Sare sozialek permititzen dituzte horrelako edukiak, eta haiek ere izan beharko lukete ardurarik auzi honetan. Baina ez dirudi inork neurririk hartzeko asmoa duenik. Zigortu izan dituzte sare sozialak, baina sekula ez ildo horretan, ez baita interesatzen. Izan ere, emozioak gainjartzen diren gizartean, polarizazioak eta konfrontazioak ematen dituzte bisita gehien.
Desinformatzea, gainera, ez da legez kanpokoa. Ez dago hori esaten duen legerik. Bai, ordea, delituren bat egitea eragingo lukeen borondatez eginez gero; esaterako, etorkinekiko gorrotoa hedatzea xede izango lukeen informazio bat zabaltzea, baldin eta gezurra dela aurrez jakinda. Zer gertatzen da? “Ez nekien gezurra zela” esanda, aurreko guztia baliogabe geratzen dela.
Merke irteten da gezurrak zabaltzea, eta merke gorrotoa hedatzea. Eskuin muturrarentzat joko-arau perfektua da, eta galtzaileak beti berak izango dira, kolektiborik zaurgarrienak.
[LARRUN honek baditu bi azpi-testu: tradwives-i loturiko Elena Francis itzuli da?, eta Kirolari lotuta ere bai...]
Beroa izan da uda, bereziki abuztua. Denborale handia uztailaren 29an heldu zen, eta, ordutik, jasanezina izan da sargoria. Izan ere, uztail amaierako egun horretantxe jazo zen Ingalaterra ipar-mendebaldeko Southport hiria astindu zuen krimena: hamazazpi urteko gazte batek sei, zazpi eta bederatzi urteko hiru neskatila hil zituen labankadaz, eta beste dozena erdi pertsona zauritu, jaialdi batean. Eltxoak udan landa-eremuan nola biderkatu ziren diskurtso arrazista eta xenofoboak, eta jendeak infernuraino ere emango lukeen gailuaren bidez hauspotu ziren gezurrak, propio faltsututako informazioak, irudi zaharrak, manipulatuak... Horixe da, funtsean, eguraldirik aproposena eskuin muturrarentzat: ekaitz-erauntsia.
Lausoa da sare sozialen mundua, bizia eta masifikatua. Oldeka heltzen dira informazioak, bonbardaketa eran, segunduero. Eta Anaia Zaharra gainean: algoritmoa. Berdin dio nor jarraitzen duzun eta nor ez. Arrazista kuadrilla batek magrebtar gazte bat nola iraindu eta kolpatzen duten bideoa ikusi baduzu, hamar segundoz bada ere, zureak egin du. Algoritmoak gogaituko zaitu.
Daturik gabe, sentsazio hutsez, zera baiezta daiteke: diskurtso arrazista eta homofoboak zientoka aldiz gehiago zabaldu dira sare sozialetan, uda honetan, bestela baino. Twitterren edo X-n, bederen. Ezin froga daiteke halakorik mundu lainotsu horretan, lausotasunak baitakar informazio oro egiaztatzeko gabezia larria, eta horixe da, ziurrenik, sare sozialek duten arazorik handiena: ziurtasunez ezin jakin daitekeela ikusitako bideoa, irudia edo dena delako informazioa, egia ala gezurra den, manipulatua ote den, eta, aurreko horiek bezain inportantea, noizkoa den.
Gertakari anekdotikoena ere, duela urte batzuk 'birala' egindakoa, orain Instagramen edo X-n zabaltzen duzu eta batek baino gehiagok sinetsiko du gaur, atzo edo berriki gertatua dela
Gertakari anekdotikoena ere, duela urte batzuk birala egindakoa, orain Instagramen edo X-n zabaltzen duzu eta batek baino gehiagok sinetsiko du gaur, atzo edo berriki gertatua dela. Esaterako, marea biziak, olatu handiak eta haize bortitza juntatzen diren egun askotan zabaldu ohi da Zarauzko portuan grabaturiko bideo bat, zeinetan hiruzpalau gazte ageri diren txoroarena egiten, itsasoarekin “jolasten”, euren bizitza arriskuan ipintzen. Bideoaren iruzkinak esan ohi du: “Gaur Zarautzen. Zoratuta gaude”. Bideo horrek, ordea, hamabost urte izango ditu honezkero. Baina jakizu, bideoa ikusia ez duenak, edo oroitzen ez denak, sinetsiko du gaur grabatua dela.
Egongo da memoria ona duenik, eta baten batek esango du ez dela aktuala. Horrela bai, bideoa gaurkoa dela sinetsi duenen batek ezagutuko du egia, ez dela gaurkoa, engainagarria zela informazioa. Baina ziur norbaitzuek segituko dutela sinesten halako gertatu dela gaur.
