“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

  • Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira Les Cyclopote elkartearekin bizikletan ibiltzera. Nabarmendu dute “biziki ona” dela, lagunekin egoten direlako eta etxetik ateratzen direlako.  

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Txikiak zirelarik ikasi zuten Étienne Arburuak eta Cathy Arrotcarenak bizikletan; egun, astero ibiltzen dira. “Bistan da, ez da ahazten”, esan du Arrotcarenak. Baionako elkarte bati esker duela hogeita lau urte ezagutu zuen Arrotcarenak Les Cyclopote elkartea. Bizikletan ibiltzeko elkarte bat da, eta tandemean aritzen dira. Arburua duela hogei urte hasi zen elkartean, Arrotcarenak gomendatuta. Tandemak bi pertsonentzako bizikletak dira: aurrean gidaria doa –ikusten duen pertsona bat–  eta atzean itsua den pertsona. Argazkietan, François Clavier elkarteko presidentea ageri da gidari.

Gidariaren lana, izenak dioen bezala, gidatzea da; hau da, non dauden, nora doazen eta zer ikusten duten azaltzea eta norabidea zehaztea. “Esaten digute eskuin eta ezker, eta ez dugu fitsik egiten, jarraitu besterik ez”, esan du Arrontcarenak. Gaineratu du “fitsik ez ikusi” arren, jakin badakitela zer-nolako giroa dagoen: “Badakigu fresko den edo ez, sentitu dezakegu ez dagoela eguzkirik, haizea…”.

"Lagunak ikusten ditugu, astean zehar zer egin dugun kontatzen dugu, zer pasatzen den Euskal Herrian…"

Talde handia dira, eta astero aldatzen dituzte bikoteak, denen artean elkar ezagutzeko. “Konfiantza behar da gidariekin. Biziki onak dira”, dio Arrotcarenak. “Eta beharrezkoak gu ateratzeko”, gehitu du Arburuak. Etxetik ateratzeko bide bat da Arrotcarenarentzat: “Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten. Orain, kanpora ateratzen dira, oihanera”. Halere, Arburuak nabarmendu du badirela ere etxetik atera nahi ez dutenak edota ezin dutenak: “Denek ez daukate automobila ateratzeko. Ez dago hurbil hiria”. Familiaren laguntzaz joaten dira Angelura, eta 50 kilometro inguruko itzulia egiten dute.

Sozializatzeko tresna

Arburuarentzat “biziki ona” da larunbatero bizikletan ibiltzea. Hala ere, ia bi urtez ezin izan du egin, minbizia izan zuelako eta besoa pikatu behar izan ziotelako. Bizikleta egokitu dute protesiarekin erabili ahal izateko, eta duela gutxi taldearekin hasi da berriz: “Aixe hartu dut; gidariek biziki lagundu didate”. Gainera, lagunak berriz ikusteak on egiten diola dio.

Horregatik, gogoz heltzen diote Arburuak eta Arrotcarenak asteburuari. “Lagunak ikusten ditugu, astean zehar zer egin dugun kontatzen dugu, zer pasatzen den Euskal Herrian…”, esan du Arburuak. Aste osoa solasean aritzen dira bizikleta irteera antolatzeko. Izan ere, garrantzitsua da parte hartuko dutenen zerrenda egitea eta bikoteak lotzea. “Plazererako egiten dugu”, nabarmendu du Arrotcarenak.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

Arrotcarena: "Eskuak baratzean aritzeko eta zangoak dena egiteko eta pedalei eragiteko".

Arburua: "Eskuak. Gauza anitz egiten ditugu eskuekin: gorputza garbitu, jan… Eta zangoak bizikletarako".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Endometriosia
“Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara”

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude