“Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara”

  • Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko handiari aurre egiteko sortu berri den Urumeako Mendiak Bizirik taldeko kide dira biak. Aranon gaia nola bizi duten azaldu digute, Kontzejupeko mahai baten bueltan jarrita.

Erramun Galparsoro (ezkerrean) eta Joxe Manuel Muñoz (eskuinean), Aranoko herritarrak. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA
Erramun Galparsoro (ezkerrean) eta Joxe Manuel Muñoz (eskuinean), Aranoko herritarrak. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Aranoko lurretan zentral eoliko handi bat jartzeko asmotan dabiltzala jakin duzue udaran. Nola hartu duzue albistea?

Erramun Galparsoro: Duela bi hilabete inguru zinegotzi batek deitu zidan esanez FE Energy kontsultorako pertsona bat etorri zela –Repsolen izenean– opari mordoxka bat eskaintzen herriarentzat eta zentral eolikoa instalatzeko ideiarekin. Telefono dei bat egin zuten ordua eskatzeko. Lehenago izan dira beste proiektu batzuk, baina horrek erabat asaldatu gintuen.

Maiatzean, Endesa atzean duen beste proiektu baten berri ere izan genuen, kasu honetan Hernaniko mugetan, baina Aranotik bertatik ikusiko litzatekeena. Ze lotura dute?

"Hona harroago etorri ziren: 'Nahi duzue frontoi berri bat estalia? Kiroldegi bat?...', gure borondatea erostera bezala. Eta gure eskaera izan da erakusteko non duten zentrala proiektaturik. Baina oraindik ez digute azaldu, ez dorreak, ez ihesbideak, ez ezer" (Erramun Galparsoro)

Joxe Manuel Muñoz: Pentsatzen genuen Endesak Hernaniko partean jarri nahi dituen aerosorgailuen segida izango zela Aranokoa. Baina azken bileran esan digute asmoa dutela bi proiektu aurkezteko: bata dena hartzen duena (Berastegi, Goizueta, Hernani eta Arano) eta bestea soilik Hernanikoa. Guk ez dakigu ze konexio dauden haien artean, enpresa handiak dira, baina badirudi lehian daudela.

Zaila ematen du sinestea beraien artean informazioa konpartitzen ez dutenik...

Galparsoro: Bai, nahiko modu isil eta zikinean jokatzen dute. FE Energykoek oso jarrera desberdina izan dute Hernanin edo Arano bezalako herri txiki batean. Hona harroago etorri ziren: “Nahi duzue frontoi berri bat estalia? Kiroldegi bat?...”, gure borondatea erostera bezala. Eta gure eskaera izan da erakusteko non duten zentrala proiektaturik. Baina oraindik ez digute azaldu, ez dorreak, ez ihesbideak, ez ezer.

Muñoz: Konturatzen zara saltzeko oso zaila den gauza bati buruz ari direla hizketan. Aurreikusten dute jendeari ez diola graziarik egingo eta horregatik “bezeroa” edo biktima aztertzen dute lehenik. Orduan, oso modu suabean “konpentsazioak” deitzen dieten hori eskaintzen dizkizute. Agian lehendabiziko kontaktuan jasoko zuten gure kontrako jarrera, eta horregatik bigarren aldian beste jarrera batekin etorri dira, ez hain bortitz, estrategia aldatuta.

Galparsoro: Lehenengo bilera hartan udalak garbi esan zuen ezetz, ordaintzeko prezio altuegia zela.

Kontzejupe ostatu ondoko mahai baten bueltan elkartu gara eolikoek ekarriko dituzten ondorioez hitz egiteko. Atzean Garagartzako mendilerroa dutela. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Duela hogei urte bazegoen beste proiektu bat inguruan, Iberdrolarena. Zer du eremu honek eolikoen enpresei interesatzen zaiena?

Galparsoro: Haizea, eta zona urbanoetatik gertu dagoela. Hasten bazara pentsatzen gainak egokiak dira dorreak jartzeko, nahiko lauak… Baina horraino igo egin behar da, eta sarbidea zaila dute.

Muñoz: Nik ere ez dut uste ezaugarri oso erakargarriak dituenik sarbideei dagokienez. Gertatzen dena da duela hainbat urte etorri zirenean plangintza eta teknologia ez zutela hain garatuta eta ez zegoela hainbeste diru publiko honetarako. Etorri ziren, egin zuten ikerketa eta gerorako utzi. Hau baino egokiagoak ziren toki asko zeuden. Baina konturatzen bazara, orain Nafarroako hegoaldea errotaz beteta dago, Araban ere badute mamu bat baino gehiago, mendiak oso egokiak direlako hor, sarbide errazarekin. Orduan zergatik hemen? Ba hau jadanik tsunami bat delako. Burbuila bat da eta diru asko dago jokoan.  

