Zestoa Gipuzkoako Urola bailaran dagoen herria da. 3.800 biztanle ditu. 2019tik zaintza sarea garatzen ari dira: herriko baliabide profesional guztiak koordinatu eta zestoarrek elkar zainduko duten eredu komunitario bateranzko bidea egiten hasi dira. Udalak du egitasmoaren gidaritza eta koordinazio lanetan ari da San Juan Fundazioa. Zestoak abiapuntu oso aproposa du udalerriak nahi duen zaintza eredua diseinatu dezan: adinekoen San Juan egoitza izaera publiko sendoko fundazio batek kudeatzen du, eta Gisasola egoitzaren jabea familia bat da. Biak enpresa handien atzaparretatik libre dira.
Saioa Lasa eta Joseba Illarramendirekin gaude, San Juan egoitzako bulego batean. Lasa psikologoa da eta Illarramendi egoitzako zuzendaria. Era berean, herrian abian den zaintza sarearen koordinatzaileak dira. Egoitzaz hizketan ari direla, Lasak, egoitzaren berezitasuna ulertzeko klabea eman du: "San Juan Fundazioaren erabakigunea hau da, hemen biltzen gara eta hemen erabakitzen da". Hirurok eseri garen bulegoko mahaiaz ari da. San Juan egoitza izen bereko fundazioak kudeatzen du, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, izaera publikokoa, ordea. EAJko eta EH Bilduko zinegotzi bana, eta langileen, egoiliarren eta herritarren ordezkari bana biltzen dira mahaiaren bueltan; lehendakaria alkatea da. Egoitzak 40 plaza ditu, hamabost pertsona artatzen ditu eguneko zentroan, eta zortzi etxebizitza babestuetan. 60 langile inguru dituzte eta ez dute inolako zerbitzurik azpikontratatuta. Gutxi gelditzen badira ere, Gipuzkoan badaude izaera publikoko egoitza batzuk, baina ohikoena da enpresa handiei kudeaketa esleitzea, eta ondorioz, egoitzetako erabakiak enpresek hartzen dituzte. Illarramendik argi dauka fundazioaren klabeetako bat independentzia dela, "lanerako askatasuna daukagu, erabakigunea herrian dagoelako". San Juan egoitza rara avis bat da. Horrek ez du esan nahi bere kabuz dabilenik. Gipuzkoako Foru Aldundia zainketen tokiko ekosistemak sustatzeko Zaintza HerriLab ekimena ari da lantzen. Gune horretan zaintza eredu berriez gogoeta egiten ari dira eta Zestoa ekimen horretan dago Zestoako Zaintza Sarearen bitartez.
Herrian "goiko" egoitza eta "behekoa" daude. "Goikoa" da San Juan egoitza eta "behekoa" berriz Gisasola. 38 plazako egoitza txikia da, jabetza pribatukoa, Zestoako familia batena, nahiz eta ez diren herrian bizi.
Ez da kasualitatea erreportajean Zestoako zaintza sarea azaltzen hasi eta herriko bi egoitzen erradiografiatxoa egitea abiaburuan. Illarramendik horrela laburtu du bi egoitzen ezaugarrien garrantzia: "Zaintzaren inguruan herri proiektu bat gauzatzeko baldintzak betetzen dira". Herriari begira daude biak, erabakiak hartzeko askatasun handia dute, eta eredu komunitarioaren aldeko apustua egin dute.
Egitasmoaren helburua zailtasun administratibo instituzionalak sortutako hutsunea zaintza komunitario bidez betetzea da
Eragiletza sendoa
2019an, zaintza sarea martxan jartzeko sugarra San Juan egoitzak eta 3Z elkarteak piztu zuten. Biak ari ziren zaintza eredu komunitarioaren inguruan hausnartzen eta herrian aurkezpen bat egin zuten. Ondoren etorri zen udala, eta Izarraitz proiektua abian jarri zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiren diru-laguntzari esker. Gaur egun udalak du egitasmoaren gidaritza eta koordinazio lanetan ari dira San Juan Fundazioko Saioa Lasa eta Joseba Illarramendi. Zaintza mahaian hainbat eragile dago: Udaletik alkatea, EAJko eta EH Bilduko zinegotzi bana, eta Gizarte Zerbitzuetako langile bat; egitasmoaren bi koordinatzaile orokorrak; bi egoitzak; Zabalduz kooperatibako hezitzailea; Jubilatuen Elkartea; Zahartzaroa Zaindu Zestoan elkartea (3Z), Osakidetza; kiroldegia; herri ikastetxea; Gaztelekua; parrokia; eta bederatzi auzotako ordezkari bana. Asmoa mahaira eragile are eta gehiago batzea da. Egitasmo honetan egoitzen ezaugarriek duten garrantzia azpimarratu dugu; bada, eragileak funtsezko zutabe dira, baldin eta herrian gauzatuko duten zaintza eredu komunitarioa herriak pentsatzea eta bideratzea nahi bada.
Zer egin dute, zer egin nahi dute
Eredua asmatu behar da. 2023 eta 2026 arteko plan estrategikoa gauzatzen ari dira gaur egun. Lau lan-ildo dituzte: zaurgarritasun egoeren detekzio goiztiarra (bakardade ez hautatua), nola eta non zaindu erabakitzea, egoera zaurgarriei erantzuteko zerbitzuak garatzea, eta proiektuaren bideragarritasuna lantzea. Lehenengo gauza egoera zaurgarrian egon daitezkeen herritarren mapa osatzea izan da. 2021eko datuen arabera, 65 urtetik gorako 164 herritar bakarrik bizi dira, eta 80tik gorakoak 67 dira. 241 adineko beste adineko batekin bizi dira. 2035ean bakarrik biziko diren adinekoak 250 izango direla aurreikusi dute. Zaurgarri izateko arriskuan dauden herritarren datuak Gizarte Zerbitzuetan dituzten beste batzuekin (ospitalean egon den, egoera ekonomikoa...) gurutzatzen dituzte, eta hala, herritar bakoitzaren informazio osoagoa dute.
Mapa osatu eta gero hasi zen lanean Ane Lizaso. Bera udalak azpikontratatutako Zabalduz kooperatibako hezitzailea da. Ordenagailuan daukan informazioa bahetu eta beharra izan dezaketen pertsonak atzematen ditu. Batzuei etxera bisita egiten die, beste batzuei telefonoz deitu. Prebentzio lana da berea.
Bakarkako esku-hartzeez gain, ordea, zaintza kolektiboagoak lantzen ari da Lizaso. Asmoa zen bakarrik bizi den pertsonak auzoko baten laguntza izatea, nolabaiteko bikoteak sortzea, beti ere bien arteko adostasunarekin. Ez dute lortu horrelako bikoterik, batez ere zaintzailearen kezkengatik: Zer pentsatuko du bere familiak? Auzoan usteko dute kontakatilu bat naizela? Hala ere, Lizasok esan digu horrelako zaintza-bikoteak lehendik ere badaudela, baina ez dutela nahi izan haien harremana formalizatzerik, ziurrenik hortarako premiarik ez dutelako sentitzen.
Beraz, bikotekako zaintza eredua baino molde kolektiboagoak garatu dituzte. Herri erdigunean dozena bat laguneko taldea bildu du Lizasok, paseoan eta bingoan ibiltzen dira, eta bi egoitzetara bisitak egiten dituzte. Sarea garatzen joatea nahiko luke, baina adinekoez gain beste belaunaldi batzuk ere kontuan hartuko lituzkeen sarea dauka buruan. Elkarrizketan asko aipatu duen hitza "sentsibilizazioa" da: "Bakardadea zaharren kontutzat hartzen da eta gaur egun gazteagoek ere bizi dute hautatu gabeko bakardadea". Zaintza sarean beharra daukan edozein adinetako pertsonek parte hartzea lortu nahi du eta horretarako denentzat erakargarri diren ekintzak pentsatzen ari da.
Zestoa oso herri sakabanatua da, hamaika auzo ditu, gehienak landa eremuak, eta ez erdigunetik gertu. Lizaso hezitzaileak badaki hori eta kontuan hartu beharreko ezaugarria dela uste du. Aizarna auzora zaintza sareaz hitz egitera joan denean egin du topo errealitate horrekin. Alegia, auzokoei ez die balio Zestoa kaxkoan antolatzen ari diren zaintza sareak, haiek beraien zaintza sarea nahi dute. Lizasoren beste helburuetako bat horixe da: auzoetan zaintza taldeak garatzea. Aizarnarekin hasi da. Bospasei jubilatu "gazte" astero elkartzen hasi dira eta auzoko zaintza sarea garatzen laguntzeko prest daude. Beraiek ideiak lantzen dituzte eta Lizasok laguntzen die forma ematen. Lehen aipatu dugu ez dutela lortu bikoteen moldea garatzea, baina bestelako zaintza lanak egiten dituzte talde horretan. Tarteka Lizaso ohartarazten dute: halako aste honetan ez da etorri kafea hartzera, halako ez dugu ikusi aspaldian kalean...
Lizasok belaunaldi arteko harremanak garatzeko asmoa auzoetara ere eraman nahi du. Ekintza xumeekin hasi dira pausoak ematen. Mus txapelketa antolatu zuten: "Agian, txorakeria irudituko zaizue mus txapelketa antolatzea, baina ez da. Hainbat belaunalditakoak batera aritu ziren eta batzuek elkarren izenik ere ez zekiten". Aizarna auzoak 300 biztanle inguru ditu. Auzoetara zaintza sarea aurkeztera joan eta dezentetan esaten diotena: halako eta halako zerbitzu ez dauzkagu, azpiegitura hau eta hau ere falta zaizkigu. Lizasoren ustez, eskatu beharrekoak eskatu behar dira, baina herritarrek pentsatu behar dute beren kabuz elkar zaintzeko zer egiteko gai diren.
Non eta nola nahi dugu zainduak izatea?
Plan estrategikoaren bigarren ildoari dagokionez, herritarrek nola eta non zainduak izan nahi duten hausnartzen ari dira zaintza mahaian. Illarramendik dio eredua ez dela kanpotik eta goitik etorriko, eta beraz, pentsatzea eta asmatzea dagokiola zaintza mahaiari. Batez ere bi egoitzak eta 3Z elkartea ari dira lan horretan. Egoitza bakoitza bere zaintza eredua ari da lantzen, 3Zk berriz, norbere etxeetako zaintzari begira egiten ditu ekarpenak. Besteak beste, herritarrek haien bizitza plana egiteko moduak aztertzen ari dira, hau da, zainduak izateko beharra etorri baino lehen, norberaren nahiak idatziz jasoko lirateke: non nahiko lukeen bizi (izan egoitza, bere etxea, etxebizitza komunitarioak...), nork zaindua izatea nahiko lukeen, norekin bizi nahi duen, nola hil nahi duen.
Hirugarren ildoa zerbitzuak eta azpiegiturak garatzea da. Herriko baliabideen ebaluaketa eginda daukate. Illarramendiren ustez, zerbitzuek eta azpiegiturek "nola bizi nahi dugu?" galderari erantzun behar diote. Herrian galdeketarik egin ez badute ere, oro har, datuek diote jendeak etxean zaindua izatea nahi duela. Kultura eta jakintza maila igo da, espektatiba handiagoak dauzkate herritarrek, askok bikotean bizitzen jarraitu nahi dute... eta baliabideak ez daude prestatuta nahi eta behar horiei erantzuteko. Saioa Lasak egoitzetan sarri gertatzen den egoera bat kontatu du: adineko bat ezin dute etxean zaindu eta egoitzara eraman dute. Etxean, haren bikotekidea gelditu da, bakarrik, eta hura ere adinekoa. Etxean gelditu dena ez da sartzen dependentzia dutenen inongo sailkapenetan, bere kabuz moldatzen delako, baina "galduta geratu da, bere zutabea desagertu da, bikotea banandu dute". Araudiak aldatu eta bikoteak hartzeko aukera egotea aldarrikatu dute Lasak eta Illarramendik.
Egoitzako zuzendariari ez zaio gustatzen bereizketa egitea, egoitza, etxebizitza babestuak... Bere iritziz, "denak bat izan behar du, denak etxea izan behar du". Elkarrizketa hasiera-hasieratik aipatu du "etxea" kontzeptu moduan: "Instituzioak esaten dio egoiliarrari nola bizi behar duen egoitzan, eta ez luke horrela izan behar. Gu kaletik gatoz toki honetara zerbitzu bat eskaintzera eta haien etxean sartzen gara, errespetu handiz".
