“Alarma soziala sortzea leporatu digute; ez, alarma egon badago, ez dugu guk sortu”

  • Arabako zahar egoitzen egoera lehen planora pasa da berriz ere azken asteetan. Zaintza Araba elkarteak Gasteizko Arabarren eta Laudioko San Roque erresidentzietako egoiliarrei ematen zaien tratua salatu dute, hainbat senideren testigantzak jaso ondoren. Langileen lan-baldintza ere salatu ditu elkarteak. Ramiro González diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuak elkartearen aurka egin dute, alarma piztea eta langileen aurka egitea leporatuta, besteak beste. Zaintza Arabako kide Txaro Marquínez Idiáquezekin  hitz egin du ARGIAk, horretaz guztiaz eta oro har Arabako zaharren egoitzen egoeraz. Hasi berri gaudela batu zaizkigu, elkarrizketan parte hartu ez badute ere, elkarte bereko kide Marixa eta Maita: senideen ahotik jaso berri dituzten beste bi erresidentzien inguruko lekukotasunekin hunkituta heldu dira.

ARGIA CC By SA

2024ko urriaren 21ean - 07:00
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azken asteetan hainbat aldiz salatu duzue Arabako bi zaharren egoitzetan agureek jasaten duten tratua, eta administrazioaren jarrera. Goazen banan-banan: zer gertatu da Gasteizko Arabarren erresidentzian?

Senide bat harremanetan jarri zen gurekin, oso gaizki zegoen bere amari ematen ari ziren tratuagatik, ordurako erresidentzian kexak aurkeztuak zituen. Ertzaintzara ere joana zen, gutun anonimo bat jaso zuelako, ustez langile batena. Langileetako batzuen profesionaltasun eza edo agureekiko mespretxuzko tratua salatzen zuen gutunak, eta horrela zioen amaieran: "Zaindu asko zuen senideak eta adi egon". Ertzaintzan esan zioten oso larria zela gutunean salatzen dena, langile batzuen izen-abizenak emanda, tratu txarrak direla. Emakumeak bigarren anonimo bat jaso du ondoren, eta berriz ere jo du Ertzaintzara [ARGIAk erresidentzia horretako langile ohi batekin hitz egin du, eta nahiago izan badu ere ez eman elkarrizketarik, gutun anonimoak salatzen dituen tratu eta komentario desegokiak berretsi ditu]. Senide gehiagoren testigantzak ere jaso genituen ondoren, salaketa bidali genion prentsari, eta Aldundia urduri jarri zen.

Zer egin zuen Aldundiak?

EAJko bozeramaile batek "alarma soziala" sortzea leporatu zigun; ez, alarma egon badago, ez dugu guk sortu. Aldundiak bilera egin zuen senideetako batzuekin, eta agindu zuen inspekzio berezi bat egingo zuela. Zerbait egitearen sentsazioa eman nahi izan dute, baina momentuz guk dakigula egoera ez da aldatu.

Jabetza publikoko (Aldundia) baina kudeaketa pribatuko (IMQ eta Mondragon korporazioa) erresidentzia da Arabarren, berria, eta bere ereduan lehena Araban. Ramiro González diputatu nagusiak “abangoardia” zela esan zuen 2023an inauguratzean, eta eredua hedatzeko asmoa iragarri. Zuek zer iritzi duzue?

Kontzertatua esaten diote, baina azken finean pribatua da. Aldundiari min handia egin dio Arabarren erresidentziaren egoera salatzeak, harribitxi gisa saldu zuelako. Guk argi dugu zaintzak publikoa izan behar duela, administrazioak, ordea, negozio bilakatu du. Publikoa izan behar du bai erresidentzietan, bai etxez etxeko zerbitzuetan. Esaten dute ez dela posible, baina Iruñean ikusi dugu nola publifikatu duen gobernu berriak etxez etxeko laguntza. Posible da.

"EAJko bozeramaile batek 'alarma soziala' sortzea leporatu zigun; ez, alarma egon badago, ez dugu guk sortu"

Bigarrenik, Laudioko San Roque erresidentziaren egoera ere kritikatu duzue. Zer da salatu duzuena?

