Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil. Horien bidez, sexualitatearen, autismoaren eta zuzenean eragiten dioten beste gai batzuen inguruan gogoetatzen du.
Autista naiz” edo “autismoa daukat”. Biak erabiltzen ditu Triviñok, baina bigarrena nahiago du: “Nire izaeraren parte da, baina ez osoa. Hau da nire ezaugarri bat, nire osotasuna izan beharrean”. Nabarmendu du autismoak zientziarekiko eta artearekiko dituen interesak piztu eta “areagotu” dituela, eta gauza “mordoa” egitera eraman duela: “Kontziente naiz nire garunak jende gehienak ez dituen gaitasun batzuk dituela; hala nola kontzentratzeko gaitasuna, algoritmo jakin batzuk eraikitzeko ahalmena…”. Autismorik izan ezean, “normaltsua” izango litzatekeela dio: “Ez nuke sentituko sentitzen dudan guztia, eta ezingo nuke jendea lagundu. Autismoak hori eman dit, eta polita da”.
Arteak eta zientziak bi mundu kontrajarri diruditen arren, Triviñorentzat lotura “handia” dago euren artean. Zientzia arloan, epilepsia antzemateari eta adimen artifizialari loturiko proiektu batean dabil: “Nire garuna pila bat aktibatzen da”. Alde artistikoa aldiz, desinhibitzeko, beharrak plazaratzeko eta hausnartzeko erabiltzen du; hala nola musikan, poesian eta antzerkian aritzen da. Komediak “pila bat” lagundu dio depresioa “hobeto” eramaten: “Pandemian uste dut jende mordo batek izan zuela depresioa. Birus batek baino gehiago suntsitu gaitzake depresioak. Bizirik zaude, baina hil zaitezkeen sentsazioa daukazu”.
Hala ere, ez da egun batetik bestera egindako bidea, “poliki-poliki” egindako prozesu “luzea” izan da: “Lehen oso lotsatia nintzen, autoestimu oso baxua neukan, egun ere bai, eta ez nintzen gai jendaurrean berba egiteko. Neure burua gainditu behar izan dut, eta beldur eszenikoa kendu”. Taularatzen dituen gaiekin identifikatuta sentitzen direnak mikrofonoa hartzera animatzen ditu: “Euskal Herrian, normalean, oholtzan gehienak gizonak izaten dira. Errepresentazioa falta da. Beharrezkoa ikusten dut hori aldatzea”.
“Zati autista gordetzea zama handia da, gure izaeraren parte bat gordetzen ari garelako”
Bakarrizketak jendea dibertitzeko eta zuzenean eragiten dioten eta jende gutxik aipatzen dituen gaien inguruan hausnartzeko tresnatzat ditu: “Txisteak egiten ditut, baina aldi berean zeozer aldarrikatzen ari naiz”. Horien artean autismoaren inguruan sorturiko mitoez barre egiten du. “Askotan entzun da txertoek autismoa eragiten dutela. Nik sarritan esaten dudan gauza bat da nahi ditudan txerto denak jartzen ahal ditudala ez daukadalako galtzeko ezer”, kontatu du barrezka. Horrez gain, sexualitateaz, LGTBIAQ+ kolektiboaz, feminismoaz eta euskal identitateaz ere mintzo ohi da.
Bazterkeria eta indarkeria
Literaturan ere murgilduta dago Triviño, eta aurrerago publikatu nahi dituen fantasiazko zenbait liburu ditu esku artean. Momentuz, Ezina, ekinez egina liburua kaleratzear dago: “Uste dut autismoa dutenek behar dutela, eta autismoa gorrotatzen dutenek ere bai. Zoritxarrez, azken horiek ez dute irakurriko”. Autismoaren inguruko liburu bat da, eta bere esperientzia pertsonala eta orain arte ikertutako gauzen informazioa jasotzen du liburuak: “Harrotasunaren eta lotsaren arteko gatazkan bizi naiz. Autismoak gauza onak eman dizkidalako, baina txarrak ere bai”.
Gaineratu du “zama handia” izan dela, beste pertsona batzuek baztertu eta gaizki tratatu dutelako: “Jendeak orokorrean aldatzeko eta autismoari loturiko gauzak ez egiteko eskatzen digu. Zergatik aldatu behar dut nire izaera? Naizen moduan egon nahi dut jendearekin”. Zeharka zein zuzenean esaten diote plan batzuetan ez parte hartzeko: “Batzuetan esaten didate ez etortzeko ez dakit nork ez duelako nahi. Horrek boterea ematen dio gorroto nauenari, aukera duelako erabakitzeko noiz egon naitekeen eta noiz ez eta zer egin dezakedan”.
Horrek eragiten du zenbait momentutan jokabidea edo izaera aldatu eta autismoarekin lotzen diren zenbait gauza ez egitea edo ezkutatzea. Emakumeen edota emakumetzat dituzten pertsonen kasuan exijentzia “handiagoa” denez, areagotu egiten da hori: “Zati autista gordetzea zama handia da, gure izaeraren parte bat gordetzen ari garelako”.
Horrez gain, indarkeria sexuala pairatzeko probabilitatea handitzen dela dio: “Esango nuke denok jaso ditugula sexu erasoak. Normalean irudikatzen dugu pertsona ezezagun batek harrapatu eta indarkeria fisikoz erasotzen gaituela. Autismoa daukagunon kasuan, konfiantzazko pertsona edo ezagun bat izaten da, eta trikimailuak erabiltzen ditu burua nahasteko eta konbentzitzeko. Manipulazio psikologikoa sartzen da tartean. Legearen arabera, hori ez da bortxaketa, baina bai, bada, argi eta garbi”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
"Garuna. Neurodibergentzia garunarekin lotuta dago zuzenean; neuronekin eta neurotransmisoreekin. Ni naiz naizen modukoa neure garunarengatik, eta bakoitza da den modukoa garunarengatik. Gainerako organoek bizi funtzioa egiten dute, baina gure pertsonalitatea garunean dago”.
Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]