Alemaniako Brandenburgo estatuaren azken hauteskundeetan Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) botoen %13,5 lortu zuen. Alderdia Sahra Wagenknecht-ek sortu zuen, Die Linke alderdi ezkertiarraren kide ohiak. Die Linke botoen %10,7tik %3ra iragan da, eta estatuko legebiltzarretik kanpo geratu da, Berdeak moduan. BSW alderdi berria nola ikusten duten azaltzen dute Ingar Solty eta Sebastian Friedrichek Jacobin aldizkarian. Rosa Luxenburg Fundazioko ikertzailea da Solty eta Friedrich Hanburgoko kazetaria.
Sahra Wagenknecht Aliantza (BSW) alderdiaren sorrerak eztabaida piztu zuen: Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdiaren gorakada lagundu edo zailduko ote zuen? BSW ofizialki sortu aurretik ere, Sahra Wagenknechten alderdiak eskuinaren gorakada moteldu eta Alemaniako eztabaida politikoa gai sozioekonomikoetara bideratu ahal izateko itxaropena adierazi genuen, tradizionalki ezkerra indartsuena den eremura.
BSW urtarrilaren amaieratik existitzen da eta hiru hauteskundetan parte hartu du: Europako Parlamentukoetan eta Alemaniako ekialdeko bi eskualdekoetan, Saxonian eta Turingian. Gauzatu al dira itxaropen horiek? BSWk lagundu al du eskuinaren aurka borrokatzen edo lagundu al du paisaia politikoa eskuinerantz lekualdatzen?
Ekaineko Europako hauteskundeetako boto-emaileen joan-etorrien azterketak iradokitzen duenez, BSWren emaitzek Die Linke ezkerreko alderdiari eta boterean dagoen alderdi sozial-demokratari (SPD) egin zieten kalte. Infratest Dimap institutuaren arabera, BSWko boto-emaile gehienek lehen SPDri (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata) eta Die Linkeri (‘Ezkerra’ esan nahi du) ematen zieten botoa: 580.000 boto-emailek SPDri eta 470.000 boto-emailek Die Linkeri. BSWko 160.000 boto-emailek soilik bozkatu zuten AfDren alde 2021eko hauteskunde federaletan. Inkesta horren arabera, irailaren 1ean BSWk Turingian eta Saxonian zituen boto gehienak ere ezkerretik zetozen (zentzu zabalean), eta AfDtik zati txiki bat baino ez.
Lehen begiratuan, agerikoa dirudi BSWk ezkerreko alderdien botoak jasotzen dituela eta AfDko hautesleak ez dituela ia murrizten. Urte hasierako inkestetan, AfDk botoen %22 inguru lortu behar zuen estatu mailan, baina %16 baino ez zuen eskuratu Europako hauteskundeetan. Agian argigarriagoa da hauteskunde osteko inkestetan haren boto emaileen ia erdiak adierazi zuela AfDri eman ziola botoa, baina ez oso uste sendoagatik, baizik eta beste alderdiekin desengainatuta egoteagatik.
Lehen begiratuan, agerikoa dirudi BSWk ezkerreko alderdien botoak jasotzen dituela eta eskuin muturreko AfDko hautesleak ez dituela ia murrizten
Hautesle horiek, teorian, konbentzituak izan litezke berriro eremuz aldatzeko, alternatiba erakargarri bat proposatzen bazaie. Ikuspegi hori aberastasunaren birbanaketa-neurriak proposatzean datza, gutxienez AfDko hautesleen multzo bat zatitzeko. Baliteke AfDko hautesleak gero eta gehiago proletarizatzea, eta prozesu hori eskuin erradikaleko alderdietan ikus daiteke AEBetan, Frantzian, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan, baina ez da saihestezina. Indar sozialistek hautesle horiengana jo dezakete eta, gainera, jo behar dute, eta ez beren burua babesteagatik bakarrik.
Desazelerazio motela
BSW establishmentaren aurkako alternatiba gisa ikusten da, Alemaniako sindikatu-konfederazioari lotutako Ikerketa Ekonomiko eta Sozialeko Institutuaren (WSI) azterlan baten arabera, bereziki Ekialdeko Alemanian eta berriki AfD bozkatu dutenen artean. PDS (Sozialismo Demokratikoaren Alderdia, Die Linkeren aitzindarietako bat) ahaltsua zen eskualdeetan eta komunitateetan. BSWk arrakasta du langabezia-tasa handia den eta biztanleria zahartuta dagoen eskualdeetan. WSIren arabera, bereziki erakartzen ditu errenta baxuko hautesleak, etorkizunari buruz ezkorrak direnak eta erakundeetan ia konfiantzarik ez dutenak.
Turingia eta Saxoniako BSWren emaitzek batez ere Die Linke kaltetu zuten, baina ziurrenik AfD are gehiago aurreratzea ere eragotzi zuten. Bi lander horietan, inkestek botoen %35-36 ematen zizkioten AfDri. Infratest Dimap-en arabera, Turingian inkestatutako BSWko boto-emaileen %26k adierazi zuen AfDri emango ziola botoa, BSWri emateko aukerarik izan ez balu. Saxonian, zifra hori %33raino igoko litzateke. Ehuneko hori AfDren emaitza errealarekin alderatuz gero, alderdi horrek %37 lortuko zukeen Turingian eta %35 inguru Saxonian.
Seguruenik, BSWra pasatu diren Die Linkeko boto-emaile ohi askok ez lioke botorik emango azken horri, BSWk gora egin aurretik ere haren ospea beherantz zihoalako. Zenbakiei dagokienez, BSWa AfDren igoera zertxobait moteltzeko moduan egon da, baina ez da inola ere aringarria izan. Zer esan daiteke Alemanian, oro har, eztabaida politikoan eta komunikabideen erretorikan izan duen eraginaz? Alderdiaren arrakasta erlatiboak esan nahi du, ezkerraren eta ezker liberalaren sektore zabalek dioten bezala, horizonte politikoa eskuinerantz lerratzen ari dela?
Eskala sozialaren goikoekin edo behekoekin da leiala BSW? Politika ekonomikoan eta sozialean BSWk argi sentiarazi du bere presentzia. Die Linke alderdiko diputatu ohiek osatutako talde parlamentarioaren lehen eskaeretako bat gutxieneko soldata igotzea izan da. Pentsioak handitzea ere eskatu du alderdiak. Aldi berean, etengabe hitz egiten du enpresa txiki eta ertainen (ETE) sustapenaz, "arrazionaltasun ekonomikoa" kontsignatzat hartuta.
BSW Die Linkeren eskuinean dago gai sozio-ekonomikoetan, edota immigrazioari dagokionez, baina oraindik establishmentaren aurkako indartzat har daiteke
Orientazio hori kontraesankorra da. Kapitalaren eta lanaren arteko antagonismoa bereziki indartsua da ETEen eta soldatapekoen artean. Ekonomikoki dinamikoak ez diren eskualdeetako enpresa txikien ustez, jardun sindikalaren aurkako jarrera sendo bat erakustea funtsezkoa da estatuko zein nazioarteko lehia kapitalistari aurre egiteko. BSWko ezkerreko indarrentzat, halaber, garrantzitsua da epe laburrean "monopolioen aurkako aliantzetan" oinarritutako politika ekonomikoa garatzea. BSWren ustez, gobernu federalak –SPDk, Berdeak eta FDPko neoliberalak– enpresa handien aldeko industria-politika egiten du, eta horrek benetako lehia kapitalista faltsutzen du. Kritika horretan, BSW asko gerturatzen da FDPren ikuspegira.
Hala ere, ETEei hainbat gauza agintzen die BSWk eta soldatapekoei beste hainbat, eta hor sortzen diren kontraesanek tentsioa ekar dezakete alderdira. Batetik, BSW kapitalaren gaineko zergak handitzearen aurka dago, eta langabeen aurkako zigor zorrotzagoak babesten ditu, kalitate txikiagoko enpleguak onartzera behartzeko; bestetik, erretiro handiagoak eta industria- eta egitura-politika sendoagoak eskatzen ditu langileak laguntzeko.
