“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

  • "Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko atea apur bat zabaltzen saiatu gara".

Dani Blanco

2024ko urriaren 17an - 07:00
Azken eguneraketa: 2024-10-21 09:54

Liburuan, Alajaineta herriko jaiak datoz, baina aurten inork ezin ditu erraldoiak kalean dantzatu, eskerrak Izar, Ainubi eta Etxahun gai diren gauza miragarriak lortzeko, Kukutturlioren laguntzaz.

Batez ere txikien artean, fenomeno itzela dira erraldoiak, etxe askotan. Zergatik sortzen dute halako lilura erraldoiek?

Gorka Bereziartua: Aspalditik datorren figura da erraldoia, folklore tradizionalean dago, baina Greziako testu klasikoetan ere aurki dezakegu, Herodotok aipatzen du adibidez Orestes erraldoiaren hezurrak bilatu behar dituztela eta abar. Bada figura bat gizakia beti liluratu duena, garai bakoitzean aldaera ezberdinak izan dituena. Haurren artean fenomeno bat dira, baina baita helduen artean ere: gu baino handiagoak diren horiek, gizatasunetik harago doazenak, hainbat kulturatan beldurra ere ematen dutenak, beste batzuetan lagunkoiagoak (euskal mitologian, esaterako, hor dugu Basajaun). Haurren ikuspegitik, gainera, eskala kontu bat ere bada: gurasoak zu baino handiagoak dira, baina erraldoiak are handiagoak.

Adur Larrea: Eta gurasoek baino hobeto dantzatzen dute, gainera. Erraldoietan denetarik duzu: pertsonaia ezagunak, mitologikoak eta beste, onak eta gaiztoak, eta baita pertsonaia “arruntak” ere: laboraria, arrantzalea… Ez dugu ahaztu behar erraldoiekin batera buruhandiak egon ohi direla, eta elementu interesgarria dira baita ere, beti gibelera begiratzen joan beharra duzu, badaezpada atzetik etorri eta joko zaituzten.

Hain justu, buruhandiak ere ageri dira ipuinean; horiekin amodio-gorroto harremana izan ohi dute haurrek.

Larrea: Esango nuke gorroto maila asko txikitu dela. Lehen buruhandiek fuerteago jotzen zuten, ongi jotzen zuten, horretara zeuden. Orain, aldiz, zuzentasun politikoaren munduan sartuegiak ez ote dauden. Batzuetan, goxokiak ere ematen dizkiete haurrei, apur bat etsigarria da…

Bereziartua: Buruhandiekin gertatzen dena da ez dakizula oso ongi zein asmorekin hurbiltzen den; adinaren arabera ezberdina izan ohi da asmoa, baina harreman anbibalente horretatik, buruhandiek eragiten duten beldur puntu horretatik ere ikasten da zerbait. Ausardia, beldurra, mugak… nahasten dira, festaren baitan.

Bereziartua: "Zergatik ez uztartu euskal tradizioaren parte diren erraldoiak eta beste mitologia garaikideagoen parte diren figurak (Marveleko super-heroiak adibidez)?"

Ipuineko erraldoi batzuk ezagunak egingo zaizkio irakurleari, beste batzuk ez. Oso erraldoi bereziak dituzte Alajainetan…

Larrea: Saltsa ederra dugu ipuinean, bai, eta erraldoi ugari aurki ditzakegu: Zumalakarregi, laboraria, Gasteizko erraldoietako erregea… eta tartean daude asmatuak, Gorkaren hitzetatik abiatuta psikodelia pixka bat sarturik atera diren erraldoiak.

Bereziartua: Istorioa idazterakoan buruan nuena zera zen, zergatik ez uztartu euskal tradizioaren parte diren erraldoiak eta beste mitologia garaikideagoen parte diren figurak (Marveleko super-heroiak adibidez)? Eta hortik sortu dira Gonagorri Bionikoa, Marmitakoman…

Tradizioa dagoelako ukitzeko, aldatzeko, gaurkotzeko…

Bereziartua: Tradizioak berez eskatzen du sortzaile izatea eta momentu bakoitzera egokitzea, nahiz eta arlo guztietan bezala puristagoak eta gauzak aldatu-zaleagoak dauden hemen ere. Gauza berriak probatzeko atea apur bat zabaltzen saiatu gara gu.

Gorka, ohituta zaude helduontzako kazetaritza eta literatura egiten; ezberdin idazten al da umeentzat?

Bereziartua: Bai, haurrek beste begirada bat dutelako, gauza askotan helduona bezain kutsatua ez dagoena; helduok errealismo oinarrizko bat eskatzen diogu edozein istoriori, eta haurrei berriz hori ez zaie hainbeste inporta, magia eta ezustekoa errazago barneratzen dute eta erosoago daude horretan. Aldi berean, zailtasun bat ere badu umeentzat idazteak: haurrak irakurle oso exijenteak dira, argi adierazten dute zer gustatzen zaien eta zer ez, eta horrek errespetua ematen dit. Erronka hori izan da, publiko exijente hori gustura geratzeko moduko zerbait egitea.