Aldatu gertakari anekdotiko hori beste edozerengatik. Ipini kolektiboren baten aurkako gorrotoa heda dezaken bideo-gertakariren bat. Magrebiar bat supermerkatu batean lapurreta egiten, esaterako. Zabaldu urtean behin. Zenbat lapurreta-kasu sortuko ditugu gertakari bakar batetik? Eta zenbat estereotipo eraiki eta beldurra sorrarazi, kasu bakar batetik?
Magrebtarra omen zen Ingalaterrako Southport-eko hiltzailea. Legez kanpoko egoeran emigratu zuen etorkina. Pertsona baten argazkiak sareetan zirkulatu zuen gertakariaren lehen unetik, nahiz hurrengo egunean fiskaltzak esan pertsona hori ez zela hiltzailea eta ez zebiltzala bere bila. Hala ere, bere irudia han eta hemen hedatzen segitu zuten, baita beste makina bat informazio ere. Zuzenbide ikuspegitik, legez kanpokoa da hori, errugabe baten irudia horrela zikintzea eta jo puntuan ipintzea; eta etikoki, zer esanik ez.
Ingalaterran, gertakariaz geroztik, lokaztu zen dena. Hauspoa hartu zuten diskurtso xenofobo eta arrazistek. Sare sozialetako difusio kanalak erabilita, mobilizazioak antolatu zituen eskuin muturrak. “Magrebtar batek hiru haur autoktono hil ditu” ideiari erantzuteko, “mendeku” gisa, kalera atera eta protesta egiteko deialdia zen. Eta egin zuten. Abuztuaren lehen astean, milaka pertsona atera ziren kalera, aspaldian ikusi gabeko diskurtso arrazistekin, etorkinen aurkako gorrotoa hauspotzera. Meskitei egin zieten eraso, hainbat etorkin bizi diren tutoretzapeko etxe eta eraikinei, baita zuriak ez diren bestelako norbanakoei ere, kale-eskale “ez-autoktonoei”...
Erresuma Batuko Poliziak, gutxienez, 400 pertsona atxilo hartu zituen mobilizazio horietan, eta horri ere “mendeku” hartu zioten. Poliziaren aurkako jarrera hartu zuten manifestariek, nolabait ere esanez Poliziak “etorkinak defendatzen dituela”, gobernuak aginduta ari zela Polizia horrelako kargak eta istiluak eragiten; non geratzen den “adierazpen askatasuna”; “gobernuaren errua” zela Southporten gertaturikoa, etorkinei herrialdean sartzen uzteagatik; “jakizu zenbaterainoko gizarte-prestazioak dituzten”; “soldatapeko lanean baino gehiago irabazten dute estatu-laguntzekin”...
Ezkerreko jendea ez zen mutu geratu, eta mobilizazio horien kontrako manifestazioak antolatu zituzten. Mundu mailako elkartasun keinuak ere ikusi ziren, auzia tokian tokira eramanda; Donostiako Aste Nagusiaren atarian, esaterako.
Ez zen magrebtarra Southporteko hiltzailea. Ezta etorkina ere. Ruandako genozidiotik ihes egindako familia bateko senidea da 17 urteko gaztea, hiru neskato hil zituena, Axel Muganwa. Cardiffen jaioa, Southport ondoko Banks herrian bizi dena koskortu zenez geroztik. Hilketaren hurrengo egunean bertan zabaldu zituen xehetasun horiek fiskaltzak, berez, kontuan hartuta ezin zuela halakorik egin, adinez txikikoa zelako Muganwa. Salbuespena egingo zuela esan zuen fiskaltzak, kaleko egoera gehiegi berotzen ari zelako. Detaile franko eman zituen, diskurtso arrazistei hankak mozteko. Baina hein batean, ez zuen faxismoa gelditzeko balio izan, eskuin muturrak gezurrak zabaltzen segitu baitzuen ondorengo egun eta asteetan. Milioika bisita izan zituzten, besteak beste, hiltzailea Siriako migratzaile musulmana zela zioten dozenaka albiste eta sareetako informazio faltsuk. Zenbat erabiltzailek sinetsiko zuten basakeria hori egin zuena Siriako migratzaile musulmana zela? Eta zenbatek gezurtatuko zuten informazioa gero, fiskaltzaren esanak kontuan hartuta? Bidean galduko ziren asko.
Antzerako zerbait gertatu zen abuztuaren amaieran Espainian, Toledon. 20 urteko gazte batek 11 urteko umea hil zuen labankadaz sastakatuta, egun argiz. Orduko hartan ere zer nolako mezuak hedatu ziren, beldurgarria zen. Hipotesi faltsuak, jendeak sortuak, gorrotoa elikatzeko bazka.
Gezurrak, sareetan, ez du bide motza
Gezurrak bide motza omen du, hori dio esanak. Baina zaharkituta geratu da, bai behintzat sare sozialen esferan. Egia ezagutzeko eta informatuta egoteko interesa duenak, interesa du. Eta gezurtatuko lituzke sareetan, egunero-egunero, milaka gezur. Baina baliteke sareetako gainprodukzioaren eraginez gezurrak behar beste ez gezurtatzea. Kontua da, azkenean, gezurrak bide luzeagoa duela sare sozialetan, egiak baino dezente gehiago.
Galdetu bestela Javier Negre “kazetariari”. Espainiako eskuin tradizionalaren ildoko El Mundo kazetako erredaktorea izan zen, tartean Euskal Herrian, Gasteizen. ETAri eta Eusko Legebiltzarrari loturiko albisteak idazten zituen, bere erara, hein handi batean Espainiako PPri komeni zitzaionaren arabera. Ezagunago egin zen gerora, 2016an, kazetaritzaren deontologia nahi bezala apurtu, bidegabekeria handiz jokatu eta kondenatua izan zenean: indarkeria matxistaren biktima izandako emakume bat espiatu zuen, bere etxeko atea jo eta barrura sartzeraino, lagun baten laguna zelakoan, kode etiko guztiak gaindituta. Marra guztiak txiki geratu zitzaizkion. “Kazetari” horren nahia zen, eta publikoki harro-harro esan izan du, demostratzea emakume horrek salaturiko tratu txarrak “faltsuak” zirela.
Negre eta 'EDA' dozena bat aldiz kondenatu dituzte, gezurrak eta gorroto mezuak publikatzeagatik
Beraz, emakumeek tratu txarrak “asmatu” eta “esajeratu” egiten dituztela pentsatzen duten malapartatuen bozeramaile bihurtu zen Negre, aipatu bezala, bere arabera, “ikerketa-kazetaritza” eta “kazetaritza zintzoa” eginda. Ordutik, “kazetaritza independentea, librea eta askea” aldarrikatu du, eta horretarako, nahi duena nahi bezala egiten jarraitzeko, sortu zuen Estado de Alarma (EDA) Youtubeko telebista kanala eta “komunikabidea”. Ia 400.000 harpidedun ditu. Hortik eta duela gutxi sortu duen beste “irrati” batetik zabaldu izan dituzte bai berak eta bai bere langileek zientoka edo milaka gezur. Zurrumurru ugari daude ultraeskuineko alderdi edo fundazioren baten finantzazioa jasotzen duela.
Gezurrak bide luzea du sareetan, eta egiak ez hainbeste, Negrek ongi asko dakien gisan. Gutxienez, azken bospasei urtetan, dozena bat aldiz kondenatuak izan dira bai Negre eta bai EDA, besteak beste gezurrak, datu okerrak, irainak, gorrotoa elikatu dezaketen mezuak, informazio sentiberak eta beste publikatzeagatik. Askotan feminismoari loturikoak, eta gehientsuenetan immigrazioaren alorrekoak. Hainbatetan itxi dizkiete hedatzeko kateak, tenporalki, eta auzitegiek beti behartu izan diete argitaratutako informazio hori okerra zela esan eta zuzenketa argitaratzera. Horixe da, berez, kazetaritza jardun okerrak ekartzen duen zigorra; isun txikia eta zuzenketa argitaratzea. Zigor horiek motz geratzen dira, baina.
Gezurrak hedatzea merke irteten da, eta duen eragina, edo izan dezakeena, oso larria izan daiteke. Gorrotoari dagokionean, nabarmen. Esaterako, erreparatu EDAk argitaratutako albiste eta titular honi: “Madrilgo metroan gizon bat labankadaz sastatu dute Ala handia da oihukatuta”. Gezurra zen dena. Udaltzaingoak segituan gezurtatu zuen notizia; izan ere, antza, gertatu zena zen jatorri arabiarreko gizon batek aterki batekin kolpatu zuela beste gizon bat. Ala jainkoaren aldeko oihurik ez, inola ere. Ordurako, baina, notiziak milioi inguru ikustaldi izan zituen sareetan, eta, algoritmoak algoritmo, hainbesteko trending-a zenez, jende gehiagorengana heltzen jarraitu zuen titular horrek. Albistea zuzendu zuten, eta bestea borratu, baina titularrari ateratako pantaila-argazkiak zirkulatzen jarraitu zuen; horretarako daude troll-ak, kontu faltsuak, informazio jakin batzuk hedatzeko.
Geure buruari galdegiteko puntuak hiru dira: zenbat jendek sinetsiko ote zuen albistea? Eta sinetsi zuten horietatik guztietatik, zenbat jabetuko ziren egiaz? Beraz, zenbat geratu dira bidean, gezurra sinetsita?
Munduko 46 herrialdetako 18 eta 24 urteko arteko gazteen erdiak bakar-bakarrik sare sozialak erabiltzen ditu ustez informatuta egoteko
Hartu beste adibide hau, “hedabide” berberarena: “Ceuta hiriko Juan Morejón ikastetxea sugarretan kiskaltzen ari da oraintxe bertan, Espainiara ilegalki iritsitako marokoarrek eraso egin ondoren”. Ordu gutxiren buruan, ikastetxeko zuzendaritzak ohar bidez argitu zuen ez zela inolako suterik egon. Eta udaltzaingoak eta suhiltzaileek ez zuten horren ezaguerarik, ez baitzen gertatu ere egin. Ez zen “ilegalki iritsitako marokoarrekin” istilurik egon ere.
Bi albiste faltsu horiengatik galdegin diote Negreri TV3 katearen La xarxa ultra (“Eskuin muturreko sare sozialak”) dokumentalean. Galderak egin dizkion David Bou kazetari kataluniarra saiatzen da ataka estuan jartzen Negre, baina berak bi kasuak justifikatzen dituela esan daiteke, ageri-agerian geratzen den arren. Ez du barkamenik eskatzen, eta ez ardurarik hartzen ere. Nolabait ere, “horrelakoak gertatzen dira” esatera mugatzen du bere diskurtsoa, antza, horrelakoak “nahi gabe” gertatzen dira-eta hain bizia eta azkarra den kazetaritza munduan.
Erreportaje honen ardatzetako bat ordubete pasatxoko ikus-entzunezko hori izango da. [David Bouk iritzi-artikuluak idatzi izan ditu duela gutxira arte ARGIAn. Tartean, dokumentaleko gaiari eskainitako hau idatzi zuen]
Hedabideei kasurik ez
Garai postmodernootan eskuin muturrak “alternatiba” eskaintzen du Europan. Feminismoaren bandera inoiz baino instituzionalizatuago dago, baita ekologismoarena ere, praktikan eztabaidatu bagenezake ere zenbateraino balio duen... Bada, instituzionalizatuta dauden iritzi aurrerakoi horien aurka egitea da eskuin muturrak eskaintzen duena, “askatzailea” dena.
Baina eskuin muturraren “eskaintza” hori ez da soilik termino politikoetakoa, baizik eta eskaintzeko moduak ere badu berebiziko garrantzia. Ultraeskuina ez da soilik hedabide konbentzionaletan agertzen, edo ez ditu horiek soilik erabiltzen. Bere estrategia izan da ekosistema propio bat eratzea. Hedabideak sortu ditu, Javier Negre eta EDAren kasua da horixe, baina harago joan eta sareetako “eduki sortzaile” deritzen asko ere bere mantraren pean daude.
Estrategia horren eta eskuin muturrak gazteengan duen eraginaren zergatia ulertzeko, datu hauek gurutzatu behar dira: munduko 46 herrialdeetako 18 eta 24 urte arteko herritarrei galdetuta, ia erdiak bakar-bakarrik sare sozialak erabiltzen ditu ustez informatuta egoteko, Digital News Report-en txostenaren arabera. Hurrenez hurren, sare hauek erabiltzen dituzte gehien: Instagram, Tik Tok, Youtube eta Twitter. Hedabideak noizbait kontsultatzen dituzten gazteak beste erdiak dira, baina multzo horretan, hamarretik bederatzik erabiltzen ditu sare sozialak informatuta egoteko, hedabideak kontsultatzearekin batera.
“Ezkerraren diktadura”
Hedabideez gaindiko fenomenoak ez dira gaur goizeko kontuak. Adibide ona da Frantziako Patriosphere. Mende honen lehen hamarkadan garatu zen, Interneten hedapenarekin batera, web alternatibo, blog, Facebookeko orri edo talde eta Youtubeko kanaletan. “Hedabideek baztertzen zituzten ahotsak” omen ziren. Gaur egungo sare sozialetako "eduki sortzaile" askok gauza bera diote.
Miguel Urbán, 'Trumpismos' liburua: "Kontrakulturaren estetika, inkonformista izatea, alt-right izatea da; hori da eskuin muturraren garaipena"
Baina Patriosphere ez zen inolako talde homogeneo eta bakarra izan, Miguel Urbán politologo eta politikariak Trumpismos (Verso Libros, 2024) liburuan aztertzen duenez: “Eskuin muturraren askotarikotasuna erakusten zuen Patriosphere-k. Tartean zeuden katoliko identitario eta tradizionalistak, neonaziak, eskuin alternatiboa... Ezkerraren diktadura-ren aurkako denak. Gaur egun ere horixe ikusten ari gara, eta termino bera da, aurrerakoien diktadura”.
