Enpresak ikasleei edukiak irakasten jarri ditu Lanbide Heziketaren Legeak

  • Ikasturte honetatik aurrera, Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketako ikasleak lehenengo mailatik arituko dira enpresetan, enpresek eurek hezkuntza-curriculumeko edukiak irakatsi eta ebaluatuko dituzte, eta ikasleen ezagutza tekniko eta espezifikoak murriztuko dira, Xabier Jimenez eta Mikel Bilbao irakasleek salatu dutenez: “Hasieratik enpresa batean, haien ebaluaziopean eta jauzi egiteko formakuntza gutxiagorekin, enpresen menpeko bihurtuko dituzte ikasleak”.

Gure solaskidearen arabera, une bat iritsiko da non enpresek dirua (diru publikoa) eskatuko duten ikasleei irakastearen ordainetan.

Espainiako Gobernuaren Lanbide Heziketaren legeak enpresen esku-hartzea are gehiago handitzeak ondorio oso kezkagarriak utziko dituela eta Lanbide Heziketako eskolak enpresen zerbitzura jarriko dituela ohartarazi diote ARGIAri Mikel Bilbao  (Nafarroako) eta Xabier Jimenez (EAEko) Lanbide Heziketako irakasleek. Formazioak jasango duen gainbeheraz, enpresek aterako dituzten etekinez eta enpresei lotuta geratuko diren ikasle-langile profilaz mintzatu zaizkigu. Ikasturte honetan hasi dira legea aplikatzen Hego Euskal Herrian.

Sistema Duala dakar legeak, eskola eta enpresa batuta. Eta sistema honi lotuta, aldaketa erradikala: lehen, curriculum guztia eskolan eman ostean eta ikasgaiak gaindituta, enpresa batera joaten ziren ikasleak, gradu amaieran, enpresako dinamika ikustera eta ikastera. Orain, lehenengo mailatik doaz ikasleak enpresetara –“oraindik jakintza nahikorik ez dutenean, eta ez da eskatzen ikasgai guztiak gaindituta izatea”–, eta enpresan edukiak barneratu behar dituzte, curriculumeko eduki teorikoak irakatsi behar dizkiete enpresan –lehen ‘instruktorea’ zuten ikasleek enpresan, orain ‘tutore’ izendapena jasotzen du enpresako ordezkariak–. Ebaluatu ere, enpresako tutoreak ebaluatuko du, berak ziurtatu behar du moduluei lotutako jakintzak barneratu dituela ikasleak enpresan. Gutxienez eduki curricularraren %20 enpresak emango dio ikasleari (400 bat ordu), eta eredu intentsiboa aukeratuz gero, gutxienez ikasketa planeko edukien %30.

Mikel Bilbao: "Paperean dena OK jarriko du enpresak, hau eta beste ikasi dutela ikasleek, baina praktikan ez da erreala, ez dute inongo edukirik emango"

“Gezurra esan beharko dugu guztiok”

Errealitatea zein izango den? “Paperean dena OK jarriko du enpresak, hau eta beste ikasi dutela, baina praktikan ez da erreala, ez dute inongo edukirik emango –dio Bilbaok–. Hasteko, ezin dute modu pedagogikoan eskaini, zeren ikasle batek kable bat edo antena bat jartzen duenean ebaluatzen dut ea antenaren elementuak ezagutzen dituen, parametroak lortzen al dakien, antena orientatzen dakien… eta enpresetan, gehienez, kable bat jarri eta ebaluatuko dute badakiela egiten. Ezin dute besterik egin, ez dute denborarik, ezta formaziorik ere. Ikusteko dago ea enpresako tutoreei ikastarotxoren bat emango dieten, baina ikasturte hau trufa hutsa izango da”. Iritzi berekoa da Baños: “Dokumentu ofizialetan gezurra esan beharko dugu guztiok, eta ikuskaritzak ez ikusiarena egingo du. Gainera, hainbat lankide haserre daude, irakasle lana enpresatara bideratzen ari direlako, gure lana usurpatzen”.

Horri lotuta, garbi du Nafarroako irakasleak: “Une bat iritsiko da non enpresak esango duen ‘jakintzen %20 eman behar badut, horren ordainetan dirua (diru publikoa) eman behar didazue’, eta logikoa da, lan bat eta ardura bat eskatzen zaielako; diru-iturri bat gehiago bihurtuko da enpresentzat, eta hala ikusi dugu gainera beste herrialde batzuetan; enpresan bertan tailerrak egiten bukatu dute, ikasleen formaziora bideratuta”.