Larrea: "Lehen buruhandiek fuerteago jotzen zuten, orain zuzentasun politikoaren munduan sartuegiak ez ote dauden. Batzuetan, goxokiak ere ematen dizkiete haurrei, apur bat etsigarria da"

Adur, gauza bera galdetuko dizut. Ezberdin marrazten da haurrentzat? Min handia egin du Disneyk?

Larrea: Helduontzako komiki edo ilustrazioak egiten direlarik, kode jakin batzuk jada barneratuak ditugu eta errazagoa izan daiteke horiekin lan egitea, adierazi nahi duzun hori uler dadin. Umeen abantaila da irudimen oso malgua dutela, guk baino tarte zabalagoa uzten diotela imajinazioari eta guretzat ezinezkoa den zerbait aise uler eta barneratu dezaketela, nahiz eta esaterako racorda ez mantendu edota pertsonaia bera fisikoki aldatu. Beraz, abantaila da, marjenetatik kanpo marrazten saia gaitezkeelako edota konbentzioak ez dituzulako zertan errespetatu.

Disneyk ere konbentzio batzuk segitzen ditu, ez naiz sartuko onak edo txarrak diren, egia da lan ikusgarria egiten dutela, bisualki biziki erakargarria, baina batzuetan mezua edo mamia, kontatu nahi dena, ez da oso originala, nahiz eta gero funtzionatu funtzionatzen duen.

Haurrak publiko exijentea direla aipatu duzue, eta hala ere, ez ote ditugun hainbatetan inozotzat hartzen.

Bereziartua: “Haurrentzako denez, edozerk balio du” ideia egon badago hainbatetan, eta ez da hala, segituan konturatzen zara gainera.

Larrea: Ez dakit tontotzat hartzen diren, baina egileok, gurasoek, irakasleek… orokorrean helduok batzuetan ez dugu gehiegi gogoetatzen, zer nolako bazka ematen diegun gure txikiei. Eta haiek, halere, bizkor aukeratzen dute, euren irizpideen araberako exijentzia maila dute. Ez dut esaten denek Roald Dahl irakurri behar dutenik edo Quentin Blakeren marrazkiak maitatu behar dituztenik, baina Dahl eta Blake gaur egungo haurrenganaino iritsi baldin badira zerbaitengatik da, gai dira gaur eguneraino heldu den begirada berezi bat transmititzeko.

Bereziartua: "Saiatu gara egiten istorio dibertigarria, haurrek gozatuko dutena, irakurtzera eramango dituena. Irakurketak batez ere plazera izan behar duelako"

Istorioak azpi-testu eta mezu ugari ditu atzean, hainbat kapa, baina ez da “liburu pedagogiko” horietako bat, espresuki zerbait lantzea helburu duen liburu horietako bat. Zer eskatzen diozue (haur) literaturari?

Bereziartua: Oso argi genuen ez genuela egin nahi liburu bat haurrei balore edo mezu jakin bat transmititzeko. Gero horiek egon badaude istorioan, baina egiten dugun guztian dauden gisan. Rafael Chirbes idazleak Donostian eman zuen hitzaldi batean zera esan zuen: nobela bat idazterakoan bi gauza ez zitzaizkiola inporta, estiloa eta ideologia, estiloa istorioak berak eskatuko dizulako eta ideologia nahigabe ere agertuko delako. Honetan ere hala da, gure pentsamoldea, balioak… hor daude, baina saiatu gara egiten istorio dibertigarria, entretenigarria eta haurrek gozatuko dutena, irakurtzera eramango dituena. Irakurketak eta literaturak hori izan behar duelako, batez ere plazera, aldaera eta kolore guztiekin.

Larrea: Eta plazera ez bakarrik haurrentzat, nik ere plazer handiz egin dut, eta marraztu bitartean bost axola haurrek zer pentsatzen zuten. Oso ongi pasa dut hau egiten.

Bereziartua: Prozesua bera ederra izan da. Testuaren eta irudien hartu-emana asko gustatu zait; pentsa, hasieratik bukaerara testua ia erabat aldatu da, eta onerako izan da. Pertsonaien izaera adibidez askoz argiago ikusi dut Adurrek irudi bihurtu dituenean, eta interesgarria da horrek nola eragin duen testuan eta istorioan.

 Dani Blanco

Hain justu, gure semeari gehien gustatu zaion pertsonaietako bat ez zegoen istorioaren sorreran, prozesuan protagonismoa irabazten joan zen: Kukutturlio maskota. Helduekin ere egin dut kontraste lana eta hara non guraso batek esan didan nolatan jarri duzun ume bat labanarekin jolasten, Adur.

Larrea: Mugikorrarekin marraztu banu, arreta emango ote zion? Batzuetan dagoen zuzentasun politikoa, hainbatetan guk geuk ditugun beldurrek sortua, gehiegizkoa iruditzen zait. Zorionez, haurrak ez dira guk nahi duguna, eta aukeratuko dute laban batekin arkua egitea, errekan sartzea… gurasoak atzetik ibili gabe. Utzi bakean haurrak!

Bereziartua: Tira, behintzat labanak eman dio arreta eta ez udalaren kontra haurrek antolatzen duten matxinadak, kar, kar, kar. Kontuak kontu, helduek egingo dituzten irakurketetatik harago, interesatzen zait haurrak identifikatuta sentitzea.

Helduez ari garelarik, Alajainetako helduak apur bat astunak dira? Aspergarriak? Zer ikasi dezakete Alajainetako haurrengandik?

Bereziartua: Istorio honetan helduak nahiko pertsonaia ausenteak dira, eta iniziatiba eta protagonismoa haurrek dute, eurak saiatzen dira istorioan planteatzen den problema beren kabuz konpontzen. Zer egin dezakete haurrek, euren artean antolatuta, nahi duten hori lortzeko, kasu honetan kalejira salbatzeko? Hori da interesgarriena, helduak bigarren mailako pertsonaiak dira.

Larrea: Hanna-Barberaren marrazki bizidunetan, katua eta saguarenak, protagonistak txikiak direnez gizakia agertzen denean sarri gizakiaren hankak baino ez dira ageri, katua eta sagua ongi ikus daitezen. Gure ipuinean, haurrak eta erraldoiak ditugu, panoramika handiagoa egin behar da marrazkian dena ongi kabitzeko, zeren istorio honetan inportanteak dira bai txikiak, bai handiak, ez hainbeste erdikoak (helduak).

Bereziartua: Goitik eta behetik helduen mundua gainditzen duen istorioa da.

Larrea: "Umeek guk baino tarte zabalagoa uzten diote irudimenari. Abantaila da, marjenetatik kanpo marrazten saia gaitezkeelako edota konbentzioak ez dituzulako zertan errespetatu"

Saga baten hasiera da hau?

Bereziartua: Gustatuko litzaidake. Elkarlana oso polita izan da eta bai haur protagonistek, bai erraldoiek, bai Alajainetak berak oraindik abentura asko dituzte gordeta.

Larrea: Hau aperitifa izan da, bada oraindik zer kontatua.

Liburua aurkezteko ekitaldi berezia antolatzen ari gara, Durangoko Azokan ere izango zarete…

Bereziartua: Modu oso bortitzean sartzen diren beste mota bateko erreferente kulturalez jositako ingurunean, gure istorioei ere lekua egiten saiatu behar dugu, eta horregatik animatu nahi ditut haur eta helduak liburu honi aukera bat ematera.

Larrea: Aurkezpenaz eta Durangoz gain, Hernaniko Komiki Azokan ere izango gara azaroaren 16an, liburua aurkezten. Gogoratu Gabonak hortxe daudela eta opari perfektua dela hau.

* Liburua eskuratzeko, sartu ARGIAren Azokan.

* Elkarrizketa astekarian nola joan den ikusteko, PDF formatuan duzu lotura honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


Arrats dibertigarria

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia,... [+]


Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Materialismo histerikoa
Haur euskaldun izatea

Igande goiza Tolstoiren ipuin bat irakurtzen pasa genuen, irakurtzen, euskaraz: “Zenbat lur behar du gizon batek?”. Eta Elena Odriozolaren marrazkiak ezagutu ditu Gulliverren abenturetan ikusi zituelako, Ipuinen harian gozatu. Diskotekero jartzen da gero, maiz, eta... [+]


Ireki dute Urruzuno literatur lehiaketarako lanak aurkezteko epea

Saria bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango da. Guztira hogei irabazle izango dira, eta ikastetxeak ere sarituko dituzte.


Oin bat bestearen aitzinean?

Gure semea irakurtzen hasi zelarik eskolan, bere adineko liburu bila aritu ginen. Horrela agertu zitzaigun etxean frantsesezko Sami et Julie font des crêpes (“Samik eta Juliek matahamiak egiten dituzte”), E. Massonaud eta T. Bontéren lana. Izenburua... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


33 eskolatako ikasleak gerturatuko dira Ikusi Mikusi haur eta gazte literatur azokara

Haur eta gazteei zuzenduta euskaraz dagoen literatur azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Saran egingo dute eta Euskal Herri osoko 33 eskolatako 1.396 ikaslek, familiek eta arloko profesionalek hartuko dute parte. "Hazi handiak ereiten ditugu haur eta gazte horiengan".


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Gookapi, haurrentzako euskarazko lehen plataforma interaktiboa

Gookapi.eus euskal ekoizpeneko marrazki bizidunen 1.000 minutu baino gehiago daude eskuragarri. 10 urtetik beherako haurrei zuzenduta dagoen euskarazko lehen plataforma interaktiboa da.


Kronika
Oinarria zaindu, bidea egiteko

Geure Gelatik emakume idazleen liburu azoka ospatu da asteburuan Azkoitian. Hainbat liburu aurkezpen eta solaserako aukeren artean, haur eta gazte literatura izan dute hizketagai Jasone Osoro eta Alaine Agirre idazleek, Xabier Mendigurenek proposatutako hari muturrei segika.


Eguneraketa berriak daude