“Bizi gara zuzentasun politikoaren garaian, ‘beef’-aren kultura ez da ulertzen”

  • 2021ean sortu zen Lizarran Raimundo el Canastero taldea, eta iaz ikusi zuen argia haien lehenengo diskoak –N.T.E.R.–. Kaxoia, gitarra, ordenagailua eta hiru lagun langabezian: Julen Arbizu (Lizarra, 1995), Imanol Viñarás (Lizarra, 1995) eta Mikel Beltza (Iruñea, 1996). Tabernan egoteko edo musean aritzeko geratzen direnak bezala hasi ziren elkartzen ostiralero. Runba fusio musika estiloa egiten dute, “ez genekielako runba puroa egiten eta fusio horrek ematen dizulako aukera nahi duzuna egiteko”.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Raimundo el Canasterok Lizarra du epizentro. Zein pisu du horrek taldean?
Julen: Hemen sortu zen taldea. Lizarran beti egon da musikarekiko afizio handia. Gaztetxean musika gela bat zegoen, hortik talde asko sortu dira eta kaleetan asko jo izan dugu. Taldearen sorreran garrantzia handia du Lizarrak.
Imanol: Eta musika egiterako orduan ere bai, ezta? Nahiko lokalak izaten dira sartzen ditugun erreferentziak. Adibidez, Madero-ren abestia da Lizarrako batukadak jotzen zuenaren estribillo bat.
Julen: Melodiak ere bai, eta jerga gehienbat.
Mikel: Esango nuke taldearen izaeran nabaritzen dela. Lizarrako jendea pixka bat axolagabea da eta taldea ere bai. Norbere buruaz barre egiten duen jendea, agian garrantzitsuak diren gauzei garrantzirik ematen ez diona…
Imanol: Eta, bestalde, Lizarrak ematen dituen aukerei dagokienez… Musikari gehienok uste dugu aukera gutxi daudela, eta nire ustez, hein batean, hori ongi datorkio musikari: geroz eta aukera gutxiago, orduan eta gogo gehiago gauzak egiteko.

Eta zuek zer ematen diozue Lizarrari?
Imanol: Titularrak [barrezka hasi dira denak]. Ez, ba gugandik hurbil dagoen jendeari ematen dizkiogu momentu barregarriak, poztasuna gauetan, parrandan ateratzen direnean nabari da pixka bat musika ezberdina entzuten dela…
Julen: Eta esaten genuena, letretan Lizarrako gauzez ari garenez, zure herriaz ari den kantu bat entzuten baduzu, beti egiten dizu grazia gehiago. [Mikel] Beltzak esaten duen bezala, ez diogulako ere buelta handirik ematen esaten dugunari. Berri-ra (Lizarrako taberna) joateari buruz idazten dugu, adibidez.
Mikel: Nik segurtasun falta edo beldur bat nuen hasieran… Ijitoei ez zitzaiela gustatuko ijito ez diren batzuek runba egitea. Eta hasiera-hasieratik poz-pozik egon dira, kontzertu guztietara etortzen dira, askotan esan digute gauzak elkarrekin egiteko.

"Daukagunarekin egin dezakegu zerbait. Nik gaur egin ditut makarroiak haragi xehatuarekin"

Azkenaldian gertatzen ari da: musika talde berri bat sortu, eta hortik egun gutxi batzuetara jarraitzaile saldo bat eta kontzertu batzuk lotuta ditu. Zuekin ere pasa da. Nola da posible?
Julen: Jendearen irizpide falta [barrez].
Imanol: Nire ustez da ezagutzen ditugun kasuak direlako. Zeren egongo dira talde asko duela hamar-hamabost urte hasitakoak eta ez direnak hain ezagunak. Sinpleki da zuk ezagutzen dituzulako ezagutarazi dizkizutenak.

Eta zergatik zarete zuek horietakoa?
Imanol: Gure izaeragatik, agian. Musikak leku garrantzitsua hartzen du, baina beste alde batetik guk egin genuena zerbait desberdina zen: hamabost pertsona runba jotzen eta nahi duguna egiten. Ez genuen proiektua abiarazi petatzeko.
Mikel: Gure kulturan, runba entzun izan dudanetan txosnetan, beti izan da bakarlari bat gitarrarekin. Gure kasua ikustean harritzen zaitu hamapiko tipo ikusteak, piano, haize eta guzti. Pandemia izateak ere eragina izan zuen, jendeak nahi zuen etxetik atera, parranda… Eta gure musika estiloak badu zerikusia horrekin.
Julen: Eta nik uste ere justu taldea sortu genuen momentuan harrera handia zegoela estilo horrekiko estatu mailan: C Tanganak El Madrileño atera zuen, Omar Montes ere martxan jarri zen…

Hamabost pertsona edo hamabost gizonezko (Amets Aznarezen salbuespenarekin)?
Imanol: Bai, hamabost gizon.