Aipatu moduan, orain arte ez bezala, lehenengo mailatik joango dira ikasleak enpresetara (batzuek 15 urte izango dituzte), oraindik ezagutzarik apenas dutela eta ongi prestatu gabe, diote bi irakasleek. “Naturalki, lehenengo maila filtroa izaten da, batzuek bertan behera uzten dituzte ikasketak, beste batzuek ikasgai asko ez dituzte gainditzen… baina filtro hori jada ez dago, ikasle guztiak doaz enpresetara”, nabarmendu du Jimenezek. “Oso gaztetatik enpresetako domestifikaziora egingo dute salto”, dio Bilbaok.

Ikastetxeen arteko lehia basatian, enpresak garaile

Legeak ikasle guztientzako enpresa bila jartzen ditu irakasleak, eta zentroen arteko lehia kezkagarria da, kritikatu du Bilbaok, eta uste du legeak indartuko dituela itunpeko zentroen eta enpresen arteko hitzarmenak, zentro horietako ikasleak joan daitezen enpresetara. Kontuak kontu, irakasleak saltzaile bihurtu direla dio: “Zentroen arteko lehian, enpresetara joan behar dugu gaztetxoak saltzera, enpresa horietan aritu daitezen, beraz enpresa horien zerbitzura gaude guztiz; nahi dugu gure ikasleak har ditzatela, eta enpresak azkenean hasten dira eskatzen zehazki zer nahi duten, ikasle/langileek zein ezagutza izatea behar duten, zentroan zer irakastea nahi duten”. Lanbide Heziketako ikastetxeek pixkanaka bide hori hartuko duten kezka du irakasleak: “Gure ikasleak hartuko dituzten enpresen gustuko izan nahian, kasu egingo diegu, eta oso larria da, hezkuntzako curriculuma beraiek erabakitzeko boterea emango diegulako”.

Lanbide Heziketatik nolako ikasleak eta batez ere nolako langileak aterako diren hobeto ulertzeko, legeak dakartzan hiru aldaketa azpimarratu dizkigute irakasleek, elkarren artean lotura dutenak: ikasketa teknikoen gutxitzea, jakintzaren aldean konpetentziek hartu duten nagusitasuna, eta sortu berri den Konpetentzien Karneta.

Batetik, eduki teknikoek ordu gutxiago izango dituztela salatu dute gure solaskideek (teorian, enpresetan emango dituzte eduki horiek). Horrez gain, Jimenezek azaldu du duela gutxira arte bi talde zeudela Lanbide Heziketako irakasleen artean: Bigarren Hezkuntzako irakasleak (unibertsitateko tituludunak, ingeniariak adibidez, eduki teorikoak emateko) eta irakasle teknikoak (Lanbide Heziketako tituludunak, modulu praktikoak emateko). “Orain, irakasle teknikoekin amaitu dute, jada ez dago LHko titulu batekin irakasleen zerrendan sartzerik eta zeudenak egoera zaurgarrian geratuko dira. Hezkuntzako arduradunen ustez, autoak nola konpondu irakasteko egokiagoa da karrera amaitu berri duen ingeniaria, hamar urtez garaje batean lanean aritu den mekanikoa baino”.

Xabier Jimenez: "Hezkuntzako arduradunen ustez, autoak nola konpondu irakasteko egokiagoa da karrera amaitu berri duen ingeniaria, hamar urtez garaje batean lanean aritu den mekanikoa baino"

Jakintza vs. konpetentziak

Bestetik, azken urteetan hezkuntzan oro har pisua hartu duten eta Lanbide Heziketan indartsu sartu diren konpetentziak izan dituzte hizpide solaskideek. Malgutasuna, bizitza guztian zehar formatzen jarraitzeko beharra, ekintzailetza, dinamismoa, (enpresaren erritmo eta aktibitatera) moldatzen eta egokitzen jakitea… gisako konpetentziek enpresen desioei ongi erantzuten dietela gogoratu dute. Konpetentziak laudatzearekin batera, Informazioaren Gizartean jakintzak bigarren mailako direla zabaltzen da gainera: “Ezagutza gutxiesten da, memorizazioa arbuiatzen eta zehaztasun handiko jakintzak baztertzen, erraz bilatu daitezkeela argudiatuz –dio Bilbaok–. Jakintza batzuk lortuta, ordea, jarraitu dezakezu jakintza berriak lortzeko bidea, baina konpetentziak baino ez badituzu, eta jakintzarik ez, oinarririk gabe ezingo dituzu jakintza berriak lortu”. Lanbide Heziketara ekarrita, adibidea jarri digu irakasleak: “Elektrizista izanik tentsio baxuko araudia ezagutzen badut, zirkuitu mota guztiak menperatzen baditut eta matxurak nola konpondu baldin badakit, langile gisa askeagoa izango naiz, baina lau kable jartzen baino ez badakit, nagusiarekiko menpekoago. Saldu digute konpetentziek ematen digutela egokitzeko gaitasuna, baina egokitzeko gaitasuna jakintzek ematen digute”.

Konpetentzien eredu hori indartzera dator, Bilbaoren iritziz, legearen beste berrikuntza bat: Konpetentzien Karneta. Lehen, graduren bat ikasi eta titulua ateratzen zuen ikasleak; orain, ikasgai batzuk ikasi ahala konpetentzia batzuk aitortzen zaizkio, eta horiekin lan egin dezake, aldi berean bizitzan zehar ikasgai eta konpetentzia berriak gehitzen joan daiteke. “Interesgarria irudi lezake, baina lan konbenioak apurtzen ditu, elkargo eta profesio-familiak apurtzen ditu, indibidualizatu egiten duelako langilea: hemengo hiru ikasgai eta hango bi izanda enpresara zoaz eta zein lan kategoria emango dizute? Borroka egiterako orduan, zein gremioren parte zara?”.

Mikel Bilbao: "Irakasleok enpresetara joan behar dugu gaztetxoak saltzera, enpresa horietan aritu daitezen; azkenerako, hezkuntzako curriculuma beraiek erabakitzeko boterea emango diegu"

Emaitza: enpresekiko menpekotasuna

Bai Jimenezek, bai Bilbaok argi ikusten dute azaldutako guztiaren ondorioa: “Enpresa batean bi urtez, hain gazte, eta hango dinamika eta moduak ikasita, haren menpeko bihurtuko zaitu, beste arlo edo postu batzuetara jauzi egiteko ezagutza eta aukera gutxiagorekin; hainbat kasutan baita sentsazioarekin ere zerbait zor diozula enpresari, handik alde eginez gero huts egingo diozula”. Kaltetuenak ikasle zaurgarrienak izango direla nabarmendu dute, sozioekonomikoki egoera okerragoan daudenak, eta ikasleen arteko arrakala handitu baino ez duela egingo legeak.

Jakintzez ari garela, “enpresaburuei entzuten diegun mantra” ekarri du solasaldira Mikel Bilbaok: “Kualifikazio altuko eskulana nahi dutela, baina ez dagoela diote”. Aldiz, euren datuek ez dutela halakorik berresten dio, ez dagoela langile kualifikatuagoen demandarik. Kontrara, kualifikazio baxuko lanak egingo dituzten langileen eskaera dagoela azpimarratu du: “Europa osoan ikusten ari gara produkzio katearen teknifikazio eta automatizazioak erdi mailako kualifikazioa duten pertsonak kaltetzen dituela gehien, eta beraz, duten kualifikazioa baino kualifikazio gutxiagoko lanetan bukatzen dutela, baldintza prekarioagoetan”.

Panorama beltza marraztu dute Mikel Bilbao Luengas eta Xabier Jimenez Baños irakasleek, gurean prestigiotsu saltzen den Lanbide Heziketak enpresen interesak lehenetsi eta ikasleak etorkizuneko peoi bihurtuko dituen beldur.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lanbide heziketa
2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Garun-paralisia duen Usurbilgo ikasleak lortu du: behar duen laguntza jasoko du azkenean

"Borroka luze eta gogor baten ostean", garun-paralisia eta %87ko desgaitasun motorra duen Usurbilgo ikasleak jardunaldi osoko laguntzailea lortu du ikasturte honetarako eta familia guztia "oso pozik" dagoela jakinarazi dio ARGIAri ikaslearen amak. Joan den... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
“Lanbide Heziketa Euskaraz” aldarria zabalduko dute ekainaren 28tik uztailaren 1era

Bizikletako martxak eta topaketak antolatu dituzte, euskarak Lanbide Heziketan duen presentziaren inguruan hausnartzeko eta aurrera egiteko proposamenak elkarrekin adosteko.


Garun-paralisidun Usurbilgo ikasleari behar duen laguntza jartzeko eskatuko dio herriko alkateak Hezkuntza sailburuari

%87ko desgaitasun motorrarekin, Lanbide Heziketa ikasten ari den Usurbilgo gazte batek laguntzailea behar du ikastordu guztietan, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak, eta hautsak harrotu ditu kasuak: Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia EH Bilduk, Steilas sindikatuak egoera... [+]


Garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen ikasleari behar duen laguntza ukatu dio Eusko Jaurlaritzak

%87ko desgaitasun motorrarekin, Usurbilgo gazte batek ikastordu guztietan laguntzailea izan du orain arteko ibilbide akademikoan, baina Lanbide Heziketara igaro denean, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Laguntzailerik gabe dagoen orduetan ezinezkoa zaio... [+]


Zergatik ez du bermatzen Jaurlaritzak Lanbide Heziketa euskaraz ikastea?

Asko dira euskarazko batere ikasgairik gabe Lanbide Heziketako ziklo osoa egiten duten ikasleak EAEn, berak ezarritako legea urratzen duelako Eusko Jaurlaritzak. Lanbide Heziketan euskaraz ikasi ahal izateari eta zikloak euskalduntzeari Jaurlaritzak “blokeoa” ezarria... [+]


2025/2026 ikasturterako ikasle guztiek eredu dualean ikastea du helburu Lanbide Heziketako IV. Planak

Gaur egun Lanbide Heziketako ikasleen %30ek ikasten du eredu dualean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 7542 enpresetan. Iaztik bikoiztu baino gehiago egin da enpresa kopurua, eta hemendik hiru ikasturtera 25.000 izatea nahi dute.


Lanbide Heziketan hezkuntza premia bereziak dituztenen ikas-prozesua bermatzeko proiektua abiatu dute

Ikasle guztiak, baita premia bereziak dituztenak ere, kontuan hartuko dituen curriculuma diseinatzen eta aplikatzen jarriko dituzte Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako irakasleak. Lanbide Heziketan lehenengoz egingo dela eta proiektu berritzailea dela iragarri dute,... [+]


2022-12-06 | ARGIA
Lanpostuen erdiak ez du euskara eskakizunik EAEko Lanbide Heziketako irakasleak egonkortzeko lehiaketan

EAEko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontsolidaziorako meritu-lehiaketan, lanpostuen erdia euskara eskakizunik gabe atera du Eusko Jaurlaritzak, eta helegitea jarri du LAB sindikatuak, lanpostu denetan euskara eskatu dadin.


“Ikasle mugimendutik mahaian kolpea jo nahi dugu, greba hau inflexio puntua izan dadila”

Ikasle Abertzaleek greba deitu dute hezkuntzan, ostegun honetarako. Indarrean diren hezkuntza erreforma eta legeek sakoneko arazoak indartu baino ez dituztela egiten eta hezkuntzak soluzio integrala behar duela aldarrikatzen dute: “Hezkuntza sistema sozialista eraikitzea... [+]


2020-10-15 | Juan Mari Arregi
Negozio txikietan ere langileak ari dira

Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko, laboral eta sozialak agerian utzi ditu milaka negozio txiki, berriz irekitzeko aukerarik gabe ateak ixten ari direnak;  dozenaka mila lanpostu galdu dira horrela.


2020-10-08 | Juan Mari Arregi
Negozio txikietan ere langileak ari dira

Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko, laboral eta sozialak agerian utzi ditu milaka negozio txiki, berriz irekitzeko aukerarik gabe ateak ixten ari direnak;  dozenaka mila lanpostu galdu dira horrela.


2020-05-18 | ARGIA
Aurrez aurreko hezkuntza baimendu arte ezin direla enpresetako praktikaldiak egin oroitarazi du Steilasek

Maiatzaren 15ean lanbide heziketako ikastetxeek EAEko Hezkuntza sailetik jaso duten instrukzio berriak zera dio: maiatzaren 18an lantokiko praktikaldiak hastea planteatzen dutela. Steilas sindikatuak salatu du Espainiako Errege Dekretuak argi uzten duela aurrez aurreko hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude