“Batzuetan beldurra ematen du zer datorren galdetzeak”

  • Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa duelako. Prozesu onkologikoaz eta Osasunbidean izandako arretaz mintzatu da.

Argazkia: Olaia L Garaialde
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Duela zortzi urte bizkarraren albo batean hasi eta barera zabaltzen zen “ikaragarrizko mina” sentitzen hasi zen Olga Garate: “Larrialdietara joan, eta esan zidaten hainbeste larrialdi egonda zergatik joaten nintzen haize batzuengatik. Bat-batean, egun batetik bestera ikaragarrizko minbizia zen". Hilabeteak pasa ziren eta mina handituz joan zen "jasanezina" izan arte. Ohiko medikua bajan zegoen, eta egunero medikuz aldatzen zioten. Azkenean ekografia bat egin zioten: "Medikuak esan zidan: 'Barean orban batzuk atera zaizkizu, baina ez egin kasurik'”. Txostena eskatu eta larrialdietara igo zen. Behin eta berriz probak egiteko eskatu ostean, linfoma bat zuela esan zioten eta ospitaleratu egin zuten.

Ordutik aurrera, denbora luzez ingresatuta egon da, proba ugari egin dizkiote eta kimio saioak egunero. Kimioarekin hasi eta urte eta erdira, lanean hasi zen larrialdietan: "Pandemia osoa lanean egon nintzen, akigarria zen". Garai horretan arriskuko pertsonak zirenei gaixo agiria ematen bazieten ere, Garatek ez daki zergatik ez zioten deitu. Halere, ez zuen deus esan, lana ihesbide bat zelako: "Hasierrek, gure semeak, desgaitasun altu bat dauka. Zentro batean ingresatuta dago, eta pandemian zentroa hilabete itxita egon zenez ezin genuen ikusi. Bideo-deiak egiten genituen arren, burua estaltzen zuen haserre zegoelako. Ematen zuen abandonatu egin genuela". Hori egiten zitzaion zailena, semearekin  ezin hitz egitea eta nola erreakzionatuko zuen pentsatzea.

Urte batzuk lanean eman ostean, duela bi urte mediku-azterketara joan eta esan zioten guztiz desagertua zela minbizia: "Lagunekin, familiarekin, mundu guztiarekin ospatu nuen". Hurrengo egunean, lanean zegoelarik, iraganean izandako min bera sentitu zuenez, larrialdietara joan zen. Bertan, esan zioten kolikoak izanen zirela. Mina baretzen ez zenez, berriz joan zen larrialdietara: "Ni oso indartsua naiz, baina malkoak erotzen zitzaizkidan ezin nuelako gehiago. Medikuak oso ongi artatu ninduen eta analitika bat eskatu zuen". Hitzordurik gabe hematologoarenera joan zen emaitzekin: "Eskuak burura bota zituen: “‘Ezinezkoa da, ezinezkoa da, emaitza hauekin berandu goaz!’".

Oro har hematologian “oso ongi” artatu dutela sentitzen du, baina Bideko Ama Birjinaren Ospitalera eraman zutenean mediku batek izan zuen jarrera ere oso presente dauka. Ospitalera iritsi zen larrialdizko proba batzuk egitera, baina medikuak Garateren sintomak gutxietsi eta proben larritasuna zalantzan jarri zuen: “Ikaragarrizko mina neukan eta sabela ukitzen zidaten kexatu arren, esan zuen miaketa guztiz normala zela. Negarrez nengoen ezin nuelako mina gehiago jasan, lasaigarri gehiago emateko eskatu nien, baina medikuak agindu zuen botika guztiak kentzeko”. Emaitzak jaso zituenean medikua larriturik agertu zen eta ez zuen izandako jarreraz ardurarik hartu: “Eskuak astinduz esan zidan: ‘Arrazoia zenuen, arrazoia zenuen. Kontatuko dizute’”.

Horren ostean, biopsia bat egin eta linfoma folikular bat zuela esan zioten. Poliki-poliki hazten den linfoma bat da, osabiderik ez duena: “Duela zortzi urtetik dagoela uste dute, baina oso azkar hedatzen ari zen linfoman zentratu zirenez, ez zuten ikusi”. Proba ugari egin, eta kimio saioekin hasi ziren: “Oso gogorra izan zen. Zazpi eguneko kimio saioak egiten nituen eta etengabe egiten nuen goitika”.

"Medikuak esan zidan: 'Barean orban batzuk atera zaizkizu, baina ez egin kasurik'"

Autotransplantea

Mila proba egin ostean, muina kalteturik zuenez autotransplante bat egin zioten. “Medikuek esan zidaten ospatzeko berriz jaio nintzela”, dio hunkiturik. Medikuak kontent dira emaitzekin. Aldi berean, argi azaldu zioten Garateri minbizia kronikoa dela. Egun, immunoterapia jasotzen ari da: “Bi urteko tratamendua da. Ez dakit zer etorriko den gero, baina momentuz bizitza lasaia daukat. Ez daukat lanik eta nire lehentasuna ama eta semea dira. Batzuetan beldurra ematen du zer datorren galdetzeak”.

Hori dela eta, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote. Gaixo baimena eskatu zuenetik ez du inongo arazorik izan; halere, agirian jartzen dute epaimahaiko kideek berraztertu dezaketela eta espero dutela ezintasuna eman eta bi urtera lanean egotea: “Nahiko nuke ongi egon eta lan egin, baina gaueko bederatzietarako ohean nago”.

Prozesuan oso informazio gutxi jaso zuela eta bere kabuz bilatu behar izan duela azaldu du Garatek: “Adibidez, ez zidaten deus esan elikaduraren inguruan, zer egin edo zer ez. Bizikletan aritzea izugarri gustuko dut eta ez nuen kentzea nahi”. Zorionez, ahal zuen neurrian egiten jarraitzeko esan zioten. Hiritik ohiko bizikletarekin ibiltzen da eta distantzia luzeetarako, 40 edo 60 km inguru egiteko, elektrikoa.

Lehenengo kimioarekin hasi zenean bizikleta bat jartzeko eskatu zien: "Egunean hirutan aritzen nintzen bizikletan, baina lehenengo hiru kimio saioak pasa zirenean ezin nuen gehiago. Txiki-txiki egiten ninduen". Horrez gain, yoga onkologikoa egiten du astero. Norberaren beharretara egokitutako yoga izateaz aparte, elkarrekin mintzatzeko eta kezkak partekatzeko espazioa ere bada. “Kirola egitea beharrezkoa da niretzat”, nabarmendu du.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Zangoak. Oinez edo bizikletan noanean bizia ematen didate".

Argazkia: Olga Garatek utzia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude