Kafetegi, topaleku, kulturgune, denda eta askoz gehiago, betiere, euskara ardatz. Orain dela bi urte eta erdi zabaldu zituen ateak Iruñeko Labak. Aurretik dator proiektua ordea. Atzera begirako errepasoa egin dugu kideekin: erronkak eta arazoak. Etorkizunerako aukerak ere mahai gainean jarri ditugu, proiektua egunetik egunera hazten ari baita.
Hiri txikia izanagatik ere, errealitate eta jatorri ezberdineko jendeak biltzen ditu Iruñeak. Alde Zaharrean bertan, ikusten ditugu izandako gaztetxeen arrastoak, kalean bizi direnak, herri mugimenduetako kartelak, pisu turistikoak, taberna jurruak, gentrifikazioaren lehen izpi batzuk… Kale gutxik banatzen dute ziurrenik terraza handienak dituen tabernen plaza: Gazteluko plaza. Zuhaitzez beterik izan zen aspaldi eta aparkaleku baten eraikuntzarako eraitsi zituzten. Egun, askoren begietan Pamplona bakarrik esaten dutenentzat ematen duen porlanezko orubea baino ez da. Bertan da Ernest Hemingway idazlea mozkortzen ikusi zuen Café Iruña, bai eta ostatu hartzen zueneko luxuzko La Perla hotela. Justu hantxe, hormaz horma dago Laba, orain gutxira arte portxearen azpian, ia ikusezin. Terraza eskuratu zuenetik, ordea, euskarari bere lekutxoa egiten. Hantxe elkartu gara, hain justu, proiektuaren orain arteko ibilbideaz, eta etortzeko den ikasturteaz mintzatzeko.
Iraileko lehen astea delako agian, edo eguraldia ere kaskartxo dagoelako, baina giro goibelean esan dezakegu jada udaren hondarretan gaudela. Tanta batzuk mehatxuka, eta, tantaka ere, iritsi gara hitzordua egin dugun lau lagunok. Laban, infusioaren epelean irakurtzen dabil baten bat, prentsa kontsultatzen besteren bat. Bi ezagunek topo egin dute bertan, eta zer hartuko erabakitzen ari dira. Elkarrizketaren aitzakian bildu gara, baina izan gintezke beste erabiltzaile arrunt batzuk ere bai. Klik, grabatzen.
Bizilagun baten lokal hutsa
Pandemiako sasoietara egin dugu atzera. Mundua lurrikara baten gisara irauli zuten urte haietara. Itxialdian erokeriak egiten hasi ginenekora eta elkarri aurpegia ezin ikusirik egon ginen hilabeteetara, musukoen atzean gorderik. Lagunarteak, familiak, lankideak, berriz, urrun sentitzen genituen garai haietan, metro eta erdi eskasean. Kulturgintzarako ere hilabete beltzak izan ziren ezbairik gabe. Pandemia lurrikara bat izan zen. Baina kaosa zirudien horren guztiaren erdian, txinparta bat piztu zen plaka tektonikoen artean. Orduan hasi zen gaur egun ezagutzen dugun Labaren sua pizten, Iruñeko euskaldunentzako topaleku eta kulturgintzarako apustu baten hasiera. Urruntzeen garaian, kolektiboan eraikitzen hasia. Arnasgunea hiri buruzagiaren saloian.
Ane Zelaia, ostatuko langilea: “Euskaraz den edozer egin daiteke hemen”
Iruñeko bizilagun batek lokal huts bat zeukan plazan, aspaldi apustu etxe izandakoa. Bizilagun hura euskaltzalea zen, eta borondatez euskalgintzarako proiektu bat egin zezaten espazioa emateko prest azaldu zen 2020ko udazkenean. Laster hasi ziren kulturaren alorreko zenbait eragile prozesu bat artikulatzen. Denok ezagutzen dugu elkar hemen, eta bileretarako gonbidapen mailek eta ahoz ahokoak egin zuten bere magia. Lagun baten "erruz" eta "engainatuta" iritsi zen Unai Rodriguez bilera haietara. Hasieran 30-40 bat lagun izango zirela kontatu du, denak ere maila pertsonalean. Rodriguezen arabera, gisa honetako proiektuetan ohikoa izaten da norabide jakin bat, Labaren kasua ezberdina izan zen ordea: "Normalean ideia bat daukazu eta gero non eta nola gauzatu pentsatu behar duzu. Gure kasuan kontrakoa izan zen: espazioa bagenuen, baina ideiarik ez zer egin horrekin". Eta, hala, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren eta Txantreako Biltoki elkartearen artean biltzen hasi ziren, Arkupetik izeneko prozesu eraikitzaileari forma eman nahian.
Talde batek egoitzaren diseinuaren ardura hartu zuen. Beste kide batzuek alderdi burokratikoagoari heldu zioten, elkartearen izaera juridikoa definitzeko. Baldintza nagusia, hala ere, argi izan zuten hasiera-hasieratik: euskararen aldeko eta euskara hutseko eskaintza egingo zuten, hizkuntzari beste espazio bat irekitzeko asmoz. Denda, kafetegia, kulturgunea, sormenerako espazioa, kafe antzokia. Ideia horiek guztiak mahaigaineratu zituzten. Aurrera egin ahala, dendarena alboratu zuten hasiera batean. Kafe antzokiarena deigarria zen arren, bizilagunengan pentsatuta, ez zen egokiena. Azkenerako, guztien arteko zerbait suertatu zen, eta, are, irekia dago proposamenak jasotzera. "Euskaraz den edozer egin daiteke hemen", esan du Ane Zelaia ostatuko langileak. Paperetan, ordea, kafetegi lizentzia dauka guneak, eta horrek muga batzuk ezartzen ditu Labak egiten duen jarduerari zuzen eragiten diotenak: ezin dute alkoholik saldu, adibidez, eta bezeroak nabarmen murrizten ditu horrek. Bezeroak nola, diru-sarrerak ere bai.
Izaera ez definitu horretatik datorkio izena guneari: Laba. "Ez genekien zer sortzen ari ginen, proiektua bera laborategi bat zen", azaldu du Rodriguezek. Ingelesez eta laburduretan Lab erabili ohi da, eta, hala, esperimentatzeko toki baten irudikapena izan zitekeela pentsatu zuten. Jokoa ematen zuen, halaber, eta hitz jokoak bereziki maite ditugu Euskal Herrian, sumendietatik ateratzen den labarekin ere jolasteko. Laba da zerbait malgua, mugitu egiten da, bizirik dagoen zerbait da, eta gori-gori dagoena. Sumendiari beste hedadura bat ematen dio.
Aldarria Alde Zaharreko kaleetan
Urtebete iraun zuen gogoeta eta eratze faseak, harik eta 2021eko urriaren 9an Seismoa egin zuten arte. Egun hartan hiri buruzagiko kaleak festa giroan zeharkatu zituzten, ordura arteko lanaren ospakizun modukoa izan zela azaldu dute kideek eta eskuartean zuten proiektuaren erakusleiho eta aurkezpen modura ere baliatu zuten. Ikusmira handia zen Iruñeko euskaltzaleen artean, proiektu bat zebilen martxan, zer eta Gazteluko plazan. Horientzako free tour-ak antolatu zituzten, artean lokala prest ez zegoenean. Seismoaren ondoko hilabeteetan ekin zioten auzolanean espazioaren prestakuntzari. 2022aren hasieran aurkeztu zuten, azkenik, hainbeste mimorekin prestatzen ibili ziren euskaldunontzako topalekua. Hari horrexetatik, askorentzat deigarria izanen da euskararekin duten seta. Euskaratik, euskaraz, euskararentzat, eta beste kasu marka asko. Tamalez, gaur egun ere, aldarrikapen hori egiten segitzea badelako bizirauteko modu bat. Proiektua osatzen dutenentzat, sinbolikoa da elebakarren inguruetara ere heltzea, eta erdigunetik –adiera zabalenean– eragitea. Labak paisaia linguistikoa zertxobait aldatzen du eta ikusgarritasuna ematen dio beste Iruñea bat ezagutu ere egiten ez duten hiritarrei eta bisitariei.
Xedeak xede, ezin ukatu ibilbide labur baina oparo honetan Laba erreferentziazko tokia bihurtu dela kulturgintzan eta euskalgintzan behintzat. Ez da gutxi. Halakoetan, normala izaten da hasierako kideetako batzuk joatea. Prozesu naturaltzat hartu dute kideek. Rodriguezek azaldu du hasieran oso adin tarte zabaleko jendea zegoela proiektuan, baina aldatuz joan dela: "Gaur egun, talde anitza izaten segitzen dugu, baina gaztetu egin da". Rodriguezen ustez, hala izan bada, izan da jende helduenak proiektuari bultzada eman nahi ziolako, eta noranzkoa definituagoa zegoenean gazteei utzi dietelako gidaritza. Ez dira dena bajak izan. Ibone Labiano eta Ane Zelaia dira Labaren trenera beranduago heldu direnetako bi.
Iritsi berritzat dauka Zelaiak bere burua. Labako tabernarietako bat da orain dela hilabete batzuk. Aurretik kanpoan izan da, baina, jakina, proiektua segitu du distantziatik bada ere. Gainera, aitortu du Iruñera lagunekin gerturatzean, Alde Zaharreko espazio jakin batzuk bisitatzeko ohitura izan dutela beti, tartean Laba bera ere bai. Orain, ezinbestean, ia egunero datorrela esan du irri artean.
Bazkideen kuotak dira diru iturritako bat. Dirulaguntzak eta tabernatik ateratzen dutena ere hor dago
Bere aldetik, Labianok kontatu du hedabideen bitartez izan zuela Labaren berri. Zabaldu eta gutxira etorri zen ahizparekin tokia ezagutzera. Azaldu du egun horretan bertan bazkidetu zirela biak, proposamenarekin maiteminduta, eta euskararen aldeko militantziagatik. Proiektua sendotuta dago orain eta atzera begira Labianok nabarmendu du apustu-etxe izatetik biltoki eder baterako eraldaketa "izugarria" dela. Aurreko ikasturtetik programazioaren taldean ere parte hartzen du, bera ere beste lagun batek "engainatuta".
Labako kide, edo Labazkide, izateko modu asko daude. Denak ere modu boluntarioan. Horrexegatik lana geruzetan banatzen dutela azaldu dute. Guztiaren erdian ganbara dago, sumendietan magma gordetzen dutenak bezalakoak. Ganbarakoek barrura begirako lanak egiten dituzte batez ere: koordinazioa, dirulaguntzen kudeaketa, aurrera begirako proiektuak… Lehen tabernako kontuak ere eramaten zituzten. Momentu batetik aurrera, berriz, magmak tximinian gora egiten du, azalerako bidean. Hain zuzen, hori da tximiniako lantaldeen geruzan daudenen ardura: hedabideekin egotea eta sareen kudeaketa komunikaziokoek, egitaraua lotzea eta gonbidatuekin egotea beste batzuek, eta egoitzaren lantaldeak espazioa txukun mantentzen du. Badira beste bazkide batzuk sumenditik pixka bat aparteago daudenak, baina, haiek ere badute ardurarik proiektuan. Guztira, 170 lagun pasatxok osatzen dute Labaren komunitatea.
Labazkideak eusle
Bazkideen kuotak dira diru iturritako bat. Dirulaguntzak eta tabernatik ateratzen dutena ere hor dago. "Oraindik ere ez da proiektu %100 bideragarria", esan du Rodriguezek. Batzuetan, hala ere, horiekin ez da nahiko izaten, eta egoera ekonomiko estuan izan direla ere onartzen dute: soldatak ordaindu behar dituzte, lokalaren gastuak… Azpimarra jarri dute, era berean, ahalegintzen direla Labak egiten duen eskaintza duina izan dadin, Gazteluko plazan bertan, beste ostatu batzuek egiten dutenaren aldean. Labianok azaldu du, gainera, saiatzen direla kultur eskaintza "mundu guztiarentzako" egiten, eta hargatik direla emanaldiak doakoak edo ahalik eta merkeen. Artistei, halaber, beren lanagatik ongi pagatzen ahalegintzen dira. Gastuak, beraz, sarreren balantzan jarriz gero, ez dira batere orekatuak.
Egoera hori apur bat arintzen lagundu nahi duenarentzat aukera dago bazkidetzeko. Labazkidetu zaitez!, dio leloak. Bazkideen garrantziaz mintzatu dira kideak: "Hau bizirik mantentzen eta aurrera ateratzen laguntzen digute". Kasu honetan ez dago saririk, adierazi dute. Ez da elkarte gastronomikoetan bezala, espazioa erabiltzeko aukera ematen dutenak. Hemen ekarpena euskalgintzari egiten zaio, Labaren bitartez, eta trukean, proiektuaren erabakietan parte hartzeko aukera dute. Urtero 120 euroko ekarpena egin behar dute, baina, errenta aitorpenean zati handi bat jasotzen dute bueltan. "Ez da arrazoi ekonomikoa bakarrik, bada modu bat hau zure proiektua dela sentitzeko, beste modu batean parte hartzeko. Zatoz eta egin ezazu zure ekarpena".