Abuztuan emakume bat etorri zitzaigun, gizona du erresidentzian, hainbat patologia ditu, hiru minbizi, min izugarria... Antza gizonaren jarrera langileekiko ez zen ona, eta Aldundiak espediente irekiera baten berri eman zion, bi isunekin, 200 eta 600 eurokoak, auto bat bailitzan. Emakumea espezialistarengana joan zen gizonarekin, eta hark ikusi zuen erresidentzian ez ziotela ematen zegokion tratamendua. Horregatik zituen min izugarriak, eta horregatik zuen portaera hori. Espezialistak erresidentziako medikuarekin hitz egin zuen, tratamendua aldatu zuten, eta ordutik gizonak ez du inolako arazorik langileekin.

Emazteak erreklamazioa aurkeztu zuen uztailean erresidentzian, zuzendariak hartu zion baina ez zion sarrera-erregistroa eman. Guk esan genion berriz ere aurkezteko, iraila zen, orduan bai eman zioten sarrera-erregistroa, eta astebetera Urtaranek deitu zion telefonoz. Esan zion alegazioa ez zuela epean aurkeztu, ondorioz legalki ezin ziola isuna kendu, baina agian 200 euroko beherapena egin ziezaioketela.

Iragan astean salaketa berriak egin dituzue erresidentzia berberaren inguruan.

Emakumeak esan zigun kexak azaldu nahi zizkiguten senide gehiago zeudela , eta bertara joan ginen. Kontatu ziguten, besteak beste, nola dituzten agureak pixoihalak bistan horrela errazago aldatzen dituztela argudiatuta, edo ibiltzeko laguntza behar dutenek egun osoa ematen dutela gurpildun aulkitik altxatu gabe.

Azken salaketa horren ondoren, González diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuak gogor egin dute zuen aurka. Salaketak ukatzeaz gain, langileak jo-puntuan jarri dituzuela esan eta haien lana goraipatu dute.

Artilleria osoa atera dute gure aurka. Astelehenean idatzi bat erregistratu genuen Aldundian, gertatzen zena salatzen eta konponbideak eskatzen. Asteartean, Gonzalezek aktore onenaren pare eman zuen prentsaurrekoa, negar egiteko kipula eskuan falta zuen soilik: langileak munduko hoberenak direla, beraien aurka ari garela eta ea nola esan dezakegun horrelakorik... Arabarren erresidentziaren kasuan berdina egin zuten. Atzo [asteazkenean, urriak 16] González eta Urtaran bera agertu ziren San Roquen, langileei xaboia ematen eta beren lana goraipatzen, senide batzuekin ere bildu ziren, bazekiten norekin hitz egin eta norekin ez. Antza, batzuk haserre daude gurekin.

Horregatik atera dugu gaur ohar berria, esanez beti egon garela langileen alde, beraien borrokekin bat egin dugu beti.

"Pribatuetan soldatak miseria hutsa dira. Lan hitzarmenik ere ez dago Araban! Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat hori badute langileek"

Langile batzuek agureei ematen dieten tratua ez dela egokia esan duzue Zaintza Arabatik, baina Aldundia egin duzue horren arduradun. Zergatik?

Administrazioak orain sortu du ikastaro bat, hiru hilabete inguru dira, eta 80 orduko praktikak. Argi dago hori ez dela nahikoa. Guk diogu profesionaltasun falta dagoela, baina horregatik da, errua ez dute langileek, beraiek titulua ateratzen dute, eta ondoren erresidentzietako zuzendariek adibidez ez dituzte formatzen bere zeregin propioetan. Hortik aurrera, egoiliarrekiko enpatia maila? Leku guztietan bezala, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago.

Gainera, pribatuetan soldatak miseria hutsa dira. Lan hitzarmenik ere ez dago Araban! Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat hori badute langileek. Baldintza horietan egin behar dute zaintza, garbigailuak jarri, arropak atera eta armairuetan jarri, garbiketa, toki batzuetan bazkaria ere prestatu... Horren moduko lan kargarekin ezinezkoa da zaintza lana ondo egitea.

