“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

  • Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta solasaldiaren aurretiko zigarroa erretzen ari dela, lantzen ari den koadroari begira esan dit: “Hamabost urte pareta bati begira, erotuta behar da gero…”.

Argazkia: Josu Santesteban
Argazkia: Josu Santesteban

 

Montse Borda Olague
Atarrabia (Nafarroa), 1961

Frankismo betean jaio zen, 3.000 biztanleko Atarrabian (Nafarroa). Inguru hurbilean ez zuen artearekin loturiko erreferenterik, baina oso gaztetatik hasi zen idazten, musika jotzen… 23 urte eta guraso biak hilik zituela erabaki zuen Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolan ikasten hastea, ez zuen bizitza guztia ostalaritzan lanean eman nahi. Pinturari denbora eskaini ahal izateko, nominapean lanean ematen ditu asteburuak, fabrika bat garbitzen.

Nola heldu zara hona?
Oso gazte nintzelarik hasi nintzen idazten. Nik neure buruarekin eta jendartearekin nituen arazoak topatu eta horiek transkribatzen ibili nintzen urte luzez. Kontua da 20-21 urte nituenean Javier Jiménez Monreal izeneko pintore iruindar batek [Madrilgo] Prado museora eraman ninduela. Eta aipatu nahi dut Javier Jiménez Monreal, izugarrizko pintorea izan arren ez baita errekonozitua izan hemen, etxegabetuetakoa izan zen eta kalean bizi zen. Pradora sartu eta Velázquez, Goya, Rembrandt… ikusi nituenean, ez nion arreta berezirik jarri bakoitzaren obrari, baina konturatu nintzen bakoitzak nahi zuena egiten zuela. Velázquezek Velázquezek bezala pintatzen zuen, Goyak Goyak bezala, Grecok Grecok bezala… Hor ikusi nuen nire aukera eta pentsatu nuen “nik eginen dudana ere nahi dudana izanen da, hemen bakoitza norbera da, beraz, ni neu izan naiteke”.

Ostalaritzan egiten nuen lan orduan, 23 urte nituen eta gurasoak hilik. Madriletik bueltan pentsatu nuen ezin nuela bizi guztia horrela eman, beraz, Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolan hasi nintzen ikasten. Oso irakasle onekin egin nuen topo han: Isabel Baquedano, Salvador Beunza, Juan José Aquerreta… Orduan baieztatu nuen nik tailer batean egon eta nire bizimodua hori izatea nahi nuela. Ordutik beti izan dut tailerra. Bertan hartzen dut atseden, egiten dut lan, ahalegintzen naiz eta sufritzen dut. Nire kobazuloa da eta kobazulo hori behar dut.

Hurrengo 20 urteak pasa nituen klaseak ematen, baina nire alaba Haizegoa jaiotzeak behartu ninduen etxean gehiago egotera, nire bikotekidearen laneko ordutegiak konplikatuak zirelako. Fabrikan hasi nintzen orduan lanean asteburuetan, gaur arte. 25 urte daramatzat astebururo fabrikan lanean, baina horrek astelehenetik ostiralera tailerrean egotea ahalbidetzen dit.

Zergatik pintatzen duzu?
Nik beti esaten dut beharragatik pintatzen dudala. Eta esanen nuke egiten ahal nuen edozein arte ere, izan dantza, izan musika… beharretik eginen nukeela. Dugun mundu honek ez du gehiagorako ematen: lanera joan behar duzu, izan beharreko harremanak ere araututa daude… Hori gelditzeko beharra da. Jendartetik ateratzeko beharretik pintatzen dut.

Tailer honetatik kanpoko eta hemen barruko denborak ez dira berberak. Zein harreman duzu denborarekin?
Ez, ez dira berberak, inondik inora. Eta denbora inportantea da, baina nik espazio-denbora deitzen diot. Zeren eta ni jaitsi naiteke hamar minutuz hona [tailerrera] eta bi pintzelada eman koadro bati. Hori denbora da, baina ez espazio-denbora. Espazio-denbora da zu hona zatozela eta agian ez zarela pintatzen ari, beharbada obrari begira zaude edo zerbait irakurtzen. 4-5 orduko tartea izateak ahalbidetzen dizu hona heldu eta gauzak soseguz egin ahal izatea.

"Hemen mundua gelditzen da eta ez naiz nire burua ez den beste ezeren ez beste inoren aurka borrokatu behar"
 

Hemen mundua gelditzen da eta ez naiz nire burua ez den beste ezeren ez beste inoren aurka borrokatu behar. Mihise zuria besterik ez dut hemen. Hori eta helburu bat. Teknika lagun, oso-oso poliki joan behar dut, hemen barruan jendartearen denborek ez dute balio.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Ezer gutxi dakit nik pinturaz, baina pintzel lehorraren teknika zuri besterik ez dizut entzun.
Existitzen den teknika bat da, baina nik niretzat moldatu dut pixka bat. José Miguel Corralen ikastaro batera joateko zortea izan nuen eta han ikatz-ziriarekin lan egiten irakatsi zigun, horrekin bakarrik. Baina nik tailerrera heldu eta, ez galdetu zergatik, pentsatu nuen ikatz hori linazi-olioarekin nahastuz gero eta pintzel lehorraren teknikarekin lanean jartzen banintzen zerbait egin nezakeela.

Hasi nintzen erretratu txikiak egiten: nire alabaren lagunenak, ikastola garaikoak… eta oparitzen joaten nintzen. Areago, hasieran ikatz hauts hutsarekin egiten nituen. Gerora otu zitzaidan olioa sartzea. Eta pintzel lehorraren teknika, olioaren kontrara, ez da pinturarekin zuzenean pintatzea: pintura hartu, trapu batean igurtzi eta pintzela ia lehor dagoela berriz koadroan igurztean datza. Esan dezakegu hartzen dena ez dela pintura, baizik eta pigmentu pixka bat besterik ez. Kapa bat agertzen da orduan mihisean eta berriz igurtziz gero, kapa ilunago bat. Geruza kantitatearen araberakoa da koadroan ikusten den iluntasun maila. Ni 80 kapa ematera ere heldu izan naiz.

Ikatzaz aparte, koipea ere erabili izan duzu.
Bai. Lehen aipatu dizudan bezala, nik hemen ematen ditut astegunak, baina 25 urte daramatzat asteburuetan fabrika bat garbitzen. Dagoeneko leku ezaguna zen fabrika niretzat eta lokalizatuta nituen fabrikan ekoizten ziren piezetako batzuk, gustuko nituenak. Behin kaxa batzuk topatu eta konturatu nintzen begien parean nuela musa. Kaxa barrukoa pieza errepikatu bat zen eta horrek erritmo eta armonia bat sortzen zituen. Ikus ez nintzaten, kaxa horietako bat hartu eta garbiketa karrotxoarekin joan nintzen komunera. Argazki on batekin aski nuen.

Jakina, ideia zen makinak garbitzean ateratzen den koipeaz beraz koadroak pintatzea. Koipea jaso, iragazi eta pintzel lehorrarekin lantzen ditudanez, kantitate gutxi da eta ez da kutsagarria. Gero grabatu baten gisan geratzen da. Eta horrela lortzen dut hondakina arte obra bilakatzea.

11 koadroko seriea egin nahi nuen eta fabrikari berari egin nion proiektu proposamena. Haiek baietz. Eta graziosoa da, gaur egun garbitzen segitzen dudan korridore horretan bertan baitaude eskegita nire koadroak. Ni neu naiz nire koadroen kristalak garbitzen dituena. Hiru urteren buruan erretiroa hartuko dut fabrikan eta pertsonalki inportantea da niretzat pentsatzea garbitzen segitu ez arren nire koadroek hor segituko dutela.

Fabrikan izan ordez beste nonbaiten egonen bazina lanean, uste duzu berdin topatuko zenituzkeela tailerrera ekartzeko ideiak?
Bai, pasa izan zait. Uda honetan Barañaingo igerilekuetan egon naiz eta ordutik nahiko presente dudan gai bat da haurrena. Beti egoten naiz lotura hori bilatzen: zerk liluratzen nau nagoen lekutik? Izan daitezke zuhaitzetako hostoak edo haurren aurpegiak. Beti nabil edertasunaren bilaketan. Mundu hau hain da nazkagarria, denok gara hain geurekoiak eta hain zekenak, nire burua horretaz guztiaz babesteko modu bakarra zaidala edertasunean, orekan, erritmoan gordetzea.

"Behin, garbitzen nuen psikiatriko batean, bertako psikiatra batek doako tailer batzuk emanen ote nituen galdetu zidan. Edukazioz erantzun nion, baina esan nion nik beste edonork bezala erosi behar ditudala kuleroak eta jatekoa"

Esaten zenidan lehen, ez zaitugula paisaiak edo izadi hilak pintatzen topatuko.
Egin nuen lehenengo serietik hasi nintzen gai politikoak esplizitatzen: harrian bertan hasi nintzen emakumezkoak lantzen. Bigarren seriea ere emakumeen ingurukoa izan zen. Honetan begiradetan jarri nuen fokua, erretratuan. Denak ziren eta dira inspiratzaileak niretzat: gazteak, helduak… Begirada batek zerbait esaten zidan momentuan erabakitzen nuen pintatu behar nuela.

Beste pertsonaia garrantzitsuenetako bat izan da Claude Cahun. Pintzel lehorreko ikastaro bat emateko eskatu zidaten behin Lizarran eta esker on gisa Mujeres artistas: siglo XIX y siglo XX izeneko liburua oparitu zidaten. Liburua begiratzen hasi nintzelarik dena zen normala niretzat, emakumezko hori agertu zen arte. “Baina zer da hau?”, pentsatu nuen hasieratik. Seduzitu ninduen eta jakin-min handia sorrarazi zidan. Pentsatzen nuen egungo pertsona bat izanen zela, baina bere bizitza irakurtzen hasi eta 1894an jaioa zela ikusi nuelarik flipatu nuen. Orainetik eta hemendik begiratuta arrunta iruditu dakigukeen bizi bat da, baina bera duela ehun urte ari zen bere burua munduaren aurrean ez-bitar gisa aurkezten, besteak beste.

Bere ahizpaordearekin bizi izan zen, maitaleak izan ziren biak oso gaztetatik. Atera egiten zen hain barneratuak ditugun paperetatik: zu emakumezkoa zara, zu gizonezkoa…  Berarendako beti izan zen debate bat bere pertsonaia bera, uste dut hori dela bere argazkiekin esan nahi diguna. Klase altuko familia batekoa zen, hori ere esan beharra dago.

Hori dena irakurri ondoren, pentsatzea ni bizi izan naizela mezan, arrosarioan, garai hartako eskola frankista nazkagarri horietan… Dena araututa: obedientea izan, etxeko andre perfektua, ezkondu eta seme-alabak izan… Claude Cahun bezalako jendea existitu zela jakin nuenean, pentsatu nuen: “Baina zein engainutan bizi izan gara?”.

Enkarguz egiten duzu lan beti?
Ez beti. Adibidez, emakumezkoen begiraden seriea, lehen aipatu dizudana, nahi nuelako egin nuen. Mugitzen ninduelako. Banekien pare bat urte beharko nituela, baina proiektuan sinisten nuen eta bi gauza besterik ez nituen behar: begiradak eta espazio-denbora. Batzuetan nik topatzen nituen begirada horiek, beste batzuetan haiek ni. Claude Cahun da pintatu nuen emakumezko horietako bat eta erakusketa ikusgai egon zen momentuan agertu zen Clauderen koadroa begiz jo eta erosteko prest zegoen pertsona bat. Hortik bi urtetara tailerrera etorri eta haren hamabost erretratu nahi zituela esan zidan. Eta ni pozarren. Pertsonaia honekin jada harremanetan nengoelako, ezagutzen nuelako bere bizitza, pertsonalki ezagutuko banu bezala ia.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Uko egin al diozu inoiz proposatu dizuten enkarguren bati?
Bai. Gogoan dut paisaia proiektu bat proposatu zidatela behin. Noizbehinka pasa izan da, baina nahi nuena eginda atera naiz aurrera ekonomikoki eta pintatzeagatik pintatzeari ezetz esatea energia aurreztea da. Erretratuan ibiltzen naiz batez ere. Kolaborazioak egin izan ditut, baina saiatzen naiz nigandik ateratzen diren gaietan lan egiten.

Gustatuko litzaizuke fabrikaren beharrik ez izatea?
Bai. Mundu artistikoan normalean ez dago hilabeteko nominarik. Iruñea batean koadroak erosteko dagoen interesa hutsaren hurrengoa da. Nik orain zortea izan dudalako eta topatu dudalako hazitxoa lasto artean, baina, hala ere, honetaz bizitzen saiatzea ia ezinezkoa da. Egin dezakezu Iosu Zapata batek egiten duena: eskaparateak pintatu, Eguberritako zuhaitzetako izarrak egin… Baina nik eredu hau hautatu nuen: nomina txiki bat fabrikan erretreta minimoa bermatu ahal izateko.

Asko gustatuko litzaidake honetaz bakarrik bizitzea, betiere maite ditudan gauzak egiten izanen balitz. Zure lana gustatzeak ez du esan nahi lana gogorra ez denik, kasu, hau oso gogorra da. Eta ematen du, egiten gozatzen baduzu ezin zaiola lan deitu. Behin, garbitzen nuen psikiatriko batean, bertako psikiatra batek pintatzen aritzen nintzela jakin zuenean doako tailer batzuk emanen ote nituen galdetu zidan. Edukazioz erantzun nion, baina esan nion nik beste edonork bezala erosi behar ditudala kuleroak eta jatekoa.

"Arte diziplina guztien oinarria berbera da niretzat: erritmoa eta armonia”

Esanen zenuke zure etxea baino etxeago direla metro karratu hauek?
Alde Zaharrera noanean, beti ateratzen naiz hemendik. Lanetik natorrenean lehenengo hona nator eta gero etxera. Esan nahi dut, erreferentzia beti da hau. Nire kobazuloa da, nire etxea, bai. Etxea bada etxe, baina ni hemen naiz gehiago. Hau da ni nagoen lekua. Etxean daude nire alaba, nire bikotekidea edo garbigailua, zartaginak… Hemen ez, hemen ni bakarrik.
Espazio honek niretzat, gainera, bizitza osoan zehar egindako lanak gordetzen ditu. Eta pasatzen zait aspaldiko lan bati begiratzen diodanean, 40 urte pasa badira ere, segitzen dudala harekin identifikatuta sentitzen eta garaian nuen gogo eta ilusioa ekartzen dizkidala burura. Ni hartaz baino, nire obra da nitaz mintzo dena. Nire obra da ni nor naizen esaten didana. Nik nahi izan dudalako isiltasun hori edo pertsonaia hori pintatu eta ez beste bat.

Zure inguru soziala ere artearen bueltan ibiltzen da.
Bai. Gogoan dut gaztetan musikaria den lagun batekin asko aipatzen nuela, Peio Otanorekin, arte diziplina denak biltzen dituen eskola bat beharko genukeela. Arte diziplina guztien oinarria berbera da niretzat: erritmoa eta armonia. Hortaz, antzerkia, dantza, musika… Zergatik bereizi? Ni musika eskolan hasi izan banintz horretan arituko nintzateke orain, dantzan hasi izan banintz berdin. Hemen bukatu nuen erraza zelako niretzat arkatzak edo pintzelak lortzea.

Galdetu ez dizudan eta esan gabe utzi nahi ez duzun zerbait bada…
Nahiko nuke hitz egin artista hitzaz. Ez zait batere gustatzen. Batere ez. Nik “pintura egile” edo “zapata egile” edo dena delakoaren egile esaten diot. Artista hitzak sormen hitzarekin zerikusirik badu, denok gara artista. Jende guztiak jartzen du goizero oin bat lurrean eta esaten du “zer eginen dut gaur?”. Beste gauza bat da tailer batean ez dakit zenbat urte eman ondotik ofizio konkretu bat ezagutzea, artisaua zara orduan. Ni pinturaren artisaua naiz. Baina ez dakit nork esaten zuen bezala, bizitza honetan amateur izateko besterik ez dizu denborarik ematen.

Gero bada beste kontu bat, bere burua artista hitzarekin identifikatuta ikusten ez duen jendeak pentsatzen duela ez duela dohain hori. Eta hori ez da egia. 40 urtez lanean egon den etxeko andre bat artista izanen da hainbeste denboran landu duen paisaia horretan, baina ez da etxeko lan guztiak ongi egiteko dohainarekin jaio zelako. Lanak ekarriko dizu musa. Musa ez da agertzen, musa hemen dago, tailerrean, espazio-denbora honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-13 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


San Telmori egindako dohaintza bati esker lehen lerrora itzuli da Amable Arias, Gaur taldeko artista ‘outsider’-a

San Telmo Museoak Amable Ariasen (1927-1984) 61 akuarela eta 43 marrazki jaso ditu dohaintzan, artistak azken 14 urteetan bikotekide izan zuen Maru Rizoren eskutik. Teatro Principal  (Antzoki Zaharra) izeneko serie horrekin erakusketa egiteko asmoa dute datorren urtean,... [+]


2022-05-11 | Ander Perez
Xabier Morras. Margolaria
“Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da”

Laster beteko dira 50 urte Iruñeko Topaketek hiriburua hartu zutenetik. Huarte enpresari familiak finantzatuta, mundu osoko arte garaikidearen erakusgarri izan zen hiria 1972ko uda hasieran, astebetez. Baina arteaz gain, garaiko tentsio politikoen isla ere izan zen... [+]


Iñaki Imazen 'Alimentación, lencería, bazar' erakusketa
Supermerkatuaren poetikaz

Bilboko erdigunean etxarte baten bila nabil. San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian kale-kantoi urdinxka bat omen dago, eta, bertan, ezohiko arte-galeria bat. Galdu samar nabil bi dendaren artean hondo urdinean El Callejon Zollo. Molcris idatzita ikusi dudan arte. Pasadizoa igaro... [+]


2021-08-16 | Erran .eus
Mikel Tabernarekin luze eta zabal

Mikel Taberna idazlea elkarrizketatu dute Xorroxin irratian. Arkanbele kantak (2021, Susa) poema-liburua eta Ignacio Larra margolariak Beran ikusgai duen erakusketa izan dituzte mintzagai.


Ibarrolaren ‘Guernica Gernikara’ obra Bilboko Arte Ederren museora eramango dute

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 300.000 euro ordaindu dituzte lana Madrildik Euskal Herrira ekartzeko. Ekainean, José de la Mano galeristak eraman zuen Madrilgo Arco erakusketara.


Ibarrolaren “Guernica Gernikara” obra Madrilera eramango dute

Picassoren Guernica obra Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapen gisa egin zuen Ibarrolak Guernica Gernikara mihisea. Madrilgo Arco erakusketara eramango dute orain, 1981etik gordeta egon ondoren.


2021-06-24 | Peru Iparragirre
Erakusketa Bilboko ITsas museoan
Agustin Ibarrolaren itsasadarra

Bilboko itsasadarreko paisaiak margotu zituen Agustin Ibarrolak (Basauri, 1930) joan den mendearen azkenetan, desindustrializazioa heldu aurretik. Museoak daude lehen ontziolak zeuden lekuan, ibai ertzeko paseoak dikeen lekuan. Bilboko itsasadarra ez da horren grisa azalean... [+]


Eguneraketa berriak daude