aurkakoa.

Beharbada badira beste poesia mota batzuk bertsogintza, kantagintza edo raparen bidez gizarteratuak izanen direnak, eta horretan poesiak atzematen du bide berri bat. Alde horretatik ez da erraten ahal arrunt desagertua dela. Adibidez, iduritzen zait Odei Barrosoren testuak arrunt poetikoak direla; erran nahi dut, zainduak, landuak, soinu eta erritmo jokoak, ahots liriko berezi bat ezagun da, arrangura sakonekin, bilaketa batean dabilena. Ene ustez poesiaren oinarria hori da.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Maiatz eta Hatsa-ren poesiak ere aipatu behar genituzke, Ipar Euskal Herriko olerkigintzan ekarpen garrantzitsua egiten dutenak.
Hatsa-ren poesiak urte guztiz argitaratzen du liburu bat, olerkari ugariren poema inedito zenbaitzuk bilduz. Maiatz aldizkariaren laurogei bat zenbaki badira kasik eta horietan ere badira altxorrak. Baina liburu horiek ez dira interneten atzematen, Ipar Euskal Herrian ere ez da liburutegirik ale guztiak dituenik. Nola agerian ezarri Ipar Euskal Herriko poesia hori? Nire ustez gizarteratu beharko litzateke, poesia errezitaldiak eginez, beharko lirateke lan akademiko gehiago testu horiei buruz, master lanak, tesiak, mintzaldiak...

"Lehentasuna euskal hiztunak formatzeari ematen zaio (...) Euskaran pasatzen ahal dituzu kolegioko lau urteak Espainolean Cervantes edo Ingelesean Shakespeare irakurri gabe"

Transmisioa bai etxeetan eta bai eskoletan ahul dela ere aipatu duzu. Zuk hurbiletik landu duzun gaia da, literaturaren irakaskuntza.
Bigarren Hezkuntzan literatura guti lantzen da, lehentasuna hiztunaren formatzeari ematen zaio. Europako marko erreferentzia horren baitan hori da helburu bakarra: hiztunak formatzea. Gure testuinguru soziolinguistikoak ere horretara eramaten ditu irakasleak lehentasunez. Baina hiztunak formatzeak kulturarik eta literaturarik transmititu gabe, zer zentzu ote du?

Konparaketa egiten bada, frantses klasean kultura, literatura eta hizkuntza dena bat da, kosmobisio bakarra. Hizkuntzaren lanketa linguistikoa, literarioa eta kulturala, baita literatura unibertsala ere, dena sartzen da frantses klasean. Izigarri nabari zaigu kontrastea euskara kurtsoekin. Behintzat mugatzen bagara akademikoki galdegina zaigunari, bakarrik hiztunak formatzera, gainera helburu linguistiko apalekin. Arrunt desorekatua da. Frantsesean behar dituzte 24 obra literario oso irakurriak eta landuak izan kolegioan (11tik 15 urte ingurura). Lizeoan, literatura oraino presenteago da, bai haur eta gazte literatura eta bai literatura klasikoa, XVI. mendetik XIX.era bitarteko lan mardulak programan dira eta landu behar dira baitezpada. Aldiz, euskaran edo beste hizkuntzetan pasatzen ahal dituzu kolegioko lau urteak Espainolean Cervantes edo Ingelesean Shakespeare irakurri gabe, zatika ere ez. Irakasle batzuk sentsibilizatuak dira horri eta saiatzen dira literatura sartzen klasean. Baina bada lan irakasle  ak formatzeko literaturara.

Zer ekarpen egiten du literaturaren lanketak gazte eta haurrengan? Zergatik landu, eta zertarako?
Literaturaren bidez dena lantzen da. Lantzen da hizkuntza, hizkuntzak balio du pentsatzeko, gogoetatzeko, izpiritu kritikoa garatzeko. Sormena ere bai, irudimena, hizkuntzaren bidez jostatzea soinuekin, hitzekin, kontzeptuekin, irudiekin. Horrek eginen du gero hiritar argituak eta heldu sendoak izanen direla. Gainera, literaturaren bidez erdiesten da historia, baina alde humanotik. Historia eskolak gertakarietan eta datetan tematzen dira, gertaeren hurrenkeran. Aldiz, literaturaren bidez, pertsonaia baten bizipenetik bizi duzu gertakaria. Berdin geografikoki: mundua nolakoa den, jendea nola bizi den jakiteko, ez du parerik literaturak. Ikasten ahal duzu badela hainbeste migratzaile eta abar, baina irakurtzen duzularik Miñan inpaktu gehiago ukanen du, bihotza eta izpiritua hunkiko baititu.

