Ez bazara gai ikusteko palestinarren belaunaldi ugariri Israelek egindako gehiegikerien eta Hamasen krimenen arteko lotura kausala, ez duzu arrastorik ere giza izaerari buruz.
Urte askoan Megiddoko espetxearen ondoan bizi izan nintzen, Israel iparraldean, non palestinarrak masan torturatzen dituzten guardia israeldarren irudi berriak argitaratu dituen Haaretz egunkari israeldarrak. Presondegiaren aurretik ehunka aldiz pasa nintzen. Denborarekin, apenas erreparatzen nien zaintza dorrez eta txarrantxaz inguratutako eraikin gris eta zapalei.
Israel iparraldean Megiddokoa bezalako hainbat espetxe handi daude. Horra eramaten dituzte palestinarrak beren etxeetatik ateratzen dituztenean, askotan gauaren erdian. Israelek eta Mendebaldeko hedabideek diote palestinar horiek “atxilotu” egin dituztela, Israel bere okupazioaren subjektu –edo, hobeto esanda, objektu– zapalduekin legezko prozedura legitimoren bat aplikatzen ari balitz bezala. Egiaz, palestinar horiek bahituak dira.
Espetxeak Israelgo errepide nagusien ondoan daude beti, ustez, israeldarrei lasaitasuna ematen dielako palestinarrak hain kopuru handitan giltzapean dituztela jakiteak. (Ohar gisa, aipatu behar dut gerra krimena dela presoak lurralde okupatu batetik okupatzailearen lurraldera lekualdatzea; baina tira, utz dezagun horretan).
Azken urtebeteko sarekada masiboen aurretik ere, Palestinako Aginte Nazionalak kalkulatu zuen 800.000 palestinarrek –gizonezkoen %40– pasa dutela denbora bat Israelgo espetxeren batean. Askori ez zioten inoiz deliturik leporatu, ezta epaitu ere. Horrek ez du esan nahi ezer aldatuko zukeenik: Israelgo auzitegi militarren zigor indizea palestinarrekiko %100era hurbiltzen da. Badirudi ez dela palestinar errugaberik existitzen.
Aitzitik, espetxeratzea hastapen-erritu beldurgarri moduko bat da, palestinarren belaunaldi ugarik pairatu eta Israelen okupazio eta apartheid sistema kudeatzen duen burokraziak exijitu diena.
Duela ia 60 urte okupazioa hasi zenetik, tortura ohikoa izan da espetxe horietan, baita haurren aurkakoa ere, giza eskubideen aldeko talde israeldarrek aldian-aldian dokumentatu duten bezala.
Zenbait helburu lortzeko balio dio Israeli palestinarrak espetxeratzeak eta torturatzeak. Palestinarren espiritua zapaltzen du, norbanakoena eta kolektiboa. Traumatizatu egiten ditu belaunaldiz belaunaldi, beldurra eta mesfidantza sortuz. Eta laguntzen dio erreklutatzen Shin Bet izeneko Israelgo Polizia sekretuarekin ezkutuan lan egiten duten informatzaile eta laguntzaile palestinarrak, Israelen okupazio indar ilegalen aurkako erresistentzia operazio palestinarrak zapuzteko.
Erresistentzia palestinar mota hori, argi utzi behar dugu, nazioarteko zuzenbideak baimentzen du berariaz. Bestela esanda, Mendebaldeak “terrorismo” gisa salatzen duena, berez, legezkoa da Bigarren Mundu Gerraren ostean Mendebaldeak berak ezarri zituen printzipioen arabera. Paradoxikoa, emeki esatearren.
Ehunka mila palestinar horiei eta, oro har, gizarte palestinarrari sistematikoki eragindako umiliazioek eta traumek –eta “nazioarteko komunitatea” deritzon horren erabateko axolagabekeriak, edo, are okerrago, konplizitateak– ezinbestean elikatu dute estremismo erlijiosoa garai batean nagusiki laikoa zen gizarte palestinarrean.
Mendebaldeak sortutako nazioarteko erakundeek, bere laikotasuna aldarrikatu eta aldi berean balio kristauak goraipatzen dituztenek, ez badute ez justiziarik ez erreparaziorik eskaintzen, palestinarrek ondorioztatzen dute justizia aurkitu ahal izango dutela –edo, gutxienez, ordaina–, ez alferrikako eta iruzurrez beteriko “negoziazioen” bidez, baizik eta Islamaren izenean egindako erresistentzia bortitzarekiko konpromiso handiagoaren bidez.
Horrek azaltzen du zergatik sortu zen Hamas taldea 1980ko hamarkadaren amaieran, eta zergatik duen gero eta babes handiagoa. Hamaseko militantzia islamiarrak kontraste handia egiten zuen Al Fatah-ren nazionalismo laiko moldaerrazarekin, urte askoan Mahmud Abbasek zuzendua. Hamasen igoera pozarren landu zuen Israelek. Ulertzen zuen islamismoak Palestinaren kausari balioa kenduko ziola Mendebaldeko herritarren begietara, eta are gehiago lotuko zuela Mendebaldea Israelekin.
Baina Israelen tortura sistemak –izan Megiddo bezalako espetxe “normaletan”, izan Gazan egin zuen aire zabaleko espetxe erraldoian– Hamas bezalako taldeen artean ere, eragin du indarkeriaren bidez askatzeko gero eta jarrera irmoagoa. Ez bazen aukerarik Israelekin hitz egin eta arrazoitzeko, ezpata bakarrik ulertzen bazuen, hori izango zen palestinarrek Israelekin hitz egiteko erabiliko zuten hizkuntza. Hori izan zen, hain zuzen ere, urriaren 7ko basakerien oinarria.
Urriaren 7a izugarria iruditu bazitzaizun, baina ez bazaizu izugarriagoa iruditzen Israelek mende erdi baino gehiagoz bere kartzeletan palestinarrei egiten diena, orduan edo ezjakintasun sakonean murgilduta zaude –ez litzateke harritzekoa ikusita Israelgo erregimen despotikoak palestinarrei egiten dienaz dagoen jarraipen mediatiko falta–, edo negazionismo sakonean zaude.
Ez bazara gai ikusteko belaunaldiz belaunaldi palestinarrek pairatzen dituzten gehiegikeria barbaroek eta urriaren 7an egindako krimenek duten lotura kausala, ez duzu giza izaera ulertzen. Ez zara kontziente nola jokatuko zenukeen torturatuak izan bazinate zu, zure aita eta zure aitona, Israelgo espetxeren batean. Gurasoek seme-alabei transmititzen dieten trauma da.
Megiddon filmatutako eszenak. Gizon demakratuen irudiak, espetxean jasotako jipoiek txikituak. Ehunka medikuren desagerpena Israelgo tortura ganberetan. Israelgo espetxezainek bortxatutako palestinarraren bideoa. Israelgo eta nazioarteko erakundeen berrespena, baietz, hori sistematikoki gertatzen dela. Izugarrikeriek aurpegira begiratzen digute. Baina gutako gehiegik beste aldera begiratzen dugu, gure haurtzaroko pentsamendu magikora itzuliz, non, begiak estaltzen ditugunean, mundua desagertu egiten den.
Israelgo espetxe sistemaren izugarrikeriak ez dira berriak. Hamarkadak daramatzate horrela. Berria dena da, Israelek areagotu egin izana abusuak. Lehen sekretu ilun bezala ezkutatzen zituen izugarrikeriekin gozatu egiten du orain.
Israel galduta dago. Zulo beltz eta genozida batean murgilduta dago. Galdera da: utziko al diozu zeure buruari zulo horrek xurga zaitzan? Begiak estaltzen jarraituko duzu? Tortura amaituko al da nahiago duzulako ez ikusi?
* Jonathan Cook Nazarethen bizi den kazetari ingelesa da, nazioarteko berriemale gutxik bezain ongi ezagutzen du Palestinako egoera. Hau da bere webgunea.
Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.
Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]
Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Asteartean menia apurtu zuenetik gutxienez 650 palestinar hil dituzte sionistek, Al Jazeeraren arabera. Netanyhauren gobernuak Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du, baina Auzitegi Gorenak kaleratzea geldiarazi du.
Milaka pertsona bildu dira larunbat honetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta “Israelek Gazan egindako genozidioa” amaitzeko eta Benjamin Netanyahuren gobernuak su-etenari berriro ekiteko eskatzeko. Gernika-Palestina herri ekimenak deitu du martxa,... [+]
Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]
500 palestinar hil ditu Israelek, horietatik 130 baino gehiago adin txikikoak, su etena apurtu eta bigarren egunean. “Hasiera baino ez” dela ohartarazi du Netanyahuk.
Israelek eraso masiboak abiarazi ditu berriro ere Gaza osoan: Khan Younis eta Rafan Gaza hegoaldean, Gaza Hirian iparraldean eta eta Deir el-Balah-n erdialdean. "Familiak seme-alaben gorpuzkiak eskuetan zituztela iristen ziren ospitalera", adierazi du lekuko batek.
Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin... [+]
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]