Emakumeak rockaren eztandaren sugarrean

  • Garai oparoa izan zen 1980ko hamarkada Euskal Herriko rock musikarentzat. Talde ugari sortu ziren: tartean, Belladona, Matraka eta La Viuda Negra. Hiru horiek soilik emakumez osaturiko musika talde nafarrak izan ziren. Iosebe Garaialde (Iruñea, 1961) lehen bi talde horietan aritu zen abeslari, eta Puri Altzelai (Altsasu, 1963) hiruretan baxu-jole: “Pentsatzen genuena kontatzeko eta musika borrokatzeko tresna bezala erabili nahi genuen”.

Belladona taldea, artxiboko irudi batean. 'rockanrolari. Rock navarro del siglo XX' izeneko erakusketan ipini dira argazkiak, Iruñean. (Marino Goñi komisarioak utzitako argazkia)
Belladona taldea, artxiboko irudi batean. 'rockanrolari. Rock navarro del siglo XX' izeneko erakusketan ipini dira argazkiak, Iruñean. (Marino Goñi komisarioak utzitako argazkia)

2024ko irailaren 25ean

Elektrikoak dira”; “makarrak, rockeroak eta garratzak”; “Matraka: musika azkarra eta sendoa”; “rock nafarra irakiten”... Halakoak irakur zitezkeen Belladona, Matraka eta La Viuda Negra taldeen inguruan 1980 eta 90etako albisteetan. Urte horietan rock musikak eztanda egin zuen Euskal Herrian, eta emakumeak gutxi baziren ere, ez ziren atzean gelditu. “Oso emakume gutxi zeuden rock munduan, eta hemen gutxiago. Oroitzen dut kontzertuetara joan eta beste taldeetako kideek ez gintuztela aintzat hartzen gure musika proba ikusi arte”, kontatu du Puri Altzelaik.

Txikitatik argi zuen gitarra ikasi nahi zuela, baina eskolan hasi eta hortik gutxira bere Altsasuko gitarra irakaslea Iruñera joan zen lanera. Gitarra irakaslerik gabe geratu zen: “Txistuarekin hasi nintzen, eta gogoan dut rock kantak jotzen saiatzen nintzela [barre egin du]”. Hala ere, gitarra nahiago zuenez, bere kabuz ikasten saiatu zen: “Lagun batzuk klase partikularrak jasotzen zituzten, baina nik ezin nuenez gero, beraien atzetik joaten nintzen ikasteko”. Ostean, Bilbora joan, eta Altsasuko Yo Qué Sé taldeko kide batek baxua jotzea proposatu zion. Baiezkoa eman zuen –ez du ondo gogoan noiz izan zen hura, baina oroitzapen ederrak ditu–.

Sanferminen atarian Iruñeko Sarasate pasalekuan izaten ziren kontzertuetako batean jotzeko eskatu zieten: “Nire lehenengo kontzertua zen, eta aste bakar batean prestatu nuen errepertorioa; pentsa nola atera zen”. Ondorengoa jakinda, gaizki ez: Aurora Beltran musikariak kontzertua ikusi eta begia bota baitzion Altzelairi. Harreman horretatik sortuko zen, gerora, Belladona taldea; proiektua hastapenetan zegoenean, denbora eman zuten bateria-jole eta abeslari bila.

Puri Altzelai: "Estereotipoak oso finkatuta zeuden, eta neskek ez zituzten bateriaren gisako instrumentuak aukeratzen"

Kostata heldu ziren Maria Cerrato eta Iosebe Garaialderengana. Pabellón Negro taldean zebilen Garaialde, Beltranen deia jaso eta Belladonaren ideia komentatu aurretik. Bere baiezkoaren ondotik, bateria-jolea aurkitzea kostatu zitzaien gehien. Extremadurako neska bat aurkitu zuten, Cerrato.

Zaila zen rock talde batean aritu nahi zuten neskak aurkitzea: “Estereotipoak oso finkatuta zeuden, eta neskek ez zituzten bateriaren gisako instrumentuak aukeratzen. Baizik eta pianoa, biolina edota txirula aukeratzen zuten. Gainera, konpromisoa hartzea ere zaila zen”. Egun, Altsasuko musika eskolan irakaslea da Puri Altzelai, eta nabarmendu du oraindik ere kosta egiten dela neskek gitarra eta bateria bezalako instrumentuak aukeratzea: “Borroka handiak ditugu estereotipo horien kontra joateko”.

Belladona, 1986an. (Javier Montoya)

Abiadura azkarrean
“Oso ongi jotzen genuen eta bai jendeari eta bai guri ilusioa egiten zigun. Eroso ibiltzen laguntzen zigun”, esan du Garaialdek. Horrez gain, emakumeen artean bestelako giro bat sortzen zela dio Altzelaik: “Emakumeon artean elkar-ulertze handiagoa zegoen”. Gauzak beste modu batean egiteko beharra ere bazutela sentitzen zuen Garaialdek: “Uste dut nahi gabe elkartu ginela borrokatzeko beste bide eta hizkuntza bat behar genituelako”.

Emakumeek elkar babesten bazuten ere, aldi berean euren artean “misoginia handia” zegoela sentitzen du Garaialdek: “Oso itxura gogorra transmititzen genuen, rock munduan etengabe erakutsi behar genuelako hor egotea merezi genuela. Horrekin ez dut esan nahi ez nuela itxura hori izan nahi, baina aldi berean zenbait gauza janzteko mugatua sentitzen nintzen. Azkenean, toki batetik edo bestetik, beti epaitzen zintuzten eta askotan geunden elkarren kontra lehiatzen”. 

Elkarren artean ez konparatzeko eta ez epaitzeko feminismoa lagungarria izan da Garaialderentzat, baina “poliki-poliki” egindako prozesua dela dio: “Ez zen egun batetik bestera gertatu. Mugimendu sozial baten barruan geunden, baina beti bezala diskurtsoa bizipenen eta momentu horretan emozionalki kudeatzen ahal genituen gauzen gainetik zetorren. Gainera, diktadura batetik gentozen, eta bat-batean dena askatasuna zela zirudien, baina ez zen erreala”.

Horrekin batera, “dena oso azkar” iritsi zela uste du, konturatu orduko oholtza baten gainen zeudelako, eta toki batean eta bestean jotzen ari zirelako: “Arrapaladan harrapatu ninduen, gainetik pasatu izan balitzait bezala”. Garaialdek ez zuen argi zer zen lana eta zer zaletasuna, eta kosta egiten zitzaion horretan kokatzea: “Ez nengoen prest horretarako”.
Burbuila batean bizi zirela ere sentitzen zuen, uste zutelako mundu osoak gauza bera egiten zuela: “Oso akats larria da, pertsonak oso desberdinak garelako. Batzuk, drogatu beharrean, ikasten ari ziren, eta beste batzuk fabrikan gogor lan egiten ari ziren, gero etxe bat eta auto bat izateko”. Horren kontra ere borrokatu ziren: “Guk nahi genuena aldarrikatu eta fabrikara ez ginela joango esatea ere gure iraultzaren parte zen”.

Altzelairentzat ere urte nahasiak izan ziren, “politak” zein “mingarriak” izan zirelako: “Gaztea nintzen eta gauza pila bat egiten nituen, saltsa guztietan nengoen eta ongi pasatzen nuen, baina barrutik ere min handia neukan gauza askorengatik”. Alde batetik, ikasle bizitza egiten ari zen. Astelehenetik ostiralera Iruñean bizi zen irakasle ikasketak egiten ari zelako, eta asteburuetan Altsasura itzultzen zen: “Oso ongi pasatzen nuen”.

Testuinguru politikoa “oso gogorra” zen. Altzelai: “Gogoan dut Mikel Arregi hil zutenean. Horrelako gauzak oso fuerte bizi nituen”. Herri Batasunako zinegotzia, Guardia Zibilak 1979an hil zuen tiroz. Horrez gain, Altzelairen osaba gerran hil zuten eta neba kartzelan zegoen: “Asko eragiten zuen zerbait zen, aitona-amonek ez zuten osabaren inguruan hitz egiten eta beldurrarekin bizi zuten dena”. Halere, urte horietan dena “oso azkar” pasa zela dio: “Beti esaten dut zentrifugatzen ari zen garbigailu batean geundela”.

Matraka taldea, Europako bira egiten.

Emakumeak, sexualitatea eta presoak erdigunean
Zurrunbilo horretan guztian, lehen eta azken elepea sortu zuen Belladona taldeak: Las mujeres y los negros primero (Soñua, 1986). “Hondamendiak zeuden film guztietan, beti esaten zuten emakumeak eta haurrak lehenengo salbatzeko. Orduan, ironikoki buelta eman, eta emakumeak eta beltzak erdigunean jarri nahi genituen. Azkenean, gu beti ginen azkenak, eta duela gutxi arte baimena eskatu behar genuen edozer egiteko”, azaldu du Garaialdek.

Horrez gain, beste kontu askoren alde ere borrokatzen zuten; hala nola sexualitatearen, presoen, intsumisoen –aurrerago Matrakarekin– eta euskararen alde. “Nire bandera desobedientzia da”, “gizontasuna piropo ergelekin erakutsi nahi dute” edota “gozatzea gustuko dugu” bezalako esaldiak kantatzen zituzten. Altzelaik zera esan du: “Pentsatzen genuena kontatu, eta musika borrokatzeko tresna bezala erabili nahi genuen”. Eta hauxe gehitu dio Garaialdek: “Folklorea horrenbeste gustuko ez genuenok rocka nahi genuen”.

Iosebe Garaialde: "Emakumeen artean elkar-ulertze handiagoa zegoen, eta gauzak beste era batean egiteko beharra sentitzen genuen"

Hala ere, Garaialderi kosta egin zitzaion rock munduan bere ahotsa aurkitzea, koruan kantatzetik zetorrelako. Hori dela eta, ahotsaren inguruan ikasitako guztia taldean praktikan jartzea “ezinezkoa” egiten zitzaion: “Kantatzeko beste modu bat zen. Orduan, neure ahotsaren inguruan nekien guztiak, hala nola modulazioek eta dinamikek ez zuen rockerako balio. Horregatik, asko kostatu zitzaidan nire ahotsa aurkitzea”. Gainera, emakumezko erreferenteak falta zitzaizkiola nabarmendu du: “Janis Joplin, Billie Holiday eta Donna Summer zeuden, baina beranduago ezagutu genituen”.

Elepea grabatu eta gutxira, taldea desegin egin zen eta Beltranek Tahúres Zurdos sortu zuen. Gainerako kideek, Garaialdek (ahotsa), Altzelaik (bajoa) eta Cerratok (bateria), Janis Ortiz de Záraterekin (gitarra) batera Matraka taldea sortu zuten 1987. urtean.

Jauzia euskararantz
Belladona taldetik Matrakara egindako jauzian bi aldaketa handi daude: alde batetik, rocketik urrundu eta punkera hurbiltzen dira; eta bestetik, euskaraz kantatzen ahalegin kontzientea. “Matrakaren garaian erraietatik ateratzen zitzaigun musika punkiagoa egitea”, esan du Garaialdek. “Kaña gehiago nahi genuen, eta gainera, Janisek gitarra hartu zuenez estiloa aldatu zen”, gaineratu Altzelaik.

Horrez gain, Garaialderen ustez, drogek –batez ere, speed-ak– eragin “handia” izan zuten. Esaterako, Gure salaketa (Oihuka, 1990) diskoaren emaitzan ikusten da: “Oso azaleratua zen, dena zelako azkar. Nire ustez kantek galdu egiten dute”. Gaineratu du diktaduraren errepresioaren ondoren, probatzeko eta bizitzeko jakingura “handia” zegoela: “Momentu batzuetan drogak oso sortzaileak ziren, baina aldi berean, pasatzen bazinen, oso suntsigarriak ere izan zitezkeen”.

Euskarari dagokionez, Garaialdek argi utzi du “bai edo bai” euskaraz egin nahi zutela: “Euskara oso ongi jakin ez arren, euskararen alde nengoen”. Garai hartan, euskara ikasten ari ziren biak. “Oso argi nuen euskara ikasi eta euskaraz bizi nahi nuela. Horregatik, ikasi nuen apurrarekin ahal bezala moldatu nintzen letrak idazteko”, esan du Altzelaik. Hasieran, zenbait momentutan “zaila” eta “gogorra” egiten zitzaion ez zeuzkalako behar beste tresna elkarrizketetan euskaraz mintzatzeko, edota esan nahi zuena adierazteko. Hala ere, ez zuen amore eman: “Niretzat bide bakarra zen. Euskara bizitzako esparru guztietan txertatu behar duzu; bestela, behin eta berriz ikasi arren, gero ez zara egunerokoan moldatzen”.

Puri Altzelai: "Euskara oso ongi jakin ez arren, euskararen alde nengoen. Oso argi nuen ikasi eta euskaraz bizi nahi nuela. Horregatik, nekien apurrarekin, ahal bezala moldatu nintzen letrak egiteko"

Gure salaketa Matrakaren lehenengo diskoa izan zen, eta Altzelairen nebari –kartzelan zegoelako– eta Txarito komandoari eskaini zioten: “Oso gogorra zen neba kartzelan egotea. Momentu oro presente neukan, eta nituen tresna guztiak, kasu honetan musika, horren kontra borrokatzeko erabili nahi nituen”. Politikoki urte horiek “oso gogorrak” izan zirela gaineratu du Garaialdek: “Zigor handiko garai batetik gentozen, eta horri aurre egiteak, euskaraz egiteak eta Euskal Herria aldarrikatzeak zekarren guztiarekin”.

Halere, bere bizitzaren protagonista izan nahi duen edonori eskainita egon zitekeela uste du Garaialdek: “Siempre yendo kantak oso ongi adierazten du hori: ‘Beti joaten, beti joaten, inoiz ez itzultzen (...) animaliek beti dakite noiz lehertuko den ekaitza”.

Europako bira
Lehenengo diskoa grabatu zutenean bira bat egin zuten Europatik ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren alde. Kortatu eta Hertzainaken gisako taldeek parte hartu zuten bira horretan, eta Belladona ere gonbidatuta zegoen, baina banandu berri zirenez, aurrerago egin zuten Matrakarekin. “Europan zegoen mugimendu alternatiboaren parte izan ginen, eta Suitzako eta Alemaniako etxe okupatu batzuk ezagutu genituen. Ikaragarrizko auzoak ziren, dena etxe okupatuekin. Oso polita izan zen”, kontatu du Garaialdek.

Taberna askotan jo zuten; besteak beste, Suitzako Rote Fabrik aretoan: “Gazteei emandako eraikin erraldoi bat zen, eta denetarik egiten zuten: zirkua, musika ikastaroak…”. Bernan (Suitza) ere izan ziren: “Gogoan dut han La Polla Records taldekoekin elkartu ginela, Italiatik zetozela haiek; zelako gauak pasatu genituen”. Ostean, Berlinera joan ziren eta soilik emakumeentzako zen taberna batean jo zuten: “Garai hartan ikaragarria zen”.

Matraka, Europan zehar. (Iosebe Garaialdek utzia)

Intifaden aldeko manifestazio batean ere parte hartu zuten Hanburgon (Alemania): “Palestinaren alde ikusi dudan manifestaziorik handiena izan zen. Polizia pila bat zegoen eta kontrol asko egiten zituzten. Manifestazioak iraun bitartean kontzertu bateko kartelak banatu genituen”.

Horren ostean, bigarren diskoa grabatzeari ekin zioten, eta gai “pertsonalagoak” lantzen hasi zirela azaldu du Altzelaik: “Talde askori gertatzen zaie. Hasieran borroka sozialetan zentratzen zara, eta denborarekin, barneko gauzak ere kontatu nahi dituzu”.

Horregatik, Beldurrik ez (Oihuka, 1991) diskoa kaleratu zuten. Matrakaren bigarren eta azken diskoa izan zen, eta musikaren bidez beldurrei aurre egitea zuen helburu: “Haurtzaroan eta nerabezaroan oso ongi pasatzen nuen, baina aldi berean, oso bizitza mingarria neukan eta beldur pila bat nituen horren ondorioz”. Gaineratu du eragin “handia” zutela bere bizitzan: “Emakumeok egoera horiek gogorrago bizi genituen, arriskuak handiagoak zirelako”.

