“Inor ez da gauza bakar bat, ezta gauza oso itxi bat ere”

  • Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen, eta biharamunean galerian bertan hartu gintuen, bere lanaz lasai hitz egiteko.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Yun Ping. Hubei (Txina), 1998

Eibarren hazi zen, eta gaur egun Madrilen bizi da. Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen ESCIVIn (Andoain), eta argazkilaritzakoak Madrilen, Artediez eskolan. 2023an, huí jiā bakarkako erakusketa aurkeztu zuen Madrilen eta Bartzelonan. 2024an talde-erakusketa batzuetan ere aritu da, besteak beste Donostian eta Lleidan.

Segunda versión [Bigarren bertsioa] talde-erakusketan gaude. Bertan huí jiā sortako lan batzuk dauzkazu erakusgai. Nondik abiatu zen erakusketa hau?
Havi [weecolors] eta Aimar [Arriola] komisarioek idatzi zidaten, erakusketa bat egin nahi zutelako euskal artistekin. Nik Havi ezagutzen nuen Madrilgo arte-mundutik, baina Aimar ez. Erakusketaren titulua bukaeran aukeratu zuten, selekzioa eginda zegoela, eta bueltatzeari eta prozesuei buruz hitz egiten du. Nire lanaren kasuan badu zentzua aurkezten diren lanengatik [huí jiā-k etxera bueltatu esan nahi du] eta baita ere sentitzen dudalako nire pertsonaren eta proiektuaren bertsio berri bat hasten ari dela. Oso berezia izan da.

Hau izan duzu lehen erakusketa Euskal Herrian. Zer moduz?
Oso pozik nago. Proiektua Eibarren hasi zen, hemengo lagunekin, eta oso-oso polita izan da. Jendeari asko gustatu zaio eta maitasun handia jaso dut.

Erakusketa honetan zenbait argazki aukeratu dira, baina huí jiā seriea zabalagoa da.
Proiektua 2018 inguruan hasi zen, eta ez zen proiektu bezala hasi, gero hartu du forma. Hasieran autoerretratuak egiten nituen nire etxean; ez zen ezer. Edo, hobeto esanda, bazen zerbait, baina ez zen proiektu bat. Gero, denborarekin, artxibo-lanean hasi nintzen eta hor garatu zen diskurtsoa, bakarrik. Huí jiā-k etxera bueltatu esan nahi du, txineraz. Huí-k esan nahi du denbora, biribila, buelta ematea eta itzultzea, eta jiā-k etxea eta familia. Proiektuak polisemia horrekin jolasten du, eta nire identitate-prozesuak dokumentatzen ditu, baina, baita ere, familiari buruz hitz egiten du, sortzen duzun familiari, adopzioari eta arrazializazioari buruz. Azken batean nire bidaia pertsonala dokumentatzen du, alderdi askotan. Adinari buruz ere hitz egiten du: 20 urterekin hasi nuen proiektua, eta orain 26 dauzkat. Eboluzio hori ere ikusten da.

Eibarren egin zenituen serieko lehen argazkiak, baina proiektu gisa Madrilen mamitu da; duela sei urte bizi zara hiri horretan. Zerikusia izan du proiektua garatzeak han aurkitu duzun komunitatearekin?
Interesgarria da, proiektuak horri buruz ere hitz egiten baitu. Nire identitate-prozesua hasi zen pertsona arrazializatua izatearen kontzientzia hartu nuenean, eta hori Madrilera joan baino lehen izan zen, 2018 inguruan. Bilboko kolektibo antiarrazista bat ezagutu nuen, eta, lehenengo, emakume arrazializatua izatearen kontzientzia izan nuen. Eibarren izan zen lehen hazia.

"Proiektuak polisemia horrekin jolasten du, eta nire identitate-prozesuak dokumentatzen ditu, baina, baita ere, familiari buruz hitz egiten du, sortzen duzun familiari, adopzioari eta arrazializazioari buruz"

