“Egungo aisialdi ereduak lantokietako praktika birproduzitzen du”

  • Atenasera joan zen master tesia egitera. Ezin izan zuen doktoretza bertan egin: haren espezialitatea desagertu egin zen gobernuaren mozketekin. 2010eko krisiak Grezian harrapatu zuen, ordea, eta ikasi zuen kapitalismo globalak ongizate estatua erraz suntsi dezakeela.

Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Hodei Torres / ARGIA CC BY-SA
Jon Las Heras (Gasteiz, 1987)

Ekonomian lizentziatu zen Madrileko Carlos III.a unibertsitatean , baina Zientzia Ekonomikoen eta Autogestioaren Institutuak ireki zizkion ideiak. Greziako unibertsitateak dirua zor dio ez zizkiolako ordaindutako ikasketak bermatu. Manchesterren egin zen doktore, eta EHUn dihardu irakasle. Fakultateek ekonomia ulertzeko duten modua mugatua dela dio. Agian horregatik esaten du bera ez dela ekonomialaria.

EHUko zure orrialdean sartu naiz. Zure buruaren aurkezpenean diozu, lanaren ikerketa gizakiaren potentziala harrapatzean datzala.
Bai, hala da. Zer egiten zaizu deigarri?

Zer da lanak harrapatu behar duena? Edo zertaz ari gara gizakiaren potentzialaz ari garenean?
Lana da gizakiok gure inguruarekin modu kontzientean harremanak izateko egiten duguna. Azken batean, gure ingurua antolatzen dugu gure beharrak asetzeko, eta horren poderioz eraldatzen gara. Ez gara berdinak lana egin baino lehen edo egin eta gero: gai izan gara zerbait egiteko, eta hor transformazio bat dago. Lana da guk egiten dugun edozein ahalegin gure ingurua eraldatzeko eta gure metabolismoa aurrera eramateko. Zure buruari uzten badiozu horren inguruan galderak egiten, harritu egingo zara.

Hor gizartearen potentziala non sartzen da?
Gauza da galdera modu indibidualean egin diezaiokegula gure buruari, baina erantzuna kolektiboa dela. Hemen gaude norbanako batek edo askok lagundu digutelako hemen egoten edo ez egoten.

Kapitalismoak kontrako ideia saltzen digu: bakarrik egin dezakezu.
Norbanakoa ez da subjektu libre abstraktua: giza espeziearen une bateko espresioa da. Galdera da ea nola jartzen zaren harremanetan beste gizakiekin, zure eta haien potentziala garatzeko, edo gauzak zalantzan jartzeko, edo helburu berriak asmatzeko. Egungo gizartearen marko ideologikoa indibidualtasuna da. Ekonomia fakultateetan irakasten den ekonomia ereduetako bat da Robinson Crussoerena. Izan ere, gizon zuri bat dago irla batean eta bere lana eta aisia kudeatzera iristen da. Hori ez da erreala. Norbanako bat irla batean, baldintza horietan, hil egingo litzateke. Esate baterako, zu joan zaitezke mendi punta batera edo txoko galdu batera bakarrik bizitzera, baina gero, medikua behar baduzu Osakidetzara joango zara. Hor beste norbanako batzuk daude zuretzat ona den lan hori egiten. Beraz, ez da egia erabat bakarrik biziraun dezakezula. Ondorioz, gizakien arteko harremanek hartzen dituzten formak ikerketa proiektu irekiak izan daitezke.

Ekonomia politikoa da zure arloa. Badago politikoa ez den ekonomiarik?
Zientziatzat hartzen den diziplina ekonomikoa, modelo unibertsala… irakasten duten fakultate askotan politika hitza ez dago ondo ikusita. Merkatua efizientea da ustez, eta politika sartzen baduzu, efizientea izateari utziko dio. Hemengo irakasle talde batek (Jonber Zubiri, Miguel Virizuela, Juan Barredo, Xabi Gainza, David Hoyos…) antolatu ditugu iaz eta aurten udako ikastaro zein seminario batzuk eta saiatzen gara ekonomiaren disziplina hori zalantzan jartzen, ikuspegi irekiago bat ematen ikasleek haien ikerketa prozesu indibiduala garatu dezaten.