Auzoarekin elkarlanean
Eman dezakeen irudiaren kontra, Laba ez da irla bakan bat itsaso zabalaren erdian. Badira beste zenbait elkarte eta eragile Iruñeari kolorea eta bizia ematen aletxoa jartzen ari direnak. Horien arteko elkarlanari eta aliantzei aitorpena egin diete. Izaera juridikoaren zalantzak argitzeko Geltoki merkatu, kulturgune eta taberna solidario eta ekologikoarengana jo zuten. Zaldiko elkartearekin ekimenak partekatzen dituzte, Aldezar auzo elkartearen egitarauarekin bat egiten dute, San Fermin txikirekin, esaterako. AEK eta IKA euskaltegiekin harreman estua dute. Are gehiago, inoiz Labara goizez gerturatzen bazarete, ikusiko dituzue ikasleak eta irakasleak atsedenaldian, euskaraz, edo ahaleginetan, bederen. Orain ikasturtea hasi dela, ari dira jada handik eta hemendik proposamenak jasotzen.
Korear batek euskararen berri izan zuela kontatzen du Googleko iritzietan. Askok gosari ederrak aipatzen dituzte, eta giro atseginagatik bost izar ematen dizkiote guneari. Baina denetariko iritziak daude, txarrak ere bai, bereziki, espero ez zuten zerbitzua dela eta: eguerdian itxita dagoela, terrazarik ez zegoela –orain bai–, euskaraz hitz egiten dutela… Eguneroko ogia, kontatu du Zelaiak: "Bi motatako bezeroak daude: Laba ezagutzen dutenak, eta Gazteluko plazako beste lokal bat delako sartzen direnak". Turistak harritu egiten direla azaldu du, baina badela Iruñeko bertako jendea ere, kartelak euskaraz irakurri eta alde egiten dutenak. Lehen hitzak beti euskaraz egiten dituzte. Gero, ikusten badute ezin dela, erdaretara jotzen dute. Ulertu eta bere burua ulertarazi nahi duenak hemen badu bere tokia. Pedagogia asko egitea tokatzen zaiela gaineratu du Zelaiak. Izan ere, ostatu forma duen arren, askoz harago doala etengabe azaltzen diete. "Jendeak interes handia erakusten du". Aldi berean, alkoholik ezin zerbitzatzeak beste jende asko atzera botatzen duela adierazi dute.
Oztopoen gainetik, liburu eta disko aurkezpenak, zikloak, drag showak, pintxadak, umore jaialdiak... denetarik izan dute
Udalaren tema, terraza ez uzteko
Terraza gora, eta terraza behera. Espazioa ireki zutenetik egindako aldarrikapen entzutetsuenetakoa izan da, eta orain urtebete luze eskuratu zutena. Pandemia garaian terrazak izugarri handitzeko aukera izan zuten tabernariek, eta Laba artean sortze bidean baino ez zenez, alboko tabernari eman zizkioten lokalaren pareko metro karratuak. Proiektua ja martxan zenean, Labari zegokion plazatxo zatia berreskuratzen saiatu ziren, baina udalak ez zien baimenik eman. Lehenik, Enrique Mayaren (UPN), eta, gero, Cristina Ibarrolaren (UPN) gidaritzapean zeuden. Orduan, elkarteak auzitegietara jo zuen, arrazoia eman zioten, eta baimena eskuratu zuten. Hala ere, udalak baimena gauzatu gabe jarraitu zuen. Azkenerako, Nafarroako Gobernuak egin zuen agindu betearazlea, eta iazko maiatz aldean lortu zuten beren mahai eta aulkiak jartzea. Terrazarik gabe, alboko tabernak guztiz ezkutuan uzten zuen Laba haren toldo eta egiturekin. "Ez genuen ikusgarritasunik batere, ez zuen uzten aukerarik Laba ezagutzen ez zutenentzako", mintzatu da gaiaz Rodriguez.
Ikusgarritasuna zuzenki lotuta dago, aldi berean, bezero potentzialak erakartzearekin, eta, horrenbestez, hein batean bada ere, proiektuaren egoera ekonomikoarekin. Prozesu luzea izan dela esan dute Labakoek, eta onartu dute nekatuta ere egon direla gaiarekin. Ibarrola alkate izan zen tarte laburrean, gainera, sanferminetan eta San Fermin txikietan prestatutako egitaraua aurrera ateratzeko debekuek ez zuten lagundu.
Oztopoen gainetik, liburu eta disko aurkezpenak, denetariko zikloak, drag showak, pintxadak, umore jaialdiak… Denetarik izan dute orain arteko ibilbidean. "Formatu txikikoak, hori bai", gehitu du Labianok. Izan ere, espazioak bere mugak ditu. Jakin badakite aukera zenbaiti uko egin behar diotela neurriak eta aforoa direla eta. Anari, Gorka Urbizu eta beste batzuen emanaldiak gogora ekarri dituzte, izan ere, jendea kanpoan geratu behar izan zen. Baina txikitasunak dakarrenari buelta eman dio Labianok: "Bada Labaren ezaugarri berezi bat, eta intimoagoak diren ekitaldientzat oso aproposa da". Ikasturtea hasita, agenda betetzen hasi dira dozenaka proposamenekin. Tartean, aurretik egindako zikloei segida emango diote: Bert(h)ori, bertso saio amateurrak; Tribialaba, arratsalde pasak; Labea, bakarrizketen probalekua; Ongietorriak Iruñera, gazte migratzaileen eta iruindarren artean hurbiltzeko ekimena… Ipuingarria izango da izeneko jaialdiarekin bat egingo dute eta Komikiaren VI. Aretoaren karietara beiratea apaindu, eta ekimenen bat antolatu dute gunean. Nahi duenak, izango du zer egin, entzun, probatu eta gozatu beraz.
Apustu-etxearen aztarnarik apenas ikusten da orain arkupean. Hala ere, Labako kideek iragarri dute, bere txikitasunetik eta xumetasunetik, euskararen alde eragiten segituko dutela. Gainera, aurreratu dute aldaketa handi bat dutela eskuartean datozen hilabeteetarako, proiektua sendotzen lagunduko duena, zentzu guztietan. Ez dute detaile gehiegirik eman nahi, oraindik ere fintzeko detaileak baitaude, baina ziur daude iruindarrek pozik hartuko dutela albistea.
Iruindarrok badugu mania hori sanferminetako une goxoei momentiko esateko. San Fermin festetan izan edo ez, Labarekin izan duten oroitzapen on bana eskatu diegu Labaren inguruko azalpenak eman dizkiguten hiru kideei.
Unai Rodriguez: "Batekin geratu beharko banintz, Seismoaren egunarekin izango litzateke. Iruñea hain alai, koloretsu, bizi ikustea pozgarria izan zen. Prozesuan bizitzen ari ginen sentimendua transmititzen jakin genuen. Korrikan kilometroa hartu genuen egunean ere oso momentutxo polita izan zen. San Adrianen 20 bat lagun batzea lortu genuen".
Ibone Labiano: "Nik Labea bakarrizketa probalekuaren lehenengo saioaren oso oroitzapen ona daukat. Hori izan zen parte hartzen hasi nintzenean antolatu genuen lehendabiziko ekimena. Berritzailea izan zen. Bestetik, sanferminetan familiarekin entzierroa ikustera etorri ginen goiz batean, polita izan zen".
Ane Zelaia: "Niretzat sanferminetako azken eguna izan zen oso intimoa. Intentsitate handiko jaiak izan ziren, luzeak, eta lan pila bat izan genuen. Azkenengo egunean tabernarietako batzuk eta beste kide batzuk elkartu ginen, lasaiago, eta ez dakit. Agian normalean kideetako batzuk ez ditugulako ikusten, edo Labara gerturatzen direnean gu lanean ari garelako eta ez gaudelako haiekin. Egun hartan oso gustura egon ginen elkarrekin".
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024
------------------------------------------------
Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]
Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024
----------------------------------------------------
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]
Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.
-----------------------------------------------------------
Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]
Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.
Oso gertu daude, praktikan, “gaur egun ezin da ezer esan” dioen koinatua eta “aske naiz nahi dudana egiteko” esaten duen ustezko progrea. Ustezko askatasuna. Ustezko ustezkoa. Demokraziak parekatu behar zituen gizakiak, eta sare sozialek, komunikazioak... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]