“Ez dirudi agintariek benetako interesa dutenik manteroen egoera konpontzeko”

  • Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu dute polizien esku-hartzeek "nabarmen" egin dutela gora.

Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak), Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria) eta Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole). / PELLO MAUDO HERRERO - ARGIA CC BY-SA
Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak), Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria) eta Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole). / PELLO MAUDO HERRERO - ARGIA CC BY-SA

Apirilean Bilboko dozenaka kolektibo eta erakunde sozio-sindikalek Manteroekin Bat plataforma sortu zuten, apirilaren 4an Bilboko Abando barrutian izandako “eraso polizialen” harira. Mbolo Moye Doole Plataformako kide Boubacar Diouf-ek esan digu Bilboko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako 80 polizia inguru "bizimodua aurrera ateratzen saiatzen den jendearen gauzak hartzera" joan zirela. Salatu du muturrekorik ez zeukaten txakurrak eta borrak erabili zituztela, eta gaineratu neurri handiagoan ala txikiagoan eraso polizialak “beti” izan diren arren, apirilaren 4an gertatutakoaz geroztik areagotu egin direla nabaritu dutela.

Bilboko Aste Nagusiko jaietan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak “indarkeriaz eta arrazakeriaz” jardun zutela salatu zuen Manteroekin Bat plataformak. Jaietan hainbatetan esku hartu dute poliziek, eta azken egunean, Arriaga Antzokiko zabalgunean ziren herritarrek ikusi zutenean poliziak manteroak jazartzen ari zirela, manteroak defendatu zituzten, Bilboko Konpartsetako kideekin batera, "Bilboko Konpartsak manteroekin bat" oihuen artean. Dioufek adierazi du azken egunean gertatutakoak “saihestu” zitezkeela.

“Udalak segurtasunari buruz asko hitz egiten du. Etsai bat sortzen ari dira, eta izugarria da. Nire ikuspuntutik nazismora hurbiltzen da”. Elena Bezanilla (SOS Arrazakeria)

Aste Nagusiko jaien ondoren, Manteroekin Bat-ek abuztuaren 27an Arriaga antzokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuen, “Manteroen aurkako jazarpen gehiagorik ez” lelopean. Plataformak salatu zuen jaietan poliziek "jarrera estigmatizatzailea eta bortizki arrazista" izan zutela, eta manteroen "salgaiak, dirua eta ondasun pertsonalak atxiki" zituztela. Dioufek kontatu du mantero bati ondasun pertsonalak kendu zizkiotela: “Haiekin hitz egiten saiatzen gara, baina beldur dira. Mutil batek esan dit ez duela salaketa jarriko arazorik ez duelako nahi, baina esan diot jada arazoa baduela, epaiketa bat izango du-eta. Ondasun pertsonalak kentzekotan, itzuli egin behar dituzte”.

Egoera konpontzeko “benetako interesik ez”

Plataformatik adierazi dute polizia operazioen gorakada Bilboko Udalak bultzatutako “erabaki politikoa” dela. Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarteko kide Elena Bezanillak Bilboko Udalak segurtasunari buruz esandakoak kritikatu ditu: “Udalak segurtasunari buruz asko hitz egiten du, eta kezkatu egiten nau. Urte asko ziren segurtasunaz hitz egiten ez zena, eta ez dut uste arazo bat denik. Psikosia eta beldurra sortzen dute. Zer onura lortzen dute beldurretik eta segurtasun ezatik? Uste dut sekuritizazio politika horrek pertsona baztertuak kaltetuko dituela gehien”.