Laugarren ildoan egitasmoaren bideragarritasuna lantzen dute. Herri ekimeneko proiektua da, udalak bideratua. Bai udalak, bai San Juan Fundazioak, baita 3Z elkarteak ere diru-laguntzak lortu dituzte Foru Aldundiaren eskutik. Eragile bakoitzak finantzazio publikoari esker egindako ikerketa eta lanketa denak zaintza mahaian aurkezten dituzte, eta herri proiektua garatzen laguntzeko baliatzen dituzte.
Zahartzaroa ez da gazteen kontua
Ordu eta erdiz hizketan jardun ondoren aurrera begirako erronkez galdetu diegu egoitzako bi langileei. Helburua gazteak erakartzea da. Zestoan, gizartean orokorrean bezala, gazteek urrun sentitzen dute zahartzaroa, baita zaintza kontuak ere, nahiz eta beraiek izan etorkizunean beharrak edukiko dituztenak. Herriko ikastetxea eta Gaztelekua eragileen zerrendan daude, baina 18-60 urte arteko herritarrek egitasmoa ez dute bere sentitzen.
Distira guztiak ez dira urre, eta egitasmo honetan ere badituzte zailtasunak. Illarramendik bi nabarmendu ditu. Batetik, eragile batzuek pentsatzea lan erritmoa motelegia dela eta nekez ari direla aurrera egiten. Kezka bera du herriko alkateak, Mikel Arregik. Azken horrek eragiletza indartsu eta saretua dagoela goraipatu du eta horrek zailtasun erantsia duela: "Abiadura desberdinak dira, presioa egiten dute, eta ondo dago presioa egitea. Kudeaketa administratibo instituzionalak bere denborak ditu eta erritmoak bateratzerakoan kontraesanak sortzen zaizkigu. Talkatxoak dauzkagu, beti ere era sano batean. Atzera begiratzen badugu, uste dut egin dugula bidea".
Bestetik, Lasak eta Illarramendik azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudiak zurrunak direla. Hain zuzen, herrirako egokia den zaintza eredua "asmatzen" ari direla, gauza berriak probatzea dagokie eta lege aldetik malgutasunik ez izateak bidea zailtzen die. Adibide argi bat aurrerago aipatu duguna da, alegia, dependentzia baldintzak betetzen ez dituelako, haren bikotekidea egoitzara eramanda, bere etxean bakarrik utzi den zaharrarena. "Beti borrokan gabiltza. Bikotea ez litzateke banatu behar, egoitzak bien etxea izan beharko luke". Beste adibide bat ohe bakarreko logelena da. Foru Aldundiak logelak hala egituratzea eskatzen die, baina horrela, bikote direnek ezin dute gela elkarbanatu.
Mikel Arregi alkatea gustura dago zaintza mahaiak hartu duen bidearekin. Deskoordinazioa zegoela dio, udala alde batetik, egoitzak beste alde batetik, informazio truke nahikorik gabe eta zerbitzuen berri elkarri eman gabe. Orain, zaintza mahaiak egiten du koordinazio lana, bai baliabide profesionalena, baita baliabide informalena ere. Udalaren zerbitzu nagusiak dira etxebizitza babestuak, eguneko zentroa eta etxez etxeko zerbitzua. Lehenengo bien kudeaketa San Juan Fundazioari esleitua dio, eta egoitzaren eraikin berean daude. Udalak zuzenean kudeatzen duen zaintza zerbitzurik garrantzitsuena etxez etxekoa da. Behargin guztiak udal langileak dira. Arregik dio Gipuzkoan lau udaletan baino ez daukatela zerbitzu hori azpikontratatu gabe. Eredu horren aldekoa da, baina adierazi du zailtasunak eragiten dituela. Gaur egun 38 pertsonengana iristen dira, "ez gara ailegatzen denengana, eta udalak ez dauka ahalmen ekonomiko zein segurtasun juridikorik kontratazioetarako, ez badauka Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik". Zestoa azalera handiko herria da eta udalaren radarretik kanpo egoera zaurgarrian dauden hainbat pertsona daude. Arregiren ustez, "herri proiektu honek zaintza ekosistema berri bat sortzen lagunduko du, non auzo-zaintza bidez udalaren zaintza sistematik kanpo dauden herritarrak ere zaintzeko baldintzak sortuko diren”. Udalak langile gehiago kontratatzea ekonomikoki bideragarritzat joko balu ere, ezin dute halakorik egin, zor publikoa kontrolatzeko balio duen legeak ez dielako uzten kontratazio gehiago egiten. Egitasmoaren helburua zailtasun administratibo instituzionalak sortutako hutsunea zaintza komunitario bidez betetzea da.
