“Horrenbeste erromantizatu dugunez auzia, ez gara kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez”

  • Heldu da eguna: espetxetik aterako dute Ihintzaren aita. Une horixe du irekiera Eztizen Artolaren (Bilbo, 1999) Gurpilak eleberriak (Txalaparta, 2024). Hortik egingo du atzera, aita bisitatzeko kartzelara egiten dituen joan-etorrietan haur motxiladuna hazten, egoeraz jabetzen ikus dezagun. Baita hortik aurrera ere, aita askatu arren, Ihintzaren bizkarrak jarraituko baitu zama garraiatzen. Izango du aldean, bestalde, hura arinduko duen bidelagun eta irakaspenik ere.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA
Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA

Irailaren hasieran eman zenuten liburua argitara, eta honezkero egin dizkizute hainbat elkarrizketa, idatzi dira hari lotutako erreportajeak, zutabeak... Hasteko, zorionak! Bestalde, nola ari zara bizitzen lana munduratzea?
Eskerrik asko! Nahiko zoroa izaten ari da. Ez nuen uste halako dimentsioa hartuko zuenik, izugarria izaten ari da. Pozik, uste dut. Urduri ere bai. Baina maitasun mezu pila bat jasotzen ari naiz, motxiladun haur nahikotxok idatzi didate... Orduan, polita izaten ari da.

Sentsazioa dut askok azken urteetan pixka bat ahaztuta genuen gai bat gogorarazi diguzula: presoena eta, zehazki, motxiladun umeena.
Horregatik erabaki nuen hau zela momentua: iruditzen zait, espetxeaz eta motxiladun umeez aritzean, iraganean hitz egiten hasi garela bat-batean. Espainiako Estatuko sakabanaketa bukatu eta badirudi honezkero ez dagoela arazorik. Lasaitzen ari gara, zentzu negatiboan. Gaia berriz mahaigainean jarri nahi nuen, eta, horrekin batera, gogorarazi oraindik Frantziako Estatuan dauden presoak ehunka kilometrora daudela eta haien seme-alabek jarraitzen dutela guk bizitakoa pairatzen.

Gainera, errelatoa beste ertz batzuetatik osatzen ari gara garaiotan. Ez naiz lehenengoa gizonen begiradatik aldentzen: Miren Azkaratek atera zuen haur erbesteratuen inguruko testigantza-liburua, Lander Garroren Gerra txikia, Zenbat lo album ilustratua, Olatz Dañobeitiak bukatu berri duen tesia... Ez naiz igerileku hutsera bota; bide hori ere ireki didate beste batzuek.

Zer leku esango zenuke eman zaiela motxiladun umeei euskaldunon errelato kolektiboan?
Esango nuke izan dela txikia, helduen begiradatik eraikia, eta pixka bat penazkoa, biktima paperari lotua. Ulergarria da, umeak oso izaki zaurgarriak direlako eta egoera gordin baten aurrean daudenean bihotza uzkurtzen zaigulako. Baina oso eskasa izan da leku hori, eta orain arte beste batzuek eraikitakoa.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA

Horri erantzuteko asmoz ekin zenion lan honi?
Bai. Idazteko joera beti izan dut, baina inoiz ez nuen pentsatu honen inguruko nobela sortzen amaituko nuenik. Baina, sakabanaketa bukatzear zegoela, Madrildik gora egon zirenean Espainiako Estatuan zeuden preso guztiak, “ospatzearren” edo, komunikabide asko hasi ziren preso ohiei elkarrizketak egiten; oro har, preso ohi gizonei. Aitari ere egin zioten, eta galdetu zioten Puerto de Santamaríako espetxera (Cadiz, Andaluzia) zihoan autobusaren inguruan. Pentsatu nuen: “Hau zer da, broma bat? Autobus honetan ez dira preso ohiak egon, baizik eta senideak, lagunak, bikoteak, amak... Benetan honen inguruan ere gizon preso ohiei galdetu behar diezuela?”. Orduan, nolabaiteko haserreak eta kontzientzia feministak bultzatuta, testu bat idazten hasi nintzen. Naiz-en argitaratu zen iritzi-artikulu bat izaten bukatu zuen, eta pixka bat zihoan esatera nahikoa dela fokua gizon preso ohiei soilik emateaz. Horrekin batera, maitasun inkondizionalaren eslogana zabaltzen ari zen hartan —“gure neskak onenak dira, Puertoraino etorri dira astebururo...”—, gogorarazi nahi nuen baietz, txalotzekoa dela, baina ez zutela bakarrik maitasunagatik egin: hori ere militantzia politikoa zen. Eta, aldi berean, guztiz baldintzatuta: zeinek erabaki zezakeen benetan horrela jarraitu nahi zuen edo ez? Ezezkoa erabaki zutenekin zer egin dugu guk, mugimendu politiko bezala, nola tratatu ditugu? Izan zuen oihartzuna artikuluak, eta inguruko lagun feminista askok eskertu zidaten idatzi izana.

"Iruditzen zait, espetxeaz eta motxiladun umeez aritzean, iraganean hitz egiten hasi garela bat-batean"

Horrez gain, 2021eko gazte feministen Baterajotzean Emakumea eta kartzela tailerrean parte hartu nuen. Tailerraren ondorioetako bat izan zen falta zitzaigula beste begirada batzuei arreta jartzea, eta horrek bultzada eman zidan erantzuteko. Ertzetara jo eta, kontuan izanik badirela oraindik eta periferikoak diren ertz gehiago, bizipenek ematen zidaten aukera baliatuz, zerbait sortzeko.

Lanak elementu autobiografikoak badituela jakinik, erraza da irakurleak biluzte moduan jasotzea. Ez da egoera erraza, eta are gutxiago literatur plazara sarrera eman dizun lana izanik.
Liburua idazten hasi nintzenean ez neukan oso argi zertan ari nintzen, fikzioa izango ote zen, nobela... Baina laster konturatu nintzen ez nuela neure bizipenetan zentratu nahi. Batetik, hainbeste motxiladun haur egonda herri honetan, pertsona bakarraren bizipenetan zentratzeak hutsune asko sortuko lizkiokeelako kontakizunari. Eta bestetik, neure burua modu horretan erdigunean jartzeak beldur eszeniko pixka bat eragiten zidalako. Beraz, erabaki nuen inguruko lagun batzuen bizipenekin osatuko nuela eta, hala, baliatuko nuela hori guztia ariketa kolektibo bat egiteko, bai idazketa prozesuan, bai hemendik aurrera datorren guztian ere.

Horretarako, motxiladun haurrok kafe bueltan terapia pixka bat egiteko edo poteak hartzeko elkartu garenetan atera diren gertakari eta sentipen errepikatuei begiratu diet. Horiek bai edo bai sartu gura izan ditut. Haurtzaroko pasarte asko gogoratzen ez nituenez, amari galderak egitera jo dut, eta inguruko lagunei, bizitakoa oroitu edo, bestela, imajinatzeko. Irudikatze-ariketa izan da, pentsatuz nola jokatuko genukeen bost urterekin espetxea zer zen ere jakin barik espetxera heltzean. Baita inguruko haurren jokabideei erreparatuta ere.

Askori zaigu ezaguna eleberriak jasotzen duen giroa, haur motxiladunon errealitatea hain hurbiletik bizi ez arren. Hirugarren pertsonan entzundakoari sakontasuna emateko aukera da.
Hori bilatu nahi nuen. Uste dut daukagula pixka bat mitifikatua espetxearen eragina, minimizatu egiten dugula. Horrenbeste erromantizatu dugunez auzia, ez gara benetan kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez. Euskal Herrian oso ikerketa gutxi egin dira motxiladun haurren inguruan. Nik horren inguruan egin nuen Gradu Amaierako Lana, eta ondorioetako bat zen espetxeak bere horretan izugarri baldintzatzen duela haurren garapena, hainbat arlotan. Eta jo dugunez hori nolabait lausotzera, ez dugu aztertu nolako trauma sor diezaiokeen horrek guztiak bizitza osoan zehar espetxea zentroan izan duen umeari, edo aita edo amarekin kalean bizi zen eta bat-batean gurasoa kendu dioten umeari, atxiloketan presente egon eta pistola zuzendu diotenari... Uste duguna baino arazo askoz gehiago sor ditzake egoerak, ez bakarrik haur motxiladunei, baizik eta edozein haurri zeinaren gurasoak espetxean dauden.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA

Irakurtzerakoan sentsazioa izan dut orokorrean begiratu izan diogula espetxearen alde “kuantifikagarriari”, errepikatu ditugula kilometro kopurua, orduak, gasolinan gastatutako dirua... eta falta izan zaigula horren atzean dauden inplikazio emozionalei begiratzea.
Horrek bi bide ditu. Batetik, orain arte zer zurruntasun mailarekin begiratu behar izan diogun egoerari. Emozioei zirrikitutxoa utziz gero, litekeena krak egitea delako. Orduan, oskola eraiki behar duzu, edo eraiki behar dizute; umeen inozentzia baliatuz disimulatu bizitzen ari zarena. Oskol handi horren ondorioz bukatu dugu sinesten, baita mugimendu bezala ere, presoa askatzen den egunean sufrimendua bukatzen dela. Nik erabaki nuen liburuan ez zela hor bukatuko kontakizuna, niri neuri askoz gehiago kostatu zitzaidalako aitaren etxeratze eta egokitzapen-prozesua aurrekoa baino.

Izan ere, jaiotzean tokatzen zaizun egoeran bizitzen ikasten duzu. Niretzako hori zen ohikoa, eta hori sostengatzeko badugu sare bat eraikia: fisikoki, bidaiak egiten laguntzeko, ekonomikoki, sozialki, emozionalki inguru hurbilak babesten bazaitu... Eta gero, espetxetik ateratzen da senidea, eta dena da zoriona, errelatoaren arabera. Eta ez da egia. Zeren eta bat-batean heltzen zaizu etxera aita bat edo ama bat apenas ezagutzen duzuna. Orokorrean, gainera, etxean bizitzen egon diren horien artean oso lotura bereziak sortu dira, amekin, aitona-amonekin... Zerbait partekatua pairatzean modu berezian elkar zaintzen ikasten duzu. Eta orain ikasi behar duzu pertsona berri horrekin bizitzen eta, gainera, beste pertsona horiekin daukazun lotura baldintzatuko du nolabait. Horri ez diogu hitzik jarri oraindik. Niri asko kostatzen zait hitzetara ekartzea, epaitua izan naizelako horregatik. 

"Gure preso-tzat ditugunak etxeratzen ditugunean, gerta daiteke espetxea ahaztea gure mugimenduan"

Ihintza haurra denean, egoera leuntzeko saiakeran, gezurra esaten diote espetxearen inguruan. Haurrei gezurra esateko ohitura orokortuak ez dirudi bidezkoa, baina, aldi berean, nola egin bizigarri bere horretan bidezkoa ez dena? Edonola ere, iruditzen zait gizarte moduan haurrak infantilizatzeko dugun joera agerikoa dela.
Bai, eta esango nuke gaur egun aldaketa bat nabaritzen dela gu motxiladun haur izan ginen garaiaren aldean. Nik inguruan ditudanen kasuan, behintzat, ez diete esaten aita lanean dagoenik. Umeen garapen emozionalari, autonomiari eta halakoei horrenbesteko arreta ematen ari zaion garaian, ama eta amama askok –horiek baitira inguruan ditudanak– erabaki dute argiak izatea umeekin. Muga batzuekin, noski, elkarrizketak ezin duelako agian nahi bezain sakona edo garatua izan.

Oso erabaki zaila iruditzen zait, izan ere, kartzelarekin datozen konnotazio negatiboen ondorioz, arazotsua da haurra egoeraz jakitun izatea. Ez baldin badago lagundua kartzelaren inguruko beste hausnarketa batzuekin, gaizkilearen hori daukagu buruan. Liburuan ageri den gatazka da: “Aita gaizkilea da, bihozgabea da... baina nola izan daiteke, ni hainbeste maite banau, eta amak hainbeste maite badu bera?”. Badago mito hori: kartzelan dauden guztiak gaiztoak direla eta merezi dutela hiltzea.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA

Liburuak pausuak ematen ditu Euskal Herrian zutabe handia den figura bat deseraikitzeko: eusko gudariarena. Nondik dator hori?
Bizipen propioetatik. Auzoan ikusi dudanetik, militantzia-espazioetan... Bestalde, haur motxiladun askori sortzen zaigu gurasoen ikuspegi horrekiko kontraesana. Txikitan, ez zarenean kontziente sistema oso bat dagoela behartzen duena zure aita espetxean egotera, ez da erraza argi izatea bera ez dela horrela bizitzea erabakitzen ari. Uste dut askok sentitu dugula bi aurpegiko historia zela: batetik, hezi gaituztenen ezkutuko lana eta sostengu emozionala, orokorrean emakumeek egina, amek eta amonek; eta bestetik, etengabe ohoratzen ari ginen beste figura hori, ez zegoena gure etxeetan, eta batzuetan ulertu izan duguna gure minaren erantzule gisa. Nahiz eta horrela izan ez, ume baten ikuspegitik hala uler daiteke.

Beste arlo batzuetan mugimendu feminista ari den moduan saiatzen hori arrakalatzen, gure mugimendu politikoan falta zitzaigun emakume horiei aitortza egitea. Ez figura hauek idolo bilakatzeko, baizik eta birpentsatzeko zeri ematen diogun aitortza politikoa, zer erabaki diren txalotzen ditugunak eta zeintzuk ez, eta, are, zeri kentzen diogun erabaki izaera bera. Izan ere, badirudi preso egon diren gizonen bikotekide emakumeei tokatu egin zaiela ama izatea. Eta badu hortik, ezin izan dietelako haien buruei permititu erabaki ahal izatea, kanpokoak neskak izan direnean. Eta, kontrara, zenbat emakume preso izan ditugu urteak eta urteak bis intimorik gabe?

Finean, ikusarazi gura nuen zer zen gure etxeetan gertatu dena, zeinek sostengatu dituen gure bizitzak; barrukoek, zoritxarrez, ezin izan baitute egin.

"Gure mugimendu politikoan falta zitzaigun emakumeei aitortza egitea. Ez figura horiek idolo bilakatzeko, baizik eta birpentsatzeko zeri ematen diogun aitortza politikoa"

Bikotekideak eta gurasoak bigarren planoan badaude, enegarrenean geratu diren horiek ere baditu lagun Ihintzak: Mirentxin kolektiboko gidariak, senide urrunagokoak eta senide lagunak…
Nahi nuen drama absolututik ihes egin eta ez irudikatu ume bat bizitza zail-zaila daukana, super triste bizi dena, baldintza penagarrietan... Uste dudalako gutako asko ez garela horrela bizi izan, pixka bat faltsua litzatekeela. Eta egon dira hainbeste figura lan egin dutenak guretzako hau guztia ahalik eta bizigarriena izan dadin, ze ezinbestekoa iruditzen baitzitzaidan aipatzea, esaterako, Mirentxineko gidariak. Adibidez, nire amak ez du gidatzen, eta beti izan dugu aukera bisitan joateko: aita Puerton zegoenean, autobusean; gero Mirentxinekin, edo lagunekin, senideekin... Ezinbestekoa iruditzen zitzaidan jende horri ere aitortza egitea, hori ere erabakia izan baita, politikoa. Emozionala bai, baina politikoa ere bada. Izugarrizko antolakuntza-maila eduki dugu herri honetan elkartasun guzti hori antolatzeko.

Egia da kontakizunak baduela halako soiltasun bat: egoera bortitz eta mingarriak dira, eta sentipenek badute presentzia, baina narrazioa ez da haien baitan kateatuta geratzen. Nahita saihestu duzu hori?
Bai. Umearen ahotsak oso aukera polita eman dit horretarako: inozentziaren bidez arazoak pixka bat sinpletzeko eta umore pixka bat absurdoagoa sortzeko. Horretan Garazi Arrula editoreak lagundu dit pila bat. Gero, Ihintza hazten doan heinean, gehiago sakontzen da arazoetan eta hausnarketa politikoetan.

Bestalde, liburua heldu zenean eta distantziaz irakurri nuenean goitik behera, duen intentsitateaz konturatu nintzen. Azkar irakurtzen da, idazkera nahiko arina baitu eta horrek eramaten egiten baitzaitu. Baina irakurri duzunaren inguruan pentsatzen gelditzen zarenean, intentsitate emozionala, politikoa... Izugarria da.

Lanaren egiturari dagokionez, aita espetxetik ateratzen den unetik abiatzen gara, gero atzera egiteko. Nondik dator erabaki hori?
Nahi nuen apurtu, aipatu dudan moduan, aita espetxetik ateratzen denean mina bukatzen delako kontakizunarekin. Une hori desmitifikatu nahi nuen, gaiaz hizketan haur motxiladun askok aipatu izan baitugu egunean bertan nahiko itota sentitu ginela, estresatuta. Zoriona bazegoen, noski, baina unea bera desatsegin samarra izan zen askorentzat. Eta iruditzen zitzaidan izan zitekeela asmo-erakustaldi bat, lanak ekarriko zuen gorabehera emozional guztiena. Era berean, hala fokutik kentzen da unea bera, eta aukera zabaltzen da aurrekoan eta ostekoan zentratzeko. Pasarte bat gehiago da, ez lanaren zentroa.

Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC-BY-SA

Kartzelak eztandarazteko aldarriak ixten du lana. Izan ere, Euskal Herriaren azken hamarkadetako historian pisu handia izan du espetxeak, baina ez da guri soilik dagokigun auzia.
Horrela bukatu nahi nuen, batetik, gogorarazteko gaur egun ere badaudela 97 haur, 62 adin txikiko guraso gabe hezten ari direnak. Aldarria egin nahi nuen, garaiotan beste fase politiko batean kokatzen ari garelako espetxea bera, baina uste dudalako oraindik ere urte asko falta direla amesgaiztoa buka dadin, eta badaudela pagaburu izango diren kide batzuk, asko pairatu beharko dutenak. Orduan, badauka beldur horretatik, ez ahazteko nahitik.

Basakeria hutsa da espetxea bere horretan. Sistema oso bat da pertsonak suntsitzeko, pertsona jakin batzuk. Ertzekoak. Eta aurreikus dezaket gure mugimenduan gerta daitekeela, "gure preso"-tzat ditugunak etxeratzen ditugunean, espetxea ahaztea. Gure ingurua ez duenez hainbeste baldintzatuko, ahaztuko dugun borroka-eremua izan daitekeelakoan nago.

Guk, gainera, beste batzuk baino baldintza askoz hobeekin egin ahal izan diogu aurre espetxeari. Larritasunik kendu gabe, baina sare oso bat egon da bisitan joateko jendea antolatzen, presoak ekonomikoki eta emozionalki sostengatzen... Badago espetxeari askoz egoera prekarioagoan aurre egin behar dionik, eta are gehiago haien haurrek. Eta horrekin batera, gainera, aurre egin behar diote espetxearen baitako estigmari. Guk ez bezala, inguru batzuetan behintzat. Estigma sozial hori haien larruan bizi dute: gurasoak lapurtzeagatik edo droga-kontuengatik badaude espetxean, gizartearen begietan, ikaskideen, irakasleen edo, are, senideen begietan, gurasoek merezi dute espetxean egotea. Ez da jendartean sor daitezkeen arazoei irtenbidea topatzeko tresna bat, baizik eta arazo horiek betikotzekoa, eta jende konkretu bat izkinaratzekoa. Tresna eraginkorra eta brutala da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: motxiladun haurrak
2022-01-24 | Leire Artola Arin
Espetxean jarraituko duen amagandik bereizi dute Izadi, hiru urte bete dituen egunean

