Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

  • Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita entzutera ere.

EHUko Uda Ikastaroen baitan antolatutako makrofestibalen inguruko jardunaldia, mahai inguru nagusia. Dabadaba aretoan egin zen, Egia auzoan, irailaren 5ean. (Argazkia: Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY-SA)
EHUko Uda Ikastaroen baitan antolatutako makrofestibalen inguruko jardunaldia, mahai inguru nagusia. Dabadaba aretoan egin zen, Egia auzoan, irailaren 5ean. (Argazkia: Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY-SA)

Eukaliptoak bezalaxe funtzionatzen dute makrofestibalek”, esan du Nando Cruz kazetari eta Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) liburuaren egileak; kritikoa da makro formatuekin, jasangarritasunaren aurkako forma direlako nagusiki, eta gehiegizko hazkundea gertatzen ari delako.

Eukaliptoa azkar hazteko gai da. Negozio ona da egurraren industrian, asko eta bizi-bizi ematen duelako. Baina, era berean, ingurua jaten du, ur asko eta nutriente ugari behar baititu. Gauza bera gertatzen da makrofestibalen formatuarekin: kulturaren ulerkera terminoetan hitz eginda, usurpatu egiten dute lurra; inguruko zuhaitzak desagerrarazteko gai dira.

Nola kaltetzen dute ingurugiroa? Gizarte honetan –ia– edozertarako ahalmena ematen duen horrekin, diruarekin. Makrofestibalen enpresek zifra handiak eskaintzen dizkiete musika-taldeei, eta kantitate horren truke, besteak beste, sinarazten diete esklusibotasun kontratua; alegia, denbora-tarte jakin batean eta halako distantzia-erradio batean ezin duzu kontzerturik eskaini. Taldeei mugak ezartzeko modu horrekin, helburua da publikoari abanikoa txikitzea, gustuko taldea uda honetan ikusteko aukera bakarra festibal jakin horretan izatea.

Ez da amerikanoen kontua, Euskal Herrian ere horrela funtzionatzen du. Azpeitiko San Agustin kulturgunea kudeatzen duen Kulturaz kooperatibako Eusebio Belokik hala baieztatu du jardunaldi hauetako mahai inguruan. Geroz eta gehiagotan gertatzen zaie musika taldeei deitu eta ezezkoak jasotzea, handik aste edo hilabete batzuetara halako lekutan jotzen dutelako. Horrelakoxea bihurtzen ari da egunerokoa, Belokiren esanetan, eta gogoan hartu ditu Durangoko Plateruena, Ondarroako Beikozini eta Donostiako Antiguako Doka aretoak: “Ez da kasualitatea itxita egotea”. Bide batez, egoera baliatu du Belokik musika-taldeei deia luzatzeko, egoeraz hausnar dezaten.

Cruz kazetari kataluniarrak Sant Feliu de Guíxols herriko adibidea ipini du. Gironan dagoen kostaldeko herria da, 22.000 biztanle dituena, eta urtero-urtero, aspalditik, Porta Ferrada izeneko makrofestibala antolatzen da bertan. Lehen, hori guztia bateragarria zen herritarrek antolatzen zuten beste festibal batekin, zeinean herriko musika-taldeak ziren protagonista –musikarako zaletasun handia duen herria da, Cruzen esanetan–. “Jan egin zuen erabat”, esan du Cruzek. Dagoeneko ez da herri mailako festibal hori antolatzen. Udalak, alor horretarako diru-partidak makrofestibalera bideratu ditu.

Nando Cruz kazetari eta idazlea, bere hitzaldian. (Argazkia: Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY-SA)

Diru publikoaren ulerkera
Jarrai dezagun San Feliu de Guíxols herriarekin, adibide esanguratsuak ematen baititu. Kontua harago doa; ez da soilik herriko festibal horri dirua emateari utzi eta bestean jarri zuela fokua. Udalaren jarduna ikertzen ari da Ustelkeriaren Aurkako Kataluniako Bulegoa. Izan ere, urtero, Portada Ferrada makrofestibalari 33.000 euroko subentzioa ematen dio udalak –22.000 biztanleko herri batean, urtean hainbeste diru enpresa berberari, bada zerbait–. Cruzek, konparaketarako, Bartzelona hartu du: gutxienez dozena bat festibal handi antolatzen dira hirian, eta San Feliu de Guíxolsekin alderatuta, bost aldiz diru gehiago ematen du udalak; alegia, biztanleko askoz ere gutxiago, Bartzelonan 1,7 milioi bizi baitira.

Inpaktu ekonomikoaren “aitzakia” izan ohi da, sarri, administrazioek erabiltzen duten argudioa. Jakina da turistak erakartzeko asmoz antolatu ohi direla makrofestibalak, eta ez zertan turista atzerritarrak, baita ingurukoak ere. Baina turistak. Alojamendua, taberna eta jatetxeetako kontsumoa, taxiak... Horiek izan ohi dira administrazioek darabiltzaten aldagaiak “inpaktu ekonomikoa” kalkulatzeko. Tranpatia da. Diru-sarrerak izanagatik ere, horiek ez dira populazioaren artean banatzen –nola bada!–. Turismoaren eraginik ez duen edozein sektoretan lan egiten duen herritarra bizi baldin bada makrofestibal horietakoren batetik gertu, eta zuzen-zuzenean kutsadura akustikoa –eta bestelakoa– pairatzen baditu, zer inpaktu ekonomikoz ari dira agintari politikoak eta enpresa antolatzaileak, “ongi joan da” esaten dutenean?

“Perspektiba ez galdu”
Jardunaldietan egon dira festibalak antolatzen dituzten zenbait pertsona. Aholkuak eskatu dizkiete hizlariei, bereziki Joan Vich aditu eta asko arituari –musikaria da, diskografian ibilia, musikarien mundu mailako biren antolatzaile, eta Espainiako handienetakoa den FIB festibalaren sortze prozesuan ibilitakoa, programazioaren arduraduna izandakoa–. “Hasierako perspektiba” ez galtzeko esan die.

Makrofestibalen antolatzaileei gogoetarako utzitako galderak: barrera sozioekonomikoak gainditzeko balio al du zuen jaialdiak? Kultura pizteko? Identitatea sustatzeko? Kohesionatzeko?

Aquí vivía yo (Hemen bizi nintzen ni) liburua idatzi du Vichek. FIB jaialdi ezagunari buruz ari da “hemen” esaten duenean. Valentziako kostaldeko Benicàssim herrian 1995etik egiten den makrofestibala da. Jaialdiaren hastapeneko une gozoak oroitu ditu, baina gaur egun denaz ez du gauza bera esan –berak ja ez du jaialdiarentzat lanik egiten–: “6.000 pertsonako edukiera baldin baduzu eta segituan agortzen badira sarrerak, hazteko presioa sentitzea normala da. Zergatik ez duzu hurrengo urtean 10.000koa egingo? Eta horiek xahutzean, hurrengoan gehiago... Saiatzen naiz haztea erabaki dutenak ez kritikatzen, ulertzen baitut sistemak berak bultzatu dituela horretara”.

Eta sakondu du FIB festibalaren kasuan: “Gerora ikusi dut hasieratik zegoela hazteko asmoa. FIBen sortzaile eta ideologo nagusia zenak ikusi zuen zer zetorren, eta duela 25 urte utzi zituen ardurak. Orduan, gunea lekualdatu eta asko hazteko plana abiatu zen. Jakina, era berean, onenekin lehiatu nahi baduzu, haztea erabaki behar duzu; hazten ez bazara, haztea erabaki duenak eramango ditu zuk ekarri nahi zenituen musika-taldeak, gehiago ordaintzeko gaitasuna duelako; eta, bide berean, instituzioek diru gehiago emango diote turista gehiago erakarri ahal dituenari”.

Antolatzen den jaialdia antolatuta ere, hainbat gogoetarako galdera presente egon beharko liratekeela nabarmendu dute Cruzek eta Vichek: barrera sozioekonomikoak gainditzeko balio al du jaialdiak? Kultura pizteko? Norberaren, herriaren edo kolektiboaren identitatea sustatzeko? Eta kohesionatzeko?

Adibide bat ipini du Cruzek. Abisatu die publikoaren direnei: “Mutur-muturrekoa izango da zuentzat, akaso”. Iruñeko Ibaiertzean. New Orleanseko musika eta Brass Band-a. Haien kabuz antolatu zuten hasieran, eta gerora udalaren diruari baietz esan zioten. Baina ez “handitzeko” eta “hazteko” helburuz, baizik eta aurreko paragrafoan aipatutako galderei baiezkoa erantzun ahal izateko, jendearen eta herriaren beharrak asebetetzen ahalegintzeko.


ASTEKARIA
2024ko irailaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Makrofestibalak
BBK Liven atarian protesta deitu dute lan-baldintzak salatzeko

Ostegunetik aitzina egingo da festibala Bilbon, Kobetamendin. Behin baino gehiagotan salatu da bertako langileek baldintza negargarrietan egiten dutela lan, eta ostegunerako protesta deitu du Laneko Autodefentsa Sareak, 19:00etan, EiTBren egoitzaren aurrean. Langileentzako gida... [+]


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


2024-06-21 | Gedar
Gasteizko Azkena Rock jaialdiko lan-baldintza miserableak salatu ditu Laneko Autodefentsa Sareak

Last Tour enpresa eta Gasteizko Udala seinalatu ditu erantzule gisa, azken horrek "langileon prekaritatea finantzatzen eta legitimatzen" duela nabarmenduta. Azkena Rocken aritu diren hainbat langileren lekukotzak bildu ditu LASek.


Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Nando Cruz
“Kapitalismoa barruraino sartu da festibaletan”

Nando Cruz (Bartzelona, 1968) kultur kazetaria da, musikan eta musika jaialdietan espezializatua, eta kultur ekintza alternatiboen kronikagile nabarmendua. Aurten, Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) liburua kaleratu du;... [+]


Makrofestibalak
Agortu behar duen artefaktua

Kontrakultura zenaren espirituarekin sortu ziren makrofestibalak, horixe zuen ardatz Woodstock-en fenomenoak, eta zorionez oraindik ere badira antitesiak, baina gehienak kapitalismoaren adierazpen gorena bihurtu dira: kontsumo masiboa sustatzen dute, merkatua maneiatu,... [+]


Punk rock jaialdi bat, inbertsio funts baten menpe eta Voxek kudeatzen duen sailak finantzatua

Tsunami Xixón jaialdiko antolatzaileak udal gobernuko festa departamentuarekin bildu dira, zeinean Voxek agintzen duen. Eztabaida piztu da, eta bi musika taldek uko egin diote festibalean parte hartzeari.


Txiza, zirimiria ala waterboardinga

Txiza egiten digute eta zirimiria dela diote. Izan ere, Bilbao BBK Live ezin da bere horretan ulertu. Pakete berean doaz Mediateka BBK, BBK Kuna, BBK Sala, BBkatea Arte Ederren Museoan, Bilbao Bizkaia Pride, BBK Klima, BBK Ja! Bilbao Saria, BBK gutun zuria Bilbao Saria eta... [+]


Eguneraketa berriak daude