Aldundiak argudiatzen du, ratioak betetzen direla, San Roquen funtzioren batean langile kopurua hirukoiztu ere egiten dela ziurtatu du Urtaranek.

Gauza bat da zeintzuk diren ratioak eta zenbat langile dauden, baina gero ez badituzu betetzen bajak, esaterako, ez da erreala. Edonola ere, ezarrita dauden langile-erabiltzaile ratioak ez dute balio behar moduko arreta emateko, eta administrazioa da egoera zuzentzeko ahalmena duena.

Iragan ostegunean greba egin zuten berriz ere Arabako zaharren egoitzetako langileak. Argazkia: LAB

Erresidentzietako arduradunekin hitz egin duzue?

Gu senideekin biltzen gara, zuzendaritzaren aurrean ez garelako inor. Baina senideei esaten diogu arduradunekin hitz egin behar dutela laguntza behar izanez gero. Haiekin joatea eskatzen badigute bai, joaten gara, eta behar duten beste edozerekin laguntzen diegu ere.

Eta langileekin?

Langileekin hitz egiteko kristoren arazoak ditugu. Senideek salaketak egiteko beldurra dute, pentsa langileek. San Roque publikoa da, eta hala eta guztiz ere, a zer beldurra! Bi pertsona gurekin harremanetan jarri dira, baina klandestinitate garaian bageunde bezala. Beldurra, presio izugarria dutelako barruan zuzendarien aldetik-eta. Pribatuetan, aldiz, ez dute ahoa zabaltzen badakitelako senideren bati zer edo zer esanez gero hurrengo egunean kalean daudela. Arabarrenen bitartekari bat dugu langile batekin hitz egin ahal izateko, baina ia zulo batetik ariko balitz moduan hor ere.

"Ezarrita dauden langile-erabiltzaile ratioak ez dute balio behar moduko arreta emateko, eta administrazioa da egoera zuzentzeko ahalmena duena"

Elkarrizketa hasi aurretik esan didazue gaur bertan bi senidek deitu dizuetela beste bi erresidentzietako egoera salatzeko. Zein da erresidentzian egoera orokorra Araban?

Pandemia garaian argi geratu zen erresidentzietan zer gertatzen zen. Publiko gehienak oso ondo lan egiten dute. Laudioko San Roque publikoa da, bertan dagoen arazoa da langile kopurua murritzegia dela eta ezin dutela ondo lan egin, ez da haien ardura. Pribatuena beste mundu bat da. Jaso berri dugu baten inguruko txostena, eta beldurrezko filma ematen du. Egoera batzuk azalduko dizkizut adibide gisa: erresidentzia batean, sukaldaria astelehenetik ostiralera dago soilik, eta asteburuan eman izan dizkiete latetako sardinak afaltzeko; beste batean, langile gutxi dagoenez egoiliarrek hamar egun ematen dute dutxatu gabe, senideak propio joaten dira dutxa ematera; edo atzo etorri zitzaigun pertsona, esanez janaria eramaten diola amari tuperean, piloa argaldu delako janari eskasiagatik. Hori da egoera une honetan pribatuetan, ez denetan, baina bai gehienetan.

Esan didazu lehen administrazioa dela egoera zuzentzeko ahalmena duena. Nola?

Martxoan Urtaranekin egon ginen, eta proposatu genion foro bat sortzea non bilduko diren senideak, Aldundia eta erresidentzia pribatuak, kontzertatuak barne. Senide gehienok diru-laguntzaren bat jasotzen baitugu erresidentzia pribatua ordaintzeko, oso garestiak direlako. Senideek izango lukete aukera ikusten dutena partekatzeko, eta aldundiak antzematen diren arazoak konpontzeko. Horrela ez ginateke helduko heldu garen egoeretara. Baina ez dute nahi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
“Tratu iraingarria” salatu dute Laudioko San Roke adinekoen egoitzan

"Duintasuna urratzerainoko gertakariak" sarri errepikatzen direla seinalatu dute egoitza horretako senideek Arabako Foru Aldundiari bidalitako gutunean. Aldundiak dio egoera ez dela "hain larria".


