Tel Avivek Irango programa nuklearra erasotzea hipotesia baino gerta litekeen zerbait dela esateko, atzera begiratu du hedabide ugarik: 1981ean Iraken eta 2007an Sirian, ehiza-hegazkin israeldarrek erreaktore bana birrindu zuten. Baina aurrekari horiek ez dute zer ikusirik Irango egungo egoerarekin. Begira zer kontatu diguten arma nuklearretan adituek Bulletin of the Atomic Scientists aldizkari prestigiotsuan.
Irailak sei ditu, gau erdia. F-15 eta F-16 ehiza-hegazkinen eskoadroia ziztuan doa Siriako sortaldeko desertuan barrena helburuaren bila. Zerutik ikusita ahuntzen ukuilu handi zarpail bat besterik ematen ez duen eraikina begiztatu orduko, 227 kilogramo zamadun aire-lur misilak askatu dituzte klak batekin: hiru, bi, bat... Zartakoa itzela izan da eta helburua txiki-txiki eginda geratu da. Hildakoak zenbat diren? Berdin du, aginte-postuan txaloka ospatu dute. Ze arraio, egunero ez duzu erreaktore nuklear bat bonbardatzen.
2007an Siriako Dayr az-Zawr eskualdean izandako erasoa ez zuen inork aldarrikatu eta hedabideek aleka jaso zuten informazioa. The Sunday Times izan zen gertaturikoa kontatzen aurrenekoa. Honen arabera, aurretik Israelgo Armadako unitateak desertuko instalazio horretan infiltratu ziren, eta, hondar zein ur mostrak analizatuta, ikusi zuten Ipar Koreatik zetozela. Bazeukaten froga definitiboa AEBen baimena lortzeko operazio hartarako.
Egunkari britainiarraren esanetan Ipar Koreatik eramandako material nuklearren ezkutaleku bat zen hura. Gero, beste medio batzuek baieztatu zuten Baxar al-Assaden erregimena erreaktore bat eraikitzen ari zela bertan. Hurrengo urtean, Ronen Bergman ikerlari hebrearrak –zeinak Israelgo inteligentzia zerbitzuetara sarbide zuzena duen– The Secret War with Iran (Gerra sekretua Iranekin) liburuan jaso zuenez, erreaktorearen inguruko informazioa Ali-Reza Asgari Irango militarrarengandik lortu zuen Tel Avivek. Asgari 2006an desagertu zen, eta iturri batzuen arabera Mossadek eta CIAk bahitu eta kalitu zuten. 2010ean gorpu agertu zen Israelgo ziega batean, ofizialki “bere buruaz beste” eginda.
Duela gutxi arte Dayr az-Zawr-ko erasoari buruz espekulatu besterik ezin zen egin, Israelgo Gobernuak zentsura mediatiko estua ezarri zuelako urte luzez
Baina duela gutxi arte Dayr az-Zawr-ko erasoari buruz espekulatu besterik ezin zen egin, Israelgo Gobernuak zentsura mediatiko estua ezarri zuelako urte luzez. Azkenean, hamaika urteren ondotik, 2018an komunikatu batez onartu zuen ustezko erreaktore nuklearra suntsitu zuela “Israelentzat mehatxu larria suposatzen zuelako”.
Halako eraso prebentiboak bazuen aurrekari bat. 1981ean, Zaramak Euskal Herrian Biiildur naiz! abesten zuen bitartean, 40 megawatteko Osirak izeneko erreaktorea leherrarazi zuen Israelek ezustean, Iraken, Bagdadetik 18 kilometrora. Ordukoan ere ehiza-hegazkinek exekutatu zuten plana, ordukoan ere erregai depositu gehigarriak erabili zituzten Arabiar penintsulako desertu zabalak hegan gurutzatzeko. Eta Saddam Hussein arma atomikoa lortzeko zorian omen zela izan zen aitzakia, ordukoan ere.
Menajem Beguín garai hartako Israelgo Lehen ministroaren esanetan, Iraken nuklearizazioa hamar urtez atzeratzea lortu zuten. Egiazki kontrakoa izan zen. “Lortu zutena izan zen arrisku handiago bat sortzea”, adierazi zion Husseinentzat lan egin zuen irakiar zientzialari batek CNN telebista kateari 2003an: “Bonbardaketaren ostean 7.000 zientzialari jarri ginen horretara, 10.000 milioi dolarreko inbertsioa zuen programa sekretu baten barruan”.
Egitea pentsatzen ari dira?
Gaza eta Libanoko sarraskien testuinguruan, Iranek urriaren hasieran Israelen kontra dozenaka misil jaurti ostean, honen erantzunaren zain daude orain. Saihetsezina da gurpiltxoari atzerantz soka eman eta, lehenago edo beranduago, gauza bera egingo dutela pentsatzea. Irango programa nuklearra beti egon da Tel Aviven jomugan –2011ko krisi diplomatikoan erasotzeko puntuan izan zen–, eta Israelgo eskuindar politikari askorentzat ezin du "aukera historikoa” galdu: “Ez bada orain, noiz?” esan du bere senetik irtenda Naftali Bennet lehen ministro ohi ultrak, denboraren orratzak gelditu nahi balitu bezala.
Baina konparagarriak al dira 1980ko hamarkadako Irak, duela hogei urteko Siria, edo gaur egungo Iran? “Egoera oso desberdina da”, azaldu dio James Acton arma nuklearretan adituak Bulletin of the Atomic Scientists zientzialari atomikoen aldizkariari. Irakurleak gogoratuko du –Net Hurbil sailean sarritan aipatu izan delako– zientzialari talde horrek neurtzen duela Doomsday Clock edo “Apokalipsiaren Erlojua” famatuaren bidez munduak hondamendira iristeko dituen orenak. Tik-tak, tik-tak. Oraintxe bertan 90 segundo baino ez zaizkigu geratzen gizakioi finitzeko.
Acton, Carnegie Nazioarteko Bakearen Aldeko Funtseko think tank-eko kide da, eta aldizkari horretarako elkarrizketatu dute. Bere esanetan Iraken zein Sirian erreaktore bakarrak suntsitu zituzten israeldarrek, baina horrek ez du zerikusirik Irango programa nuklearrarekin.
“Iran gaur egun zentrifugagailu txikietan oinarritzen da, azkar sortu eta ipini daitezkeenak, edozein tokitan. Israelek Fordow eta Natanzeko plantak suntsituko balitu ere –eta ez dut uste horretarako gai denik–, ia seguru Iranek zentrifugagailu azpiegiturak berregingo lituzke"
Uranioa oraingoz %60an aberasten duten Irango Fordow eta Natanzeko planta nuklearrak mendien azpian gotorturik daude, gutxienez hiru solairutara, eta Israelek horiek suntsitzeko beharrezkoa du AEBen laguntza, bunkerren kontrako 12 tonako bonba bereziak. Gainera, Actonen esanetan baliteke sakonera handiagoan lurperatutako ezkutuko planta gehiago egotea.
Eta bada beste eragozpen bat: “Iran gaur egun zentrifugagailu txikietan oinarritzen da, azkar sortu eta ipini daitezkeenak, edozein tokitan. Israelek Fordow eta Natanzeko plantak suntsituko balitu ere –eta ez dut uste horretarako gai denik–, ia seguru Iranek zentrifugagailu azpiegiturak berregingo lituzke. Seguruenik jadanik baditu zentrifugagailu klandestinoak. Ez dakigu. Baina baliteke hainbat tokitan eraikitzea halakoak, nabe industrial normaletan, denon bistan”.
Adituaren ustetan, ameskeria hutsa da israeldarrek pentsatzea “beti jakingo dutela non dagoen dena eta beti suntsitu ahal izango dutela dena”.
"Baina horrelako zerbaitetan pentsatzen ari dira?", galdetu dio Bulletin-eko kazetariak. Izerdi hotz tanta batek kopetan behera irrist egingo dizu akaso, erantzuna leitzean: “[Benjamin] Netanyahuk publikoki adierazi izan du aukera hori. Harrituko nintzateke oraintxe bertan aztertzen ari ez balira. Aurrera jarraitu eta hori egingo luketen? Israeldarrek badakite ondoren Iranek erasoko dituela orain arte ikusitakoa baino modu zabalagoan, eta AEBen laguntza beharko dutela defenditzeko. (…) Beraz, uste dut probabilitatea %50 baino baxuagoa dela, baina %10 baino altuagoa. Lasaitzen nau horrek”.
Lasaitu? Hamarretik bateko erruletan ari dira jokatzen, mundua kasino makabro bihurtuta. Tik-tak, tik-tak.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako... [+]
Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]
Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]
Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]
Japonia, VIII. mendea. Nara Aro betean furoshiki terminoa erabiltzen hasi ziren, baina Edo Arora arte (XVII-XIX. mendeak) ez zen hedatu. Furoshiki objektuak ohialetan biltzeko artea da, baina bere etimologiak garbi uzten du bere jatorria: furo hitzak bainua esan nahi du eta... [+]
Mexikoko bi emakume hauen bizitzak indarkeriak eta desplazamenduak zeharkatzen ditu. Haien familiako edo komunitateko kideak hiltzen ikusi dituzte, eta krimen antolatuak zabaltzen duen terrorea azalean sentitu dute; mehatxuak, jazarpena... ohiko dituzte. Baina horrek guztiak... [+]
Beste detektibe triste baten telesail bat ikusi berri dut. Eskoziako irla urrun batean gertatzen dira trama guztiak. Badakizue nola funtzionatzen duten fikzio horiek: hildako asko, jende arrunta baina ez hainbeste, eta paisaia berde iluna. Oraingo honetan duela urte pila bat... [+]
Saskibaloi talde israeldarraren eta Baskoniaren arteko lehia bertan behera uztea exijitzeko manifestua aurkeztu du Palestinaren aldeko mugimenduak. Euskal Herriko 40 saskibaloi klub, talde zein Baskoniako zaletuen taldek, kirol munduko 91 pertsona ezagunek eta Gasteizko 65... [+]
ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen... [+]
Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.