"Dinamika batzuk areagotu dira eta azken urteetan sindikatu batzuk greban espezializatzen ari dira”

Duela hiru urte inguru, euskal sindikalgintzak azken hamarkadetan izandako bilakaera ikertu zenuten. Atera zenuten ondorioetako bat da mugimendua indartsuagoa dela Euskal Herrian beste leku batzuetan baino.
Indartsuagoa dela baino gehiago, esango nuke, beste modu batera antolatzen dela. Gero, helburuak lortzen dituzten edo ez, beste ikerketa batean aztertu beharko genuke. Ezberdintasunak daude, hala ere, negoziazio prozesuetan. Hemen eta hemendik kanpo marra gorriak ez daude leku berean. Ikerketa egin genuenetik hona, gainera, dinamika batzuk areagotu egin dira. Azken urteetan sindikatu batzuk greban espezializatzen ari dira, eta hor badago banaketa.

Duela urte pare bat argitaratutako datuen arabera, Espainiako Estatuan egiten diren greben erdiak Euskal Herrian egiten dira. Orain, hemendik kanpo ere erresistentzia kutxak garatzen ari dira –Katalunian eta Aragoin, batez ere–, eta orain arte grebarako kultura gutxiago izan dutenek gehiago jo dute borroka bide horretara. Gu erakusten saiatu ginen nola antolatzen diren sindikatuak eta horren arabera zeintzuk diren joerak. Potentziala badago kontraboterea antolatzeko edo konfliktibitate gehiago nahi duten sindikatuek errekurtso berriak lantzeko.

Argazkia: Hodei Torres / CC BY-SA

Ikerketaren emaitzak harritu egin zintuzten ala hasierako hipotesiarekin bat dator?
Aurreko ikerketa batetik atera nituen galderak, eta datu batzuk banituen. Beraz, ez ginen harritu. Gero egia da, fabriketan galdetzen baduzu, harritu egiten zarela. Aurreko ikerketa batean, esate baterako, Gasteiz eta Bartzelonako autogintza lantegi bi alderatu nituen, eta desberdintasuna izugarria zen. Hemen antolatuta zeuden eta Bartzelonan bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Literatura ekonomikoak esaten du autogintzan %30eko arrakala dagoela lanpostuaren araberako soldata desberdintasunean. Kontua da, hemen, orokorrean, Katalunian baino askoz gehiago kobratzen zutela langileek. Eta enpresa, hemen ere errentagarria zen. Eta hala ere, soldata altuagoa zuten langileek enpresa behartu egiten zuten berrikuntzak txertatzera, zeren soldatak baxuak direnean berrikuntzak ezarri ordez, enpresa lekuz aldatzen da, adibidez. Hain sinplea bada lana, berdin egingo da Bartzelonan edo Mexikon, ez?

1980ko hamarkada asko mitifikatu izan da: desindustrializazioa, grebak, langile mugimendua…
Zuk zer uste duzu?

Ez dakit, bada. Batzuetan inpresioa daukat orain langile askok ez daukala langile kontzientziarik.
1980ko hamarkadara joanda, bistakoa da, egoera ekonomikoa ez dela berdina. Fordismoaren bukaerak testuinguru historiko oso zehatz bat marraztu zuen: ordura arteko lantegiak oso handiak ziren. Zuk 5.000 langile jartzen badituzu mehatxu berdinaren azpian, erantzuna bateratua izango da. Gainera, orduko genero eta familia estrukturak aztertu egin behar dira. Nahiz eta emakumeek bi edo hiru lan egin etxekoarekin batera, gizon industrialek diru gehiago sartzen zuten familiara. Orduan, estruktura sozial oso bat jarri zuten mehatxu berberaren azpian.

"Literatura ekonomikoak esaten du autogintzan %30eko arrakala dagoela lanpostuaren araberako soldata desberdintasunean. Kontua da, hemen, orokorrean, Katalunian baino askoz gehiago kobratzen zutela langileek. Eta enpresa, hemen ere errentagarria zen"

Mobilizazioak egiteko gaitasuna handiagoa izango zen, baina galtzeko zeukatena ere gehiago zen. Orain lan merkatua konplexuagoa da, globalizazioak gauza asko apurtu ditu, migrazioak handitu dira, emakumeak protagonismo handiagoa dauka… langileen arteko lehia handitu egin da. Lehen langileak ez ziren lehiatzen Frantzia edo Alemaniako langileekin. Azken urteetako mobilizazio handienak zerbitzu publikoetan izan dira, adibidez. Feminizatutako sektore batzuek ere borroka handiak egin dituzte, baina sektorekako indarra izan da. Bide batez, arazoa globala da, baina erantzuna ez. Zaila da mobilizazio internazionalak lotzea, baina arazo internazionalak konpontzeko beharrezkoak dira.

Beraz, langileek badaukate langile kontzientziarik? Sentitzen dira langile?
Zuk aurresuposatzen duzu badagoela langile kontzientzia bat, baina zer da langile sentitzea? Jendeak bere gorputzean sufritzen du, materialki, sistemaren biolentzia: estresa, antsietatea… Indarkeria handia jasaten dugu. Agian, langilearen ideia klasiko hori ez daukagu, edo ez dakigu interesak koordinatzen, baina gauez ohera bizkarreko minez goazenean, denok dakigu langileak garela.

Neoliberalismoak nartzisismoa eta indibidualtasuna sustatu ditu: ez dugu harreman solidarioak eraikitzeko interesik, ez garelako besteez fidatzen, ezta besteekin harreman estuagoak eraikitzeko ditugun antolakundeez ere. Eta fragmentazio horretan jabego pribatua kudeatzen dutenek edo merkatuan pribilegiozko lekua dutenek irabazten dute. Duela gutxi etxez aldatzen ari zen lagun bati galdetu nion ea laguntzarik eskatu zuen, eta esan zidan jendeak ez daukala horretarako denborarik. Esan zidan ea nola eskatuko zion norbaiti altzariak aukeratzen laguntzeko, eta nik diot: zergatik ez? Ondo dago zuretzat garrantzitsuak diren gauzak besteekin konpartitzea. Lagun horiek gero parrandan hor egongo dira, eta laguntzen zergatik ez?

Dena den, langilea izatea deskubrimentu prozesu bat da. Garai bateko langile kontzientzia edo sentimendu hori patriarkala zen, ez zen ekologista, langileen inteligentzia emozionalaren kontra zihoan… Langilea gai zen bere lan-baldintzak borrokatzeko eta soldata irabazteko, baina ez beste lan asko modu duinean egiteko. Orain, adibidez, zaintza lanak mahai gainean daude, eta orduan aitatasun baja hartu zitekeenik pentsatu ere ez zuten egingo. Eta zurea ere baden pertsona horrek zaintza behar du, eta lan hori ere garrantzitsua da.

Argazkia: Hodei Torres / CC BY-SAArgazki oina

Sistema kapitalistan inork ez du langile soila izan nahi. Bidaltzen dizkiguten mezu guztiak dira “egin beste zerbait: inbertitu bitcoinetan, lortu etxetik bigarren soldata bat …”.
Jarri dituzun adibide biak monetarioak dira, baina orokorragoa da. Garai batean bertutea deitzen zitzaion horretan ere, interes instrumentalen bat egon behar da. Lana egiten dugu, eta lanetik kanpo oso eraginkorrak izan behar dugu lanak eman digun horrekin aisialdia betetzerakoan. Laneko lehiakortasuna modu bortitzean hedatu da aisialdira. Jendeak egiten ditu triatloiak, mendi irteerak… dena erlojuarekin neurtuta, eta gero, makinara goazenean ere, logika horri eusten diogu.

Aisialdi horrek lantokiaren logika birproduzitzen du, eta ez diogu jolasari edo zaintzari denborarik uzten: alegia, ez gara fabrikatik inoiz ateratzen. Gure lehiakortasuna handitzen ez duten lanak eta esperientziak baztertu egiten dira, eta arazoak badituzu psikologoarengana joango zara arazoa zurea delako. Ez duzu arazoa kolektibizatuko: zurea da. Baina arazo guztien konponbidea ez dago norbere esku. Ezin baduzu jolastu edo beldurrik gabe besteekin harremanik izan, zer izan behar dugu, psikopatak?

Beno, sistemak saritu egiten du psikopata izatea.
Bai. Negar egitea, ahula izatea… ez dago ondo ikusita. Ongizate estatua kritikatu egiten da. Prestatu egin behar da norbanakoa berak bakarrik gauzak lor ditzan. Ez harritu autolaguntzarako liburuak enpresen kudeaketarako liburuen ondoan ikusten badituzu liburu-dendetan.

AEBetan kalean bizi den jende asko langilea da, eta hemen ere gero eta gehiago omen dira lana izan arren, ezin diotenak bizimoduari eutsi.
Langile pobreak. XIX. mendera itzuli gara. Badaude, hala ere, langileak elkarrekin egoteko moduak. Jendeak behar du batasuna, eta hor dago futbola, adibidez. Nik Bilbon ikusi nuenean hainbeste jende, gabarra batean zetozen gizon batzuei begira, pentsatu nuen hor badaudela lana eta antolaketa. Aisialdi eredu hori klasista da, patriarkala… baina jendea badoa. Ez daukagu denborarik ondokoari laguntzeko, baina badaukagu denbora artaldearekin elkartzeko. Momentu horretan jendea pozik dago, ondo; baina, ez dago poza sortzeko beste modurik?