Mikel Alvarezen txostenean ingurumenari eta ondareari eragingo lizkiokeen kalteak azpimarratzen dira. Baina herriari nola eragingo dio sozialki?

Galparsoro: Ez dago neurtzerik, nire ustez herriaren desagerpena litzateke. Ez dira dorre txikiak eta txikizioa handia izango litzateke: eragiten duen zarata… Aranok dituen kokapena eta balioak baloratzen ditugu hemen bizi garenok, nahiz eta asko lanera behera joan behar izan. Horiek galtzeko arriskuan daude.

Muñoz: Zaila da ulertaraztea. Aerosorgailuek ekarriko dituzten kalteez hitz egitean, nire ustez baztertu behar dira gaurko ekonomiari loturiko kontzeptuak: hazkundea, etekinak... Nik ez dut zertan pentsatu behar zenbat energia sortuko duten edo zenbat diru emango duten zergen bidez. Zeren hara begiratzen badut [mendietara], hori guztia bigarren mailara pasatzen da, ez dago justifikaziorik, ez dut horraino iritsi beharrik. Noski, oso gauza konplexuak dira horiek. Guk Repsolen aurrean defendatu behar dugu gure iritzia, baina jendearen aurrean ere bai, eta hor dago zailtasuna.

"Zergatik nahi duten hemen eraiki? Hau jadanik tsunami bat delako. Burbuila bat da eta diru asko dago jokoan" (Joxe Manuel Muñoz)

Zalantzak eta kezkak sortuko ziren herritarren artean.

Galparsoro: Guk ezezkoa eman eta instalazioak Hernaniko edo Goizuetako mugetara hamar metro urruntzea, hori da kezketako bat: hala ere jartzen badituzte eta ezer gabe geratzen bagara?

Muñoz: Lehen aldiz etorri zirenean mehatxu hori egin zuten. Alde horretatik oso toki txarrean gaude.

Nola bizi dira aranoarrak?

Galparsoro: Mahai baten bueltan antolatu daitezkeen gauzekin biltzen da herria, orain adibidez San Martinak datoz. Bizi? Astez gaur bezala jende gutxi dabil, eta asteburutan gehiago, Kontzejuan, plazan… Beste edozein herri txikitan bezala bizi gara.

Muñoz: Mugikortasunari dagokionez, badakigu petrolioren menpe gaudela, egunero autoa hartu behar dugulako. Baina norbait mugitu behar bada behera jaisteko saiatzen gara kotxeak konpartitzen washap talde baten bidez. Bestela, hemengo lasaitasunaz gozatzen dugu... orain arte behintzat.

Urdaburu mendia, Pagoaga auzoa eta Arano herrirantz doazen bailara sakonak. Mendi muinoek sarbide zail eta estua dute parajeotan, bi elkarrizketatuek azaldu digutenez. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Harremanik izan duzue ondoko herrietako jendearekin?

Galparsoro: Ari gara. Lehenagotik bagenuen taldetxo bat gai hauei buruz hitz egiteko eta auzolana bultzatzeko. Kontu honekin buru-belarri jarri gara. Adituekin izan gara eta ni Etxalarkoekin ere harremanetan banabil; denek gauza bera esan digute: “Hasi mugitzen, lau haizetara zabaldu eta sortu plataforma lehenbailehen”. Goizuetan hasieran ez genuen mugimendu askorik sumatu baina orain badabiltza batzuk kezkatuta eta hitzaldi bat antolatzeko eskatu ziguten; Mikel Alvarez lotu genuen. Hernanin berriz, Sagarreta taldekoak daude bioaniztasunari lotuta, eta energia burujabetzaren inguruan hitz egiteko hasi dira biltzen.

"Gu ez gaude burujabetza energetikoaren aurka, baina hemen datoz erraldoi hauek uste dutenak euren negozioa egin dezaketela nahi duten tokian, legea alde dutelako eta Europako funtsak dituztelako" (Erramun Galparsoro)

Hernaniko Udalaren aldetik zer dakizue?

Galparsoro: Oraindik ezer garbirik ez. Badakigu kontraesanak daudela eta badakigu EH Bildun badagoela mugimendu bat gai hauekin kritikoa dena. Gu ez gaude burujabetza energetikoaren aurka, baina hemen datoz erraldoi hauek uste dutenak euren negozioa egin dezaketela nahi duten tokian, legea alde dutelako eta Europako funtsak dituztelako. Kasu honetan, gainera, daukan dimentsioagatik Madrilen tramitatuko da.

Akaso horregatik geldoago joango da tramitazio hori?

Muñoz: Hori ez dakigu. Epe batzuk eman dizkigute eta esan digute gutxi gorabehera hurrengo urteko udaberrian publikatuko litzatekeela proiektua. Gero hasten da prozesu bat non hankak dardarka hasten zaizkizun, helegiteekin eta abar.