Bigarren diskoaren sorreran kide aldaketa ugari egon ziren taldean; Garaialdek taldea utzi zuen. Horren ostean, musikatik urrundu zen urte luzez. Baina duela hamar urte baino gehiago gitarra jotzen hasi zen atzera ere: “Musika berreskuratzea ezinbestekoa izan da neure buruarekin hobeto sentitzeko”.

Azken hatsa
Garaialderen irteerarekin, eta hainbat aldaketekin batera, taldearen estiloa aldatuz joan zen. Azkenean, taldea desegin, eta Altzelaik eta Ortiz de Záratek La Viuda Negra rock taldea sortu zuten Christel Teruelekin (ahotsa eta gitarra elektrikoa) eta Eva Fernándezekin (bateria) batera.

Puri Altzelaik utzitako argazkia.

Teruelek egiten zituen taldeko konposizio gehienak, eta La Viuda Negra (1998) diskoa kaleratu zuten: “Gai asko lantzen genituen: horietako asko amodioari eta sexualitateari lotutakoak ziren”. Beste gai batzuk ere landu zituzten; hala nola indarkeria sexuala eta drogak. Urte “politak” izan arren, “gogorrak” ere izan ziren Altzelairentzat: “Hasieran dena zen parranda, eta gero ondorioak etorri ziren; batez ere, heroinarekin. Lagun asko galdu genituen”.

Nabarmendu du heroina ez zela zabaldu Euskal Herrira ausaz, baizik eta herria “apaltzeko” estregia politikoengatik: “Oso erraza zen eskuratzea. Botereak sartu zuen droga pila bat azkar eta oso erraz. Euskal Herrian mugimendu handia zegoen, eta jende asko ari zen gauza askorengatik borrokatzen. Hori suntsitzeko sartu zuten droga, heroina batez ere, eta lortu zuten”.

La Viuda Negrak lehenengo diskoa kaleratu zuenean banandu zen taldea Altzelaik eta Fernándezek taldea uztea erabaki zutelako. Altzelai Lehen Hezkuntzako irakaslea zen, eta Iruñera joan behar zen entseatzera: “Pixka bat erreta amaitu genuen partaide guztien konpromisoa ez delako berdina”.

Taldea amaitu zenean Altzelai gitarra ikasten hasi zen. Hasiera, gitarra elektrikoa ikasi nahi zuen, baina Altsasuko musika eskolan ez zegoenez, klasikoa ikasi zuen: “Gustatu zitzaidan”. Egun musika irakaslea da eskolan: “Jarraitu nuen irakaslea izaten, baina musikarekin uztartuz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gure pianista unibertsala

Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]


“Bizi gara zuzentasun politikoaren garaian, ‘beef’-aren kultura ez da ulertzen”

2021ean sortu zen Lizarran Raimundo el Canastero taldea, eta iaz ikusi zuen argia haien lehenengo diskoak –N.T.E.R.–. Kaxoia, gitarra, ordenagailua eta hiru lagun langabezian: Julen Arbizu (Lizarra, 1995), Imanol Viñarás (Lizarra, 1995) eta Mikel Beltza... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-20 | Iker Barandiaran
Eguzki izpi gabekoak hunkitzen

Errautsetatik loratzen
Añube
Autoekoizpena, 2024

-------------------------------------------------

Aspaldian sarri pentsatzen dut Debagoienan gazteek ia soilik musika urbanoa edo oi! musika, bata edo bestea, entzuten dutela; hortik kanpo apenas dagoela jende... [+]


Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


2024-09-12 | Xalba Ramirez
Erreskatatu-ka-tu-tu-ka

Tuka esaten da
Tu-K
Autoekoizpena, 2024

----------------------------------------------

Musika elektronikoa Euskal Herrira iritsi da!” irakur daiteke, azken urteotan, hango eta hemengo titularretan. Kazetariek entrega datak dituzte pentsatzeko ordua iritsi aurretik,... [+]


Musika Hamabostaldia: gogoeta batzuk

Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]


Eguneraketa berriak daude