2024-08-26 | Garazi Zabaleta
Baztan
Elizondoko zahar-etxean menu osasuntsu eta jasangarrien bila

Aurreko urte bukaeran Elizondoko zahar-etxearen kudeaketa publifikatzeko jauzia eman zuen Baztango Udalak, eta geroztik, haren esku gelditu da egoitzaren antolaketa. Eskualdaketa horrekin batera, elikaduraren alorrean eraldaketa sustatzea izan da udalaren erabakietako bat... [+]


2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Analisia
Negozioa bada, ez dago zaintzarik

Ikusgarriak dira berriz ere metalgintzako sektoreko grebak Bizkaian azken bi asteetan utzi dizkigun irudiak. Badago langile borrokaren amaieraz aritzen denik Euskaldunako garaiak nostalgiaz gogoratuz, baina errealitatea da lan gatazken kopuruak gora egin duela Euskal Herrian... [+]


2022-10-28 | ARGIA
Pribatizazioak prekaritatea dakarrela salatzeko greba egin dute Hego Euskal Herriko zahar etxeetako langileek

Hitzarmenak eta egoerak ezberdinak dira lurralde bakoitzean, baina lan baldintza duinen eskean dira zahar etxeetako langileak. Grebak antolatu dituzte Nafarroan, Bizkaian, eta Araban, eta Gipuzkoan LABek elkarretaratzea egin du UGTk adostutako akordioak “egoera... [+]


Menpekotasunarekin ere, etxean jarraitu nahi du zaharren gehiengoak

55 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzak aztertzeko EAEn egin duten inkestaren arabera, asebeteta dagoen jende aktiboa da gehiengoa, zahartzaroaz sarri eman ohi den irudi ezkor eta infantilizatutik urruti.


2022-09-27 | Leire Artola Arin
Xabier Monreal, Babestu Elkarteko eta Zaintza Babesten federazioko kidea
“Zahartuta dagoen gizarte batean bizi gara, baina fokua ez da adinekoengan jartzen”

Irailaren 17an manifestazio jendetsua egin zuten Madrilen, Beste zaintza eredu bat posible da lemapean. Estatuko Plataforma osatzen duten zaharren egoitzetako senideen elkarteek deitu zuten, tartean Zaintza Babesten federazioak. Instituzioei zein herritarrei argi utzi diete... [+]


2022-09-26 | Hala Bedi
Arabako adinekoen egoitza pribatuetako langileek grebara joko dute berriro

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa geldituta dago 2021eko otsailetik. ELAk eta LABek negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zuten orduan, patronalak plataformako edozein artikulu aldatzeari uko egin ziola arrazoituz. Besteak beste, sindikatuek ez zuten onartu patronalak egiten... [+]


2022-04-06 | Ahotsa.info
Elizondoko zahar etxetako erresidentzietako langileek “lan hitzarmen duin bat” lortu dutela ospatu dute

Elizondoko zahar etxeko langileek prentsaurrekoa egin dute asteartean, iragartzeko azkenean hitzarmen kolektiboa berritzeko akordioa lortu dutela, hainbat greba egun eta mobilizazio ugari egin ostean. Langile batzordeak aho batez onartu du akordioa.


2022-03-31 | Hala Bedi
Greba egin dute Arabako erresidentziako langileek eta %100ko zerbitzu minimoak salatu dituzte

Arabako erresidentzien sektoreko lehen hitzarmena lortzeko ari dira borrokan. Orain hiru urte hasi ziren mobilizazioak. Hala ere, patronalak negoziazio blokeatzen jarraitzen duela salatu dute sindikatuek.


Madres Mercedarias egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen du bere sukaldeetarako, gastu horretarako diru publikoa jaso arren, langileek salatu dutenez

Salaketa jarri dute LAB eta ESK sindikatuek Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzan. Greba hasi dute asteartean berriro Orozkoko Ibarra auzoko egoitzako langileek, lan baldintza duinen defentsan. 


Eguneraketa berriak daude