Bizkaian haien burua eskuinekotzat zein ezkerrekotzat dutenek defendatuko dizute Athleticen inguruan gertatzen den guztia.
Bilbon dauden kontraesan handiak Athleticen bidez justifikatzen dira. Nahiz eta bizitza oso desberdinak izan, guztiok  Athleticekoak garenez, beste guztia ez dugu zalantzan jarriko. Hori ideologia da: arazoei bizkarra emateko modua da, existitzen diren arazoak zalantzan jarri gabe.

Beste hiri batzuetan ez da hainbesterako.
Hemen kontraesanak beste hiri batzuetan baino handiagoak dira. Ni joan izan naiz San Mamesera eta gauza asko egin daitezke han. Adibidez, partidaren deskantsuan enpresei buruzko informazioa eman beharrean, esango balute mikrotik aste bi barru hondartzak garbitzera joango garela? Edo dependentzia egoeran bizi diren pertsonak zaintzera? Zergatik ez dugu han dagoen energia beste nonbaitera eramaten? Hori ere lana da, eta lan egin dezakegu denontzat onak diren gauzak egiten.

Gaira itzuliko naiz. Euskal Herriko sindikatu nagusien eta beste toki batzuetakoen artean, desberdintasun handiak ikusten dituzu?
Sindikatu mota asko egon dira beti, eta orain berriak sortu dira: Kellyak, Glovoko langileak… orain arte sindikatuek ez dute jakin lan mota horiek nola hartu, eta haien kabuz antolatu dira. Oinarrizko eskaerak dituzte: “Legea bete ezazue gurekin”. Beraz, jende berria politizatu da nahiz eta oso gauza sektoriala izan. Ondo egituratutako sindikatuek elkarlan gehiago egin behar lukete hauekin, baina ez da berdina sindikatuen tamaina bera ere. Badira sindikatu txiki batzuk espiritu oso kritikoarekin asanblearismoari eusten diotenak, baina hori handietan gaitza izan daiteke kohesioa mantentzerako orduan.  

"Europara begira ez dakit, baina argi dago Espainiako Estatuarekin desberdintasunak daudela hemen. Espainiako sindikatu nagusiek zilegiztatu egin zuten soldaten jaitsiera, adibidez; eta hemen sei greba orokor egon ziren"

[2008ko krisialdian]. 2020an giza eskubideen gutunaren aldeko greba orokorra egin zen Euskal Herrian. Hori oso garrantzitsua da: ez da kendutakoa defendatzeko ekimena, eskubide gehiago borrokatzeko da. Ez dakit Europan halakorik izan den azken hamarkadetan.

Zeintzuk dira azken urteetan langile mugimenduak galdu dituen eskubiderik handienak?
Euskal Herrian, modu zuzenean, grebarako eskubidea murrizten ari zaizkigu. Kaleratzea asko erraztu da. Baina, oro har, ondorio gisa, esango nuke ez garela kontziente zein mehea den gure eskubideekiko dugun babes sistema. Ez dakigu erantzun ausartak eta konstruktiboak ematen kolektiboki.

Eta irabazi?
Urte askotako borroka eredugarri askori esker, emakumeek lan munduan beste estatus bat lortu dute. Hori garaipen politikoa da. Gero, sindikalismoan sartzen bazara modu konkretuan eta sektoreka, badaude garaipenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi du Torres lehendakariordeak, Zedarriak-i erantzunez

Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Lan heriotzek gora egin dutela diote sindikatuek, eta datu ofizialekiko mesfidantza adierazi dute

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren  harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.


Muga-zergen mehatxuarekin, Trumpen esanetara ipini dira Mexiko eta Kanada

Muga-zergak ez ipintzearen truke, AEBen eskakizunak konplitzeko konpromisoa hartu dute: bakoitzak 10.000 soldadu ipiniko ditu mugan, AEBen segurtasunaren izenean.


Lanaldia astean 37,5 ordu baino are gehiago laburtzearen erronka

Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.

Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]


2.000 lagun baino gehiago mobilizatu dira Laudion Guardianen itxiera aurka

Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Laudion, Laudioko lantegiaren itxiera salatzeko. 2.000 herritar baino gehiagok giza-katea egin dute lantegia inguratuz.


Zedarriak taldea eta bere interesak armagintzaren lobby gisa

Urtarrilaren 15ean Zedarriak enpresa foroak bere seigarren txostena aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Zedarriak taldeko zuzendari Guillermo Dorronsorok azaldu zuen hurrengo urteetan “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela... [+]


Artile, karena eta oritza

Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola, karena eta oritza tartean badaude; artilearekin batera haiek ere ehundu baitute... [+]


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Eguneraketa berriak daude