Eta hori?
Imanol: Hitz egin izan dugu horretaz, baina listo, ezin dugu ezer egin. Saiatu ginen, etorri zen Andrea probatzera, baina Lizarratik joan zen gero eta hor gelditu zen kontua. Gauzak horrela dira, naturalak. Ez dugu Lizarra edo Iruñea inguruan flamenkoa kantatzea gustatzen zaion eta ongi egiten duen neskarik ezagutzen. Ez dugu probatu, baina ez ditugu ateak itxita.
Mikel: Lagun talde bat izan da, finean.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Norendako egiten duzue musika?
Julen: Uste dut ez dugula asko pentsatu, ezta? [barrezka]
Imanol: Ez, batere ez…

Uste duzue jendeak hartzen zaituztetela zuek zeuen buruak baino serioago?
Imanol: Bai, askoz ere gehiago.
Mikel: Diskoa egiterakoan pila bat nabaritu zen. Esan zuten atera genituela Miles Davisen disko bateko sample-ak.
Julen: Eta Miles Davis hori ni nintzen etxean tronpeta jotzen. Irakurketa batzuk super guapo, baina ez dugu horretan batere pentsatu.

Hori pasa zen agian Chill Mafia-rekin ere, ezta?
Julen: Gurea ez da hain mediatikoa, baina bai. Ongi pasatzeko egiten dugu musika, gustuko dugulako, pretentsio handirik gabe.
Imanol: Daukagunarekin egin dezakegu zerbait. Nik gaur egin ditut makarroiak haragi xehatuarekin.
Julen: Makarroiak eta haragi xehatua zenituelako.
Imanol: Baina irakurketa horiek dira Arzak etorri eta ez dakit zeren emultsioa egin dudala esaten hasiko balitz bezala.

Uste duzue bereziki Euskal Herrian dagoela joera hori? Denari dituenak baino geruza gehiago topatzekoa, duena baino sakontasun handiagoa bilatzekoa…
Imanol: Bai, konplexuz beteta gaudelako, ezta? Chauvinismo hori ere badago. Batzuek pentsatzen dute “hau nire herrian egin denez segur aski edukiko du kutsu serio bat”. Edo gazteriaren inguruko “analisi kritiko oso interesgarriak” egin nahi direlako. Zaharra bazara ez duzu gazteriaren bizimodua ulertuko gazteriak ulertzen duen bezala; niri ere pasatzen ari zait.
Mikel: Eta horrek ere ekartzen du jendeak gauza desberdinak egin nahi izatea bortxaz, eta oso kutre geratzen da.
Julen: Euskal Herrian hainbeste intelektual dago, tartean, dirua dagoelako. Zure kezkak baldin badira Espainiako beste toki batzuetakoak, ba…
Imanol: Zuk ez dituzu ezagutzen Murtziako edo Albaceteko giro musikalak. Haien prentsa ez da hona iristen; gurea hara gehiago… Bueno, agian flipatuta gaude [barrezka].

Baina zer pintatzen du hemen Murtziak?
Imanol: Ba pentsatzen dugula gure eszena la ostia dela, baina ez ditugu beste zonalde batzuetako eszenak ezagutzen. Agian Murtzian oso garrantzitsua den zerbait ari dira egiten, baina ez daude sei egunkari kantu horien inguruko analisiak idazteko. Edo beraiek ez dute pentsatzen haien taldeak kristorenak direnik. Umilagoak dira, gazteek musika egiten dute eta listo. Guk hemen ematen diogu aura berezi bat… Ez dakit, agian historikoki hau ere zonalde potentea izan delako musikari dagokionez.
Julen: Artearen inguruko intelektualismo hori nik uste hemen dela beste toki batzuetan baino ohikoagoa, dirua dagoelako.

Bakarrik dirua dagoelako?
Julen: Bakarrik horregatik ez. Eta badakit zer esan nahi duzun, eta horrekin ere ados nago. Esan nahi dudana da kulturalki hemen pausu bat aurrerago goazela, diru gehiago egon delako historikoki.
Mikel: Igual badago kexatzeko gogo gehiago ere.

Runba fusioa egiten duzuela irakurri dut. Zergatik hori eta ez beste zerbait?
Imanol: Kaxoi bat erosi zidaten, gitarra lehendik geneukan eta horrekin hasi ginen. Runbaren konpasa ikasi nuen astebetean eta horrekin aurrera.
Julen: Kasualitatea, ez dakit, kaxoi baten ordez guiro bat oparitu izan balizute [Imanoli begira dio], kunbia egiten egongo ginateke.
Imanol: Gure izaerarekin bat zetorren ere bai. Nik festan ateratzeko dudan moduarekin dator bat egiten duguna. Ez zait gustatzen taberna batean reggaetoia entzuten egotea, nahiago dut kanpoan egon hizketan, edo gitarra batekin kantuan.

Ikusten duzue egiten duzuenak politikoki eragina izan dezakeenik?
Imanol: Bai, lortu dezake ezohiko udal-pleno bat deitua izatea kantua argitaratu eta hiru ordutara [barrezka].

Esan nahi dut, funtzio hori du zuen arteak? Mailu bat da?
Imanol: Nire ustez funtzio hori badu, baina guk ez dugu mailu bat izan nahi. Hori baino gehiago izatea espero dut, edo gutxiago, baina ez mailu bat [barrezka]. Egiten duguna baino gehiago, egiteko modua izan daiteke; beste erreminta bat erreminta kutxan.
Mikel: Nik uste kontatzen dugula gure errealitatea eta horren barruan daudela gure kezka politikoak.
Julen: Ados gauden gauzen alde agertzen gara, dirua ateratzeko bada, adibidez…
Imanol: Eta langileak garela, gure lokala egin dugula. Denok daukagu beste lan bat, eta asteburuetan orduak ematen ditugu honetan. Ni goizeko 5:00etan etortzen naizenean Txarro-rekin dena deskargatzera langile gisa ikusten dut nire burua, ez abeslari gisa.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ezin galdetu gabe utzi: zer pasa da Lizarrako jaietan?
Imanol: Lizarrako txosnak 28 urtez egon dira leku zentriko batean. Guk txosnekiko beti izan dugu miresmena, txosnak izan direlako lehen aldiz jotzeko lekua, oholtza handi batean eta soinu ekipo duinarekin. Lizarrako taldeek beti izan dute lekua hor eta hori guretzat sekulakoa izan da. Aurten hortik nahi zituzten kendu…
Mikel: Desager zitezela zen helburua, beste leku batera eramatearena ez zelako bideragarria.
Julen: Aitzakia izan da tabernentzat konpetentzia "desleiala" zirela, eta barrakak ondoan egonda txosnak ez zirela eredu ona haurrentzat.
Imanol: Baina alkatea egon daiteke bere semearekin bingoan jolasten. Bi pertsona mota daude: txosnekin ados daudenak (tabernari gehienak) eta berdin zaizkienak. La Bota peñari ere ez zioten utzi barraka [barraka deitzen zaio txosnari Nafarroa Garaiko zenbait herritan] jartzen, jubilatuei kendu zieten 350 euroko diru-laguntza Chuchín Ibañez ez ekartzeko… Eta horrelako asko eta asko.
Julen: Urtean zehar ere gaztetxearekin mobida handiak egon dira. Jarri dizkiote 20.000 euro baino gehiagoko isunak, identifikazio pila bat egon dira… Polizia ere kristoren errepresioa ari da egiten.

Eta horren guztiaren erdian, beef bat.
Imanol: Bai. Jaiak hastekoak ziren eta ikusten ari ginen instituzionalki inori ez zitzaiola inporta gu txosnarik gabe geratzea, ezta prentsari ere. Festak hasi baino bi egun lehenago elkartu ginen, eta hiru-lau ordutan egin genuen dena.
Mikel: Erreakzio bat izan zen, erasoaren salaketa modu bat. Nik horrela ulertzen dut.
Imanol: Biharamunean ez-ohiko bilkura deitu zuten. Han egon ziren ordubetez, eta inork ez zituen “adierazpen askatasun” hitzak esan. Denek kondenatu zuten letra, alderdi guztiek.
Julen: Hartu zuten UPNren bertsioa eta erosi zuten ezer galdetu gabe.
Imanol: Abeslaria atxilotu eta deklaratzera deitu zuten gero. Eta horren ondotik mobida mediatiko guztia. Gu hiruroi eta baxu-joleari deitu gintuzten, ez genuen deklaratu, eta orain arte. Aurreikusten dugu auzia aurrera eramango dutela, eta listo, ez dakigu gehiago.
Mikel: Hortik aparte: egon da jende bat ez duena kantuaren mezua edo tonua ulertu. Udaletxea erre behar dugula dioen kantu bat entzun eta benetan udaletxea erre nahi dugula ulertzen duena ez dago burutik sano. Beste kode batzuk dira, baina ematen du batzuk ez direla oroitzen haiek Los Huajalotes, Cicatriz edo Eskorbuto entzuten zituztela.
Julen: Bizi gara zuzentasun politikoaren garaian eta beef-aren kultura ez da ulertzen.

Zein eragin izan du horrek denak taldean?
Imanol: Nahiko handia. Ikusten baduzu kide batek egoera ez daramala oso ongi, zuk ere sentitzen duzu hor egon behar duzula, nahiz eta ez pentsatu judizialki sala daitekeen ezeren errudun garenik. Baina izan da egun batean esnatu eta hamar egunkari gure inguruan hizketan ikustea.
Julen: Eta Lizarran, herria izanda, dena zabaltzen da azkarrago; ezagutzen duzu alkatearen laguna den norbait, familiaren kezkak…
Mikel: Dena den, ez da izan gure aurkako erasoa. UPNren modus operandi-a da, herri mugimenduaren aurka beti. Chula Potrari pasa zitzaion, Iruñeko Herriko Tabernari ere bai… Bestetik, honek taldea batu du eta erakutsi digu elkarrekin bagaude errazagoa dela.
Imanol: Flipantea iruditzen zaiguna da muntatzen ari diren pelikula. Eta hau dena izan daiteke ez dutelako kultur munduko inor haien alde lerratuta. Zer dute? Bi jotero eta pare bat torero? Hori jendeari ez zaio gustatzen.

"Udaletxea erre behar dugula dioen kantu bat entzun eta benetan udaletxea erre nahi dugula ulertzen duena ez dago burutik sano"

[Haur batek plazako leiho bat jo du baloiaz bost minutu lehenago. Leihora atera den emakumezkoak Polizia deituko zuela esan du eta udaltzainak agertu berri dira]

Imanol: Bueno, ikusten da Lizarran zeintzuk diren lehentasunak: baloikada bat leihoan eta segituan udaltzainak.

Elkartasun mezu asko ere jasoko zenituzten.
Mikel: Sobrau.
Julen: Itziar Ituño bera ere agertu zen Bilboko Aste Nagusiko txupinazoan, Lizarrako txosnen alde.
Imanol: Politena izan da Lizarrako txosnetako arduradunak edota gaztetxeko gazteak hurbildu zaizkigula eskerrak ematera eta esatera haiek manifen bidez bi hilabetetan lortu ez zutena lortu genuela guk kantu batekin: osoko bilkura bat txosnen inguruan hitz egiteko eta kontua prentsan agertzea.
Julen: Herriko jende gehienak ere helarazi digu bere babesa. Esaterako, nire bizilagunak, ez dagoena politikoki bereziki gure alde lerratua, etxeko ate parean utzi zizkidan jaietako lehenengo egunean xanpain botila bat eta pasta batzuk, eta papertxo bat ondoan: “Udaletxe honen zapore mikatza pixka bat gozatzeko, topera zurekin” [gaztelaniaz].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gure pianista unibertsala

Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]


1980-90 hamarkadak
Emakumeak rockaren eztandaren sugarrean

Garai oparoa izan zen 1980ko hamarkada Euskal Herriko rock musikarentzat. Talde ugari sortu ziren: tartean, Belladona, Matraka eta La Viuda Negra. Hiru horiek soilik emakumez osaturiko musika talde nafarrak izan ziren. Iosebe Garaialde (Iruñea, 1961) lehen bi talde... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-20 | Iker Barandiaran
Eguzki izpi gabekoak hunkitzen

Errautsetatik loratzen
Añube
Autoekoizpena, 2024

-------------------------------------------------

Aspaldian sarri pentsatzen dut Debagoienan gazteek ia soilik musika urbanoa edo oi! musika, bata edo bestea, entzuten dutela; hortik kanpo apenas dagoela jende... [+]


Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


2024-09-12 | Xalba Ramirez
Erreskatatu-ka-tu-tu-ka

Tuka esaten da
Tu-K
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------

Musika elektronikoa Euskal Herrira iritsi da!” irakur daiteke, azken urteotan, hango eta hemengo titularretan. Kazetariek entrega datak dituzte pentsatzeko ordua iritsi aurretik,... [+]


Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Eguneraketa berriak daude