Gero, Madrilen, etxetik kanpo egoteak eta familia urrun edukitzeak, azkenean, haritik tira eginarazten dizu eta Madrilen bertan trantsizio-prozesua hasi nuen gutxika-gutxika. Bizi izan naizen etxe bakoitzak posibilitate bat ireki du, eta eboluzio hori ikusten da argazkietan [etxeetan eginda daude argazki guztiak, Euskal Herrian zein Madrilen bizileku izan dituenetan]. Esate baterako, erakusketako argazkietako bat nire Madrilgo bigarren etxean egin nuen, eta hor esango nuke jada nire trantsizioa presente dagoela. Esango nuke lehenengo kontzientzia izan nuela mutikoa nintzela, eta gero ohartu nintzela mutiko txinatarra nintzela. Etxe bakoitzak barrurago begiratzera behartu nau, nolabait ere.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Erakusketan, batez ere, autoerretratuak daude, baina seriea ez da soilik halakoez osatzen, ezta?
Serieko beste argazkiak erretratuak dira, eta nire familia hautatua agertzen da. Hemengo lagunak, nire arreba, nire gurasoak, gero Madrilen ezagutu dudan jendea, eta erretratu horietako bakoitzak, nire ustez, aspektu bati buruz hitz egiten du. Azkenean, erretratuak izanik ere autoerretratuak dira. Adibidez, badago erretratu bat nire lagun batena eta bere semearena. Maria deitzen da laguna, semea Ryu, eta erretratu hori izan zen nire lehenengo hurbilketa kultura asiarrera. Edo, adibidez, Madrilera berez bikotekidearekin joan nintzen –gero bikotea apurtu zen–, eta bere argazki asko daude seriean. Pentsatzen dut beharbada nire bikotekide ohiaren bitartez maskulinitatea ikasi nuela. Nire ustez, ni bezain inportanteak dira proiektuan dauden pertsonak. Bakoitzak aspektu bat erakusten du.

Adopzioaren gaia ere landu duzu argazkietan. Txinan jaio zinen, eta Eibarren hazi, adopzioaren bidez. Esan izan duzu adopzio-sistemak, gaur egun planteatuta dagoen eran, egokitze-prozesu bat dakarrela, baita ezabaketa-prozesu bat ere. Halaber, 20 urte ingururekin hartu zenuen pertsona arrazializatua izatearen kontzientzia, lehenik emakume txinatar gisa eta, trantsizioaren ondoren, gizon txinatar gisa. Nola oroitzen dituzu haurtzaroa eta gaztaroa?
Ufa. Interesgarria da, ez didate inoiz hori galdetu testuinguru honetan. Aspektu horretan, gaztaroa eta haurtzaroa Eibarren… Bada, oso konplexua. Nire kasuan hainbeste gauza elkartzen dira. Uste dut oso konfusoa izan zela. Prozesu oso bakartiak dira, ez duzu inorekin konpartitzeko aukerarik izaten. Azken finean, zure barruan dago eta bakardadean bizi duzu. Inguruko jendeak ez dauka esperientzia bera, ezta tresnak ere hori lantzeko. Nik neuk azaltzeko hitzik ere ez dudala eduki esango nuke. Nire kasuan, urte askotako prozesua eta lan pertsonalaren emaitza izan da.

Genero-trantsizioa aipatu dugu: badu lekua argazkietan.
Argazkilaritza nire ondoan egon da prozesu guztian, eta polita da. Azken batean, argazki hauek gaur egungo pertsona egin dute. Nik ikusten ditut argazki hauek eta oso haurra sentitzen naiz; errespetu asko sentitzen dut. Niretzat oso polita da egin dudan bidaia argazkitan ikustea.

"Gure gorputzak beti ikusi izan dira bestetasunetik, eta begirada horrekin hautsi nahi nuen. Nik hartzen dut boterea eta erabakitzen dut nola errepresentatzen dudan nire burua"

Erakusketa-espazioan performanceak egiten hasi zara azkenaldian (atzo bertan egin zenuen bat Donostian). Nola abiatu zen hau?
Nire lehenengo erakusketa Madrilen izan zen, eta han egin nuen lehen performancea. Erakusketa bera nire beste etxe bat zela sentitu nuen, eta erretratuak egin nahi nituen, naturalki, beti egiten ditudalako. Gainera, uste dut performancea eta erakusketa oso konbinazio ona direla. Beraz, lagun batzuk gonbidatu nituen eta esan nien “goazen zeozer egitera. Dibertitzera”.

Gero Bartzelonan egin nuen beste erakusketa bat, bakarkakoa, eta hor jada performance publiko bat egin nuen. Oso naturalki etorri zitzaidan ideia. Esan dudan bezala, erakusketa bera nire etxera etortzeko gonbidapena da, eta nahi dut jendea, publikoa, bere etxean bezala sentitu dadin. Hori lortu nahi dut performanceekin.

Zer moduzko harrera izan du zure lanak?
Orain arte oso positiboa izan da dena. Erakusketetara etortzen den jende gehiena kuir munduaren inguruan dabiltzan pertsonak dira. Baina argazkilaritzaren eta artearen munduan ere oso harrera ona izan dut. Oso eskuzabala izan da dena.

Argazki askotan biluzik zaude. Performancerako ere biluzik jarri zinen. Gorputz biluziak modu jakin batean erakutsi izan dira artean, eta ez da ohikoena izan gorputz genero-disidenteak eta arrazializatuak ikustea autoerrepresentazio gisa, eta ez fetitxizazio edo exotizazio moduan aurkeztuta. Hori oso potentea iruditu zitzaidan. Halako gogoetak buruan izan dituzu lanean ari zinela?
Bai, noski. Nire behar bat da, eta autoerrepresentazioari buruz hitz egiten du. Azken finean, nik ez dut nire gorputzaren antza duen gorputzik ikusi izan begirada exotizatzaile eta fetitxizatzailerik gabe, eta nik azkenean nahi dudana da naizen hori erakutsi. Naturalizatu, beharbada.

Eta boterea hartu, azken batean. Gure gorputzak beti ikusi izan dira bestetasunetik, eta begirada horrekin hautsi nahi nuen. Nik hartzen dut boterea eta erabakitzen dut nola errepresentatzen dudan nire burua. Eta gero aspektu psikologikoa dago, terapeutikoa ere. Uste dut asko dagoela hortik.

Beste performance batean maskulinitate asiarra landu zenuen zehazki.
Performace hori lagun batekin egin nuen; erakusketa aktibatzeko modu bat zen. Berak ere interes handia du gai honetan, eta lehenengo esperimentua izan zen. Gero nik gehiago garatu dut, baina orduan koreografia bat zen, bideoa ere bazegoen, nire lagun Juliok [Hu Chen] beste ekintza batzuk egiten zituen. Bestalde, performancea baino lehen elkarrizketa bat egin genuen maskulinitate asiarrari buruz.

Zeri buruz hitz egin zenuten?
Galdera ona. Ekarri genuen liburu bat autore asko aipatzen dituena, baina horietako bat aipatu genuen bereziki, Tseng Kwong Chi, autore txinatar-estatubatuarra, performancean nik bere rola hartu bainuen.

Batez ere emakume txinatar izatearen eta gizon txinatar izatearen arteko alde horri buruz hitz egin genuen. Batetik besterako aldaketaz. Azken finean, nik esaten dudana da pertsona arrazializatuok ez dugula generoa bakarrik aldatzen, trantsizioa egiteak arrazializazioari ere eragiten dio. Ez da gauza bera emakume txinatar bat izatea eta gizon txinatar bat izatea. Eta txinatarra esaten dut ni txinatarra naizelako, baina beste “arrazetan” ere hala da, ez da gauza bera emakumea edo gizona izatea. Arrazializazioan, generoak dena aldatzen du.

Zertan nabaritu duzu aldea trantsizioaren ostean?
Batez ere sexualitatearen adierazpenean eta desiran. Begirada zuriaren arabera, gorputz txinatar femeninoak hipersexualizazioa jasaten du. Bestalde, gorputz txinatar maskulinoa desexualizatuta dago. Aldi berean, gorputz txinatarrak orokorrean feminizatze-prozesuak zeharkatzen ditu. Horrenbestez, transmaskulinitateak bi ikuspuntuak aldarrikatzen dituela pentsatzen dut, aldaketa-prozesu hain zehatzetan hirugarren ikuspuntu berri bat sortzen dela pentsatzea gustatzen zait.

Ukaezina da gizarte honetan mutila izatea errazagoa dela. Esango nuke errespetu gehiago sentitzen dudala besteengandik. Oso nabaria da nire ustez kale-erasoekin. Espazio publikoa ziurtasun handiagoarekin bizi dut orain.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Artearen arloan, zein dira zure erreferenteak?
Asko. Tomoko Sawada, adibidez, artista japoniar bat da, eta badu proiektu bat fotomatoietan egiten duena. Argazkietan beti agertzen da bera, baina arropa eta ilea aldatzen ditu, adibidez, eta nire ustez oso interesgarria da identitateari buruz hitz egiten duelako. Argazkiak NANekoak bezalakoak dira, eta nahiz eta bera agertzen den beti, aldi berean pertsona desberdinak erakusten ditu. Proiektu hori inspirazio handia da niretzat. Argazkilari klasikoagoak ere interesatzen zaizkit, Robert Mapplethorpe edo Peter Hujar, adibidez. Eta nire lagunak ere nire inspirazioa dira. Batzuk esatearren.

Erakusketaren muinera itzulita, zer da zuretzat etxera itzultzea?
Ba, nire ustez, etxera itzultzea da beti galdetzea zein naizen. Orri zuri bat bezala. Gustatzen zait etxera itzultzearen terminoa: azkenean, etxea zure barruan dago, ez dago kanpoan. Trantsizioak edo prozesuak egiten ditugunean, beti pentsatzen dugu kanpoan daudela, baina bai eta ez. Neurri batean zure kanpoan daude: lehen esan dizudan bezala, bestearengan ere bazaude, laguntzen zaituen pertsona horrengan, nolabait ere moldatzen baitzaitu, baina niretzat identitatea barruan dago, eta etxera bueltatzea horrelako zerbait da: zuk zure etxea dekoratzen eta zaintzen duzun moduan, etxera bueltatzea da nire buruari galdetzea, une oro, nola eraiki nahi dudan nire etxea.

Eta etxera bueltatzearen terminoa gustatzen zait, bestalde, maila filosofiko edo espiritual batean aipatzen duelako nola eraikitzen naizen ni orain, nola egingo dudan oraingo honetan, baina batez ere beste ideia hori, nire barruan dagoela eta ez dela helmuga bat, iritsi behar dudan puntu bat, nahiz eta hori pentsatzen den ia prozesu guztietan. Kapitalismoa, ezta? Badirudi zerbait aurkitu behar duzula kanpoan, eta igo, eta eskalatu, baina azkenean, gu garena geure barruan dago, ez kanpoan. Eta hala da gauza guztietan.

"Ukaezina da gizarte honetan mutila izatea errazagoa dela. Esango nuke errespetu gehiago sentitzen dudala besteengandik. Oso nabaria da nire ustez kale-erasoekin. Espazio publikoa ziurtasun handiagoarekin bizi dut orain"

Zertan ari zara orain?
Orain erakusketak eta performanceak egiten nabil batez ere. Datorren hilean erakusketa bat daukat Huelvan eta Cibrian galeriarekin Parisera joango gara azoka batera, Paris Internationale. Horretaz aparte, Madrilgo argazki-estudio batean ari naiz, argazkiak egiten.

Pozik zaude?
Bai, oso. Bilbon ere erakutsi nahi nuke nire lana, Euskal Herrian oro har, baina bereziki Bilbon. Arreba han bizi da, eta askotan joaten naiz bere etxera, lagunak ditut…

Azkenaldian, idazten ere bazabiltza. Instagramen argitaratu dituzu hainbat testu: gutunak eta bestelakoak.
Hilabete honetan asko idatzi dut eta argazkiak eta testua konbinatu nahi ditut. Gauzak probatzen nabil.

Argitalpen bat aipatu nahi nizun zehazki. Gogoeta hau egiten zenuen: “Gaur sentitzen dut “eta” naizela / zeinak aldi berean / elkartzen “eta” bereizten dituen / gizona “eta” emakumea / txinatarra “eta” euskalduna / seme biologikoa “eta” seme adoptiboa / zisa “eta” transa / bien arteko / elkartze-puntua naiz / mugitu egiten da / alde batetik bestera / niaren / etengabeko bilaketa batean”.

Azken finean, aukeratzen gabiltza beti: hemengoa edo horkoa, baina dena gara. Ez gara gauza bakar bat. Nire kasuan pertsonalki, baina uste dut inor ez dela gauza bakar bat, ezta gauza oso itxia ere. Dena gara, eta mugitu egiten gara denborarekin. Bizitza hori da, ezta?

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


Kronika: 'Liburu ausartak' jardunaldia
Isilak, mutuak, zuriak... eta ausartak

Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. [+]


Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben
I. mendeko harrizko pieza bat da, eta Baskoieraren idatzizko beste lekukotasun bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egin dute aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian.

Koldobika Jauregi eskultorea zendu da, 64 urterekin

Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin... [+]


2024-06-12 | Julen Azpitarte
Dada Baroisa jaio zela 150 urte
Dada zamalkatu zuen amazona

Beste hainbat emakume artistaren gisara, Elsa von Freytag-Loringhoven (1874-1927) abangoardien historia ofizialetik erabat ezabatu zuten, bere jardun artistikoaren muina, sutsua bezain berritzailea izan arren.


Eguneraketa berriak daude