Ongi Etorri Errefuxiatuakeko (OEE) kide Luisa Menéndezen arabera, bestalde, "inolako konpromisorik gabeko hitz batzuetatik haratago, ez dirudi benetako interesik dagoenik agintarien aldetik manteroen egoera konpontzeko. Manteroei entzungo dietela esaten dute, baina zertarako? "Beraiekin bilera bat izan dutela esateko? Egoera ezagutzen dute, eta manteroak nazkatuta daude. Nori gustatuko litzaioke kalera ateratzea oihal zati batekin eta produktu batzuekin? Guztiok nahi ditugu lan baldintza, eskubide eta betebehar batzuk”. Dioufek adierazi du kaleko salmentak garai jakin batzuetan duela arrakasta –batez ere udan jaiak direla eta–, baina beste batzuetan manteroek ez dutela ezer saltzen. Menéndezek kolaborazio handiagoa eskatzen du administrazioen partetik: "Nik ez dut esaten ezer egiten ez dutenik, baina askoz gehiago egin dezakete. Ez da normala 500 pertsonak baino gehiagok kalean lo egitea, eta aterpetxerik ez egotea".

Bilboko Konpartsek deituta, Udaltzaingoaren "gehiegikeriak" salatu eta manteroei sustengua adierazteko elkarretaratzea egin zen abuztuaren 20an, Arenalean. / Txeng Meng / Flickr CC BY-NC 2.0

Mbolo Moye Doole Plataformako kideak migratzaileek dituzten zailtasunak aipatu ditu, indarrean dagoen Atzerritarrei Buruzko Legea dela-eta: “Legeak galarazi egiten die paperik gabeko pertsonei lan-merkatuan sartzea urte pare batean, eta kalean saltzen dute bizimodua ateratzeko. Etorkizun ilun samarra da, ez baita bermatzen hiru urte Espainiako Estatuan emanez gero paperak izango dituzunik. Jende askok bost, sei, zazpi edo hamar urte daramatza paperen eske". Bezanillak esan du bere lagun batek hemezortzi urte daramatzala paperak lortu ezinean.

SOS Arrazakeria taldeko kideak azpimarratu du "erantzukizun politikoa" eskatu behar dela, “borondate politikoa baldin badago, konponbideak daudelako”: “Zigorra eta errepresioa ez diren irtenbide integralak izan daitezke, udalaz gain beste administrazio batzuk ere barnean hartzen dituztenak. Gure bizilagunek bizi duten egoerari aurre egiteko irtenbideak aurki daitezke, lege bidegabe eta arrazista baten eraginez beren eskubideak murriztuak direla ikusten baitute”. Manteroekin Batek abuztuaren 27ko deialdian zabaldutako oharrean irakurri daitekeenez, "premiazkoa da manteroen oinarrizko eskubideak urratzea eragozten duten mekanismo kolektiboak planteatzea".

Plataformak hiru bilera izan ditu Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Migrazio arloko arduradunekin, eta bost eskaera dituzte oinarri. Batetik, ardura politikoa eta gehiegikerien gaineko kontrola: “Poliziaren jardunean indarkeria fisiko eta ahozkoa berehala amaitu dezala exijitzen diogu Udalari, eta boterearen abusua baliatzen duten polizien jarraipena, kontrola eta zigorra aplikatu ditzala”. Bigarrenik, poliziek kale saltzaileen dokumentazioa edo bestelako objektu pertsonalak hartzea oinarrizko eskubideen aurka doala gogoratu dute, eta praktika horrek desagertu behar duela azpimarratu. Berdin kale saltzaileen produktuak konfiskatzeko praktikari dagokionez: jardun eztabaidagarria eta ez oso gardena dela diote, eta berrikusi behar dela. Laugarren puntua da, beste lurralde batzuetan egin den moduan, salmentarako espazio seguruak adostea, bai Aste Nagusian baita auzoetako jaietan ere. Azkenik, udal kiroldegietan pertsona manteroak sartu ahal izatea eskatu dute, baldintza duinetan garbitu eta atseden haru ahal izateko. Neurri horien helburua “horrelako jarduerak berriz ez errepikatzea” da, eta “zentzuzko gutxieneko irizpide batzuk ezartzea, manteroen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten polizia-abusu arrazisten egoerei aurre egiteko”. Plataformak adierazi du egindako bost eskaerei Bilboko Udalak ezezkoa eman diela, eta abuztuaren 27ko elkarretaratzeaz geroztik ez dutela  beste bilerarik izan.

Eragindako kaltea konpontzea eta aitortzea

Menéndezek dio poliziak migratzaileen aurka egindako “boterearen abusu kasuak normalizatzen” ari direla: “Ongi Etorri Errefuxiatuak-en egoitzaren inguruan bizi diren pertsona askok esaten digute bi edo hiru egunetik behin dokumentazioa eskatzen dietela. Duela bizpahiru hilabete hamar bat gazte zeuden zain elkartearen egoitzan artatuak izateko, eta hiruzpalau polizia-auto agertu ziren. Hormaren kontra jarri zituzten eta dokumentazioa eskatu zieten, abisu bat jaso zutelako inguruan mugikor bat lapurtu zutela. Zergatik ziren eurak susmagarriak? Migratzaile itxura zutelako? Hori gehiegikeriak normalizatzea da”.

“Bilboko Udala legezkotasunean oinarritzen da, baina legezkotasuna herritar-arau edo udal-arau batzuekin alda daiteke. Bartzelonan akordio batera iritsi dira manteroekin”. Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak)

“Egun batean, metrorantz korrika nindoala, bi udaltzainek galdetu zidaten ea nora nindoan eta poltsikoan zer neukan. Mugikorra ateratakoan, pasahitza jartzeko esan zidaten”, kontatu du Dioufek, berak bizitako egoera baten inguruan. Bezanillak kezka agertu du, pertsona arrazializatuak izateagatik kalean segurtasunik gabe ibiltzeak  migratzaileengan eragin psikologikoak izan ditzakeela-eta, baita erasoak, irainak edo lapurretak sufritzeko arriskuak ere”. Salaketak ez ezik, egindako kaltea konpondu eta aitortu egin behar dela adierazi du SOS Arrazakeriak elkarteko kideak.

Bezanillak esan du ez dela profil etnikoaren araberako identifikazio-daturik jasotzen, eta azken datuak 2013 ingurukoak direla. Eta gaineratu: “Profil etnikoaren arabera egindako identifikazio guztiengatik Europak Espainiako Estatua ohartarazi du".

Kritiko komunikabide batzuek zabaldutako mezuekin

“Beldurra da gizartearengan eragin handiena duena. Inbasio eta delinkuentzia mezuak bidaliz jendea beldurtzen da”, adierazi du Menéndezek, komunikabide batzuek zabaltzen dituzten mezuei erreferentzia eginez. Komunikabideek, elkarteek, gizarteak eta erakundeek “beldurrari aurre egin behar” diotela azpimarratu du, komunikabide batzuen mezuak adibide gisa jarrita: “El Correo-k beti dauka migratzaileak kriminalizatzeko mezu bat, beti hitz egiten dute delinkuentziaz eta inbasioaz. Espainiako Estatuko eskuin muturraren mezu arrazistenak eta xenofoboenak jasotzen dituzte, eta era leunean islatzen dituzte. Zergatik ez dute erreportajerik egiten non esaten duten Europako 16 mila milioi pertsona migratzaile daudela mundu osoan; edota indarrean dagoen Atzerritarrei Buruzko Legeaz, migratzaileen aurka dagoen errepresioaz eta gobernuek mugak indartzeko gastatzen dituzten milioika euroez?”. Menéndezek dio gizakiak "beti" migratu duela, "estatuak edo mugak egon baino lehenagotik", eta migratzea eskubidea dela: "Jendeak migratzeko eskubidea du, eta bide seguruak ireki behar dira horretarako”. Eskuin muturrak migratzaileak izateko interesa duela uste du, “baina baldintza kaskarretan, eskubiderik gabe eta modu txarrean lan eginez".

“Egun batean metrorantz korrika nindoala, bi udaltzainek galdetu zidaten ea nora nindoan eta poltsikoan zer neukan. Mugikorra ateratakoan, pasahitza jartzeko esan zidaten”, kontatu digu Mbolo Moye Doole elkarteko Boubacar Dioufek. / PELLO MAUDO HERRERO - ARGIA CC BY-SA

Agintariek "etsai bat sortzeko interesa" dute, esan digu Bezanillak, “kontrolik gabeko pribilegioak eta onurak" mantentzen jarraitu ahal izateko: “Etsai bat sortzen ari dira, eta izugarria da. Nire ikuspuntutik nazismora hurbiltzen da”. Dioufek, bestalde, esan du komunikabideek ez dutela jasotzen Europako arrantza-ontziek Afrikako estatu batzuetan egiten dutena, eta salatu du jardun hori zehazki Senegalen “migrazioaren jatorria” dela: “Urte asko eman ditut itsasoan, eta ez dira arrantza-eremuak errespetatzen, ez dira lizentziak errespetatzen... Euskal atunontziek nahi duten guztia arrantzatzen dute, eta hedabideek ez dute hori salatzen”. Bezanillak ere nabarmendu du familia arrantzaleak “emigratzera behartzen” dituztela: “Ez da estraktibismoaz hitz egiten, ezta Europa nahieran ari dela aberastasun guztiak desjabetzen, gero mugekin ere negozioa egiteko”.

Legezkotasuna eta moraltasuna, aurrez aurre

Bilboko Udalak manteroek egiten duten salmenta “legez kanpokoa” dela esaten du, baina Menéndezek adierazi du “legez kanpokoaren eta moral eta etikoaren artean bereizi behar” dela: “Haiek legezkotasunean oinarritzen dira, baina legezkotasuna herritar-arau edo udal-arau batzuekin alda daiteke. Bartzelonan akordio batera iritsi ziren manteroekin”.

Bezanillak adierazi du ez dagoela ados Bilboko Udalak transmititzen dituen hainbat mezurekin, eta gauza batzuk esaten dituztela, baina beste batzuk egin: “Polizia hurbilaz hitz egiten dute, baina txakurrekin doaz bizimodua modu baketsu eta duinean ateratzen duen jendea erreprimitzera. Bilbo kulturartekotasunaren eta harreraren hiria dela esaten dute, baina lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela ikusten dugu. Jaiak oso baketsuak izan direla diote, baina batzuekin ez da hainbeste nabaritu”.

Hala ere, Manteroekin Bat plataformako hiru kideek adierazi dute herritar gehienek ez dutela gaizki ikusten manteroek egiten duten lana: “Denetarik dago, baina subjektiboki uste dut jendea ez dagoela manteroen aurka. Zabalduta dago inori kalterik egin gabe bizimodua ateratzen ari diren mezua”. Manteroekin Batek egindako azken adierazpenean 66 elkarteren sinadurak daudela adierazi du Bezanillak, eta azpimarratu du Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko jaietan emandako laguntza. "Batzuetan jendeak esaten du ‘sinadura bat baino ez’ dela, baina partaide zaren elkarteak sinatu duela ikusten duzunean, nolabait ere elkartasun horrekin lotuta sentitzen zara", adierazi du Menéndezek.

Gaineratu du Euskal Herrian migratzaileei laguntzeko elkarte eta kolektibo asko daudela. Dioufek azaldu digu, adibidez, Manteroekin Batek irailaren 12an tailer bat antolatu zuela, manteroek beraien eskubideak defendatzeko tresnak eta bestelako aspektu legalak ezagutzeko, eta jarduerak eta ekintzak antolatzeko bidetik jarraituko dutela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


2025-04-16 | June Fernández
Meloi saltzailea
Chimamanda

Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]


“Gu beti irabaztera ateratzen gara, emakumeen nahiz gizonen aurka jokatu”

Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok... [+]


Bortizkeria ikusgarri egitetik, ardura hartu eta erreparaziorako bideak antolatzera

Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


Iruñeko Paris 365 jantokia
Familia bat, aurrera egiten jarraitzeko

Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari... [+]


Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Eguneraketa berriak daude