Motxiladun haurra izango da Izadi, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba. Igandean bete ditu hiru urte, eta legeak hala dioenez, Aranjuezeko espetxetik atera dute urtemuga egunean, amagandik banatuta. Aitarekin elkartu da, Gutierrez ostiralean aske utzi... [+]


2022-01-21 | Hiruka .eus
Izadik gurasoekin egon beharko lukeela aldarrikatzeko protesta egingo dute igandean

Domekan, hilaren 23an, Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba den Izadik hiru urte beteko ditu eta, ondorioz, gurasoengandik banatzera behartuko dute. Hori salatzeko, Izadi Gurasoekin Etxera ekimenak manifestazioa egingo du Algortan, Txiki... [+]


2021-03-22 | ARGIA
22 urte geroago ez da aldatu ‘haur motxiladunen’ egoera

Martxoaren 20an ekitaldi bateratua antolatu zuten Bilbon Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenak eta Sarek. Umeek haien guraso presoekin Euskal Herrian egoteko aukera izan dezaten aldarrikatu dute.


2021-03-08 | ARGIA
3 urte bete dituen Irati espetxetik atera eta bere gurasoengandik banandu dute

Madrilen preso dauden Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain euskal preso politikoen alaba da Irati. Iratiren gurasoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eskatu du Sarek.


2021-02-08 | Ixone Arana
Irati haurra gurasoekin uzteko eskatu dute Bilbon

Jira eta Bira Irati gurasoekin Euskal Herrira kalejira burutu da larunbat honetan Bilbon, Arriaga Plazatik Areatzara. Zaballako espetxean familientzako modulu misto bat edo zaintzapeko pisu bat prestatzea eskatu da, Irati haurrak bere gurasoekin bizitzeko aukera izan dezan.


2020-12-10 | Jone Markuleta
Sarek mobilizazioak egingo ditu abenduan Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Mobilizazioak deitu dituzte abenduaren 19tik 26ra Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Horrez gain, kartzeletara martxak ere egingo dira.


2020-07-21 | ARGIA
Motxiladun umeek urte erdi daramate gurasoak ikusi gabe

Euskal presoen seme-alabek urte erdia aita, ama edo biak ikusi gabe daramatela salatu du Sarek. Ia 100 motxiladun haur eta nerabe daude Euskal Herrian: “Zein agintari, politikari, epaile edo herritarrek onartuko luke seme-alabak ikusi eta besarkatu gabe hainbeste hilabete... [+]


2020-06-15 | ARGIA
Irati gurasoekin eta Euskal Herrian nahi dutela aldarrikatu dute Bilbon

Bi urteko Irati motxiladun haurraren aldeko mobilizazioa antolatu zuen Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenak larunbatean Bilbon. Aranjuezeko espetxean bizi da Irati, bere bi gurasoekin. Familia osoa Arabako Zaballa espetxera ekartzea eskatu dute.

 


2020-01-21 | Ane Labaka Mayoz
X

X Xua da. Xua Lasagabaster Uranga.
X Olatz da. Olatz Lasagabaster Anza. Amatxo.
X Patxi da. Patxi Uranga Salbide. Aitatxo.
X Mari Karmen da. Mari Karmen Anza Suberbiola. Amona Mari Karmen.
X Usurbil da. Orio da. Zarautz da. Euskal Herria.
X Picassenteko espetxea da... [+]


2020-01-20 | Usurbilgo Noaua
Haur motxiladunen eskubideak betearaztea eskatu dute, “Motxilak gora!” ikuskizunean

Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak antolatuta, "Motxilak gora!" ikuskizun jendetsua ospatu da igande goizean, Donostiako Atano frontoian. Aske behar zuten arren, gurasoak gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean dituen Xua Lasagabaster... [+]


2018-07-05 | Nahia Ibarzabal
‘Motxiladun haurren’ sufrimendua grafikotan azalduta

Motxiladun haurren testigantzak eta datuak grafikoki agertu ditu Exprai artista nafarrak ‘Motxila etorkizunez bete’ erakusketan.


Eguneraketa berriak daude