Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

  • Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatua da. Inoiz ez ditu bere gain hartu atentatu horiek, baina bere ideia politikoak ez ditu sekula isildu: antiinperialista suharra da. 1999az geroztik baldintzapean aske egon badaiteke ere, sistematikoki errefusatu zaio aukera. Hamaikagarren aldikoz aztertu berri diote eskaera eta azaroaren 15ean jakinen du epaia. Bizkitartean, lau pareten artean segitzen du 73 urteko borrokalariak.

1984an atxilotu eta preso sartu zuten Palestinaren aldeko ekintzailea.1999az geroztik egon daiteke aske, baina sistematikoki errefusatzen diote baldintzapeko askatasuna. AEBetako Gobernuaren presioa argia da, preso nahi du libanoarra eta askatze prozedura
1984an atxilotu eta preso sartu zuten Palestinaren aldeko ekintzailea.1999az geroztik egon daiteke aske, baina sistematikoki errefusatzen diote baldintzapeko askatasuna. AEBetako Gobernuaren presioa argia da, preso nahi du libanoarra eta askatze prozedurak blokeatzen dabiltza. Argazkia:Free Georges Abdallah

Berrogei urtez mundua  erabat aldatu baldin bada ere, gauza batzuek bere horretan segitzen dute. Demagun, Israelen politikak.
1982ko ekainaren 6an Libano inbaditzeko erabakia hartu zuen Israelgo Lehen ministro Menahem Beginek, Palestinaren aldeko erresistentzia itotzeko; eta berrogei urte eta gero, Libano inbaditu du berriz Israelgo Gobernuak, eta gutienez 2.000 libanoar hil ditu irailaren 23az geroztik. 1984ko urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoar marxista preso sartu zuen Frantziako Poliziak eta lau hamarkada pasa badira ere, berdin-berdin segitzen du preso. 1987ko auzian parte zibil zen AEBetako Gobernua eta Abdallahri bizi osorako kartzela zigorra bideratzearen alde aritu zen; eta 2024ko urriaren 7ko baldintzapeko askatasunari buruzko epaiketa berrian berdin segitzen dute, parte zibil izaten eta libanoarra askatzearen kontra. Nolazpait, Palestinaren okupazioaren eta zapalketaren pertsonifikazioa dugu Georges Ibrahim Abdallah, eta ezinhobe erakusten digu AEBek eta oro har Mendebaldeko estatuek Israeli erakutsitako babes itsua. Politikoa da Abdallahren kasua, eta epaiketa Justiziatik bideratu beharrean, alde politikoak hartua dio gaina. "Estatu-arrazoia" dugu maniobran, eta hori ere ez da aldatu azken 40 urteetan.

Marxista eta antiinperialista

"Leporatzen dizkidazuen ekintza antiinperialista horietan parte hartzeko ohorea ez baldin badit ere bideratu herriak, behintzat, zuen auzitegiak epaitu izanaren eta borreroen legitimitate kriminalaren parean [ekintza] horien legitimitatea defenditzearen ohorea badut", zioen epaileari, 1987ko otsaileko Asisetako bigarren auzian. Postura hori atxiki izan du hastapenetik: AEBetako enbaxadako arduradun-militarraren laguntzaile Charles Ray eta Israelgoaren bigarren idazkari Yaacov Barsimantov hil izanaz akusatua da, baina ez ditu sekula beregain hartu atentatuak, nahiz eta politikoki, ekintza antiinperialista horiek defenditu. Amerikarraren hilketa 1982ko urtarrilaren 18an izan zen Parisen, eta israeldarrarena urte bereko martxoaren 31n, Parisen ere.

Libanoko Kobayat herrian sortua 1951n, ideia marxistei lotu zen gaztetatik Abdallah, eta Palestinaren askatasunaren alde egin nahian sartu zen PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontean. Israelek Hego Libanon burutu inbasioaren aurkako parez pareko erresistentzian sartu zen 1978an. Urte bat berantago, 28 urte zituela, FARL Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailea sortu zuen, Libanoren okupazio inperialista ororen –Israel, AEBak eta Frantziarena– aurka eta Palestinaren askapenaren alde borrokatzeko. Funtsean, Abdallahri leporatzen dizkioten 1982ko bi atentatuak izan ziren FARLek beregain harturiko lehenak. Urte horretan, berriz inbaditu zuen Libano estatu sionistak, beti ere amerikarren babesarekin. 20.000 hildako eragin zituen inbasioak.

“Badakigu legalki Frantziako Gobernuak ezin duela [askatzearen aldeko] epaia ezeztatu, baina espero dugu epaiaren legezkotasunaren kontra egiteko bidea  atzematea”
AEB, 2013an

Urte horietan Frantzian da Abdallah. Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen partetik jasandako presioen eta mehatxuen abisua eman nahian komisaldegira joan eta orduan atxilotu zuten, Aljeriako pasaporte faltsua ukateagatik. "Bagenekien FARLeko kide inportante bat zela, Europako informazio zerbitzu andanak zuelako ehizatzen eta gainera, Frantziako Action Directe edo Italiako Brigada Gorriak mugimendu erradikalekin harremanak zituelako", kontatzen du garai hartan Frantziako zerbitzu sekretuen buru zen Yves Bonnetek. Hastapen batean ez zuen luzerako izan behar presondegiratzeak; 1986ko epaiketan lau urteko kartzela zigorra bildu zuen, armak ukateagatik eta paper faltsuak erabiltzegatik. Pentsa, FARLek Libano iparraldean bahituriko Gilles Sidney Peyroles diplomatarekin trukatzeko akordioa ere bazuten izenpeturik 1985ean.

1987ko auzia: estatu-arrazoiaren gailentzea

Baina atxiloketaren eta 1987ko otsailaren 23an irekiko zen auzi berriaren artean, Abdallahri begira egindako akusazioa erabat aldatu zen. Libanoarra preso atxikitzearen alde kokatu zen Ronald Reagan AEBetako presidentea bera. Komunikabide handiek izua ongi zabaldu zuten,"Frantzia ikaratzen zuen terrorista arriskutsua" bihurturik tarte laburrean. Etxean aurkituriko armaren eta bi diplomaten hilketaren arteko lotura egin eta bizi osorako presondegi zigorra ezarri zion epaileak. AEBak parte zibil ziren, eta hor hasi zuten orduz geroztik sekulan gelditu gabeko Washingtonen presioa. Horrela laburbildu zuen epaiketa, garaian L´Humanité komunikabide komunistak: "Washinghonek irabazi du, Tel-Aviven txalo artean (...), hastetik buru kanpoko estatu batek gidatu du Abdallahren kontrako epaiketa". Presoaren abokatu izandako Jacques Vergèsek behin eta berriz salatu izan du bere bezeroaren aferan sistematikoki dagoen "AEBen beto onartezina". Pentsa, 1999az geroztik egon daiteke karrikan, baina hamar aldiz errefusatu izan diote baldintzapeko askatasuna. Abdallahrekiko errabia temati hori esplikatzeko orduan, 1980ko hamarkadaren erdialdean Frantzian zegoen giroaz oroitarazten da Le Monde Diplomatique-n "'Terroriste' un jour, terroriste toujours?" (Behin 'terrorista, betirako terrorista?) erreportajean. Hainbat atentatu izan ziren auziaren aitzineko hilabeteetan, eta frogarik gabe FARLi –eta zehazkiago, Georges Ibrahimen bi anaiei– lotu zituzten autoritate politikoek baita komunikabideek ere. Alta, zibilen kontrako erasorik ez zuen bideratzen erakunde antiinperialistak eta beti zituen militarrak edota diplomatak jomugan. Gerora argituko zen Hezbollahk bideraturiko erasoak izan zirela, Irak eta Iran arteko gerlan Frantziak Irak militarki lagundu izana salatzeko.

Abdallahren askatzea galdetzeko herritar mugimendu aktiboa bada Frantziako Estatuan, Libanon eta nazioarteko beste hainbat txokoetan ere. Ipar Euskal Herrian ere mobilizaturik dira, eta autobus bat antolatzen dute urriaren 26an Lannemezanen eginen den manifestaziora joateko –hiri horretan dute preso Abdallah–.

2012-2013ko epaiketan begibistakoa izan zen amerikarren presioa. Azkenean, 28 urte preso pasa ondoren onartu zitzaion baldintzapeko askatasuna –zazpi aldiz errefusatu ondoren–. Zigorren betearazteko ardura duen auzitegiak baikorki erantzun zion eskaerari, baina laster sentitu zen AEBen presioa: "Deitoratzen dugu erruduna den Georges Ibrahim Abdallah terroristari buruzko epaia. (...) Espero dugu Frantziako autoritateek dei egitea eta ezeztatua izatea epaia", Charles Rivkin Frantziako enbaxada amerikarraren hitzetan. Erran eta egin: helegitea jarri zuen ministerio publikoak. Bigarren epaiak berretsi egin zuen askapena, baina Libanora itzultzeko baldintzapean –epaia "baikorki hartu" eta sartzeko baimena bideratzeko prozesuak abiatu zituen Kanpoko aferen ministro Adnane Mansour-ek–. Harrera festa prestatzen hasiak ziren libanoarrak, 28 urte eta gero, azkenean itzuliko zitzaielako Abdallah estimatua. Baina, bigarren abisua luzatu zuten AEBek: "Badakigu legalki Frantziako Gobernuak ezin duela epaia ezeztatu; baina, Frantziako autoritateek epaiaren legezkotasunaren kontra egiteko bidea atzematea espero dugu", AEBetako garaiko Estatu idazkari Hillary Clintonen hitzak dira. Hiru egun geroago jaso zuten oparia: Manuel Valls Barne ministroak ez zion kanporatze ordenantza izenpetu. Puntu final. Abdallahk eta abdallahtarrek sekulako zaplaztekoa bildu zuten. Urteak joan eta urteak etorri, joker horrek hor segitzen du, dakigunez, 2022an ere Gérard Darmaninek errefusatu ziolako kanporatze ordenantza izenpetzea.

Azaroaren 15ean jakinen da hamaikagarren askatasun eskaerari buruzko epaia. Politikak gaina hartu du berriz ere urriaren 7ko epaiketan. Abdallah Hezbollah eta Hamasi lotu eta bere askatzearen aurka kokatu dira bi prokuradoreak. 73 urteko presoa askatzea "arriskutsua" omen litzateke, armak berriz hartzen ahalko lituzkeelako. Betiko leloaren betiko leloa Israelek Libano inbaditurik eta Gaza xehaturik duen honetan.

Jean-Louis Chalanset, Abdallahren abokatua
"Hipokrisia handi batean gara. Errealitatea da ez dutela askatu nahi"

Hasteko, nola doa Georges Ibrahim Abdallah?

Fisikoki ongi doa. Hori bakarrik erran dezaket, hortaz haratago ez naiz bere izenean mintzatuko.

40 urtez kartzelan, Frantziako preso politiko zaharrena da.

Frantziakoa eta Europakoa ere.

1999az geroztik egon zitekeen aske, baldintzapean. Nola esplikatzen duzu tematze hori?

Frantziako Estatuaren presioa dugu hor, ez du aske ikusi nahi. Zergatik? Segur aski arabiarra delako. Noski, amerikarren presioa ere hor da, nabaria da. Israeldarrek ofizialki ez dute sekula erreakzionatu, bide ez-ofizialetik baliteke. Urriaren 7ko epaiketan berriz ere parte zibil gisa kokatu dira AEBak. Fermuki agertu dira Abdallah askatzearen kontra –eta hori prokuradorea baino anitzez gogorkiago–. Higuingarriak dira; diote, libratuz gero Hezbollahren garaipena izango litzatekeela. Alta, Libanoko ia alderdi politiko guziek dute bere askatasuna aldarrikatzen. Presidente ohi, ministro, zein enbaxadore, Abdallah hartzeko prest direla diote denek. Ez dago oztopo izpirik alde horretatik. Izan kristauak, xiitak edo sunitak, alderdi politiko ia guziak dira bere herriratzearen alde.

Hamaikagarren askatasun eskaera aurkeztu duzue. Hamar aldiz errefusatua izan zaio.

Duela hamaika urte onartua izan zitzaion, baina kanporatze ordenantza bideratzearen baldintzapean. Barne ministro Manuel Vallsek errefusatu zion. Geroztik beste eskaera batzuk izan dira, aldi oro onartu gabeak. Beti dituzte argudio berak: dolutu ez izana, ideia berekin jarraitzen duela eta beraz berriz hasteko arriskua badagoela... Zentzugabekeria batean dira.

Azkenean Justiziak ez, Politikak du epaia bideratzen.

Berez irizpide batzuen arabera onartzen ala errefusatzen da baldintzapeko askatasuna. Kontua da interpretatu egiten dituztela irizpide horiek. 40 urte pasa dira eta ez dago batere egoera politiko bera. Hipokrisia handi batean gara. Errealitatea da ez dutela askatu nahi.

Egoera aldatu da, baina Israelek berdin segitzen du.

Noski, egoera aldatu dela diodanean Libanoko talde marxistei buruz ari naiz. Palestinarrak ere duela 40 urte baino gutiago dira.

Ekialde Hurbila sutan dagoen honetan dator auzia.

Bai eta hori ez doa baitezpada gure alde. Berez, leporatzen zaiona justifikatua dela onartzen balitz, orduan, gure alde eragingo luke testuinguruak, hain zuzen, ikusten dugulako israeldarrek eta amerikarrek 40 urte pasa ondoren ere segitzen dutela herri palestinarra eta libanoarra hiltzen. Maleruski, ez dut uste hori izango denik epaileen begirada.

Defentsa egiteko orduan zertan jartzen duzue indarra?

Preso pasa dituen urte kopuru luzea oroitarazten diegu, eta militante politiko bat izanik, ez duela dolu ala barkamenik erakutsi beharrik. Biktima bezala dauden AEBen indemnizazioa errefusatzea leporatzen diote. AEBek eraikitako bonbek Libanoko eta Palestinako haurrak hiltzen dituzten kontestuan, izugarrizko karikatura batean gaude.

Baikor zara?

Egoera ez da hain ona, ezkorra izateko arrazoiak ditut. Ez da ezer berririk agertu urriaren 7ko auzian. Guztiak dira bere askatzearen aurka, prokuradoreak behin eta berriz ohartarazi du terrorista bat ezin dela askatu. Berez zuzenbide kontu bat beharko litzateke izan; kontua da zuzenbidea baliatzen dutela ikuspegi politikoa elikatzeko. Ageriko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Presoak
2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


2024-02-02 | Gedar
Milaka preso lanera bidali dituzte El Salvadorren, “kartzelako egonaldiaren kostuaren truke”

"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.


2024-01-11 | Euskal Irratiak
“Frantziako presondegiek %148ko okupazio tasa dute”

OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak 2023 urteko bilana aurkeztu du. Abenduaren lehenetik atxilotu dituzten 75.000 pertsonetatik, 50.000 inguru %148,5eko okupazio tasa duten presondegietan dira, eta 2.748 lurrean ezarritako matalazetan lo egiten dute.


Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik

Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.


Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako presoek EHUn ikasteko duten eskubidea normalizatzeko aukera

2003az geroztik ezin zuten EHUn matrikulatu. Iaz ireki zitzaien aukera, eta hitzarmena sinatzear dago orain.


Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-08-03 | Ilargi Manzanares
Ainhoa Barbarin presoa espetxera itzularazi dute bigarrenez, hirugarren graduari helegitea jarrita

Sare Herritarrak elkarretaratzea deitu du abuztuaren 4an Urretxun. Epaitegiak euskal presoen eskubideei “boikot” egiten ari direla salatu dute.


Preso(ohi)ak zapatan

Hego Euskal Herriko udal hauteskundeen kanpainan zenbait zerrendatan odol delituak zituzten preso ohiak egotea izan zen debate mediatikoetako bat eta, ondoren, lagun horiek atzera egin zutela.

Beharbada, mugimendu harekin EH Bilduk zenbait boto irabazi zituen, eta modu... [+]


Gutxienez 41 emakume hil dira espetxe batean Hondurasen

Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.


“Euskal preso politikoak etxeratzeko kartelak balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugu”

Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak zigortu dituzte San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berrian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik. Bakoitzari 750 euroko zigorra ezarri diete, eta ostegunean epaitegian deklaratu dute.


2023-05-02 | Leire Artola Arin
Hil egin da gose greban zegoen Khader Adnan preso palestinarra

Gose greban 87 egun zeramatzala, 44 urteko Khader Adnan astearte goizaldean konorterik gabe topatu dute ziegan. Ospitalera eraman dute, eta heriotza baieztatu dute han. Palestinako Jihad Islamikoa taldeko kide ezaguna zen, hainbatetan Israelgo indarrek atxilotu zutena. Jihad... [+]


2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du “denen sufrimendua” amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


Preso bat hil da Martuteneko kartzelan, Euskal Herriko espetxeetan hil den bigarrena bi egunetan

Hildakoa 57 urteko gizonezkoa da, eta erizaintzan zegoen. 24 orduan Euskal Herriko espetxeetan hil den bigarren presoa da.


2023-02-16 | ARGIA
Suizidioa, heriotza kausa nagusia Europako presoen artean

Presoen suizidio tasa gizartean dagoen tasaren bikoitza baino gehiago da. Horrez gain, presoen herenak buruko gaitzen bat du. Europako presoen osasunari buruzko 2020ko datuak dira, orain aurkeztu duten OMEren txosten batetik eratorriak.


Eguneraketa berriak daude