Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.
Arantzazuko bidea hartu zuen 10 urte zituela, eta frantziskotar bizia egin du harrezkero. 1967an Hego Korea hautatu zuen destinu, eta 40 urte egin zituen bertan, bateko eta besteko parrokietan. Belarri apartaren jabe, organo-jole zaildua da, nahiz beste zenbait tresna jotzeko batere beldurrik ez den. Beirateak ere hainbat ditu eginak, Hego Koreako zenbait elizak ageri dutenez. Eta teknologiak ere ez du izutu: herrialde hartan egindako aldia jasotzen duen 400 bat argazkiko powerpoint dotorea da froga.
Ez zara 84 urte bete zaharra...
Irailaren 4an bete nituen! Zelan nagoen galdetzen didate denek. “Egon, ondo. Ibili, txarto!”, esaten dut nik. Kar, kar... Bermeon jaio nintzen 1940an, bost seme-alabako familian. Gu izan ginen mutil bi eta hiru neska. Kale-baserrian bizi ginen, Errene-zubin. Orain ere hortxe da kalea, baina dena etxez beteta dago. Gure denboran gure baserria zen hango etxe bakarra. Aitak barrilak egiten zituen, arrainerako-eta. Matsorri esaten zioten, eta Matsorri gara gu, gure etxean mahasti handi bat geneukalako. Jakina, mahatsak mahats-orriak dauzka, eta hortik gure ezizena. Gure aitak txakolina egiten zuen urte guztirako, apurka-apurka edateko.
Senideetan zenbatgarrena izan zinen?
Lehenengoa, zaharrena... eta gure aitaren disgustua Arantzazura [fraide ikastera] joan nahi nuela esan nionean! Disgustu itzela! Amak bestela erreakzionatu zuen: “Jaungoikoaren borondatea bada... egin dezala!”, esan zuen. Nik ez nuen hartarako pentsamendurik ez ezer, baina halaxe! Fraideetara etortzen ginen eskolara, eta behin, hantxe, fraide bat etorri zitzaigun gelara. Jon Zubieta zen. Arantzazuren gainean berba egin zigun: “Fraide ikasketak... Leku ona Arantzazu... Futbola, pilota... Etorri gura du inork? Altxa eskua etorri gura duenak”. Eta eskua altxatu nuen, beste hiru edo lau lagunekin. Ezkerti, Sanpedro, Barandika... haiek ere eskua altxatu zuten.
Eta Arantzazura.
10 urterekin sartu nintzen hara. Hasieran 31 ikasle izan ginen, eta gero bostek hartu genuen apaizgoa. Askok irten egin zuten, edo etxera bidali zituzten, han egoteko borondatea ez zutelako-edo. Estudiatu ere egin behar zen han! Adibidez, nire kurtsokoa izan zen Txasko [Pedro Anjel García Chasco. Ikusi ARGIA 2142 zbkia, 2008, ekainak 26]. Labrazakoa. Euskaraz ederto ikasi zuen hark! Beste bat, Miguel Noble, nafarra, Kaskagorri; orain Arantzazun dago. Hainbat estudiante ezagutu nituen: Iñaki Baztarrika, Manolo [Imanol] Urbieta, [Fernando] Mendizabal, [Luis] Villasante, Joxe Azurmendi, Joséba Intxausti, [Bitoriano] Gandiaga... Gandiaga! Espeziala izan da, hura bezalako poetarik ez dago... Estudianteak ginen denok, baina kurtso diferenteetakoak ginen legez, harremanik ez genuen.
Estudiatu ere egin behar zela esan diguzu. Dena ez zen futbola eta pilota.
Ez, bada! Eta latina, eta frantsesa... euskarazko eskolak ere jaso genituen han. Bertara joan nintzenetik, esango nuke! Pedro Anasagasti izan genuen irakasle. Bermeotarra zen hura, baserri batekoa.