Baliabide ekonomikoak behar dira etxez etxeko zaintza eskaintzeko, eta are baliabide gehiago behar dira herriko zaintza sare osoa diseinatzen jarraitzeko. Alde horretatik, alkateak eskertzen du Foru Aldundiaren jarrera, haren eskutik finantziazioa lortzen ari direlako. Kritika bat ere badu, San Juan egoitzako kudeatzaileekin bat egiten du horretan: "Administrazioa oso zurruna da. Etxez etxekoa udalak eskaintzen du, baina menpekotasun ebaluaketak Foru Aldundiak egiten ditu. Guk ez dugu erabakitzen zeinek duen beharra, zein bideratu egoitzara edo etxe babestura. Pertsonen zaintza erraztu ordez zaildu egiten da horrela".
Elkarteko kideek etxeko zaintzan esperientzia dute, eta gehienak jubilatu gazteak dira. Hasieratik daude zaintza mahaian. Ikuspegi feminista du, gizarte lan eta ekintzetan ibili ohi diren jubilatuak dira eta norabide aldakarrikatzailea eman nahi diote taldeari, erabiltzaileen eta familiakoen ikuspegitik. Gurasoak etxean zaintzea zer den bizi izan dute eta beren buruei hau esan die: "Guk ondorengoei ez diegu hau pasako, horrela ezin da". Xanti Ugarte eta Joxe Mari Olaizolarekin hitz egin dugu eta zaintza krisia arazo politikotzat dute, lehen lerrora ekarri beharrekoa. Erakunde publikoak interpelatzen dituzte, baina argi daukate politikariek eta teknikariek bakarrik ez dutela konponduko, herritarrak behar direla, komunitatea. Asko goraipatu dute San Juan egoitza kudeatzen duen San Juan Fundazioa. Pozik daude "egoitza irekia"ren kontzeptua lantzen ari direlako, herrira begira ari direlako lanean. Aldiz, herrian 2019an abiatu zen Zestoako Zaintza Sareak etxez etxeko zaintzari oso gutxi erreparatu diola uste dute.
Besteak beste, etxeetan zaintza lanetan ari diren jatorri atzerritarreko emakumeen eskubideak aldarrikatu dituzte eta haien lan baldintzak salatu. Zaintza sarearen bitartez gauza asko egiten ari direla aitortzen dute eta zaintza mahaian buru-belarri ari dira. Hala ere, eskertuko lukete udalak ausartago jokatzea, alternatibak bilatzea, haien ustez egitasmoa motelegi doa. Foru Aldundiak diru gehiago jarri behar duela uste dute, zaintza zerbitzua duinagoa izan dadin. Bestalde, eztabaidagai dute nori zer dagokion, hau da, zein lan eta ardura hartu beharko lituzkeen udalak eta zein komunitateak. 3Zkoen ustez, herritarrek egin ditzaketen lanak baliabide profesionalen bidez bideratzen ari dira, adibidez, bakarrik bizi diren zaharren artikulazioa eta etxetik ateratzen laguntzea boluntarioek egiteko moduko lana da 3Zren ustez.
Diferentziak diferentzi jubilatu hauek haien proposamenak egiten jarraitzen dute zaintza mahaian. Buruan darabiltzate hainbat ideia. Batetik, zaharrentzako hainbat zerbitzu bilduko lituzkeen gune sozial bat irekitzea nahiko lukete. Bestetik, San Juan egoitzak zaintza profesional guztiaren zuzendaritza eramatea proposatzen dute.
Elkarteari begira kide berriak edukitzea dute helburu, eta gizonezkoak zaintzan inplikatzea.
300 bazkide ditu Zestoako Jubilatuen Elkarteak. Hasieratik daude zaintza mahaian, eta hori baino lehen ere udalarekin harreman estua zuten adinekoekin lotura duten kontuetan. Oso pozik daude zaintza egitasmoaren kudeatzaile lanak udalak hartu dituelako eta koordinazio lanetan profesionalak jarri dituztelako. Argi dituzte beraien egitekoak: "Gu laguntzaileak gara, boluntarioak. Ez dugu ur handitan sartu nahi".
Bi ekintza izar ditu elkarteak. Batetik, herritik atera eta egun-pasak antolatzen dituzte. Arantxa Rezabal eta Jesus Odriozola elkarteko kideek oso garbi dute zein den egun-pasen helburua: "Jendeak elkarrekin egon nahi du, auzokoak ikusteko aukera da, ondo pasa eta ondo jan nahi dute. Hori ere zaintza da". Bestetik, kiroldegiarekin elkarlanean, Zestoa Osasuntsu ekimena antolatzen laguntzen dute. Herrian ibilaldi motz eta luzeak egiten dituzte. Osasun fisikoaz bestelako helburu asko ditu ekintzak. Adibidez, ibilaldi laburrean autonomia oso gutxi daukaten herritarrek ere hartzen dute parte: "Ez da beharrezkoa ibiltzea, gurpildun aulkian joateak ere balio du. Kontua da etxetik ateratzea, sozializatzea, txorizo muturra jatea...". Hasierako asmoa etxean bakarrik zegoen jendeari ateratzen laguntzea zen, baina nahi baino askoz gutxiago lortu dute. Elkarteko boluntarioak bakarrik bizi den jendearekin harremanetan jartzea ez da erraza izan: "Ez dakigu legalki ere nola jokatu genezakeen eta senideek zein jarrera hartuko duten ere kezkatzen gaitu".
Oro har, elkarteko kideek zaintza-radarra beti aktibatuta daukate. Badakite haien inguruan, kalean... norbait beharrean sumatzen badute udaletxean abixua eman behar dutela, eta ohikoa da adinekoak zuzenean udalera eskaerak egitera joan beharrean elkartera jotzea. Herrian hobetzeko zer dagoen galdetu diegunean administrazio publikoetako aje ezagun bat aipatu dute: burokrazia. Hala bildu dute haien iritzia esaldi batean: "Lehenengo paperak eta gero pertsona ez, lehenengo pertsona, eta gero egingo ditugu paperak".
Urriaren 26an Amillubi kolektibizatutako lurretan auzolana eta Haziak liburuaren aurkezpena egin dituzte. Zestoako Portale Kultur Elkarteak eta Amillubi proiektuak elkarrekin antolatu dute ekitaldia.
Ausartuko gara esaten Otsagabiko (Nafarroa) eta Eltziegoko (Araba) dantzak direla irailak 8 bueltako dantzarik ezagunenak. Ibilbide eta historia luzea dute eta azken hamarkadetan Euskal Herriko dantza talde askoren errepertorioetan jasoak izan dira.
Zestoako Gazte Asanbladak ohar bidez gaitzetsi du erasoa: "Garbi gera dadila gure espazioetan ez dugula inolako erasorik onartzen".
Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.
Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste, abenduan ekin zion interneteko diru bilketa kanpainari eta... [+]
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzeko eta bertan elikadura burujabetzari loturiko Amillubi proiektu kolektiboa martxan jartzeko apustua egina du Biolur elkarteak: "Herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak bermatuta izatea izango litzateke mugimendu... [+]
Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]
Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]
Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.
Amillubi proiektua iragan abenduan eman zuen ezagutzera Biolur laborantza ekologikoko elkarteak. Bere abiapuntuko helburua Gipuzkoan (Zestoako Iraeta auzoan) kokapen estrategikoa duten lur emankor batzuk ondasun kolektibo bihurtzea da, lur hauek babesteko eta bertan etorkizuneko... [+]
Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.
Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]
Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.
Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]