Galparsoro: Ez gara lehenengoak halako borroketan, eta eskerrak, baditugu ezagunak eta laguntzak. Nafarroan Sustrai Erakuntza dago, aholkularitza juridikoa ematen duena. Baina eolikoak jarri nahi dituztenak ez daude geldi. Hemen ia bi urte daramatzate azterketak egiten, Taxus Medioambiente enpresaren bidez, Asturiaskoak, beti kotxearekin gora eta behera.

Muñoz: Behin mendian paseatzen topo egin nuen haiekin eta hizketan aritu nintzen. Esan zidaten ingurumen inpaktu azterketa egiten ari direla eta horrek gutxienez urtebeteko epea eskatzen duela, sasoi guztiak hartzeko. Gure susmoa da Taxusek ofizialki tramite hori bete behar duela baina hasi baino lehenago badakitela emaitza zein izango den, enpresak berak kontratatzen baitu.

Aranoko Kontzeju edo udaletxe aurrean. Plaza inguru horretan biltzen dira aranoarrak ospakizunetan. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Arano hainbat natur guneren tartean dago eta ondare arkeologikoa ere paregabea da. Helegiteak jartzeko nondik joko duzue?

Galparsoro: Hau korridore bat da, guk hemen hegazti paseak etengabe ikusten ditugu, eta ez usoenak bakarrik.

Muñoz: Gauza bat da ze ondare daukagun eta bestea ze babes figura duen. Parke naturalek edo hegaztientzako babes bereziko eremuek duten modukorik ez daukagu guk. Enpresatik esan digute ez kezkatzeko. Adibidez, legeak esaten badu dorreak megalitoetatik 500 metrora jarri behar direla, beraiek 700 metrora jarriko dituztela. Ze jatorrak... baina jarriko dituzte! Nik horrekin irakurketa bat egiten dut: biak batera existitu daitezkeela pentsatzen dute, mairubaratza bat eta handik metro batzuetara aerosorgailua.

Galparsoro: Alde batetik helegite teknikoak daude, ministerioek eta abar jartzen dituztenak, eta gero bigarren fase batean guretzat baliozkoagoak direnak etorriko dira, Aranzadik eta abar egin ditzaketenak. Baina ikerketa horiek oso garestiak dira eta guk ez daukagu dirurik.

Azpiegitura handi zentralizatuez harago, alternatibak aztertu dituzue Aranon?

Galparsoro: Horretan ari ginen gutxi batzuk, hau etorri zen arte. Nik pentsatzen dut herri honek badituela aukerak. Oso sakabanatuta gaude eta oso desberdinak gara, baina irakurketa bateratuak egin behar ditugu, zeren gu biok agian sintonian gaude, baina beste batzuk soilik ikusten dute argiaren faktura jaitsiko zaiela.

Muñoz: Gai sakona da hori eta nire ustez abiapuntutik gaizki dago goiko estamentuetatik sortzen bada. Burujabetza ez da soilik argindarra sortzea, kontsumoa ere jaitsi behar dugu, eta normala denez askoren egunerokotasunean ez dago horretaz hausnartzeko unerik: lanetik etxera berandu, gero familiako gauzak, Realaren partidua… Horretaz ere baliatzen dira enpresa hauek, beraiek badute nahikoa denbora komeni zaien bezala aurkezteko. Gainera kuriosoa da, arrazoia beti da aldaketa klimatikoa, ez erregai fosilen bukaera. Kutsadurarekin eta isuriekin amaituko dela... baina nork sinesten du hori?

"Horretaz ere baliatzen dira enpresa hauek, beraiek badute nahikoa denbora komeni zaien bezala aurkezteko. Gainera kuriosoa da, arrazoia beti da aldaketa klimatikoa, ez erregai fosilen bukaera. Kutsadurarekin eta isuriekin amaituko dela... baina nork sinesten du hori?" (Joxe Manuel Muñoz)

Biodibertsitatearen galerak ere klima aldaketa dakarrela gero eta ozenago diote adituek.

Muñoz: Naturatik deskonektaturik egon behar duzu hori ez ikusteko, eta zoritxarrez gaur egun jende asko dago deskonektatuta bizi dena, baita herri txikietan ere. Naturan dena dago konektatuta, gu barne. Puzzle batean bezala, pieza bat kendu eta pikutara. Okerrena da hau ez dela gurea, baina tokatzen zaigu zaintzea helduko direnentzako.

Galparsoro: Ez da gurea, ez aranoarrena ez orain bizi garen euskaldunena ere… Ondorengo belaunaldiena eta izadiarena da natura.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Europako ekialdea errusiar gasik gabe utzi du Ukrainak, Gazpromekin hautsita

Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Eguneraketa berriak daude