Ainhoa Lasa Agirre (Lovaina, Flandria, 1976) Emun kooperatibako kidea da. UEUko udako ikastaroetan, hezkuntza soziolinguistikoaz hizketan ezagutu genuen uztailean. Dozena bat urte daramatza DBH4ko gazteen ikasgeletan esku-hartzeak egiten. Egitasmo osoak dira, herriko ikastetxe guztietan batera egiten dute lan. Gaur egun Zarautz, Zumaia, Beasain, Hondarribia, Eibar eta Pasaian ari dira. Proiektuotako aholkulari ere bada.
Zer esan nahi duzue ikasgeletan soziolinguistika eman behar dela diozuenean?
Guk ez dugu "eman" hitza erabiltzen, eta soziolinguistika bakarrik ere ez da; uste dugu soziolinguistika eta psikolinguistika landu behar direla. Gaia ikasgelara eramaten dugu eta hitz egiten laguntzen diegu ikasleei. Ezagutza falta dute, eta informazioa ematen diegu, hiztunoi eta hizkuntza komunitateei buruz hitz egitean, elkarrizketarako helduleku sendoak izan ditzaten.
Lanean ari zaren dozena bat urte hauetan zenbat aurreiritzi puskatu zaizkizu?
Pila bat. Puskatu zaidan bat: utzikeriagatik ez dute euskaraz egiten. Esango nuke askoren buruan dagoela. Ez da horrela. Beraiek, adibidez, euskaldun berriaren definizioa beste leku batetik egiten dute, haien lotsak eta zauriak dituzte, eta ez dute hain modu kontzientean egiten erdaraz. Helduok dauzkagun zauriak, eta beste batzuk dituzte. Motxila handi bat dute. Baina gaztea eta euskalduna izatea beraientzako zer den ulertzen lagundu didate. Ikuskera eta definizioetan aniztasun handia dute. Ez dakit nola esan. Jartzen naiz beren lekuan, eta ostras!. Nik zer egingo nuke? Zer da euskaldun iritsi berria izatea? Zer da iritsi berri pila bat izatea ikasgelan? Zer da euskara egitea lotsa ematen dion kide bat edukitzea klasean? Zer da inguruneak eta ikastetxeak bat ez egitea? Alegia, eskolan denak dira euskaldunak, eta agian, kalean ez. Ni ere horrela joan nintzen: Denak euskaldunak baldin badira, zergatik ez dute, bada, euskaraz egingo? Ezintasun errealak ez daude, ulermen mailakoak, baina bestelakoak bai, eta uste dut batzuetan heroismoak ere eskatzen dizkiegula.
"Helduoi gure buruari galderak egitea dagokigu, gazteekin kalitatezko elkarrizketa bat eduki ahal izateko"
Zer esan nahi duzu?
Ez da gauza bera Zarautzi buruz hitz egitea edo Eibarri buruz. Begira, puskatu zaidan aurreiritzi bat: zenbat eta gehiago kontatu soziolinguistikaz, orduan eta gehiago jakingo dute, eta hala euskaraz egingo dute. Denborarekin konturatu gara eduki gutxiago emanda, hainbat eta gehiago hitz egiten dugula pertsonaz. Galdera hauek egitea da: Zer gertatzen zaizu? Non zaude? Zer nahi duzu? Zer behar duzu? Utzikeria baino gehiago, batzuek esaten dizute: “Ni zure egoeran banengo egingo nuke”. Gizarteko “euskaraz gehiago egin behar dugu” diskurtsoarekin bat egiten dute, erantzukizunaren sentsazioa badute, baina ez daukate erremintarik, indarrik, edo pisurik horri beste buelta bat emateko. Egoera ez da helduenetik oso diferentea.
Gazteak gehiago estigmatizatu dira, akaso.
Irakasle batzuei kosta egiten zaie ikustea, nahiz eta ni saiatzen naizen zirikatzen, eta diote: “Denak euskaldunak dira eta zergatik ez dute egiten? Guk esaten diegu egiteko”. Irakasleen artean denetarik dago, euskaraz egiteko eskatzen dutenak, euskaraz egitearen garrantzia azaltzen dutenak, euskaraz egiteko neurrian esaten dietenak... Azken multzokoek pasilloan erdaraz entzuten dituzte eta ondoan pasatzen dira, edo ikasleak irakasleari erdaraz erantzuten dio eta irakasleak normaltzat hartzen du. Etsipenetik izan daiteke, nahi duzuna...
Euskaraz egiteko esaten dionean, berriz, irakasleak indartsu ikusten du bere burua eta ahaztu egiten zaio zein indar daukan lagunartean.
Irakaslearen lagunarteaz ari zara?
Ikasleek erdaraz egin arren, irakaslea gai da euskaraz segitzeko, baina horixe bera plazan, bere kuadrillan, beharbada, ez luke egingo. Ikasleak dauzkanean buruan, ez du ikusten bera zein den giro horretatik kanpo. Exijentzia handia dago. Zu kalean zaren hori da ikaslea klasean. Ikaslea ez dago lantokian, bere lagunekin dago, beste behar batzuk dauzka, ondo gelditzeko behar bat dauka, besteekin bat etorri nahi du...
Beste aurreiritziren bat?
"Astuna egiten zaie euskarari buruz hitz egitea", eta nik klasean ikusi dut ez dela horrela.
"Hemen dator hau euskara gehiago egin behar dugula esatera", pentsatzen dute zu zoazenean?
Horrelaxe da. Baina, batetik, guai zaie kanpoko pertsona bat datorrelako eta ez dutelako Historia edo Fisika ikasgaia eman behar. Bestetik, buruan daukate: "Heldua da. Esango digu euskaraz egiteko!". Baina hizketaldietan ez dago epairik, “gu galdetzera gatoz zer egiten duzuen, zergatik egiten duzuen”, horrelaxe esaten diegu, “gu ez gatoz inori esatera euskaraz egin behar duen ala ez”, erdaraz egiten duzula, guai, euskaraz egiten duzula, guai, ingelesez... Baina nahi dugu egiten duzuna kontzienteki egitea.
Kontua da beren bizipenez hitz egiten dutenean piztu egiten direla. Nahi dute gaiari buruz hitz egin. Nahi dute entzunak izan. Nahi dute, “ostras, hau ez da hain erraza!” esan eta norbaitek ulertzea. Hasieran gure buruari jartzen genion helburua zen –eta oraindik ere bai–, ea nola lortzen dugun ordubetez gaiari buruzko elkarrizketari eustea. Aitzur lana da, galderak egiten dizkiegu, are eta barrurago sartzen gara. Denek hartu nahi dute parte eta denek hartzen dute parte. Erantzunak interesgarriak dira, nahiz eta ez izan oso berritzaileak. Urtero dauzkagu opariak. Bateren batek klak egiten du eta klak horrek eragina dauka ikasgela osoan.
"Gure helburua ez da 16 urterekin hizkuntza aldatzea, baizik eta erabakitzeko ahalmena eta indarra daukatenean erabakia errazago hartzea"
Gogoratzen ari naiz zuk esandakoa Eibarko ikastaroan: haiei entzun, ulertu...
Ez epaitu...
Eta diren bezala onartu.
Hori baino, saiatu ulertzen zer den 16 urte edukitzea testuinguru bakoitzean. Ez dira berdinak. Ingurune hurbilak ere pisu handia du. Batzuek leialtasun kontu bat dute. Zeri izan behar naiz leiala? Familiatik jasotzen dudan mezuari, klasean egokitzeko balio didanari... Ez da ez epaitzea bakarrik, enpatiko izateko ahalegina egin behar dugu. Ez da ikaslea onartzea eta kito, da galdetzea nor den, zer ari zaion gertatzen...
Horrek psikologiatik asko dauka.
Erabat. Ez gara psikologoak. Batzuetan esaten da ikasleei galdetu eta husteko aukera eman behar zaiela. Nire ustez, ez badugu jaso behar, ez dugu meloirik ireki behar. Hustu zertarako, ipurdi bistan uzteko? Ez. Galderak eginda ikasgelan posibilitateak irekitzen dituzu, eta bakoitzak kontatuko du nahi duena eta gero kudeatzeko gai dena.
Eremu erdaldunetan euskaraz ondoen aritzen direnei edo euskaltzaleei ez ote zaien heroi izatea eskatzen.
Gehiengoa dagoen lekuan ez dagoena markatua da. Gauza bat esango dizut, oro har, klasean dagoen diskurtsoa baino positiboagoa da balorazioetan jasotzen duguna. Ez dute euskararen alardea egingo irakaslearen aurrean! Baina erantzukizunaren pisua badaukate, nahia edo gogoa, ez dakit zer den, baina "besteek egingo balute guk ere bai" moduko bat. Gasteizkoei edo Zarauzkoei galdetzen diezu Oñatira joango balira nola egingo luketen eta esaten dizute, "euskaraz". Euskaraz zailtasun handia duenak eta erraztasun handia duenak esaten dizu. Euskaraldiak erakutsi digun gauza bera: bai, nahi dugu, baina nahi dugu plaza euskaraz egotea guk ere euskaraz egiteko. Besteek egiten duten bezala egin nahi dut, eta euskaraz bada, badakit betetzen dudala diskurtso hori. Euskaldun gehienok hori nahi dugu, aparteko ahaleginik gabe aritu.
Lehen esan duzu opariak edukitzen dituzuela, alegia, tarteka gazteek klak egiten dutela. Adibiderik?
Gozokiak eta hizkuntzak parekatzen ari ginen, jolasean. Mutil batek, euskaraz tutik egiten ez zuenak, zera bota zuen: gozokia hizkuntzak bezala da, agian ez dugu zapore bat probatu edo hizkuntza batean hitz egiten ez dugu probatu, eta ez dakigu gustatzen zaigun ala ez, eta zuek uste duzue niri ez zaidala gustatzen euskaraz hitz egitea. Klaseko liderra zen, eta denak harrituta gelditu ziren. Gero hizkuntza ohiturak aldatuko dituen ala ez? Ez dakit, 15 urte ez da besteen aurrean agerian gelditzeko garaia.
Neska batek, Murtziatik [Espainia] iritsi berriak, nonbait, gure saio guztiak bukatu eta gero klasekoekin hitz egin zuen: "Hau daukazue eta ez duzue hitz egiten euskaraz? Nik ikasi nahi dut. Niri egidazue euskaraz". Neska horri, harrezkero, euskaraz egiten diote. Horretarako ausardia eta argitasun handia behar da. Opari horiek eragina badute. Zeren gure helburua ez da 16 urterekin hizkuntza aldatzea, guk pentsatzen dugu ereiten ari garela, baizik eta erabakitzeko ahalmena eta indarra daukatenean erabakia errazago hartzea.
Horixe galdetu behar nizun, ea zuen helburua zein den.
Guk horrelaxe esaten dugu: Ez pentsa euskaraz hitz egiten hasiko direnik! Gure helburua da hizkuntza identitatearen parte dela ulertzea, eta ez bete beharreko arau bat. Gazteei esaten diegu beraien parte direla euskara eta gaztelania, eta galdetzen diegu ea zergatik ematen dieten batek lotsa eta besteak ez. Ez da justua beraientzat.
Irakasleek barneratu dute ezagutza/kontzientzia/erabilera katea ez dela derrigor beteko?
Ea, nire betaurrekoak dira hauek. Irakasle batzuk etsita daudela sentitzen dut, eta uste dute zenbat eta gehiago estutu, are eta gehiago lortuko dugula. Beste aldea ere badago, "alferrik da zer egiten dugun, ze ez dute egingo". Borroka horretan ikusten ditut, eta zain ere bai: "Esaidazu zer esan behar diedan ikasleei euskaraz egiteko". Hau da, esaidazu zer egin behar dudan nik beste batek egin dezan. Gu gauden herri batzuetan ez dago alde handirik gazte eta helduen erabileraren artean; batzuetan gazteek egiten dute gehiago, besteetan gutxiago, eta horrek helduon hizkuntza portaerez ere hitz egiten du. Herriko paisaia eta balio linguistikoen eraikitzaileak ere bagara. Helduei horixe galdetuko nieke, eta zuk zer egiten duzu hizkuntzekin beste era batera harremantzeko? Badaukazu indarra zure lagunek erdaraz egiten dutenean zuk euskaraz segitzeko? Agian ez, eta beste adin bat daukazu. Helduoi, gure buruari galderak egitea dagokigu, gazteekin kalitatezko elkarrizketa bat eduki ahal izateko.
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra aurkitu dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]
Etorkisuneku 01 izenarekin jardunaldia egingo da martxoaren 14an, datorren ostiralean, Errenterian. Badalabek eta TEKS elkarteak antolatuta "hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat" izango omen da. Badalaben egoitzan... [+]
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]
Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak
Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]
“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]
Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.
EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.
Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.