Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu egilea dabilela, nola ibiltzen diren gaur egungo nerabe horiek, ezagunegi zaien bideo-joko bateko pantailan jira-biran, zuzen-zuzen helbururantz lehiatu beharrean. Txilinbuelta geroz eta zailagoak entseatzen ditu Axularrek ere, arrisku-salto sintaktikoak bata bestearen atzetik kateatzen, txirikorda lexiko konplikatuak erraz ateratzen zaizkiola erakusten eta, horri guztiari gutxi iritzita, hitzez hitz landutako arabesko horretan txertatzen goiasmo handiko erreferentziak, nola diren Aristoteles, Plutarko edo Plinioren aipuak, besteak beste.
Uf. Eta ARGIAkoek liburu honi buruzkoak bi orrialdetan errenditzeko eskatu didate. Bi orrialde, alajaina. Gauzak tamainan egitearen aldekoa da Axular –“Ediren duzu eztia, jan ezazu, bada, neurriz, asko duzun bezainbertze, eta ez gehiago, aseegirik okha eztagizun, ahotik bihur eztezazun”–, eta horrekin kontsolatu beharko dugu. Gainera, maisua ere sentitu zen uneren batean gainditu samar –“Baina, zertako sartzen naiz ni itsas hondargabe hunetan?”–, eta hemen haren aldean traste proportzionalki askoz txikiagoa montatu behar dugunez, ezin hasiko gara kexadurak eta hatsbeherapenak papereratzen.
Gero-ri buruzko artikulu hau, beraz, bi partetan: lehenbizikoan ematen da aditzera zenbat kalte egiten duen Axularren ur sakonetan gehiegi murgiltzeak, beste egitekoen gerorako uzteak. Bigarrenean gidatzen da, eta aitzinatzen, liburu hau gaur egungo bizimoduan usatu nahi duen irakurtzailea.
I
Euskal literaturaren magnum opus hau eskuetan hartzen duenak ongi eginen du koadernoa eta boligrafoa ere aldamenean edukitzen. Era horretan, liburuko esaldien josturarekin liluraturik geratzen delarik, haiek kopiatu ahalko baititu, haiek bere eskuz izkiriatu, eta manera horretan, une batez sentituko du bera dela, irakurtzailea alegia, Gero irakurtzen ez, baina idazten ari dena; bera dela euskal letren jenio eta figura erabateko hau; bera dela saio honen egile, Sarako erretore Pedro Axular berbera.
Irakurtzaile partikular honen kasuan, ordea, gutxi iraun zuen fantasiak, deus ez galdu beharrez koadernoan liburu osoa esaldiz esaldi kopiatzen hasi baitzen, hitzez hitz Moleskinerat bihurtzen, eta hain nekez eta hainbat gostarik trabailatzen zen, ezen momentu batetik aurrera estrategiaz aldatzea erabaki baitzuen. Maisulanaren eskuzko kopia berri bat zein gauza ero eta banoa zen jabeturik, liburuko pasarteak etxeko egongelan ahoz deklamatzera igaro zen. Hala dio koadernoan jasotako azken oharrak: “Berdin zait zertaz ari den: orrialde hauek errezitatzea ahotik diamanteak zurrustan isurtzea bezalakoa da”.
Ez dakit etxekoak iritzi berekoak ote diren, hala ere. Nik uste desenkusak eta eskapatzeko bideak bazterturik, luzamenduak oro aienaturik, ez dutela beste ezer desio, ez bada testu hau behingoz buka dezadan, behin betirako bidal dezadan, horrela bakarrik izanen bainaiz libre, azkenik, agindutako zeregin domestikoen betetzeko. Entzuten ditut goraki adierazten, garbigailu hori ez dela bakarrik beteko, ez dela bere kabuz bueltaka hasiko. Eta zentrifugazionea amaitzen delarik, diren arroparik garbienak ere behar baitira zintzilikatu, behar baitira eguzkitan lehortu eta plantxatu, ez da on, ez eta bidezko, egiteko horiek egunetik biharrera, presentetik etorkizunera eta gerotik gerora luzatzea.