Horrez gain, psikologikoki eta afektiboki lagunduko du norbera loratzen, ikasten eta bere burua hobeki ikusten. Ikusten zein konplexua den gizakia eta norberak ere baduela horrela sentitzea, konplexutasun hori asumitzea eta hautuak egitea gero bizitzan. Orduan, literaturaren bidez iduritzen zait funtsezko helburuak lantzen direla, haurrak hazten lagundu nahi baditugu.

Nola egin literaturaren lanketa hori gelan?
Egia da anitzek erranen dutela, eta arrazoiekin, zail dela, haurrek ez baitute hizkuntza mailarik. Baina gauza bera gertatzen da hizkuntza nagusiekin ere: frantsesean ere ikasle guztiak ez dira gai obra klasikoak irakurtzeko burutik buru. Garatu dira hainbat teknika didaktiko eta pedagogiko, audio-liburuak, kurtsoak prestatzeko manerak, testu hautaketa nola egin, pertsonalizatuz edo moldatuz. Estilistikoki landu, loturak eginez beste gaiekin, testuen artean. Ene ustez gauza anitz bada ikasteko frantses literaturaren klase didaktizaziotik; hortik ikasi behar genuke. Aldatzeko ikus-entzuneko dokumentuetatik. Bereziki azken urte hauetan, tematzen da berriz frantses esparruan, obra oso eta klasikoen irakurketan klasean. Eta programekin batera hainbat baliabide didaktiko eta formakuntza atera dira. Guk ere horretan oinarritu beharko genuke, nahiz eta obra kanonikoak ez ditugun oraino finkatuak gure artean. Baina haurrak atera daitezen hezkuntza sistematik idazle nagusiak eta obra nagusiak ezagutuz, eta irakurri izanik, beharbada ez 24 obra, baina hamabi baldin bada ere bikaina litzateke. Irakurriak eta landuak, eta barneratuak.

Numerikoaren edo digitalaren garaiak zailtasunak ekartzen ditu horretan?
Irakurketa ariketa bat bilakatua da, ontsalaz ariketa testuaren azterketa izan beharko litzatekeelarik. Ene ustez lotu behar gatzazkio arazoari eta asmatu progresioak pixkanaka. Zenta ikusten da klase ttipiagoetan loriatzen direla alegiekin, kantuekin... eta baliatzen bagara haurrek duten bizipoz eta jakin-min horretaz, saiatzen ahal gara urrunago eramatera. Saiatzen ahal gara gero nerabezaroan ere atxikitzen.

Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND

Kantua ere aipatu duzu. Kurtsoetan kantatu beharko litzateke?
Anitzetan pentsatzen dugu kantatzea bakarrik eskola ttipietarako dela, eta pena zait, kolegio, lizeo eta unibertsitatean ez baita gehiago kantatzen. Bizkitartean kantuaren bidez transmititu delarik olerkigintza anitz. Jende gehienak maite du kantatzea. Eta pena da pentsatzea bakarrik haurrek kantatuko dutela. Eta antzerki egiteak, kantuz aritzeak, ene ustez bizitasuna ematen dio eta manera bat da literatura gizarteratzeko.

Literaturak sorkuntzara ere eramaten du.
Bistan da, mila ariketa badira, berehala liburuan sartu aitzin ematen ahal diezu gaia, eta ea zer erran dezaketen. Ea idazle horrek gero zer erran duen. Motibatzen ahal dira idazketaren bidez; segur da, maite dute hori. Poesia aurkezten baduzu joko gisa, soinuekin eta errimekin, hastapenean uzkur izanen dira, baina gero sartuko dira, lotuko. Esperientzia onak izan ditut beti. Hitzekin jostatzea maite dute azkenean. Idazketaren bidez sormena lantzeko bikaina da.

Ohartu naiz literaturari usatuak ez diren ikasle batzuek ez dutela ikusten istorioa beren buruan, eleberri bat irakurtzen dutelarik ez dute ikusten gertaeren filma. Haien buruan beltz-beltza da, ez dute irudimenik. Irudimena lantzen da. Literaturak galdegiten du ezagutzea ez bakarrik hizkuntza, baita kode erretoriko eta estilistiko batzuk ere, erreferentzia batzuk izatea, loturak egiteko. Ez da berez horrela jite bat, literatura gozatzen ikasten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan. Ez badute horrelako ibilbiderik izan, ez dute irudirik izanen batzuek. Eta hori maiz ikusten dut parekatzen ahal dela bizitzarako ere duten anbizio eskasarekin, irudimen eskasarekin. Bakarrik inguruan dutenaren errepikapenean izanen dira, beste gogoetarik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


Eguneraketa berriak daude