Historikoki ezkerraren leloak izan direnak erabiltzen ditu, orain, eskuin muturrak. Askatasuna adibidez, edo debekatuta debekatzea, 1968ko maiatzekoa. Abilezia handia dute terminoak berenganatzeko, Urbánek liburuan dioenez. Izan ere, eskuin muturraren garaipen handia horixe izan da, kontrakulturaren estetika, inkonformismoarena, alt-right izatea, bere-berea.
Aurrerapen kulturalak gizartean txertatzen doazen heinean, diskurtso feminista eta ekologistak esaterako, inkonformista izatea horren aurka egitea bihurtu da. Horregatik, Iago Moreno soziologoak La xarxa ultra dokumentalean azaltzen duen moduan, alternatiba gisa aurkezten du bere burua ultraeskuinak. Baina “kontrakultura” izatea, ohiko politika instituzionaletik kanpo aritzea ere bada gaur egun. Eta beraz, profil horretan bete-betean egiten dute bat influencer-ek. Horregatik, haien mezuek ez dute lotura zuzenik alderdiekin. Miquel Ramos kazetari eta eskuin muturraren mugimenduan aditu denaren esanetan, “sinpleki hainbat gai lantzen dituzte, eskuin muturrari interesatzen zaizkion ikuspuntuetatik”.
Esan badugu ere eskuin muturreko influencer-en mezuek ez dutela loturarik politika instituzionalarekin, zerikusi zuzena dute hauteskunde zikloekin. Bai, behintzat, audientzia datuetan. Aipaturiko dokumentaleko kazetariek kalkulatu egin dituzte Espainiako eskuin muturreko eduki-sortzaileen Youtubeko kanalen bisitak, Espainian, iaz, bi hauteskunde esanguratsu egin ziren denbora-tarteak hartuta: maiatzeko udal eta foru hauteskundeak, eta uztaileko hauteskunde legegileak.
Hain zuzen, urtarrilean, lehen hauteskundeetarako lau hilabeteren faltan, 1,5 milioi bisita inguru izan zituzten kanal horiek. Maiatzean, udal eta foru hauteskundeen unean, sei milioi ikustaldi. Uztail horretako hauteskundeak urgentziaz deituak izan ziren; bada, hauteskunde legegile horietan, hogei milioi bisita izan zituzten. Alegia, urte bereko urtarriletik uztailera, bi hauteskunde garrantzitsu tartean egonda, hamahiru aldiz biderkatu ziren zifrak.
Youtuber sektarioen “borroka kulturalak”
Isaac Parejo espainiarrak, InfoVlogger gisa ezagunagoa denak, zazpi urte daramatza “borroka kultural” deritzen horietan, Youtubeko kanalaren bitartez –400.000 harpidedun ditu–. “Borroka” egiten du “mundua gainbeheran daramatenen” aurka; feminismoaz eta migrazioaz ari da nagusiki.
Bere etxera joan dira TV3ko dokumentalgileak. Donald Trumpen banderola handia du horman zintzilikatuta, Make America Great Again (Egin Amerika handi berriz). Esana du Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarrari eman izan diola botoa, baina ez du gehiegitan azpimarratzen. Ez ditu, oro har, alderdi politikoak aipatzen, ez badira kritikatzeko –ezkerrekoak, alegia–.
“Progresismoaren kontrakoa naiz”, dio LGTB mugimenduaren ortzadarra daraman kamiseta jantzita duela. Ortzadarra du, baina bere kamisetako siglak beste batzuk dira: Liberty-Guns-Trump-Beer (Askatasuna-Armak-Trump-Garagardoa). Sarritan esan du, harro-harro, homosexuala eta Vox-ekoa dela. Aparretan dago azkenaldian, magrebtarren aurkako diskurtsoak hedatzen ari diren honetan; izan ere, berak bere burua “arriskuan” ikusten duela dio: “Islamaren aurka nago, islamak nire izate homosexuala zigortzen duelako. Zintzilikatu egingo nindukete haien herrialdeetan. Horregatik ez dut musulmanik nahi Espainian”. Sinpletasun horretara mugatzen du bere diskurtsoa, eta horrek arrakasta dakarkio.
Hein batean, gauza bera gertatzen da hainbat youtuber edo influencer-ek haien bizitza pribatuarekin zera egin izan dutenean: paradisu fiskal diren estatuetara joan bizitzera, zerga gutxiago ordaintzeko. “Bestela, Ogasunak diru asko kentzen dit, hainbeste [zifra]”. Jakina, sofan etzanda dagoenak, ziurrenik, horrenbesteko zifrarik ez du sekula ikusi, eta beraz, astakeria irudituko zaio ditxosozko Ogasuna egiten ari zaiona; horregatik, gutxienez ulergarri egin ahal zaio youtuber horrek harturiko erabakia, eta, akaso, diskurtsoa bete-betean jan duenak, kaleko eztabaida informal batean defendatuko luke erabakia. “Nik ere gauza bera egingo nuke hainbeste diru irabaziko banu, zuk ez?”. Une horretan bertan, influencer-ak irabazi du borroka kultural hori.
Egoeraren larritasuna horrexegatik da, hain zuzen, hain kezkagarria, diskurtso eta erabaki horiek normalizatu egiten direlako. Eta ezin eztabaidatu daitezke mezuak oro har, sare sozialetan, ezin iritzi-trukaketa errealik egin. Hutsaren hurrengoa balio du, besteari erantzunez, X-n edo Twitterren zerga-sistema zertan datzan esplikatzeak, hor, milaka eta milaka ikustaldi dituen bideoari iruzkinak utzita. Eta hori, bideoaren jabeak ez badu iruzkin-mezua borratzen, Youtuben esaterako, eskumen osoa baitu horretarako.
Iago Moreno, soziologoa: "Eztabaida politikorako espazio berriak ireki dira, eta une horiek askotan gertatzen dira jendea zaurgarri dagoenean"
Populismoaren logika diskurtsiboaz Ernesto Laclau filosofo argentinarrak argi zioen 2005ean, hutsak diren esanahiek elkartzen dituztela herritar zatikatuak. Indeterminazio semantikoa bihur daiteke komunitate politiko horren elkargune, amankomuneko “etsaia” ezarrita. Formak soilik aldatu dira, asko, Laclauk zioenetik gaur egunera. Funtsak hor dirau.
Existitzen ez diren dikotomiak dira jada, gaurko egunez, herritarren online eta offline bizitzak. Batera doaz, ez da dudarik. Eta horrek ekarri du politika egiteko modu klasikoa zaharkituta geratu izana. Hor dator aldaketa, gizartearen pentsaera eta jarreratan. Autobusaren zain gaudenean, etxean deskantsuan... Pentsatu zenbat post pasatu ahal ditugun geure paretik. Halako momentuak biziki interesgarriak direla dio Iago Moreno soziologo eta sareko propagandan adituak: “Eztabaida politikorako espazio berriak ireki dira, eta une horiek askotan gertatzen dira jendea zaurgarri egoeran dagoenean; kontrolagaitza bihurtzen da”. Gezurra den informazio bat ikusi, eta pentsatuko duzu gezurra dela –edo agian hori ere ez–, baina pasatu duzu paretik, gehiegi hausnartu gabe.
Titularrarekin geratzeko joera ere bada horren adierazle. Esaterako, irailaren 3ko notizia hau: “Venezuelako presidente Madurok aurreratu egin ditu Gabonak, eta urriaren 1ean ospatuko dituzte”. Txiste ugari entzun eta irakurri ahal izan dira han eta hemen, asko, Maduro zoratuta dagoela eta halako gehiago. Nahi izan ez duenak ez du arakatu, eta ez du jakin zer suposatzen duen Venezuelan ekintza horrek, auzo txiroei haien beharrak asetzeko laguntzak ematen zaizkiela.
Feminismoren aurkako olatua
Dalas José Santomé Lemus edo Dalas Review gisa ezagunagoa den 30 urteko influencer-ak zera esan zuen bideo batean: “Mende honetako erlijioa, feminismoa da. Alegia, existitzen ez diren gauza batzuetan sinestea. Erlijioarentzat [kristautasunaz ari da] Satanasen figura dagoen bezalaxe, gauza oker guztien erantzule, feminismoarentzat patriarkatua da hori. Eta patriarkaturik ez da existitzen hemen. Ekialde Hurbilean, Afrikan... Bereziki Ekialde Hurbilean, han bai, zorakeria da”. Adi datuari: tipo horrek 11 milioi jarraitzaile ditu Youtuben.
Beste adibide bat: Adrià Núñez, Libertad y lo que surja izeneko youtuber-a. Bere ezizena euskaraz, literalki, Askatasuna eta hortik sortzen dena. 316.000 jarraitzaile ditu Youtuben. Oilarkeria handiz zera esaten du TV3ko dokumentalean: “Asko informatzen diet nire jarraitzaileei feminismoaren inguruan, gaur egun existitzen den diskriminaziorik handiena delako. Historikoki pertsona asko diskriminatu izan dira, besteak beste Ku Klux Klan egon da, naziak ere bai judutarren aurka... Horiek guztiak difamazio kanpainekin hasi izan dira. Judutarrek mundua kontrolatzen dute-eta gisako mezuekin. Ikusten ari garena da patroi berberak jarraitzen dituela feminismoak, gizonek mundua kontrolatzen dute horretara iritsi nahian”.
Hori esanda, dokumentalean, kazetariak galdetzen dio ea diskriminatua sentitzen den, gaur egun, Espainiako Estatuan. “Dagoen diskriminaziorik handiena da feminismoa, zalantzarik gabe”, erantzuten du. “500 lege daude emakumeei pribilegioa ematen dietenak”. Interneteko erabiltzaile anti-feminista askok erreferentziatzat duten blog bati buruz ari da, zeinak puntuz puntu, batere azalpenik eman gabe, aipatzen dituen hainbat “diskriminazio”.
Erreportajea idazterako unean, 530 “diskriminazio” inguru aipatzen dira blog horretan. Ideia bat egiteko, zenbait adibide. Esaten da zenbait enpresei pizgarriak ematen zaizkiela emakumeak kontratatzeagatik; emakumeek zenbait lanpostu publikorako sarbide errazagoak dituztela –Ertzaintzan, kasurako–; hiri batzuetako gaueko autobus-lineetan geldialdia “nahieran” aukeratu dezaketela eta gizonek ez –indarkeria matxistari aurre egiteko eta etxera seguru iristeko neurria da–; indarkeria matxistaren biktimek “erraztasunak” dituztela lanean, lan-murrizketak eskatzeko unean; osasun profesionalei formakuntza jasotzera behartzen zaiela indarkeria matxistaren biktimak artatzeko, eta ez, ordea, gizonen aurkako biolentzia dagoen kasuetarako...
Diskurtso sinplista eta azalekoak dira, batere sakondu gabeak eta tranpatiak, baina besterik gabe esanda, ulertzeko errazak direnak. Besteak beste, gizonak emakumea kolpatzea gogorrago zigortzen dela azpimarratu ohi dute, emakumeak gizona kolpatuta baino. Aipatu dugun azken youtuber horrek horixe bera esaten duenean, eztabaida bizia izaten du galderak egiten dizkion David Bou kazetariarekin. Sekuentziak honela segitzen du: gizonezkoek zenbat emakumezko hil dituzten Espainian esaten dio Bouk, zifra ematen dio, eta youtuber-ak beste datu bat ematen dio, defentsarako erabili ohi duten “argumentua” indarkeria matxista ukatzen dutenek; homizidio guztien artean, hildako gehienak gizonezkoak direla. Gilda ipintzen dio argumentuari youtuber-ak: “Baina jakina, bikote harremanetan emakume biktima gehiago daude, eta egongo dira beti, gizonak indar gehiago duelako”.
Dokumentaleko pasarte horretan, interesgarriak dira kazetariak mahai gainean jartzen dituen datuak, eskuin muturreko youtuber gehienek iturri bertsuak eta erabat inpartzialak erabiltzen dituztela, ematen duten informazioari sostengua emateko. Lehen aipatu dugun “emakumeen aldeko diskriminazioen bloga” da horietako bat, baina baita haien buruei “ikerketa-zentro” deitzen dieten beste enpresa sektarioak ere. AEBetakoak dira zenbaitzuk, zeinak lobby ultrakatolikoaren parte diren. “Feministek ez dizkizute erakutsiko nik esaten dizkizudan informazio ziur horiek, baizik eta soilik haien sektako informazio manipulatuak erabiltzen dituen Espainiako Berdintasun Ministerioarenak”, dio youtuber-ak.
Eta non dago ezkerra?
Ezkerrarentzat, bataila galdua dela uste du Iago Moreno adituak, La xarxa ultra dokumentalean esaten duenez. Sare sozialen jokoan, arauak ez dira berak eskuinarentzat eta ezkerrarentzat. “Emozioak” bilatu izan ohi ditu eskuinak, eta Instagram edo Twitter, esaterako, neurri-neurrira egindakoak dira eskuin muturrarentzat: “Ekintza konkretu batzuetan oinarrituriko emozioak, agresibitatea, antagonismoa... Aldiz, ezkerreko moldeek, elkartasun sareak eratzeko ideiek, enpatiaren gisako emozioek, leku oso gutxi eratzen dute sare sozialetan”. Ezkerrak onartu egin behar du hori horrela dela, Morenoren ustez.
Guillem Suau-Gomilla: "Gizarteko gaiak geroz eta azkarrago ari dira aldatzen, eta horrek kasu askotan galarazi egiten du hausnarketa sakona egitea; ideia sinple eta populistei atea zabaltzen die horrek"
Janari azkarraren parekoa bihurtzen ari da politika egiteko moldea bera: zakarra, azkarra eta prozesatua. Politikaren McDonalizazioa-z hitz egiten du Guillem Suau-Gomilla irakasle eta ikertzaile kataluniarrak, eta termino hori Zygmunt Bauman soziologoak emandako gizarte likidoaren ideiarekin nahasten du. Artikulu interesgarria idatzi zuen Suau-Gomillak Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Departamentuak 2023ko martxoan kaleratu zuen CR01 ikerketa-aldizkarian.
Honela dio Suau-Gomillak: “Gizartearen agendako gaiak geroz eta azkarrago ari dira aldatzen, eta horrek oztopatu eta kasu askotan galarazi egiten du hausnarketa sozial sakon bat egitea auzi horren inguruan. Ideia populistei atea zabaltzen die horrek, mezuak sinpletu, arazoei soluzio sinpleak topatu, istorioaren onak eta txarrak bereizi, eta, oro har, emaitza zera da, kolektibo baztertuak are gehiago zapaltzen direla. Horri guztiari ahotsa emateko bozgorailu perfektuak dira sare sozialak, neurrira egindakoak direlako. Beraz, gizarteak geroz eta dependentzia handiagoa baldin badu sare sozialekiko, bistakoa da horrek nori egiten dion mesede”.
Mezuak sinpletuta oso zaila da egia osoa esatea.
Gezurretik beldurrera
George Orwellek zioen historia 1936an eten zela, eta orduz geroztik propaganda baino ez dela egon. Beste askok esan dute egia izan zela Lehen Mundu Gerrako lehen biktima. Dreyfus auzia ere hortxe dago, 1894an gertatua, egia eta post-egiaren erakusle argia; ondo ikusten da hori Roman Polanskiren J'accuse pelikulan.
Gezurra, definizioz, engainatzeko asmoz pentsatzen edo norberak sentitzen duenaren aurkakoa esatean datza. Baina motz geratu da gezur hitza bera. Behin esatetik asko hedatzera alde handia dagoelako, badirudi horregatik jazo dela termino berrien agerpena. Horregatik bulo gazteleraz, eta fake news ingelesez. Euskaraz, amen-omenka aritzea dela dio Elhuyarren hiztegiak.
Amenka eta omenka mugitu izan da beti gizakia, bereziki krisi-garaietan, beldurra dagoenean. Beldurra duen gizakia baita gobernatzeko errazena. Eta, beldurra eragiteko, gezurrak hedatzea da errazena, Miguel Urbánek Trumpismos liburuan xehatzen duenez: “Normalizatzen ari dira immigrazioaren aurkako mezuak, gorroto-hotsak, argumentu faltsuak edo sinplistak erabilita, daturik edo iturri fidagarririk eman gabe”.
Ez dago urrunera joan beharrik. Azken hilabeteotan gutxienez bi aldiz agertu dira mezu arrazistak Donostia inguruan, bata Aste Nagusi betean eta bestea Hernanin, errepidean. “Etorkinak kanpora”, lauburuz lagunduta. Eta ez du parekorik Zigor Olabarria kazetariak ARGIAren 2.854 alean idatzi zuen analisiak –Vox-eko euskal anti-sistemak–. Gasteizko ikasgela bateko kasua kontatzen zuen, zeinetako ikasleek eskuin muturreko alderdi horren sindikatuak deituriko manifestazioan parte hartuko zuten. “Ezin duzu imajinatu zein muturreko jarrera duten euskararen eta gizarte prestazioen aurka”, zioen ikasgela horretako irakasleak.
Gezurretik beldurrera, inkonformista eta anti-sistema izatea, gaur egun, eskuin muturrekoa izatea da. Sare sozialek mezu horiei ematen dieten hauspoa, hori bai dela beldurgarria.
Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.
Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.
Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]
Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]
Iragarritako heriotza baten kronika. Donostiako Udalak Egiako Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, «segurtasunaren» aitzakian. Bizpahiru urte dira Egian segurtasuna guztien ahotan dagoela, eta azken hilabeteotan, talde eskuindarren gorakadarekin, egoerak okerrera... [+]
Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo... [+]
Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.
Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken... [+]
[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: Kirolari lotuta ere bai...]
[Azpi-testu hau LARRUN honetako gai nagusitik dator, Eskuin muturraren neurrira egindako sareak, gorrotoa elikatzeko bazka, eta badago beste azpi-testu bat ere: tradwives-i buruzkoa, Elena Francis itzuli da?...]
Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik... [+]