Banoala, alegia, arropa zikinarekikoak egitera, eta bueltan segituko dizuet gauzak kontatzen.
II
Bueno, ba hemen naiz, latsagian burutu beharrekoak buruturik. Eta seinalatu beharrean naiz badirela zenbait uste ustel, zenbait gerondoko fruitu pozoitsu, zenbait gezur eta falso testimonio, belaunaldiz belaunaldi irakurtzaileak uxatu dituztenak eta Axularren liburutik erabat ohildu, halako moldez non gaurko euskaldun askok ere –“letra gabeko aisia” soberan maite dutenak, inondik ere–, uste baitute ezen liburu zahar eta zaila dela Gero, erretolika eliztar aspergarria, giristino ilunek soilik leitu dezaketen tostoia.
Ez zen iritzi berekoa hemengo poeta gorri guztien aitzindaria, Gabriel Aresti, zeinak Axularren amorez Zuzenbide debekatua-n izkiriatutako hitzez gain, Gero-tik hartutako egiturak ere usatu baitzituen, eguneratu baitzituen eta haien bitartez euskarazko poesiaren gailurrak ediren. Honela dio, adibidez, Axularrek: “Badirudi hargatik eztuela nahi izatu Jainkoak dagoen behin ere itsasoa geldirik; baina nahi du ibil dadin, higi dadin, marea dadin”. Eta honela berriz, Arestik, Gizonaren ahoa-n: “Baina ez zazue, / baina ez zazue, / baina ez zazue, / ez zazue tapa / gizonaren ahoa. / Hitzaz / balia dadin, / hitzaz / zerbitza dadin”. Akaso bilbotarrak susmatzen zuen –T.S. Elioten eskutik, inondik ere–, literatura futuroa konteniturik dagoela literatura pasatuan, eta nik behintzat, berarekin batera, Gero-n ez dut galdutako idaztankera baten aspaldiko xarmarik bilatzen, ezpada biharko hitzentzako zorroztarria kausitzen, jakinik, hori bai, labanaren zorrotza ez dela zertan jarri haren distiraren kontrakarrean.
Distira horren itsugarria liburu honetako esaldien gaurkotasunean ere xerka beza irakurtzaileak, edozertarako erabil bailiteke Axular: Espainiako errege emerituari buruz mintzatzeko –“Ohoin bat, jokari bat, arnegari bat, putaner bat, gaixto da”–; historiako gobernurik progresistenari buruz aritzeko –“kheinatzen dira, eta eztute aurthikitzen; destatzen dira, eta eztute desarratzen. Erraiten dute «eginen dut», eta eztute behin ere egiten. Hala daudela, denbora guztia iragaiten zaie, eta berak ere iragaiten, finatzen eta akhatzen dira”–; overthinking-aren arriskuez ohartarazteko –“egiten duzu zeure baithan barrena mila pensu eta gogoeta, mila dorre eta gaztelu. Egiten zara Aita Saindu, egiten zara errege, aberatsten zara, egiten duzu anhitz balentia (...) Eta, bitartean, eztuzu konsideratzen zuk handik atheratzen duzun probetxua denboraren galtzea dela, eta ez bertzerik”–; supermerkatuko atetik gertu aparkatu behar duzula gogorarazteko –“Zer erhokeria da, bada, haur, uste baituzu ezen gero karga handiarekin hobeki manaiatuko zarela, orai ttipiarekin baino?”–; eta, azken finean, kapitalismoa xehe-xehe deskribatzeko –“guztiok gaude preso, guztiok gaude mundu hunetako garzele hunetan heriotzera kondenatuak”–.
Laburkiro, soil-soil eta maisuaren hitzekin esateko, beraz: “Aitzinean duzuino, probetxa zakitza”. Ez utzi Gero beste momentu baterako, izan ere, “Zergatik utzi behar dugu geroko, ez berrogoi egunen, baina baten ere segurantzarik eztugunaz geroztik?”.
Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]