Bestalde, ez da oso gertagarria Errusia-Europa lankidetza energetikora itzultzea, ezta egoera horrek ekarri zuen elektrizitate industrialaren garaiko prezio baxuetara ere. Aitzitik, datozen urteetarako langileen eta enpresarien arteko borroka areagotzea espero behar da. Orduan ikusi beharko da nola kokatuko den BSW Alemaniako kapitalaren aldarrikapen gero eta premiazkoagoen aurrean: 42 orduko astea, erretiro-adinaren igoera gutxienez 70 hamar urtera arte, greba-eskubidearen murrizketa sektore publikoan eta sozietateen gaineko zergaren murrizketa. Gatazka horretan zatiketa potentzial baten itzala ikus liteke.
Die Linkeren ustez, BSWren politika ekonomikoak eta sozialak, batez ere asiloari buruzkoak, frogatzen dute alderdi berria Die Linketik ateratako eskuindarren zatiketa hutsa izan zela. BSWk berak ere argi azpimarratzen du ez duela "Die Linke 2.0" bat izan nahi. Berbarako, Saxoniako BSWko hautagai nagusia den Sabine Zimmermann Die Linkeko buruzagi ohiak hala ikusten du bere alderdia: "SPDren eskuinean eta CDUren (kristau-demokratak) ezkerrean dago”. Hauteskunde gauean, Zimmermannek azpimarratu zuen ARD Alemaniako telebista publikoan CDUk eta BSWk bazituztela adostasun politiko garrantzitsuak, batez ere "hezkuntzan eta migrazio politikan".
Mailuaren eta ingudearen artean
BSW Die Linkeren eskuinean dago politika ekonomikoak eta immigrazio-politiketan, baina eskuineko zatiketa hutsaren irudia ez da hain argia BSWren funtsezko gai batean: bakea eta distentsio politikak. Wagenknechten aldeko Bundestageko diputatuek, batez ere bake eta atzerri politiketan zituzten desadostasunengatik egin zuten alde Die Linketik. Beren irteeraren arrazoi nagusietako bat izan zen Die Linkek ez kritikatzea behar beste Mendebaldeak Ukraina sostengatzera bideratutako politikak. Adibidez, Die Linkek gobernu federalean SPD eta Berdeekin parte ez hartzeko arrazoia izan da hark NATOren aurka zuen posizioa, eta Wagenknecht eta beste diputatu batzuk beti egon dira aurkako jarrera hori defenditzen. Estrategia horrek, ordea, porrot egin zuen 2021eko hauteskunde federaletan.
Hori guztia kontuan hartuta, erraz ulertzen da zergatik Die Linkeko oinarrizko kide eta hautesle asko BSWra pasatu diren, batez ere ekialdean. BSW Die Linkeren eskuinean dago gai sozio-ekonomikoetan, edota immigrazioari dagokionez, baina oraindik establishmentaren aurkako indartzat har daiteke. Die Linke da oraindik Bundestag-eko establishmentaren aurkakoena, baina gero eta gutxiago, eta gero eta gehiago ikusten da SPDren eta Berdeen arrisku gabeko luzapen gisa, haiek baino pitin bat ezkerrerago.
Immigrazioa ere BSWren kezka nagusien artean ari da finkatzen. Alderdiaren sorreran gaia ez zen asko aipatu, baina azken hilabeteetan eztabaidagai nagusietako bat bihurtu da, Ukrainako gerraren eta gai sozialen maila berean. Duela hamar urte, Deutsche Bank "erloju-bonba" zela esan zuen Wagenknechtek, eta gaur egun gauza bera esaten du migratzaileei buruz. Uztailaren erdialdean zera idatzi zuen X [Twitter] sare sozialean: "Gelditu erloju-bonbak sarrarazten dituen kontrolik gabeko migrazioa”. Sabine Zimmermann bere alderdikidea ere argi mintzatu zen Saxoniako hauteskunde ondorengo balorazioan: aldatu beharreko politiketan lehentasuna eman zion kontrolik gabeko immigrazio politikak aldatzeari. Lehenik hori, hezkuntza eta bakea gero datoz.
Immigrazio politiketan, BSWk eskuinaren joera orokorrari jarraitu dio, uste argirik gabe. Hori hauteskunde-taktika batek eragindakoa balitz, BSWk jakin beharko luke AfDrekiko hurbilketa horrek azken honi bakarrik egiten diola mesede. Izan ere, immigrazioa mugatzea lehentasuntzat duten boto-emaileek nahiago dute jatorrizkoa kopia baino.
BSWren etorkizuna zalantzaz beterik ageri da gai batzuetan duen jarrera nahasiagatik; eta bereziki, kontraesankorra da esku batekin soldatapekoen interesak defendatu nahi izatea eta bestearekin kapitalarenak
Aldi berean, poztu beharra dago BSWk, adibidez, Europan irismen ertaineko misil nuklearrak jartzeko erreferenduma egitea eskatzen duelako. Alemaniako lau milioi herritar agertu ziren misilak ezartzearen aurka 1980ko hamarkadan "Krefeldeko deia" sinatu zutenean. Olaf Scholz kantzillerrak eta Omid Nouripour Berdeen presidentekideak bat-batean egin dute Errusiarekin negoziatzeko deia, eta hori bada Ukrainaren egoera ahulagatik, amerikarrak erretiratzen ari direlako eta Ukrainako herritarrak ere gero eta nekatuago daudelako, baina adierazpen horiek egiteko arrazoi erabakigarria BSWren emaitza onak izan dira.
Zalantzazko etorkizuna
BSWren etorkizuna, neurri handi batean, estatuko eta nazioarteko giro politikoaren araberakoa izango da. Datozen hamarkadetan, ziur aski, Txinaren aurkako gerra hotza izango da nagusi, "autokrazien aurkako demokrazien" diskurtso sinesgaitzarekin legitimatuko dena. Distentsio politikak dira BSW beste alderdietatik gehien bereizten dutenak, hutsune hori berak betetzen du nagusiki. Eta are gehiago izango da horrela, Die Linkek urrian egin beharreko kongresuan NATOrekiko jarrera kritikoa arintzeko ikuspegiak irabazten badu.
Eremuaren bestaldean, AfDk gobernu-indar bihurtu nahi badu, egun EB, euroa, AEBak eta NATOrekiko ikuspegi adiskidetsuagoa landu beharko du. Indar eskuindar eta arrazista gisa, AfD Alemaniako beste alderdi burgesekin aliantzak osatzeko moduan egongo da, mendebaldeko aliantzaren eta "gure balioen defentsaren" konpromisoan oinarrituta. Italiako eta Frantziako eskuin muturreko alderdi modernizatzaileek egindako bidea da boterea lortzeko duen bide bakarra, hau da, alderdiaren melonizazioa.
Bitartean, atzerri politikaren bilakaera erabakigarria izango da BSWren etorkizunerako. Hala ere, bere distentsio politika zorrotza erakargarria izan badaiteke ere, bere etorkizuna zalantzaz beterik ageri da beste gai batzuetan duen jarrera nahasiagatik, eta bereziki kontraesankorra da esku batekin soldatapekoen interesak defendatu nahi izatea eta bestearekin kapitalarenak.
Trump/Vance eta Zelenskyren arteko sesio gogoangarriak, Europan behintzat, erabat isilarazi badu ere, bada beste mundu-parte batean bederen dezenteko harrabotsa harrotu duen burutazioa. Afganistango Bagrameko aire-basea berreskuratu nahiko luke Trumpek, bere lehen... [+]
Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.
Groenlandiar jatorriko 411 haur daude tutoretzapean Danimarkan, Gizarte Gaietako, Etxebizitzako eta Adineko Pertsonen Ministerioaren txosten baten arabera. Aitatasun eta amatasun froga psikologikoetan puntuazio baxuak lortzeko arriskua dute guraso groenlandiarrek, frogak ez... [+]
Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.
Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]
Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.
Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.
"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri... [+]
Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du.
Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]
AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Jarritako kondenak barkatzearen truke, armadara batu da preso andana. Azken urtean, errekrutatze-legeak gogortu ditu gobernuak.
Arma nuklearren produkzioarekin, mantentze lanekin eta modernizazioarekin loturak dituzten hainbat enpresa aztertu dituzte, eta horien artean agertzen dira BBVA, Santander bankua eta SEPI.
Iazko urriko bileran lortu ez zuten akordioa erdiestea espero dute COP16ko parte-hartzaileek, eta ostegun honetan dute gailurraren azken eguna. 2030. urtea bitartean, bioaniztasunaren alde 200.000 milioi dolar bideratzeko engaiamendua hartu zuten 2022ko COP15 gailurrean, eta... [+]