Musika ere ikasi zenuen. Organo-jole fama handia duzu...
Fama handia... Arantzazun, goizeko eta arratsaldeko otoitzetan organoa jotzen zen, tonu batean. Eta tonu hari eusteko, bakoitzak bere jokoak egiten zituen, eta joko horiek eginez askatu nintzen ni organoa jotzen. Musika irakaslerik ez nuen izan, belarriari kasu eginez hasi nintzen, eta halaxe ikasi nuen organoa jotzen. Hala ere, Arantzazura baino lehen, solfeo ikasten hasi nintzen Bermeon, Erauskin izeneko batekin, baina ez zitzaidan gustatu. Aitak hara botata hasi nintzen, baina Erauskin hain zen aspergarria, astebete egin eta esan nion aitari: “Ez noa gehiago!”. Eta Erauskinek gure aitari, berriz: “Hau mutikoa ez bota berriro nire eskolara, ze ez dauka musikarako dohainik!”. Eta orain Bermeon organoa jotzen nabil ni! Kar, kar...
Bizi osoan jo duzu organoa, eta flauta ere bai.
Asko gustatzen zitzaidan flauta! Haren soinu polit hori! Eta [Hego] Korean ere, beti horixe esaten ibiltzen nintzen, flauta ze gauza polita den, batek esan zidan arte: “Neuk emango dizut bat!”. Eta erregalatu zidan. Ze gauza eder! Txistua jotzen ere ikasi nuen, eta gitarra, eta akordeoia. Erauskinek musikarako dohainik ez nuela esan zuen baina, ez zuen asmatu! Solfeo ikasteak baino gehiago, belarriak lagundu dit niri. Entzun, eta jo, edo jotzen saiatu. Halaxe ikasi nuen.
25 urte arte egon ohi zen fraidea Arantzazun, apaiztu arteko ikasketak han eta hemen egiten: Arantzazun hasi, Foru, Zarautz eta Erriberrin segi, eta atzera Arantzazun zen fraidegaia, formazioa burutzeko prest... Zure kasuan, Oteiza apostoluak egiten ari zen garaia.
Bai, hantxe Oteiza apostoluak egiteko lanean. Hari begira egoten ginen. [Xabier] Eulateren beirateak-eta! Nik, esate baterako, Eulateren lanetik inspirazioa hartuta egin nituen beirateak Korean. Hala ere, beirateak egiten Donostiako pintorearen ondoan ikasi nuen. [José Luis] Iriondo izan zen (Donostia, 1931 – Bermeo, 2001). Bilbon egon zenean, moja batzuek beirateak eskatu zizkioten, eta ni ere Bilbon nintzenez urte hartan, ondoan eduki ninduen, laguntzen. Halaxe ikasi nuen, eta egin nituen gero beirate haiek Korean.
Zeuk esan duzu, Korea. Apaiztu, eta Hego Korea hartu zenuen destinu...
Baina hara joan baino lehen, urtea egin nuen Bilbon, eta gero hiru hilabete Ingalaterran, ingelesez ikasten. Ascotten egon nintzen, zaldi-karrerak egiten diren horretan, komentutxo batean. Koreara joateko ingelesez ikasi behar izaten genuen. Derrigorra zen. Orduan ere belarriz ikasi nuen nik. Aitzina bazen galenazko irratia, eta nik ere halako bat eduki nuen. Gutxi entzuten zen, apurtxo bat baino ez, eta siestan egiten nuen hura ipini. Ia ez zen entzuten, baina handixetik sartu zen ingelesa nire buru barrura. Subkontzientera.
Zer dela-eta aukeratu zenuen Hego Koreako destinua?
Nire pentsamendua beti izan zen apaiztu eta gero Hego Amerikara joatea. Frantziskotarrok Kuba, Argentina, Paraguai, Bolivia, Uruguai... eta horietara joaten ziren, eta ni ere horretan izan nintzen. Baina ordurako teologo ginela, fraide herbeheretar bat etorri zitzaigun, Korean frantziskotarren komunitatearen beharra zutela esanez, eta pentsatzeko, destinua hartzeko garaian inork Koreara joan nahiko ote zuen. Herbeheretar hark Korea aipatu zuenean, orduantxe esan nion neure buruari: “Korea? Eta zergatik ez, bada? Goazen Koreara!”. Kar, kar...
Arantzazutik Koreara jauzi handia da...
27 urte nituen, eta jauzia itzela! 13.000 kilometro-edo, eta mundua zeharo diferentea, oso. Hala ere, hamar joan ginen hemendik, ez nintzen bakarrik. Euskaldunak ginen denak. Oñatikoa, Azkoitiko Garate, Abasolo Donostiakoa, Uribe Gernikakoa, Ikaztegietako bat ere bazen... Koreeraz eta euskaraz hitz egiten genuen bata bestearekin. Kar, kar... Frantziskotarrak hazten ari ziren, baina ez geneukan legez komentu bat guztiok han batzeko, bakoitza egon ginen parrokia batean, jendearekin egoteko eta koreeraz hitz egiteko. Ni, lehenengo Seulen egon nintzen urte bi, hizkuntza ikasten... Gero Jinjuko arrantzale herrian egon nintzen bi edo hiru urte, eta gero beste herri batzuetan ere bai.
"Hego Koreak ikaragarrizko aurrerakada egin du; asko estudiatuta heldu dira oraingo mailara”
Zer zenuten parrokiako lana?
Meza esan, jendeari lagundu, haiekin hitz egin... Baina oso jende pobrea zen, eta haiek lan egiteko preparatzen hasi ginen. Dirua lortzen genuen hemen, eta han adreiluak, teilak eta holakoak egiten genituen. Edo mendi zati bat erosi genuen eta behiak-eta jarri genituen, jendeari lagundu ahal izateko... Gu hara joan ginenean jendeak egunean baten bakarrik jaten zuen, dirurik ez eta. Askotan, fideoa bakarrik. Arroza ere badute, euren oinarrizko janaria da, baina, behin baino gehiagotan, jendeari bisita egiten joan euren etxera, eta: “Egon apurtxo baten, aurreko etxera noa arrozaren bila, zuk jateko prestatuko dut”. Eta nik: “Eta zuek zer daukazue, bada, jateko?”. “Guk, fideoa”. “Horixe bera ondo da! Ekarri niri ere fideoa, asko gustatzen zait eta!”. Pobreak, oso pobreak ziren lehen.
Lehen? Eta orain?
Ikusi zelan dagoen! Ikaragarrizko aurrerakada egin du. Asko estudiatu du hango jendeak, asko estudiatuta heldu dira oraingo mailara. Asko ikasten dute eskolan, eta asko unibertsitatean. Begiratu orain, hango ekonomia, hango nanoteknologia, ordenagailuak, autoak... Oso aurreratuta daude! Espainia ez, hura dago aurreratuta! Lehengoan irakurri nuen, AEBetatik-eta Koreara joaten direla neska asko, aurpegia leuntzera-eta [kirurgia estetikoa]. AEBetan karu da kirurgia modu hori, eta jendeak hegazkina hartu, Koreara joan, operazioa egin eta etxera itzultzen dira, operazioa eginda, beren herrialdean baino askoz merkeago.
Esan duzu “asko estudiatuta” heldu direla oraingo egoerara...
Bai, horixe egin dute: ekin, ekin eta ekin. “Ekina txarra da” esaten dute, baina ekin eta ekin, azkenean lortu egiten da gura zenuena. Eta olinpiadak izan direnean ere, hainbeste domina bildu dituzte! Esaten dute orduko presidenteak [Park-Xung hee] bultzatu zuela aurrerapen hori. Diktadorea zen, baina hori egin zuen, behintzat. Gero, bere alaba izan zen presidente.... Gitarra jotzen irakatsi nion!
Eta zelan igaro zenituen diktadura garaiko borroka eta gainerakoak?
Guk ere manifestazioetan parte hartu genuen, hango jendearekin batera. Agintariek ere jakin zuten, poliziak-edo esanda, eta gure fraide biri-edo bertan egoteko baimena normal eman beharrean, hainbat denboratakoa, bakarrik hil bi egoteko eman zieten. Halako kastigotxoa jaso genuen guk ere. Baina ez ginen ibili Habanan-eta bezala gobernuaren kontrako jendea komentuetan ezkutatzen, orduko denboran ere parrokia gutxi eduki genituen eta. Modurik ez genuen inor etxean gordetzeko.
40 urtean batere etorri zinen Euskal Herrira?
Bai. Lehenengo, hasi ginen etortzen bost urterik behin. Eta bost hilabete egoten ginen hemen. Hiru edo lau bider etorri nintzen horrela eta, behin, esan nion hango probintzialari: “Bost urterik bost urtera barik, hobeto dugu hiru urterik hiru urtera joan, ze bost hilabete han, ez dakigu zer egin ere!”. Eta horrela kanbiatu genuen: hiru urterik hiru urtera etorri, eta hiru hilabete egoten ginen hemen. Askoz hobeto.
Gurasoak hiltzean ere etorri ohi ziren erlijiosoak Amerikatik...
Bai. Aita hil zenean, esate baterako, berandu zen etortzeko, ez zidaten denboraz jakinarazi. Amaren kasuan, ostera, hil eta egunean berton jaso nuen abisua, zapatuan, eta domekan abioia hartu eta etorri ahal izan nintzen. Eta ikusi nuen. Hilda, baina ikusi nuen, eta neuk egin nuen irteera-meza. Bertsoa ere kantatu nion: “Sollubepeko Larraurian baserrian jaio zena / seme-alaba denen artean... ona ta fina izan zana / gauden guztiok hemen utzita joan jaku Jaunarengana / bizi barrian izan daizula bakea ta zoriona”.
"Berriz jaioko banintz Arantzazura?... Besterik jakin barik?... Ez dakit, bada. Orain dakidana jakinda...”
Eta 40 urte han egin eta etorri zinen, betiko.
Han frantziskotarrak asko gehitu zirela ikusi nuen, han ezertarako faltarik ez nuela egiten, eta hemen, berriz, jendea falta zutela. Eta 2007an etorri egin nintzen. Bermeoko aita Adrianek [Zabalgogeaskoa] probintzialari eskatu zion: “Mesedez, Matsorri Bermeora ekarri!”. Kar, kar... Gustura etorri nintzen, neure herria da-eta Bermeo! Asko kanbiatu da, izugarri. Euskara bera ere bai. Koinatuak ere esaten dit: “Zu Korean egon zara 40 urtean, eta Bermeo-Bermeoko euskara egiten duzu oraindik”. Lehengo modukoa, gura du esan. Neu ere harritu egiten naiz nola ez naizen ahaztu hemengo berbaeraz. Bada beste gauza bat sentitu dudana, eta da gu euskaldunok Koreara joan ginenok, euskara ederto kontserbatu dugula. Ostera, Hego Amerikara-eta joan zirenak erdaraz etorri ziren berbetan.
Etorri eta zertan hasi zinen Bermeon?
Komentuan laguntzen. Koreatik etorri eta, batzuetan, organoa jotzeko eskatzen zidaten. “Nik orain organoa jo? Baina ahaztuta daukat-eta hemengo organoa jotzea!”. “Joko duzu!”. Aita Aristi zen hemen organista famatua, eta berak esaten zidan: “Matsorri, gura dut Zarautzera [frantziskotarren komentua] joan, eta joko duzu San Antonio egunean?”. Eta horrela. Organoa jo, mezak eman Mañun eta Almiken, eta horrela.
Hilerri guztiz berezia da Mañukoa Solluben. Hantxe da ehortzia Elbira Zipitria, gerra ondoko lehen andereñoa Donostian...
Hori ez dut jakin nik! Ostantzean, kanposantu txiki polita da Mañukoa...
Aizu, Matsorri, eta berriz jaioko bazina, jasoko zenuke eskua Arantzazura fraide joateko?
Berriz jaioko banintz?... Besterik jakin barik?... Ez dakit, bada. Orain dakidana jakinda...
* * *
Joan berritan
“Zortzi hilabete zahar naiz Korean, laster bederatzi; eta zer edo zer ikasi ahal izan dut denbora honetan, bai hizkuntzan eta bai herriaren jokaeretan. Behin, Seuletik hurre dagoen mendi baterantz egin nuen. Oinbide sakon batetik gora nindoala, han, bide-ertzean, mendiaren ostean, haizetik gorde-gordeta, Budisten tenplu bat, erreka baten ondoan. Tenpluari barrutik erretratu bat egiteko asmotan nengoela, galarazita zegoela jakin nuen. Hona hemen Korearen irudirik egokiena”. (Uriagerekak Anaitasuna aldizkarian, 1965eko apirila)
Seul
“Seuleko kaleak, beti jendez gainezka, edozein egunetan. Kale zaratatsuak benetan. Periodiku saltzaileak, oraindino umeak, euren sama harramaztuekin aldarrika. Autobusetako neskatilak, kaleak izendatzen. Zapata garbitzaileak pelean, nork nori garbituko; askotan hor ikusiko dituzu bi [garbitzaile] bati garbitzen, gero dirua erdibana egiteko. Traperuak, euren artazi handiekin zarataka. Zenbat eta zarata gehiago, hainbat eta diru gehiago: hauxe da legea”. (Uriagerekak Anaitasuna aldizkarian, 1965eko apirila)
Jan, bitan
“Azken urte bi honetan bere barrabaskeriak egin ditu sikateak hegoaldean, arrozik gehien hartzen den tokian; baina gobernuak lagundu du zer edo zer, eta ezbeharra ez da hain txarra izan. Dena dela, gaur Seulera etorriz gero, gosearen arrastorik topatzea ez da gauza erraza, leku batzuetan pobre asko egon arren ere. Gaur arte eta oraindino gaur berton ere, koreatar gehienek bi bider bakarrik jaten dute. (...) Esan beharrik ez dago, bietan arroza jaten dena, belarrez nahastuta, salda apur batekin”. (Uriagerekak Anaitasuna aldizkarian, 1965eko apirila)
AZKEN HITZA
Azkenak
Bata bestearen atzetik datoz eta doaz beti belaunaldiak. Honenbestez, azken belaunaldia da Matsorri-rena, neska edo mutil-koskorretan komentura bidea hartu zuenarena, bizia erlijioaren itzalean egin zuenarena. Beharrik, misiolari joan ziren asko, eta hemen galarazita zegoen mundua bizi izan zuten atzerrian. Bizi ahal izan ziren.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
"Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena... [+]
Hil arte bizirik sentitzearen beharraz ari da Olatz Mercader. Gaixorik egon izan delako bere bertsio gutxitua hurbilegi ikusi duenak badaki zein garrantzitsuak diren konpromisoa, grina eta desioa.
Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]
Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean egindako bilkuran onartu du abusuak jasan dituzten biktimei kalte-ordain ekonomikoak ordaintzea, baina elizbarruti eta kongregazioek ez dute nahitaez bete behar izango. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu du plana,... [+]
Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]
70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.
El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]
Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa... [+]
Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik,... [+]
Klaratarrek Urduñako komentua erosteko kontratua sinatu zuten, baina Elizak atzera egin du salerosketan eta mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren diziplinara batu diren. Mario Izeta apezpikuak eskumikatu zuen erlijioso hori 2019an... [+]
1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]